200. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

59/2020 FORU DEKRETUA, abuztuaren 19koa, María José Calasanz Abínzano andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

María José Calasanz Abínzano doktoreak (Tafalla, 1959) Biologia ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta bertan doktoratu zen 1988an. Gaur egun, CIMAren diagnostikorako laborategiko zuzendari zientifikoa da (CIMA LAB Diagnostics) Iruñean, eta minbiziaren diagnostiko genetikoaren arloko aditu nabarmenetako bat, bereziki leuzemiei dagokienez, halakotzat baitute Espainian nahiz nazioartean.

Bere zuzendaritzapean, laborategi horretan 80.000 analisi genetiko baino gehiago egin dira, ospitaleek eta osasun zentroek eskatuta. Gaur egun, 10.000 lagin baino gehiago jasotzen dituzte urtean, Espainiako eta beste herrialde batzuetako gaixoenak, horiekin diagnostiko genetikoak egiteko, leuzemia, linfoma eta bestelako eritasun genetikoenak, teknologia aurreratu, zehatz eta eraginkorrenak erabiliz. Analisi Genetikoen laborategi hori erreferentzia nazionaleko zentroa da neoplasia hematologikoetan, eta laguntza teknikoa ematen die Espainiako ikerketa taldeei eta Minbiziaren Ikerketa Kooperatiborako Sare Tematikoari (MIKST-RTICC). Nafarroan laborategi hori izateak ahalbidetzen du minbizia edo leuzemia duten erien diagnostiko zuzena azkar lortzea, eta horrek erraztea tratamenduaren arrakasta eta, horrenbestez, gaixoak sendatzea.

María José Calasanz Abínzano andreak Espainiako, Europako eta Latinoamerikako hematologia, onkologia eta genetikako profesional guztien begiramen zientifikoa du. Horregatik gonbidapen asko jaso ditu hainbat herrialdetatik, eta, horiei erantzunez, han eta hemen eman dituen 300dik gora konferentzia zientifiko eta prestakuntza ikastaroetan Nafarroaren irudiaren sustatzaile izan da beti, lehen mailako erreferente profesional eta humanoa den aldetik. Ikerketan lau seiurteko egin ditu, eta sozietate zientifiko eta aditu batzorde ugariko kide da, bai Espainian bai nazioartean.

Bere irakaspenek legatu ikaragarria osatzen dute. Genetikako katedraduna da, eta hogeita hamar urte baino gehiago eman ditu Bioestatistikako, Diseinu Esperimentaleko, Genetikako eta Zitogenetikako eskolak ematen biologoei, biokimikariei eta sendagileei. Bere ikasleak Nafarroako ikerketa zentro eta ospitale guztietan daude orain, bai eta Espainia osoko eta atzerriko bikaintasuneko ikerketa zentro ugaritan ere. Hamar doktore tesi baino gehiagoren zuzendaria izan da, eta harengandik prestakuntza jaso duten doktore asko eta asko ikerketa buruak dira orain Espainian eta Europan. Berrehun artikulutik gora argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan.

Bere lanaren esparrua Foru Komunitatean bertan kokatu duenez, Calasanz doktorea oso inplikatua izan da bere lana nafar guztiengana irits dadin, dela espezialistak eta ikasleak trebatzen, dela Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia, Onkologia eta Anatomia Patologikoko zerbitzuekin elkarlanean leuzemiaren diagnostikoetan.

Azkenik, ikuspuntu humanoago batetik, Calasanz doktorea elkarlanean aritu ohi da Nafarroako, Euskadiko eta Espainiako gaixo onkologikoen elkarteekin. Gaixoekin egiten dituen saio horietan bere lanaren alderdi zientifiko eta teknologikoenak azaltzen dizkie, hurbilagoak egiteko, azken aurrerapenen berri ematen die eta ahaldundu egiten ditu, sendatzeko prozesuan eragile garrantzitsuak izan daitezen.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du María José Calasanz Abínzano doktorea saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. María José Calasanz Abínzano andreari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2009555