235. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Ordenantza, Joko eta apustuetarako aretoak ezartzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Garesko Udalak, 2020ko maiatzaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Garesko udalerrian joko eta apustuetarako aretoak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Ordenantza horren espedientea jendaurrean jarri zen, horretarako iragarkia argitaratuta 2020ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 10ekoan, eta Udalaren iragarki-taulan.

2020ko irailaren 17an egin osoko bilkuran aurkezturiko alegazioak ebatzirik, behin betiko onesten da Garesko udalerrian joko eta apustuetarako aretoak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, aurreikusitako ondorio juridikoak sor ditzan, Toki Administrazioari buruzko 6/1190 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Garesen, 2020ko irailaren 22an.–Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

GARESKO UDALERRIAN JOKO ETA APUSTUETARAKO ARETOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Azken urteetan erruz ugaritu dira zorizko jokoetarako eta apustuetarako establezimenduak. Joko sistema hori askoz ere adikzio-sortzaileagoa da, pausaldirik gabe eta sarrerako “doako” bonuak eskainita eta, oroz gainetik, berebiziko inbertsioa eginda publizitatean. Horri gehitzen badiogu gure gizartearen errealitate eta ohitura berriek eragin duten substantziarik gabeko adikzioen gorakada kezkagarria, gizartea jabetzen ari da egoeraren larriaz. Ondorioz, gizartea, oro har, baina baita erakundeok ere, ikusirik egoeraren larria, hasiak gara ludopatia osasun publikoko arazotzat hartzen.

Sailkapen mediko eta psikologikoetan, joko patologikoa ageri da portaerari lotutako adikzioen saileko nahasmendutzat. Portaeraren gaineko kontrola galtzen da jokoari dagokionez, eta horrek ondorio larriak dakartza pertsonentzat, hala nola arazo akademikoak, lan arlokoak, ekonomikoak, sozialak zein legearekikoak, guztiak jokoari lotuak. Eta Gares, zoritxarrez, ez dago arazo horretatik kanpo.

Gainera, jokoan ibiltzeko erraztasunak guztiz kezka handia sortzen du populazio bereziki zaurgarriari eragiten diolako; ildo horretan, honako hau dio Drogei eta Adikzioei buruzko III. Prebentzio Planak (2018-2023): “Haurrak eta nerabeak lehentasunezko populazioak dira osasun arloko prebentzio eta sustapenerako; horregatik, babes-esparruak sortu behar dituzte agintariek”. Beraz, ditugun eskumen guztiak erabili behar ditugu gazteei kalte egiten dieten jarduerak mugatzeko, noiz eta nortasuna garatzen eta finkatzen ari diren aldi horretan.

Jokoari buruzko Nafarroako 2017ko memoriaren arabera, Foru Komunitatean apustuetara doan gastua nabarmen igo da 2012tik, 44,41 milioi inguru gehitu baita ordutik: 2017an, 74 milioi eurokoa izan zen; 2018an, 86,44 milioikoa. Hori gertatu da, besteak beste, gero eta errazagoa delako joko mota horietan aritzea bai ingurune pribatuan, online jokoaren bidez, bai espazio publikoan, aisialdiko establezimenduetan makinak ugaritu, eta joko eta apustuetarako berariazko aretoak ireki baitira.

Unea da erakundeok araudia egoki dezagun joko-jardueraren errealitate sozial, ekonomiko eta teknologikora, itzulbiderik gabeko gaitza bilakatu baino lehen.

Autonomia erkidegoko legediak berariazko baimen sistema bat ezartzen du helburu horietarako lokalak ireki eta ustiatzeko. Horretarako, bada, Foru Komunitateko organo eskudunak emaniko administrazio baimena eskuratu behar da, aldez aurretik eta nahitaez. Komunitateak, orobat, Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa sortu du kontrolak jartzeko, aldez aurretikoak zein zehatzaileak, sektore arautua izan dadin. Alabaina, toki erakundeek ere badituzte eskumenak parametro mugatzaileak jartzeko haien udalerrietan aipatu establezimenduak ezartzearen inguruan.

Hori esanik, ikusten dugu, batetik, udalek badutela eskumena hirigintzaren eta hiri-ingurumenaren arloetan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen arabera, eta, bestetik, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak hala ezarririk, jarduera sailkaturako udal lizentzia behar dutela joko-aretoekin lotutako jarduerek. Lizentzia hori ukatu egin dakieke hirigintzako planeamenduan edo udal ordenantzetan oinarritutako arrazoiengatik.

