213. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

694E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Anueko Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Anueko Udala da.

Otsailaren 14ko 274/2011 Ebazpenaren bidez, Ingurumeneko zuzendari nagusiak ingurumen ondorioen adierazpena egin zuen Anueko Udal Plan Orokorrari buruz (2011ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 22koa). Argitaratu zenetik bi urte baino gehiago igaro direnez eta epe horretan udal plana onetsi ez denez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikulua aplikatuz, Anueko Udal Plan Orokorri buruzko beste ingurumen adierazpen estrategiko bat egiten da.

Anueko Udal Plan Orokorra 1997tik indarra duen planeamendua ordeztera dator. Udal Plan Orokorraren proposamenak udal eremu osoari eragiten diote (61,4 km²).

Planak ibarraren lurralde ereduari jarraipena ematen dio. Anue ibarra Mediano ibaiaren arroan sakabanaturik dauden zenbait landagunek osatzen dute (Olague, Aritzu, Egozkue, Lezkue, Etulain, Burutain eta Etsain), N-121A errepidearen bidez konektatuak daudenak, ibarraren erditik doan ardatza baita errepide hori.

Anueko Udal Planaren funtsezko helburuak dira egun dauden hiri-ehunak bermatu eta mantentzea eta hedadura berriekin egoki lotzea, baina alde batera utzi gabe gaur egungo herriguneetako hiri/landa-paisaia mantentzea, bizitegietarako eta zuzkiduretako lurzoru beharrei erantzutea, kultur ondarea babestea eta herritarrei zerbitzu emateko behar diren sistema orokorrak aurreikustea.

Hirigintza plana tramitatzeko prozesuan zehar, zenbait aldaketa erantsi dira, helburu dutenak landaguneen antolamendua eta hiri-lurzoruen mugaketa egokitzea herritarren eta ibarraren eskakizun eta beharretara, lurralde ereduari eutsiz, betiere. Ingurumenaren ikuspegitik, bizitegietarako proposamenak ez du ingurumen ukipen nabarmenik eragiten, landaguneekin muga egiten duten lurretan egitea proposatzen baita, non ez baita identifikatzen ingurumenaren edo paisaiaren aldetik garrantzi berezia duen elementu edo lekunerik. Landa ingurune horiek epe luzera babestearren, planean definitu dira bai garapen eredua zaintzeko lurzoruak, bai –eremu zabalagoak hartuz– paisaia aldetik balioa duten lurzoruak, betiere haien irudia eta herrigunetik eta herrigunerantz dagoen paisaiaren pertzepzioa babestearren.

Jarduera ekonomikoetarako eremuen aurreikuspenari dagokionez, Oianaundi parajean egindako lurzoru erreserba mantentzen da, garapen eredua zaintzeko lurzoru gisa.

Landa-lurzoruaren antolamendurako proposamena egiteko, identifikatu eta zedarritu dira udalerriaren ingurumen, natur eta kultur balioak, baita basogintza eta nekazaritzakoak ere, eta aintzat hartu da babestu eta zaindu beharreko lurzoru urbanizaezinaren sailkapena. Planak ingurumen balioa duten zenbait toki identifikatu ditu, gune hauek, alegia: Belate kontserbazio bereziko eremua, lurralde konektagarritasunerako eremuak, pagadiak, hariztiak, Mediano ibaiaren inguruan egituratzen den ibai-sare osoa eta Xuriaingo eta Gesaletako alde higroturbosoak.

Udalerriko paisaia balioen artean, aipagarria da herri guztietan aurkitzen ahal den nekazaritzako eta abeltzaintzako kultur paisaia, nekazaritzako eta abeltzaintzako belardiak eta beste elementu interesgarri batzuk dituena (heskaiak, basotxoak eta hariztiak, esate baterako). Hala, zenbait baldintza ezartzen dira alde horietan eraikitzeko eta bertako abeltzaintzari sostengua emateko.

Kulturaren aldetik balio nabarmena duten elementuak Baztango Donejakue bidea eta ibarrean barna sakabanatuak dauden aztarnategi arkeologikoak dira.

Udalerrian antzeman den arrisku nagusia Mediano ibaiaren uholde-arriskuari lotua dago; horregatik, haren eragin eremua arriskuei aurrea hartzeko lurzoru gisa sartu da. Bizitegietarako proposamenek, erreka nagusietatik urrutiratuak daudenez, ez dute ukipenik eraginen arrisku eremu horietan. Salbuespen bakarra da Burutain, non baldintzapean gelditzen baita BUR-8 unitatearen garapena (Las Ventas aldean, N-121A errepidearen, ibaiaren eta Burutainen sartzeko errepidearen artean), harik eta arrisku eta uholde baldintzak aztertu arte. Alderdi horrek berak N-121 errepideko zirkulazioaren ukipen akustikoak jasaten ditu. Garapenerako Plan Partzialean eskatu zen egoera akustikoa aztertzea eta kalitate akustikoaren helburuak betetzeko neurriak hartzea. Determinazio hori BUR-9 eta BUR-10 unitateetara ere hedatu beharra dago. Adierazi beharra dago N-121A errepideak Anuen barna egiten duen tartea sartuta dagoela Nafarroako Foru Komunitateko errepide-ardatz handien zarata-mapa estrategikoen eremuan, 3. fasean (Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren martxoaren 2ko 151/2020 Ebazpena).

Anueko Udal Plan Orokorraren garapen eta exekuzioan eta haren indarraldian zehar kontuan hartu beharreko beste alderdi bat da nola aplikatuko diren ingurumen ondorioen azterketan identifikatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak.

Dokumentazio osoa azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aditzera eman du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura osorik dagoela, eta aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea Anueko Udal Plan Orokorrari buruz. Anueko Udala da planaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Udalen Hirigintza Planeamendurako Atalari eta Anueko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2009615