235. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 23an hartua, zeinaren bidez baimena ematen baita 2020ko Urteko Estatistika Programan sartzeko honako eragiketa estatistiko hauek: “Nafarroako heriotza prozesuen inguruko testuinguruari eta nahiei buruzko estatistika” eta “Bertakoen iritzia: turismoak herritarrengan dituen ukipenak”.

Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen 26. artikuluak xedatzen du Nafarroako Estatistika Plana baliabide bat dela Nafarroaren interesekoa den estatistika jarduera publikoa sustatzeko, antolatzeko eta planifikatzeko. 2017-2020 aldirako, urriaren 21eko 14/2016 Foru Legeak onetsi zuen plan hori, eta hartan jaso dira aldi horretan egin beharreko estatistika eragiketak.

Bestalde, 11/1997 Foru Legeak, 27. artikuluan, xedatzen du plana urteko estatistika programen bidez garatuko dela, zeinak Nafarroako Gobernuak onetsi beharko baititu, eta programa horietan eragiketa estatistikoen zerrenda jasoko dela. Eragiketa horietako bakoitzean, banakako fitxa gisa, 27. artikulu horrexetan zehazten diren ezaugarriak bilduko dira.

2020ko Urteko Estatistika Programa onetsi zen Nafarroako Gobernuak 2019ko abenduaren 18an hartutako Erabakiaren bidez.

11/1997 Foru Lege horrek, 28. artikuluan, honako hau jasotzen du: “Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Gobernuak, hala komeni denean edo presakoa baldin bada, erabaki baten bidez baimena eman dezake Estatistika Planean edo Urteko Programan jasotzen ez diren eragiketa estatistikoak egin daitezen. Eragiketa horiek ofizialtzat joko dira”. Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez formalizatuko da baimen hori, aldez aurretik Nafarroako Estatistika Institutuak aldeko txostena eginda, zeinak jasoko baitu eragiketa horiek bat datozela estatistika plan eta programetan ezarritako helburu eta betebeharrekin, eta Estatistika Kontseiluko kideei komunikatu ondoren.

Nafarroako Estatistika Institutuak txosten bat egin du, eragiketa estatistiko hauek programan sartzearen aldekoa. “Nafarroako heriotza prozesuen inguruko testuinguruari eta nahiei buruzko estatistika” izeneko eragiketaren kasuan, bidezkotzat jo du, Heriotza Duinaren Behatokiak adierazi baitu beharrezkoa dela ezagutzea zein diren herritarren nahiak heriotza prozesuei dagokienez, horretatik abiatuta proposamenak prestatu daitezen osasun zerbitzuak hobetzeko bizitzaren bukaerako prozesuei begira. “Bertakoen iritzia: turismoak herritarrengan dituen ukipenak” izeneko eragiketaren kasuan, bidezkotzat jo du, Turismoaren Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuak adierazi baitu beharrezkoa dela jakitea zer-nolako inpaktua duen turismoak tokian tokiko herritarrengan, horretatik abiatuta neurri zuzentzaileak ezar daitezen, beharrezkoa bada.

Nafarroako Estatistika Kontseiluko kideei jakinarazi zaie bi operazio hauek sartuko direla 2020ko Urteko Estatistika Programan, 11/1997 Foru Legeak xedatu gisan.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Onartzea 2020ko Urteko Estatistika Programan sar daitezela honako eragiketa estatistiko hauek:

–“Nafarroako heriotza prozesuen inguruko testuinguruari eta nahiei buruzko estatistika” (eragiketa estatistikoaren zenbakia: 2200440).

–“Bertakoen iritzia: turismoak herritarrengan dituen ukipenak” (eragiketa estatistikoaren zenbakia: 2200439).

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Erabaki hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Estatistika Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2011082