Horregatik uste dugu Garesko Udala gaitua dagoela hirigintza arloko mugak jartzeko, haurrak eta gazteak babesteko irizpideetan oinarriturik, osasun publikoa eta interes orokorra zaintze aldera. Muga horiek arautuko dute zorizko joko edo apustuetarako areto edo lokalak zein baldintzetan irekiko diren zenbait tokiren ingurumarian.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da baldintza batzuk ezartzea jokoarekin lotutako lokalak jartzeko. Baldintza horien helburua da gutxieneko distantzia batzuk ezartzea lokal horietatik hezkuntza, kultura, gazte, osasun eta kirol zentroetara, eta babes berezia behar duten kolektiboek, hala nola gazteek, haurrek, desgaitasuna duten pertsonek, adinekoek eta abarrek nagusiki erabiltzen dituzten espazio libreetara; horrez gain, hainbat alderdi arautzen dira, udal eskumenen esparruan, arlo honetako publizitatearen, prebentzioaren edo prestakuntzaren inguruan.

2. artikulua. Ukitutako establezimenduak.

1.–Jokorako aretoak daude ordenantza honen eraginpean, zehazki, makinetan dirua jokatuz, trukean sari bat zuzenean edo zeharka lortzea ahalbidetzen dutenak.

2.–Parametro horiek aplikatuko zaizkie jarduera-lizentzien eskabideei, baldin eta joko-areto, kasino, bingo eta apustuetarako aretoak ezartzeko badira, eta, oro har, Nafarroako Gobernuko organo eskudunaren baimena behar duten establezimenduak ezartzeko, gaiari buruz indarrean den legediaren arabera.

3. artikulua. Gutxieneko distantziak.

1.–Jokorik gabeko eremu deklaratzen dira, populazio zaurgarria babesteko, kirol, kultura, hezkuntza eta jostetako instalazioen sarrerako fatxadatik 400 metroko erradioan diren kale guztiak.

2.–Mota horretako establezimenduen arteko gutxieneko distantzia 400 metrokoa izanen da.

4. artikulua. Distantziak neurtzea.

Aurreko artikuluan ezarritako banantze-distantziak neurtzeko, planimetria egokiaren gainean, 1/1000 eskalan, erradio bat edo gehiago trazatuko dira, lehen ezarritako gutxieneko azalerarekin, erreferentzia-puntutzat hartuz badauden eta/edo ezartzekoak diren establezimendu publikoen arteko muga hurbilenak.

5. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako distantziak betetzen direla justifikatzea.

Ordenantza honen eraginpeko jarduera-lizentziak eskatzeko nahiz horrelako jardueraren bat jartzeko kontsultetarako, 1/1000 eskalako plano bat erantsiko da; bertan adieraziko dira, zehatz-mehatz, lizentziaren xede den lokalaren kokapena eta zabalik dauden beste lokaletara dagoen distantzia, ordenantza honetan ezarritako gutxieneko distantziak betetzen direla ere azalduta.

6. artikulua. Publizitatea egiteko debekua.

1.–Erradio bereko babes zerrenda bat ezartzen da, non galarazia egonen den hala kartel bidezko publizitatea egitea nola seinaleak paratzea, ordenantzaren eraginpeko establezimenduen kokapena adierazteko.

2.–Garesko Udalak mota horretako establezimenduen edozein kartel ezabatuko du hiri-altzarietatik edo espazio publikotik.

7. artikulua. Diruz lagungarriak ez diren jarduerak.

Ekitaldiek ez dute jasotzen ahalko Udal honen dirulaguntzarik, baldin eta babesle guztiak edo horietako batzuk mota horretako apustu-etxeak badira, lokal fisikoak izan zein online jokoak izan.

8. artikulua. Adikzioen prebentzioa.

1.–Sarreran zein barnean, ongi ikusteko moduko tokian, lokal horiek informazio kartel bat eduki beharko dute adikzioen arriskuari buruz eta, adikzioa izanez gero, hura tratatzeko lekuei buruz.

2.–Era berean, lokaletan ustiatzen diren joko eta apustu makinak identifikatu egin beharko dira.

9. artikulua. Prestakuntza.

1.–Ikastetxeetako informazio jarduerak areagotuko dira, gazteek zorizko jokoen erabileran eta erabilera horrek sor ditzakeen arazoetan sakontzeko.

2.–Erabat debekatuta dago horrelako establezimenduetara sartzea, eta zigortuko da honako pertsona hauek sartzen badira: adingabeak, ludopatia dela-eta borondatez hala eskatu dutenak, erabaki judizialaren bidez hala ezarrita dutenak, edo konkurtso-prozeduretan ezgai, zarrastel edo errudun deklaratu direnak, birgaitu arte, eta mozkortuta dauden, drogen ondoriozko intoxikazioa duten edo buru-nahastea duten pertsonak, edo armak edo arma gisa erabil daitezkeen objektuak eramanez sartu nahi dutenak.

3.–Udal zerbitzuek eta osasun agintariek jokoarekin lotutako arazoak prebenitzeko, detektatzeko eta esku hartzeko lan eginen dute, eta arreta berezia jarriko dute gazteengan.

4.–Udalak informazio kanpainak eginen ditu adikzioari aurre egiteko lan egiten duten elkarteekin batera.

Iragarkiaren kodea: L2010944