213. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74/2020 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Lodosan Monte Alto I legar-hobiko agregakinen tratamendu zentroa martxan jartzeko, erregularizatzearen ondorioetarako.

Meategien Ataleko teknikariek 2018ko urrian egindako ikuskatze bisitan egiaztatu ahal izan zenez, Hormigones Lodosa SA enpresak Lodosako 14. poligonoko 8., 13. eta 598. lurzatietan du ustiategi horretatik ateratako mineralak tratatzeko zentro bat; hori da ustiategiaren onura-instalazioa, meatzaritzako araudiarekin bat.

Ikusirik Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan dagoen dokumentazioa, egiaztatu zen zentroak ez zeukala Meatzaritzako araubidearen Erregelamendu Orokorraren 138. artikuluan ezarritako nahitaezko baimena (abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua); hortaz, 2018ko abenduaren 29an enpresari agindu zitzaion lau hilabeteko epean eska zezala. Aurkeztu beharreko agirien artean, besteak beste, laneko arriskuen prebentzioaren arloko araudia betetzearen gaineko frogagiriak zeuden.

Epea iragan zenez tramite horri buruzko inolako agiririk aurkeztu gabe, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 18ko 85/2019 Ebazpenaren bidez agindu zen tratamendu zentroa gelditzea, langileen segurtasunerako arriskutsua zelakoan.

2020ko abuztuaren 10ean eta 24an, enpresak eskatu du agregakinak tratatzeko zentroa martxan jartzea. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, tratamendu zentroa 1999ko abenduan datatutako proiektuaren arabera ezarri zen, eta, gero, aldaketa batzuk egin zitzaizkion: 80 mm-tik gorako materialak kendu ziren CR-1 bahean, inpaktu-errota kendu eta, horren ordez, orain dagoena jarri zen (kono-errota) eta materialen zirkulazioa egokitu zen. Gainera, egin beharreko 57 zuzenketa-ekintza identifikatu dira. Horietatik 16, 1. mailako lehentasunezkotzat jo direnak, gauzatu dira jadanik. Hortaz, uste dute instalazioak betetzen dituela martxan jartzeko behar diren segurtasun baldintzak. Gainerako zuzenketa-ekintzak, 2. mailako lehentasuna dutenak, makinaria geldirik dagoenean pertsonak egoteko guneak aseguratzeari buruzkoak dira, eta martxan jartzeko baimena eman ondoren ezarri asmo dira. Eskaerarekin batera, uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretua betetzeari buruzko egiaztagiria aurkeztu dute (errege dekretu horren bidez langileek lan ekipoak erabiltzeko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ezarri ziren).

Dokumentazioa azterturik, proposatzen da baimena ematea, erregularizatzearen ondorioetarako, agregakinak tratatzeko zentroa martxan jartzeko, eta, horrenbestez, bertan behera uztea jarduera gelditzeko agindua, zeina Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 18ko 85/2019 Ebazpenaren bidez eman baitzen, hori guztia apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekretuaren 7. eta 117. artikuluetan ezarritakoarekin bat (errege dekretu haren bidez, Meategietako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendu Orokorra onetsi zen).

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea Lodosako 14. poligonoko 8., 13. eta 598. lurzatietan dagoen Monte Alto I legar-hobiko agregakinen tratamendu zentroa martxan jartzeko, erregularizatzearen ondorioetarako. Tratamendu zentroa ustiategi horri atxikita gelditzen da ondorio guztietarako.

2. Tratamendu instalazioa gelditzeko agindua bertan behera uztea, eta, horrenbestez, baimena ematea lanei berriz ekiteko. Jarduera gelditzeko agindu hori Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren ekainaren 18ko 85/2019 Ebazpenaren bidez eman zen.

3. Agintzea ezen urtebeteko epean gauzatu behar direla 2. mailako lehentasuna duten ekintzak, martxan jartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan identifikatu direnak. Ekintza horien plangintza eta segimendua sartu beharko dira ustiategiaren segurtasun eta osasun agiriaren eguneratzean. Gainera, gaur egun indarrean dagoen laneko arriskuen ebaluazioa berrikusi beharko da.

4. Ebazpen hau Meategien Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Hormigones Lodosa SAri jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau Lodosako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko irailaren 15ean.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F2010633