200. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

60/2020 FORU DEKRETUA, abuztuaren 19koa, Ana María Monreal Vidal andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Ana María Monreal Vidal andrea (Iruña, 1984), industria ingeniaria eta ekintzailea, Sierea, Smart Lean Solution, Bambrai eta iAR enpresen sortzaileetako bat da, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko kidea (NIIEO-COIINA) eta Nafarroako Industria Fundazioko kidea ere bai.

2002tik 2007ra Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ikasi zuen, non, 2004tik 2006ra bitarte, ikasketekin batera ikasle laguntzailearen lanak ere egin baitzituen Mekanika, Energetika eta Material Sailean. Braunchweig-en (Alemania) Erasmus programarekin egin zuen egonaldian garatu zuen bere karrera amaierako proiektua: Feasibility study of a fuel cell hydraulic unit (erregai-piladun unitate hidrauliko baten bideragarritasun azterketa); kalifikazio gorena eskuratu zuen.

Ingeniaritzako ikasketak bukatuta, energia berriztagarriei buruzko master bat egin zuen Madrileko San Pablo CEU unibertsitatean. 2008tik 2013ra, ikertzaile aritu zen Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean (EBZN-CENER), Eguzki Energia Termikoaren Sailean.

2014ko urtarrilean, Sirea multinazional frantziarraren filiala sortu zuen Espainian; Sirearen espezializazioa efizientzia energetikoa lortzea da, kontsumo elektrikoaren neurketaz eta kontrolaz baliatuz. Ondoren, 2014ko martxoan eta beste bi bazkiderekin batera –Jon Navarlaz eta Miguel Ángel Llorente–, Ana María Monreal andreak abian jarri zuen beste enpresa bat, iAR izenekoa, errealitate areagotuko software industrialaren arloan aitzindaria izan zena. Ekimen hori irabazle izan zen Frantziako sare elektrikoak antolatutako lehiaketa batean, baita Volkswagenek antolatutako beste batean ere, eta Emprendedor XXI izeneko lehiaketako hamargarren edizioko saria ere bereganatu zuen. iAR enpresak diseinatutako softwarearen bitartez, edozein matxuraren berri eman daiteke, gertatu den toki zehatza erakutsiz, eta, are gehiago, arazoa konpontzeko jarraibideak ematen dizkio mantentze-lanetako teknikariari, haren zereginean laguntzeko eta lan horietan denbora gutxiago emateko (%60 gutxiago). Horrez gain, 2019an iAR enpresak akordio bat sinatu zuen Elikagaien Teknologiaren eta Segurtasunaren Zentro Nazionalarekin (ETSZN-CNTA), elikagaien arloko enpresen efizientzia operatiboa handitzeko helburuarekin, eta horren zerbitzuan jartzen ditu bere esperientzia eta ezagutza, software industriala digitalizaziorako teknologiak erabiliz neurrira garatzearen arlokoak.

2019an, Ana María Monreal andreak urteko industria ingeniaririk onenaren saria jaso zuen, Industria Ingeniaritzako Sari Nazionalen barruan, bere ibilbide profesional eta enpresariala dela eta.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jo du Ana María Monreal Vidal andrea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Ana María Monreal Vidal andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2009554