216. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 23a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

43/2020 FORU AGINDUA, irailaren 22koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen berragertzeak prebenitzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Era berean, Osasuneko kontseilariak 42/2020 Foru Agindua eman zuen irailaren 11n, neurri murriztaileagoak ezartzen zituena, batez ere esparru familiar eta sozialera bideratuta, Nafarroako Foru Komunitate osorako, hamabost egun naturaleko indarraldiarekin.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Azkoiengo egoera epidemiologikoaz egin duen txostenaren arabera, intzidentzia metatua 2.200 eta 1.700 kasukoa izan da bertan azken hamalau egunetan (irailaren 7tik 20ra arteko astean), eta azken zazpi egunetan (irailaren 14tik 20ra bitarteko astean), eta 1.000 kasutik gorakoa da 100.000 biztanleko. Nafarroan azken hamalau eta zazpi egunetan izandako intzidentzia metatua baino 3,6 eta 5,6 halako handiagoa da, hurrenez hurren.

Bi datuetan argi ageri da goranzko joera paraleloa dagoela, 14 egunetan eta azken zazpi egunetan izandako intzidentzia metatuen arteko ratioa 1,3koa izanik. Adinaren arabera, intzidentzia tasa altuena 15etik 29 urtera bitarteko gazteen artean dago -100.000 biztanleko 5.360 kasu daude-, eta horien atzetik 15etik beherakoen adin tartea dago (3.960 kasu 100.000 biztanleko).

Transmisioaren eredua Nafarroan orokorrean ikusten denaren oso antzekoa da, bai sintomarik gabeko kasuen portzentajeari dagokionez bai lotura epidemiologikoari dagokionez. Kasu gehienak lotuta daude familian, esparru sozialean edo lanean gertatutako agerraldiekin. Identifikatutako agerraldien kopuruan, nabarmena da zer esparrutan gertatzen diren, familiarteko bilkuretan edo arlo sozialekoetan, alegia, eta gertatzen hasiak direla beste arlo batzuetan ere, hezkuntzan adibidez.

Foru aginduan zenbait neurri ezartzen dira esparru sozialean eta familiakoan batez ere, esate baterako, hauen jarduna mugatzekoak: ostalaritza eta jatetxeak, txikizkako merkataritza, kultur eta kirol jarduerak, hezkuntza ez-arautuko zentroak, azoka txikiak, parke publikoak eta beste batzuk. Foru agindu honetan jasotzen diren neurri guztien artean bereziki bi dira garrantzitsuak, horiek ezartzeak dakartzan ondorioengatik eta pertsonen oinarrizko eskubideak murrizten dituelako. Lehena da udalerritik kanpora joan-etorrian ibiltzea mugatzen dela, eta bigarrena biltzeko eskubidea mugatzen dela esparru publikoan nahiz pribatuan.

Alde horretatik, jurisprudentzia konstituzionalak onartzen du oinarrizko eskubideak mugatzen ahal direla, kontuan hartuta balio konstituzionalen artean talka egon daitekeela. Jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, oinarrizko eskubideak mugatzen ahal dira baldintza batzuk tarteko direla. Lehenengo eta behin, horren oinarria izatea beste eskubide edo ondasun konstituzional batzuk babestea (STC 43/1983, maiatzaren 27koa), murriztapenak beharrezkoak izatea bilatzen den helburua lortzeko (STC 13/1985, urtarrilaren 31koa), helburu horrekin proportzionalak izatea (STC 37/1989, otsailaren 11koa), eta ukitutako oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia errespetatzea. Foru agindu honetan hartzen diren eta oinarrizko eskubideak murrizten dituzten neurrien helburua da Nafarroako pertsonen bizitza eta herritarren osasun publikoa babestea eta, bereziki, kutsatzeko eta sintomatologia larria izateko arriskua, baita hiltzekoa ere, duten pertsona ahulenak babestea; izan ere, pandemian egiaztatu den bezala, pertsona batzuk ahulagoak dira SARS-CoV-2 birusaren aurrean, dela adinagatik dela beste gaixotasun batzuengatik.

