235. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ETXARRI ARANATZ

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Udalak, 2020ko uztailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen “Etxarri Aranazko Udalaren Dirulaguntzen ordenantza orokorra”.

Erabaki hori 2020ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 17an, eta jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta hortaz Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen da “Etxarri Aranazko Udalaren Dirulaguntzen ordenantza orokorra”.

Etxarri Aranatzen, 2020ko irailaren 11n.–Alkatea, Silvia Marañon Chasco.

ETXARRI ARANAZKO UDALAREN DIRULAGUNTZEN ORDENANTZA OROKORRA

Zioen azalpena

Etxarri Aranazko Udalak dirulaguntza ugari ematen ditu, udalerrian garatzen diren gizarte-ekimeneko programen eta jardueren eskaerei erantzuteko.

Dirulaguntzak sustapen teknika bilakatu dira, bai eta Administrazioa partikularrekin elkarlanean aritzeko tresna ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera, besteak beste, ondoko esparruetan: gizarte ekintza, gizakion eta herrien arteko lankidetza eta elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, merkataritza, interes publikotzat jotako hainbat jarduera pribaturen sustapena, aisia eta denbora librea edo, halaber, herritarren parte-hartzea.

Publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak ezartzen dituenean.

Etxarri Aranazko Udalaren eta haren erakunde autonomoen eremuan jarduera hori egin ahal izateko, esparru juridiko egoki bat onetsi beharra dago, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari egokituko zaiona, bat etorririk sustapena eta dirulaguntzen kontzesioa, diruz lagundutako jarduera betiere oinarritu behar duten printzipioetara: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza, eraginkortasuna eta eragimena.

Ordenantza orokor honen xedea da indarra duten legeei egokitzea dirulaguntzak emateko prozedura Etxarri Aranazko Udalean, horretarako ezarriz esparru orokor bat, alor desberdinetan onartzen dituen deialdi guztiei aplikatzeko modukoa.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek dirulaguntzak emateko irizpideak eta prozedura finkatzea du xede, Etxarri Aranazko udalerriaren esparruan, eta baldintza berak bermatzea herritar eta entitateei onura publiko edo interes sozialeko helburu zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzak eskuratzeko.

2. artikulua. Dirulaguntza zer den.

Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat, Ordenantza honen ondorioetarako: Udalak emandako dirua, Ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskuratzen ahal dituzten pertsonen alde, betiere ondoko baldintzak betez gero:

a) Ez onuradunen ez hirugarrenen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da dirua.

b) Dirulaguntza emateko baldintza izanen da xede jakin bat betetzea, proiekturen bat gauzatzea, jardueraren bat egitea, jokabide berezi bat hartzea –hori guztia gauzaturik nahiz gauzatzeko egonik– edo egoera bat gertatzea; eta ezartzen diren betebeharrak bete beharko ditu onuradunak.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea izan behar du.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen dirulaguntzak:

a) Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna eta bereizkeriarik eza.

b) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

c) Eragimena, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

2. Dirulaguntzak emateko orduan, kontuan hartu beharko dira dirulaguntzen xedeko alor baten edo gehiagoren oinarri arautzaileetan ezarritako irizpide, xede eta prozedurak.

3. Oinarriak onetsi aurretik, nahitaezkoa izanen da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuetan.

4. Dirulaguntzak egoera ekonomikoaren heinean banatuko dira, eta bizikidetza unitateen premien arabera eginen da.

4. artikulua. Arautegi aplikagarria.

Etxarri Aranazko Udalaren dirulaguntzak arautuko dituzte azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, 887/2006 Errege Dekretuak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duenak–, ekitaldi bakoitzeko Udal Aurrekontua Betearazteko Oinarriek, Dirulaguntzen ordenantza orokor honek, eta dirulaguntza mota bakoitzaren oinarriak arautzen dituzten berariazko ordenantzek.

5. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuraduntzat joko da dirulaguntzaren xede den jarduera egin behar duen pertsona, edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen dena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izaten ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte, edo dirulaguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan –publikoak nahiz pribatuak– berariaz adierazi beharko da, hala eskaeran nola dirulaguntza emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen eta zenbateko dirulaguntza aplikatuko den kide bakoitzeko. Kideok ere onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

4. Dirulaguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Etxarri Aranatzen egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematea nahiz jarduerak egitea, nahitaezkoa eta baztertzailea izan daiteke hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

6. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Entitate laguntzailetzat jotzen ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak (baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko organismo edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena), baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

2. Entitate laguntzaileen kaudimena egiaztatutzat joko da finantza-erakundeen aldeko txostena aurkeztuta, non eta ez den eskatzen deialdian bertan beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko.

