200. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

57/2020 FORU DEKRETUA, abuztuaren 19koa, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea-Nafarroako Ordezkaritzari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (aurrerantzean, AECC) 1953an sortu zen, minbizia duten gaixoei laguntzeko eta arlo guztietan eritasunari kontra egiteko. Nafarroako Batzorde Probintziala 1989an sortu zen; beraz, erakundeak 30 urtetik gora egin ditu gure erkidegoan lanean.

Erakundea estatutu batzuek eta Gobernu Onerako Kode Etiko batek zuzentzen dute, zeinetan ezarrita baitaude bazkideen eta boluntarioen eskubideak eta betebeharrak argi eta arautzen baita hauteskundeak egiteko modua, jardunbideak onenak izan daitezen, betiere independentzia, eriekiko eta haien familiekiko konpromisoa eta erakundearen erabateko gardentasuna oinarri hartuta. Ildo horretan, AECCko gobernu eta ordezkaritza kargu guztiak, Espainiakoak nahiz lurraldeetakoak, ordainik jaso gabe betetzen dira.

AECCk estatutuen arabera dituen helburuak betetzeaz gain, entitateak plan estrategiko bat dauka, jarduketarako hiru ildo nagusi ezartzen dituena: laguntza ematea eriei eta haien familiartekoei, prebentzioa eta eritasunari buruzko ikerketa bultzatzea. AECCk hiru ildo horietako zerbitzu guztietan erabiltzen ditu bere giza baliabide eta bitarteko ekonomiko gehienak.

Gaur egun, AECCko Nafarroako Ordezkaritzak 7.500 bazkide baino gehiago ditu (kopurua %20 gehitzen da urtero), eta haien kuotak dira elkartearen finantzabide nagusia. Alde horretatik azpimarratu beharra dago Nafarroako AECC gehienbat diru-sarrera pribatuekin finantzatzen dela (partikularren eta enpresen kuotak, dohaintzak, ekitaldi solidarioetako diru-bilketak, etab.), eta funts publikoen ekarpenak diru-sarrera guztien %8 ere ez duela egiten.

Nabarmentzekoa da, halaber, Nafarroan erakundeari hainbat zereginetan laguntzen dioten 300 boluntarioen lana, esate baterako, gobernu organoetako kide izaten edo ospitalean eta etxean eriei lagun egiten.

Nafarroako AECCk hiru egoitza fisiko ditu: Iruñean, Tuteran eta Lizarran; horien gaineko ardura eta kudeaketa elkarteak dituen 12 langileek betetzen dute.

Nafarroako AECCren 2020ko aurrekontua 1.500.000 eurotik gorakoa da; kopuru horren %60 laguntza eta akonpainamenduko zerbitzuetan erabiliko da, %18 prebentzio programetan eta %22 ikerketan. Proiektu batzuk ez ezik, doktoratu aurreko 4 beka ere finantzatzen dira, ikerketarako bokazioaren pizgarri izan daitezen lizentziadun gazteentzat.

Ondorio gisa esan daiteke Nafarroako AECCk duela 30 urtetik gauzatzen duen lanari esker erakundea erreferente eta lider bilakatu dela minbiziaren aurkako borrokan, eta bere lanak, osasun administrazioaren lanaren osagarri eta harekin koordinatuta, babes eta aitortza handia duela Nafarroako gizartean.

Horregatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearen Nafarroako Ordezkaritza saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 19an egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea-Nafarroako Ordezkaritzari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau jakinaraztea Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea-Nafarroako Ordezkaritzari.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2009557