235. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 23an hartua, zeinaren bidez presakotzat deklaratzen baita “Uxueko hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak uztailaren 2an emandako 319/2020 Ebazpenaren bidez (2020ko 168. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 30ekoan), behin betiko onetsi ziren “Uxueko hondakin uren tratamendua” izeneko proiektua eta hark ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2020ko abuztuaren 3an, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk, Mairagako Mankomunitatearekin ezarrita duen lankidetza araubideaz baliatuz, eskaera egin zuen, presakotzat deklaratu zedin aipatu proiektua gauzatzeak dakarren desjabetze espedientea. Era berean, prozedura tramitatzea presakoa dela justifikatzen duen txostena aurkeztu du, baita egiaztagiri bat ere, non frogatzen baita aurrekontu-kontsignazio egokia dagoela ukitutako eskubide eta ondasunak okupatzearen ondoriozko balio justuaren ordainketari aurre egiteko.

Proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak presaz okupatu beharra dago hobiak egoera txarrean daudelako, baita horietara iristen diren hustubideak ere. Horregatik, proiektuak araztegi berria eraikitzea aurreikusten du, grabitate bidezko sarrera-hustubide batzuekin, lehen mailako dekantazioarekin (Imhoff gisakoa) eta bukaerako hezegune artifizial batekin, bermatu dadin ura egoki itzultzen dela Aitzandieta erreka-zulora.

Aipatutako proiektuak jatorria du “Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren Plan Zuzentzailea-Goi saneamendua” izenekoan (Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 8ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onartua), eta jasota dago Nafarroako Toki Azpiegiturak SAren 2020ko jarduketa planean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearekin bat, zeinak 2.5 artikuluan ezartzen baitu foru lege horren menpeko entitateek programatu behar dutela kontratazio publikoaren arloan bete beharreko jarduera.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Toki Azpiegiturak SAk alegatutako arrazoiak ikusita eta egiaztatu ondoan aurrekontuan kreditu nahikoa dagoela balio justua ordaintzeko, bidezkotzat jo du presakotzat deklaratzea desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakotzat deklaratzea “Uxueko hondakin uren tratamendua” izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik beretik ondorioak izateko. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau jakinaraztea Nafarroako Toki Azpiegiturak SAri, Mairagako Mankomunitateari eta Uxueko Udalari, eta igortzea Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura.

Iruñean, 2020ko irailaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2011083