3. Entitate laguntzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten jardueren zerrenda aurkeztuko da, ez bada deialdian beste bitartekoren bat jartzen.

4. Entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoeran daudenak.

7. artikulua. Debekuak.

1. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin eta, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, dirulaguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea.

b) Konkurtso deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratua izatea, esku-hartze judizialaren mende egotea, edo desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, galdu izana dirulaguntzak lortzeko ahalbidea, ordenantza honen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren edo Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen arabera.

Ezin dira onuradun bilakatu ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

2. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

3. Artikulu honen 1. apartatuko b), d), e), f) eta g) paragrafoetan eta 2. apartatuan ezarrita dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira eta iraunen dute kasu bakoitzean ezarritako inguruabarrak amaitu arte.

4. Artikulu honen 1. apartatuko a) eta h) paragrafoetan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarritakoa izanen da debekuaren irismena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da irismena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

5. Artikulu honen 1. apartatuko c) paragrafoan dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.

6. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 1. eta 2. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bide hauetakoren bat erabiltzen ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapena, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratiboaren edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

a) Dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emailearen edo, halakorik bada, entitate laguntzailearen aurrean frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

c) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

d) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

h) Behar bezala iragartzea dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

i) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

II. TITULUA

Dirulaguntzaren oinarri arautzaileak

9. artikulua. Oinarri arautzaileak.

1. Dirulaguntzak emateko, horretarako erabiltzen den bitartekoa edozein izanik ere, oinarri arautzaileak onetsi behar dira eta beraiei jarraitu behar zaie, ordenantza honetan ezartzen diren baldintzetan.

2. Dirulaguntzak arautzeko oinarrietan alderdi hauek zehaztu beharko dira, gutxienez:

a) Dirulaguntzaren xedearen definizioa. Dirulaguntzari ezarri zaion onura publikoko edo gizarte onurako xedea azalduko da.

b) Onuradunek dirulaguntza eskuratzeko bete behar dituzten baldintzak.

c) Dirulaguntzak emateko baldintzak.

d) Dirulaguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien ponderazioa.

e) Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak. Hala behar denean, onuradunen artean hainbanatzeko aukera.

f) Dirulaguntza onartzeko prozedura agindu, ireki eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

g) Deialdian ezartzen bada, balorazio batzordearen osaketa; hura dirulaguntzaren kudeaketari loturiko hiru lagunek osatuko dute gutxienez.

h) Ematen diren dirulaguntzei eta haien onuradunen zerrendari emanen zaien araubidea eta publizitate maila.

i) Dirulaguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.

j) Onuradunak edo entitate laguntzaileak zein epetan eta nola frogatu behar duen dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako diruak beren xederako erabili direla, hala egindako gastuari nola diruen ordainketari dagokionez.

k) Dirulaguntza ematen duen organoarendako berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

l) Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak, eta onuradunei eskatzen ahal zaizkien bermeen mota eta zenbatekoa, halakorik eskatzen baldin bazaie, emandako dirulaguntzaren ordainketa aurreratuak egitea aurreikusten denean.

m) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, zer inguruabarrek ekar dezaketen ebazpena aldatzea.

n) Jarduera azpikontratatzeko aukera.

o) Onuradunen betebeharrak, dirulaguntzaren xede den jardueraren finantzaketari buruzko publizitatea dela eta.

p) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, jatorria edozein izanik ere: administrazio edo entitate publiko edo pribatuak edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeak.

q) Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

r) Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka paratzen ahal diren administrazio errekurtsoak.

3. Oinarri arautzaileak onesteko proposamena bideratzen duen espedienteak txosten juridikoa eduki beharko du, oinarriak zuzenbidearen araberakoak direla adierazten duena, eta Kontu-hartzailetzak fiskalizatuko du aitzinetik, eginkizun horri buruzko araudian ezartzen den gisan.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira dirulaguntzei buruzko arauak eta, halakorik izanez gero, dirulaguntzen deialdiak eta haien oinarri arautzaileak, zuzenean emateko ezarritakoak izan ezik.