Neurri hauen beharra, berriz, aise ikusten da, lehenago ere neurriak hartu baitira esparru publikoan, Nafarroako Foru Komunitate osoan, honakoen bidez, besteak beste: Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakia, eta ondotik izan zituen aldaketak, abuztuaren 17ko 8/2020 Lege-dekretua, edo Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, erkidego osorako neurri murriztaileak ezartzen zituena eta oraindik indarrean dagoena; bistan da, ordea, neurri horiek ez direla aski izan Azkoiengo udalerriaren kasuan, une honetan bertako tasak Foru Komunitate osokoak halako bost direla ikusita. Hori dela eta, orain beste esparru batzuetan hartu diren neurriekin batera, beharrezkoa da orain egoera oneratzeko prebentzio neurriak areagotzea eta betetzen direla zaintzea, gaixotasunaren kutsapena gutxitzeko xedez. Horretarako, osasun publikoaren esparrua zuzentzen duen zuhurtasun-printzipioa betez, bilkura familiarrak eta sozialak gutxitzeko neurriak indartu behar dira, herri horretan transmisiorako gune nagusia direlako, eta bilkura sozial horien inguruko mugikortasuna mugatu behar da, herri batetik bestera hedatu ez daitezen, kontuan hartuta esparru publikorako aurreikusitako neurri gehigarrien aplikazioak, esate baterako, ostalaritzako establezimenduak 22:00etan ixteak, ekar dezakeela eremuko edo eskualdeko sakabanatze edo barreiatze efektua, hau da, herrian egon daitezkeen erabiltzaileak inguruko beste herri batzuetako ostalaritzako eta edarien kontsumorako establezimenduetara joatea, eta horrekin, kutsapenak inguruko herrietara eta herri eta hiri mugakideetara zabaltzeko arriskua sortzea. Hori da, beraz, herriko sarrera-irteerak mugatzeko arrazoia, beste herri batzuetan kutsapenak ekiditea.

Horregatik, ezinezkoa da soilik esparru publikoan neurriak ezartzea, esparru pribatuan halakorik egin gabe, zeren, hala eginez gero, ez legoke esku-hartzerik kutsapen gehien gertatzen den esparruan, eta horrek ekarriko luke neurriak, orokorrean, eraginkortasunik gabe uztea.

Aipatutako guztiagatik, gainera, murriztapen hauek betetzen dute proportzionaltasunaren printzipioa, zeren, batetik, biltzeko eskubidea pertsona kopurura mugatzen baita, eta, bestetik, mugikortasuna udalerritik ateratzera, salbuetsirik betiere pertsonentzat funtsezkotzat jotzen diren egoerak (osasuna, hezkuntza, pertsonen zainketa, ezinbesteko arrazoiak edo antzekoak), horietan ez baita mugatu mugikortasuna. Azkenik, esan behar da oinarrizko eskubide hauek murrizten dituzten honelako neurriak hartu direla lehenago beste autonomia erkidego batzuetan (Errioxa, Katalunia, Madril edo Kantabrian, besteak beste), eta epaileek berretsi dituztela, proportzionalak eta beharrezkoak direlakoan.

