213. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

10/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, irailaren 16koa, zeinaren bidez neurri batzuk onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arlokoak.

ATARIKOA

2018ko martxoaren 26ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Funtzio Publikorako Estatu Idazkaritzaren 2018ko martxoaren 22ko Ebazpena, zeinaren bidez argitaratzen baita Enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko Gobernuaren eta sindikatuen arteko 2018ko martxoaren 9ko II. Akordioa. Akordio horretan, lehenbiziko atalean, ezarri zen soldata igoera finko baterako urte anitzeko esparru bat sektore publikoaren zerbitzuan ari diren langileentzat, baita ekonomiaren hazkundeari lotutako igoera-ehuneko aldakor bat ere, kalkulatuko zena 2018-2020 aldiko Barne Produktu Gordin errealaren igoeraren arabera.

Aipatu akordioaren lehenbiziko atalak aurreikusten zuen funts gehigarri batzuk izanen zirela aipatutako aldiko ekitaldi bakoitzerako (2018ko, 2019ko eta 2020ko ekitaldiak), deskribatzen ziren baldintzetan, eta funts horiek, negoziazio kolektiboaren ondoren, bideratzen ahal zirela, besteak beste, produktibitatea edo efizientzia hobetzeko planak edo proiektuak ezartzera, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri espezifikoak berraztertzera, destinoko osagarriak homologatzera edo pentsio planei ekarpenak egitera. Gainera, 2021ean igoera gehigarri bat egiteko aukera erantsi zuen, ezartzen zituen baldintzetan.

Aurrekoa oinarri harturik, 2018ko urriaren 4an akordio bat sinatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean, Enplegu publikoa eta lan baldintzak hobetzeko Gobernuaren eta sindikatuen arteko 2018ko martxoaren 9ko II. Akordioaren lehen atalak ezartzen duena aplikatzeari buruzkoa. Akordio horrek, urte anitzerako izenpetu baitzen, neurri batzuk aurreikusten ditu langileen arlorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparrurako, 2018-2021 aldirako. Nolanahi ere, neurri horien gauzatzea bat etorriko da une bakoitzean indarrean diren legeekin.

2018ko aurrekontu ekitaldiari dagokionez, Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18.Bi artikuluak xedatzen zituen, besteak beste, behar diren gaikuntzak posible izan zedin gauzatzea Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen esparruan 2018rako sinatutako urte anitzeko akordioko neurriak; hortaz, neurri horiei arau maila eman zitzaien urriaren 24ko 1/2018 Foru Lege-dekretuaren bidez, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko neurri batzuk.

2019ko aurrekontu ekitaldiari dagokionez, Sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege-dekretuak antolamendu juridikoan txertatu zuen aukera bat, 2019rako ere gauzatu zitezen Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen esparruan 2018ko urriaren 4an sinatutako urte anitzeko akordioko neurriak; hortaz, neurri horiei arau maila eman zitzaien maiatzaren 15eko 2/2019 Foru Lege-dekretuaren bidez (haren bidez, neurri batzuk onesten dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloan).

2020ko aurrekontu ekitaldiari dagokionez, Sektore publikoaren esparruko ordainsarien arloan premiazko neurriak onesten dituen urtarrilaren 21eko 2/2020 Errege Lege-dekretuak 3. artikuluan txertatzen du, aurreko ekitaldietan bezala, 2018ko urriaren 4an Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen esparruan sinatutako urte anitzeko akordioko neurriak gauzatzeko aukera.

Urtarrilaren 21eko 2/2020 Errege Lege-dekretuaren 3.Bi artikuluak xedatzen du 2020an soldata-masa beste % 0,30 igotzea baimentzen ahalko dela, produktibitatea edo efizientzia hobetzea helburu duten planak edo proiektuak ezartzeko, pareko eginkizunak dituzten lanpostuen arteko osagarri berariazkoak berrikusteko, destinoko osagarriak homologatzeko edota pentsio planetara ekarpenak egiteko, besteak beste.

Horrez gain, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen 6. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako administrazio publikoek estatuko legedian sektore publikoaren zerbitzuko langileentzat 2020rako baimendutako gehieneko gehikuntza orokorra aplikatu behar diete beren funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei 2020ko ekitaldian eta urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izanda.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko irailaren hamaseian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Administrari laguntzailea. C mailan/taldean sartzea.

Administrari laguntzaileen lanpostua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoko C mailan/taldean sartzen da. “Administraria” deituko da, eta lanpostu horri dagozkion ordainsariak izanen ditu esleituta.

2. artikulua. Hezkuntza Departamentuari atxikitako zaintzaileen lanpostua. Inklusiorako Laguntzako teknikari bihurtzea eta C mailan/taldean sartzea.

1. Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostua sortzen da, C mailan/taldean sartzen dena.