5. Berariazko oinarri arautzaileak onesteko eskumena Lehendakaritzak izanen du, nahiz eta eskuordetzeak egiten ahalko dituen.

10. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Etxarri Aranazko Udalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta ondoko datuak zehaztuko: deialdia, dirulaguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren xedea.

Publizitatea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren eta Udalaren webguneko gardentasunaren atariaren bidez eginen da.

2. Ondoko kasuetan ez da dirulaguntzen kontzesioa jendaurrean jarriko:

a) Banakako ebaluazio araubideari jarraikiz emanak.

b) Dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearen errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko legerian.

3. Onuradunek behar bezalako publizitatea eginen diote diruz laguntzen diren edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari.

11. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Diruz lagundutako jarduera zati batean edo portzentaje batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da dirulaguntzen araudian. Justifikatu beharra dago finantzaketa horren zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xedea den jardueran egindako aplikazioa.

2. Dirulaguntzaren araudiak bateragarritasun edo bateraezintasun araubidea zehaztuko du beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo baliabideak eskuratzeko, hurrengo atalean xedatzen dena deusetan ukatu gabe.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa, berez edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen dirulaguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.

4. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, betiere, deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean baimendutako kasuetatik at beste hainbat diru-iturri eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena.

5. Araudiak horretarako bidea ematen badu, aurreikusi ez diren inguruabarrak direla medio, aldaketak egiten ahalko dira proiektuan; kasu honetan, organo eskudunak onetsi beharko ditu horiek, Udalaren kasuan kasuko alorrak balorazioa egin eta gero.

6. Benetako defizita edo benetako gastuak eskaera egitean aurreikusiak baino gutxiago diren kasuetan, kontuan harturik, betiere, azken horiek zedarritzen dutela hasiera batez dirulaguntzaren zenbatekoa, aintzat hartuko da inguruabar hori, eta proportzioan murriztuko da behin betiko ordaindu behar den kopurua.

III. TITULUA

Dirulaguntza emateko prozedura

12. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Etxarri Aranazko Udalak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean.

Ordenantza hau den bezainbatean, norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe. Halakoetan, dirulaguntza emateko proposamena dirulaguntza ematen duen organoari eginen zaio, instrukzioa egiten duen organoaren bitartez.

Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, proposatzen ahalko da dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea dirulaguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa.

2. Banakako ebaluazioaren araubidea, berriz, bestelakoa da: hartan, deialdiaren araudiak edo oinarriek irizpideak ezartzen dituzte eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

3. Dirulaguntza hauek zuzenean ematen ahalko dira:

a) Udalaren aurrekontuetan aurreikuspen izenduna dutenak.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

13. artikulua. Norgehiagokako araubideari jarraikiz dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Hastapena:

a) Dirulaguntzak emateko prozedura hasi baino lehen, organo eskudunak dirulaguntzari buruzko araua edo dirulaguntzaren deialdia ezarri behar du, bai eta oinarri arautzaileak ere, ez baldin badaude lehendik ezarrita.

b) Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da.

c) Interesdunak eskaera aurkeztu beharko du, arauan edo deialdian ezarritako ereduaren eta sistema normalizatuaren arabera egina. Eskaerarekin batera, dirulaguntza ezartzen duen arauan edo dirulaguntzaren deialdian eskatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira.

Eskaerak aurreko atalean finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Instrukzioa:

a) Oinarri arautzaileetan izendatutako organoak eginen du dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.

b) Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.

c) Dirulaguntzen oinarri arautzaileek horixe aurreikusten dutenean, batzorde bat eratzen ahalko da eskaerak ebaluatzeko, eta horren funtzionamenduak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean organo kolegiatuentzat ezarritako araubideari jarraituko dio. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko du.

d) Dirulaguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

3. Ebazpena:

a) Ebazpen proposamena ikusita, organo eskudunak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

b) Ebazpena arrazoitua izanen da. Ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira betiere.

c) Ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

4. Jakinarazpena:

Prozeduraren gaineko ebazpena administrazio prozedura erkideari buruzko legerian ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpena jakinarazteko, dirulaguntzari buruzko arauan nahiz haren deialdian adierazitako komunikazio bidea erabiltzen ahalko da.