Foru agindu honetan hartutako neurriak apartekoak eta urgenteak dira, udalerriko kutsapenen tasa altua geldiarazteko, horrek sektore guztietan kalte handia eragin dezakeelako, eta proportzionalak dira, kaltea txikiagoa baita herritarren bizitza ekonomiko eta sozialerako, neurri askoz murriztaileagoak eta kaltegarriagoak hartuta izanen litzatekeena baino. Horrenbestez, neurriak proportzionalak, beharrezkoak, egokiak eta justifikatuak dira, haien helburua baita kutsapenen kurba kontrolatu eta apaltzea, bermatu dadin, osasun publikoaren araudiaren esparruan, kutsaduraren kontrola eta bizitzeko eskubidearen, osotasun fisikoaren eta jendearen osasunaren babesa, horrek galarazi gabe, ahal dela, neurri hauek eta herriko interes ekonomikoak bateragarriak izateko ahalegina egitea.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justiziaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzak osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edozein kasutan, honen bidez ezartzen diren neurriak gehienez ere zazpi egun naturaleko epean ebaluatuko dira, foru agindu hau argitaratzen denetik hasita, eta, egoera epidemiologikoa aldatu ezean beste zazpi egunez luzatzen ahalko dira, edo, kontrakoa gertatuz gero, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik eta udal agintaritza eskudunari kontsulta egin ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Azkoiengo udalerrirako (Nafarroa) berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela-eta:

1. Ostatuak eta jatetxeak.

a) Establezimenduen barrenean kontsumitzeko, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

b) Kontsumoa mahaian eta eserita egin beharko da beti, bai barrenean bai terrazetan.

c) Terrazetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

d) Mahai multzoetan, bai barrenean bai terrazetan, sei pertsona egoten ahalko dira gehienez.

e) Ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak 22:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren.

2. Hiletetan eta beiletan gehienez ere 25 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean eta 15 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Hileten segizioan 25 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez.

3. Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

4. Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean nahiz salmenta ez-sedentarioan, aritzen diren merkatuetan, azoka edo merkatu txikiaren izenaz ezagun diren horietan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

5. Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

Akademia, autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta baimendutako gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada.

6. Jarduerak etetea.

Bertan behera gelditzen da jarduera udal titularitateko liburutegietan, kultur ekipamenduetan eta kirol instalazioetan.

7. Haurrentzako parkeak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Ezin izanen dira erabili haurrentzako parkeak, ez eta erabilera publikoko antzeko eremuak ere, eta itxita egonen dira.

Bigarrena.–Azkoiengo udalerrian (Nafarroa) aplikatu beharreko prebentziorako osasun neurri hertsagarriak.

1. Azkoiengo udalerrian pertsonak libreki sartu eta bertatik ateratzeko mugimenduak mugatuta egonen dira, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara eta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotzen diren irakaskuntzako ikastetxeetara joatea, unibertsitateko irakaskuntza barne.

b) Lan arloko betebeharrak, profesionalak edo enpresarialak betetzea.

c) Ohiko bizilekura itzultzea.

d) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

e) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

f) Antzeko beste edozein jarduera.

2. Udalerri horretako lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan ibiltzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa udalerritik kanpo badaude.

3. Edozein motatako talde edo bilkuretan 6 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez, dela espazio publikoetan dela pribatuetan, salbu eta elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan.

4. Herritarrek laguntza aktiboa eman beharko dute foru agindu honetan prebentziorako ezartzen diren osasun neurriak betetzeko.

Hirugarrena.–Neurri hauek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen erabakian eta haren aldaketetan aurreikusitakoak, baina horiek osotara aplikatzekoak dira arautzen dituzten gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, horrek ukatu gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Laugarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, zazpi eguneko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, egoera epidemiologikoa aldatu ezean beste zazpi egun naturalez luzatzen ahalko dira, edo, aldatu edo bertan behera utzi.

Bosgarrena.–Estatuko segurtasun kidego eta indarren, Foruzaingoaren eta Udaltzaingoaren lankidetza eskatzen da foru agindu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin. Horretarako, foru agindu honetan Azkoiengo udalerrirako ezartzen den konfinamendu orokorrerako agindu orokorra ez betetzea irailaren 16ko 9/2020 Foru Lege-dekretuaren arabera zehatuko da, horren bidez ezartzen baita, Nafarroako Foru Komunitatean, Covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko osasun arloko prebentzio eta euste neurriak ez betetzeagatik aplikatu beharreko zehapen araubidea.

Seigarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Azkoiengo Udalera, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zazpigarrena.–Foru agindu honek 2020ko irailaren 24an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko irailaren 22an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2010963