2. Hezkuntza Departamentuari atxikitako zaintzaileen lanpostuaren izena eta lanpostua bera aldatzen dira; izan ere, hemendik aurrera, Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostua izanen da. C mailan/taldean sartzen da, eta zaintzaileen lanpostuak egun Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoan esleiturik dituen ordainsarien ehunekoak mantenduko dira.

3. Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuetan sartzeko, Gizarte integrazioko goi mailako teknikari titulu berariazkoa izan beharko da; edo, bestela, Batxilergoko titulua edo baliokidea eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arretaren profesionaltasun ziurtagiria. Aipatutako titulua eskatuko da lanpostu horiek eskuratzeko lehen deialdian eta foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera onesten direnetan.

4. Aurreko atalean adierazitakoa gorabehera, bost urteko bitarteko aldia ezartzen da, lege dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera, aipatutako titulu berariazkoa eskatzeko, Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuak aldi baterako betetzen direnean. Aldi horretan, C mailako/taldeko lanpostuak betetzeko eskatzen den titulu orokorra duten izangaiek betetzen ahalko dituzte lanpostu horiek aldi baterako.

Atal honetan aurreikusitako bitarteko aldian, ez da Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanposturik sartuko lan publikoaren eskaintzetan, langile finkoek betetzekoetan.

3. artikulua. Zerbitzu orokorretako langileak. Lanpostuko osagarria handitzea.

Zerbitzu orokorretako langileen lanpostuko osagarria % 3,32 handitzen da.

4. artikulua. Zeladoreak. Destinoko osagarria esleitzea.

Zeladoreen lanpostuari destinoko 1. mailako osagarria esleitzen zaio.

5. artikulua. Atal, bulego eta unitate parekatuetako buruen zuzendaritza lanpostuko osagarria.

Atal, bulego eta unitate parekatuetako buruen zuzendaritza lanpostuko osagarria kalkulatzeko, erreferentzia hartuko da A mailari/taldeari dagokion hasierako soldata, kontuan hartu gabe buru aritzen den pertsonaren lanpostuaren maila/taldea.

6. artikulua. Gizarte-langileak, gizarte-hezitzaileak eta psikomotrizistak. Lanpostuko osagarria handitzea.

Gizarte-langile, gizarte-hezitzaile eta psikomotrizisten lanpostuen ordainsariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan B mailako/taldeko lanpostuek dituztenekin parekatzen hasteko (zeinek % 35eko bateraezintasun osagarria eta lanpostuko % 6,73ko osagarria baitituzte), aipatu lanpostu horien lanpostuko osagarria % 2,88 igotzen da.

Lehen xedapen gehigarria.–Integratzeko prozedura.

Administrari laguntzaileak administrari gisa C mailan/taldean sartzeko eta Hezkuntza Departamentuari atxikitako Inklusiorako Laguntzako teknikariak ere maila/talde horretan sartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak horretarako ezartzen duen integratzeko prozedurari jarraikiko zaio.

Bigarren xedapen gehigarria.–Foru lege-dekretu hau aplikatzeak dakartzan ondorioen data.

Foru lege-dekretu honetan jasotako neurriek atzeraeragina izanen dute 2020ko urtarrilaren 1etik.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Goragoko maila/talde batean sartutako langileek orain arteko eginkizunetan jarraitzea.

Foru lege-dekretu honen 1. eta 2. artikuluetan xedatutakoak ez du berekin ekarriko ukitutako langileek orain arte bete dituzten eginkizunak betetzeari uztea, ezta beste lanpostu baten eginkizunak esleitzea ere.

Laugarren xedapen gehigarria.–Lanpostuaren erreserbarik gabeko eszedentzia egoera batetik lanera itzultzea.

Langile bat borondatezko eszedentzian baldin badago administrari laguntzaileen edo Hezkuntza Departamentuko zaintzaileen lanpostu batean, lanera itzultzea eskatzen duenean lanpostu erreserbarik ez baldin badu, eskatu eta eskuratu dezake jardunera itzultzea C mailako lanpostu huts korrelatibo batean.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Maila bereko lanpostuetarako, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendetatik baztertzea.

Administrari laguntzaileen eta Hezkuntza Departamentuko zaintzaileen izendapena duten funtzionarioak, baldin prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko zerrendetan badaude C mailako/taldeko beste lanpostu batzuk betetzeko, zerrenda horietatik baztertuko dira foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean.

Lehenbiziko xedapen iragankorra.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoerak mantentzea.

Administrari laguntzaileen eta Hezkuntza Departamentuko zaintzaileen izendapena duten funtzionarioak, baldin foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean prestakuntzarako zerbitzu berezietan ari badira C mailako/taldeko beste lanpostu batean, zerbitzu berezietako izendapenari eutsiko diote izendapena ekarri zuen beharrak irauten bitartean. Behar hori bukatutakoan, langile horiek egoki den zerrendatik baztertuko dira.