5. Ustezko ezespena:

Dirulaguntzari buruzko arauan edo deialdian prozedura ebazteko ezarritako epea iraganik, berariazko ebazpenik ez badago, eskaera ezetsitzat joko da. Ebazpena emateko eperik ezarri ezean, eskaera ezetsitzat joko da eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteren buruan.

6. Errekurtsoak:

Dirulaguntzaren arauak edo deialdiak ezarriko du ezespen espresaren nahiz ustezkoaren kontra ezartzen ahal den errekurtsoa.

14. artikulua. Banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz dirulaguntzak emateko prozedura.

Banakako ebaluazioaren araubideari ordenantza honetan jasotako norgehiagokaren prozeduraren arau orokorrak zaizkio aplikagarri, salbu eta, dirulaguntza mota hauen izaera berezia dela-eta, “lehiakortasun” ezaugarri berariazkoari dagozkion alderdietan edo galdakizunetan arau orokor horiek aplikagarri ez badira.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdian, hitzarmenean, ebazpenean edo berariazko ordenantzan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.

15. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean emateko prozedura.

1. Ematen diren dirulaguntzak bideratzeko administrazio egintzek haien oinarri arautzaileak ezarriko dituzte, ordenantza honetako aurreikuspen guztiei jarraikiz, lehia printzipioari dagozkionak izan ezik.

2. Dirulaguntzak baztertzen badu beste interesdunek eskuratzeko aukera, dirulaguntzaren onuragarritasuna eta interes soziala edo xede publikoaren lorpena arrazoitu beharko dira, eta lehia printzipioa zergatik ezin den aplikatu azaldu beharko da.

3. Dirulaguntzak hitzarmenen bidez bideratzen badira, horiek onesteko eskumena duen organoa izanen da dirulaguntza horiek onesteko eskumena duena.

IV. TITULUA

Dirulaguntzen kudeaketa eta justifikazioa

16. artikulua. Deialdia egitea eta dirulaguntzak ematea.

1. Dirulaguntzen deialdiek berekin ekarriko dute gasturako baimena, udal aurrekontua betearazteko oinarrietan adierazten diren baldintzetan. Deialdiaren testuan aditzera eman beharko da zenbateko gastua egiteko baimena eman den, eta, dirulaguntza urteka banatu behar bada, urteko zenbateko guztiak jarriko dira.

2. Ordenantza honetan jasotzen diren prozeduretarik edozein erabiliz dirulaguntzak emateak dagokion gastu konpromisoa ekarriko du.

3. Ezin izanen da deialdian zehaztu den zenbatekoa baino dirulaguntza handiagorik eman, ez eta urte bakoitzeko aurrekontuari gehienez egozten ahal zaion zenbatekoaren muga gainditu ere. Aurrekontuetan behar adina dirurik ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Ondoko aurrekontu ekitaldiaren aitzineko deialdietan, ekitaldi horretan kreditua egotea izanen da gastua baimentzeko baldintza; horrek ez du gainditu behar aitzineko ekitaldian horretarako izendatu den zenbatekoa.

17. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta dirulaguntzei buruzko kasuan kasuko oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten badira. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, eskuratze kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

18. artikulua. Dirulaguntza publikoen justifikazioa.

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, hura kudeatzen duen organoaren aitzinean aurkeztuko da justifikazioa, deialdiaren oinarrietan zehazten diren agiriekin batean.

2. Gastua frogatzeko kontu-ematea derrigorrez egin behar du onuradunak edo entitate laguntzaileak. Kontu horretan sartu behar dira, aitortzailearen erantzukizunaren pean, gastuaren frogagiriak edo dirulaguntza publikoaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duen beste edozein agiri. Dirulaguntza publikoei buruzko kasuan kasuko oinarrietan zehaztuko dira gastua frogatzeko kontuaren forma eta hura aurkezteko epea.

Betiere, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Idatzia, udal erregistroan sartuta, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Hartan agertuko dira onuradunaren izena eta helbidea, haren NANa edo IFZ, eta bankuko kontu zenbakia, hura ordaindu ahal izateko.

b) Onuradunaren zinpeko aitorpena, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak eta agiriak diruz lagundutako jardueran aplikatu direla dioena.

c) Egindako jarduerari eta gastuei buruzko txosten zehatza, emaitzak zehazturik.

