200. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

58/2020 FORU DEKRETUA, abuztuaren 19koa, Gregorio Luri Medrano jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Gregorio Luri Medrano jaunak (Azagra, 1955) irakasle ikasketak egin zituen Iruñeko Huarte de San Juan unibertsitate-eskolan. Bartzelonako Unibertsitatean Pedagogiako lizentzia eskuratu zuen, graduarekin eta lizentziako aparteko sariarekin, eta Filosofiako doktoregoa egin zuen unibertsitate horretan bertan, doktoregoko aparteko sariarekin hori ere.

Hezkuntzako maila guztietan bete du irakasle lana: lehen eta bigarren hezkuntzan eta unibertsitatean. Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UHUN) irakasle tutorea izan da; Kultura Klasikoko irakaslea Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko Giza Zientzietako Fakultatean eta Etika eta Jardunbide Profesionalaren irakaslea Sabadelleko Diseinuko Goi Mailako Eskolan. Era berean, irakasleak trebatzen jardun du Bartzelonako Unibertsitatean, eta Mexikoko zenbait unibertsitaterekin lankidetzan aritu da.

1988an argitaratu zuen bere aurreneko liburua (“Alzanar”, Pamiela, Iruña). Bere azken lana, “La escuela no es un parque de atracciones” (Eskola ez da jolas-parke bat), aurten argitaratu berri da (Ariel, 2020). Eta, lehenbizikotik azken honetara bitarte, beste hogeita bost lan argitaratu ditu, arlo askotako gaiak jorratzeko, bibliografia zabala osatuz: filosofia, gizartea, historia, hezkuntza.

Bere gogoetak lagun izan dituzte beste hamar bat idazlanek ere, berak idatzitako aitzin- eta azken-solasei esker, eta kolaborazioak egin ditu beste horrenbeste argitalpenetan.

Jaso dituen sarietako batzuk dira 2001eko Juan Gil Albert Saiakera Saria, 2004ko Saiakera Laburraren Saria eta Mejora tu Escuela Pública Saria, 2017koa.

Bere jarduera ez da eremu akademikora mugatzen, ohiko kolaboratzailea baita zenbait hedabidetan, eta dibulgatzailea ere bada; horren lekuko dira Espainian eta hainbat herrialdetan eman dituen hitzaldien kopuru handia. Pueblako Estatuko Herri Unibertsitate Autonomoko (UPAEP, Puebla, Mexiko) Correlatos Aldizkariko Batzorde Zientifikoko kidea da. Aholkulari pedagogikoa izan da Kolonbia, Uruguai eta Mexikoraino eraman duten zenbait proiektutan.

Plataforma argitaletxeko aholkularia da, eta Herder argitaletxeko kontseilu editorialeko kidea, bai eta Erromako Klubeko eta Biblioteca Nuevako Syntopicón proiektuko kolaboratzailea ere.

Caixabank Fundazioarentzat erakusketa hauen komisario izan da: “Tracia, beste mundu bateko altxorrak”, eta “Mediterraneoa, mitotik logosera”.

Aipatutako merezimenduak pedagogiaren eta filosofiaren arloan egindako ibilbide nabarmen baten adierazgarri dira, eta, horrekin batera, eskola publikoaren defentsa irmo batena ere.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Gregorio Luri Medrano jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Gregorio Luri Medrano jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2009556