Bigarren xedapen iragankorra.–Indarreko kontratuak mantentzea.

Foru lege-dekretu honek indarra hartzean administrari laguntzaileen eta Hezkuntza Departamentuko zaintzaileen lanpostuetarako indarrean dauden kontratuek indarrean jarraituko dute, eta lanpostuaren maila/talde berriak ez du inola ere aldatuko kontratuaren iraupena, ezta hura iraungitzeko zergatiak ere.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Indarreko kontratazio zerrendak mantentzea.

1. Foru lege-dekretu honek indarra hartzean administrari laguntzaileen eta Hezkuntza Departamentuko zaintzaileen lanpostuetarako indarrean dauden kontratazio zerrendek indarrean jarraituko dute, egoki den goragoko mailako lanpostu korrelatiboak betetzeko. Beste kontratu bat egin ahal izateko, lanpostuaren maila edo talde berrirako behar diren baldintzak eskatuko dira, salbu eta 2. artikuluan ezarritako bitarteko aldian, Hezkuntza Departamentuko Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuei dagokienez.

2. Xedapen honetan aipatzen diren kontratazio zerrenda indardunak kudeatzen dituzten organoek zerrenda horietako izangaiei eskatuko diete frogatu ditzatela maila/talde berrirako beharrezkoak diren baldintzak, kontrataziorako deitzen zaienean, edo, bestela, epe orokor bat irekiko dute zerrendako izangai guztiek aukera izan dezaten frogatzeko baldintza horiek betetzen dituztela.

Lanpostuaren maila/talde berrirako eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen kasuan kasuko zerrendan, eta deitzeko moduan egotera pasatuko dira frogatzen dutenean eskuratu dituztela edo badituztela aipatutako baldintzak.

3. Indarrean jarraituko dute foru lege-dekretu honek indarra hartzean Hezkuntza Departamentuko zaintzaile lanpostuak betetzeko aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendek, bai eta Hezkuntza Departamentuko Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuak aldi baterako betetzeko eratzen diren zerrendek ere (2. artikuluko bitarteko aldian eratuko dira zerrenda horiek, eta titulu orokorra eskatuko da), hain zuzen, aipatu bitarteko aldia bukatzen den arte.

Laugarren xedapen iragankorra.–Prestakuntzarako zerbitzu berezietako zerrendak mantentzea.

Foru lege-dekretu honek indarra hartzean administrari laguntzaileen eta Hezkuntza Departamentuko zaintzaileen lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko indarrean dauden kontratazio zerrendek indarrean jarraituko dute, egoki den goragoko mailako lanpostu korrelatiboak betetzeko. Lanpostu horietan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izendapen berriak egiteko, lanpostuaren maila edo talde berrirako behar diren baldintzak eskatuko dira, salbu eta 2. artikuluan ezarritako bitarteko aldian, Hezkuntza Departamentuko Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuei dagokienez.

Bosgarren xedapen iragankorra.–Administrari laguntzaileendako deialdiak, bukatu gabe daudenak.

1. Gaur egun tramitatzen ari da administrari laguntzaile lanpostuan sartzeko hautapen prozedura. Puntuazio handiena lortuta prozedura hori gainditzen duten izangaien artetik deitutako lanpostu kopuruan sartzen direnei funtzionario izendatzeko eskatzen zaizkien betekizunak eta baldintzak arautzeko, jarraituko zaio deialdi hori onesten duen ebazpenean ezarritakoari.

2. Gaur egun tramitatzen ari den hautapen prozedura bukatu ondoren onesten diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendetan sartuko dira parte-hartzaile guztiak, baldin eta betetzen badituzte deialdiaren oinarrietan horretarako eskatzen diren baldintzak.

Administrari lanpostuan aritzeko edozein kontratu egin ahal izateko, zerrendetan dauden izangaiek bete beharko dituzte lanpostuaren mailarako/talderako beharrezkoak diren baldintzak. Horretarako, dagokion zerrenda kudeatzen duen organoak izangaiei eskatuko die frogatu dezatela baldintza horiek betetzen dituztela, kontrataziorako deitzen zaienean, edo, bestela, epe orokor bat irekiko du zerrendako izangai guztiek aukera izan dezaten frogatzeko baldintza horiek betetzen dituztela.

Lanpostuaren maila/talde berrirako eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen kasuan kasuko zerrendan, eta deitzeko moduan egotera pasatuko dira frogatzen dutenean eskuratu dituztela edo badituztela aipatutako baldintzak.

Azken xedapenetako lehena.–Ordainsari osagarriak aldatzeko gaikuntza.

Nafarroako Gobernua gaitzen da plantilla organikoko lanpostuen ordainsari osagarriak aldatzeko, indarreko araudiarekin bat.

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2020ko irailaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2010641