3. Gastuak fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten edo administrazio eragina duten agirien bidez frogatuko dira, oinarrietan ezarrita dagoen bezala. Gastuak faktura elektronikoen bidez ere froga daitezke, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte. Dokumentuak jatorrizkoak edo organo kudeatzaileak baliozkotutako fotokopiak izanen dira, eta dirulaguntzaren xede den aldian dataturik egonen dira.

4. Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, justifikazioan funts horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak dirulaguntza jaso duten jarduerei aplikatu zaizkiela.

5. Dirulaguntza eman bada hartzailearen halako egoera batengatik, egoera bera baizik ez da frogatu behar zuzenbidean onarturiko edozein bide erabiliz, betiere dirulaguntza eman aitzin, aparte utzita hori horrela dela egiaztatzeko ezar daitezkeen kontrolak.

19. artikulua. Justifikatzeko epea.

1. Oinarri arautzaileetan, deialdietan edo lankidetza hitzarmenetan adieraziko da dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea.

Eperik adierazten ez badute, jarduera egiteko epea bukatu eta hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 31 izanen da gehienez ere.

2. Dirulaguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, osorik edo partez, eta dirua itzuli beharko da, orobat osorik edo partez, betiere ez-betetzearen maila eta gainerako inguruabarrak kontuan harturik.

20. artikulua. Ordainketa.

1. Oro har, dirulaguntzak zer jarduera egiteko edo zer jokabide hartzeko ziren, horiek egin eta hartu direla egiaztatu ondoan ordainduko dira dirulaguntzak.

2. Egiaztatzea eta ondoriozko ordainketa, dena batera egin daiteke jarduera bukatzean, edo zatika, zatikako justifikazioen ondoan, oinarri arautzaileetan ezartzen diren baldintzak betez.

3. Dagokion organo kudeatzaileak txostena erantsiko dio ordainketa-proposamenari edo, hala badagokio, gastuaren justifikazioari, dirulaguntzaren zati bat aurretik ordaindu bada; txosten horren bidez egiaztatuko da dirulaguntza ematean ezarri ziren helburuak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla.

4. Dirulaguntzaren ordainketa aurreratu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da oinarri arautzaileetan hori jasota egotea, eta oinarri horietan zehaztutako mugak, baldintzak eta, behar denean, bermeak egonen dira; gainera, betiere frogatu beharko da dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak jaso beharra dagoela.

21. artikulua. Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

1. Organo kudeatzaileek komenigarriak iruditzen zaizkien egiaztapenak egiten ahalko dituzte eta onuradunei eskatu baldintzak ezarritako epeetan betetzeko. Ondorio hauetarako, organo horiek behar diren erregistroak eginen dituzte halako dirulaguntzen jarraipen egokirako, jarduketa hauek barne:

a) Dirulaguntzen onuradunek dirulaguntzak emateko betekizun, baldintza eta betebeharrak betetzen ote dituzten eta jasotako diru publikoak beren xederako behar bezala erabiltzen ote dituzten begiratzea.

b) Beharrezkoa izatera, dirulaguntzak onuradunen kontabilitatean edo erregistro liburuetan behar bezala jasotzen ote diren begiratzea.

c) Oinarri arautzaileetan ezartzen diren gainerako jarduketa guztiak.

2. Baldin eta, jarraipen eta kontrol eginkizunen ondorioz, jasotako dirulaguntzaren lorpen, helburu edo justifikazio okerren zantzuak antzematen badira, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak hartu ahalko ditu, eginkizun haiei dagozkien dokumentuen desagerpena, deuseztapena edo aldaketa eragozteko. Hartzen diren neurriek inola ere ez diote kalterik eraginen onuradunari eta, edonola ere, lortu nahi den helbururako egokiak izanen dira.

3. Dirulaguntzen kontrol finantzarioa Udaleko Kontu-hartzailetzak egiten ahalko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 44. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.

V. TITULUA

Dirulaguntzak itzuli beharra eta zehapenak

22. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.

Dirulaguntzen itzulketari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoak aginduko du, bai eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuak ere.

23. artikulua. Zehapen-araubidea.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen IV. Tituluan xedatutakoak aginduko du, bai eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2011231