188. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Deialdia, saxofoiko irakasle bat hautatzeko, Tafallako Udalaren Musika Eskolari atxikitako lanpostuan aritzeko,
aldi baterako lan-kontratuarekin eta lanaldi partzialean, txanda-kontratuaren bidez

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2020ko uztailaren 21ean egin bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Tafallako Musika Eskolako saxofoiko irakasle titularrak eskabidea aurkeztu du, 2020ko urritik aurrera erretiroa partzialean aritzeko bere lanpostuan.

Kontuan hartuz, langile batek erretiro partziala izateko, aldi berean txanda-kontratu bat egin behar dela, Langileen Estatutuaren 12.7 artikuluan xedaturik dagoenaren arabera, beharrezkoa da dagokion prozedura egitea, aipatu txanda-kontratuaren bidez kontratatuko den pertsona hautatzeko.

Jarraipen eta Kontrol Batzordearen irizpena jaso da espedientean.

Horrekin bat, eta aintzat hartuz eskumenak eskuordetzeko Alkatetzaren uztailaren 8ko 6/2020 Dekretua, Tokiko Gobernu Batzarrak:

ERABAKITZEN DU:

Lehena.–Deialdiaren oinarriak onestea, saxofoiko irakasle bat hautatzeko, Tafallako Udalaren Musika Eskolari atxikitako lanpostuan aritzeko, aldi baterako lan-kontratuarekin eta lanaldi partzialean, txanda-kontratuaren bidez, bat etorriz Langileen Estatutuaren 12.7 artikuluarekin, aldi berean irakasle titularra erretiro partzialean aritzen dela, erretiro partzial horrek iraun bitartean.

Bigarrena.–Behar diren izapideak egitea deialdi hori aurrera eramateko, deialdian bertan zehazten den eran.

Hirugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Musika Eskolako Zuzendaritzari eta Langileria Departamentuari, behar diren ondorioetarako.

Laugarrena.–Interesdunei jakinaraztea, eta ohartaraztea erabaki honek amaiera ematen diola administrazio bideari, eta beronen aurka honako errekurtso hauek jar daitezkeela:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tafallan, 2020ko uztailaren 21ean.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

OINARRIAK, SAXOFOIKO IRAKASLE BAT KONTRATATZEKO DEIALDIA ARAUTZEN DUTENAK, TAFALLAKO UDALEAN ARITZEKO, ALDI BATERAKO LAN-KONTRATUAREKIN ETA LANALDI PARTZIALEAN, TXANDA-KONTRATUAREN BIDEZ

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da saxofoiko irakasle bat hautatzea, Tafallako Udalaren Musika Eskolari atxikitako lanpostuan aritzeko, aldi baterako lan-kontratuarekin eta lanaldi partzialean, txanda-kontratuaren bidez.

Kontratuaren lanposturako deialdia egiten da saxofoiko irakasle lanpostuaren titularraren erretiro partzialagatik eta ondorioz izanen duen lanaldi-murrizketagatik. Hautatua gertatzen denak dagokion txanda-kontratua sinatuko du, eta kontratu horrek izanen du indarra erretiro partzialeko egoerak iraun bitartean. Hartara, hautaketa egiten da lanaldi osoaren %50 estaltzeko, edo lanaldiaren %100 osatu arte egin beharreko zatia, lanpostuaren titularraren erretiro partzialaren arabera. Txanda-kontratua betiere azkendurik geratuko da erretiro partziala duen pertsonak bere lanpostuan erretiro osoa hartzen duen unean. Hartara, hautatuak behar den txanda-kontratua sinatuko du urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.7 artikuluan ezarritako baldintzetan (LED horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina).

1.2. Lanpostuak izanen ditu deialdiaren xedeko lanpostuari dagozkion eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako jasota dauden ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezartzen diren eta lanpostuari aplikagarriak zaizkion soldata-osagarriak ere.

1.3. Lanpostuaren kategoriari dagozkion eta lanpostuak berezkoak dituen lanak eta eginkizunak beteko dira.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute. Lanaldi partziala eginen da, Tafallako Udalaren Musika Eskolako langileendako oro har ezarritako lanaldiaren %50ekoa (edo lanaldiaren %100 osatu arte egin beharreko zatia, lanpostuaren titularraren erretiro partzialaren arabera).

1.5. Prozedura gainditzen duten izangaiekin izangai-zerrenda bat osatuko da puntuazio-ordena hertsiaren arabera, eta Tafallako Udalak hura erabiltzen ahalko du aldi baterako beharrak estaltzeko, Tafallako Udalean halakoak gertatzen badira saxofoiko irakasle lanpostuan.

Hiru urtez izanen du indarra aldi baterako kontratazioak egiteko aurreko paragrafoan aipatu izangai-zerrendak.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Prozedura honetan onartua izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, 21 urtetik beherako haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, edo adin horretatik gorakoek, baldin haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Jarraian aditzera ematen diren titulazioak (bata edo bestea) izatea, edo haiek lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

1. Saxofoiko espezialitateko goi-mailako ikasketen titulua edo, bestela, espezialitate horri dagokion erdi-mailako titulua, Musika Kontserbatorioen Erregelamendu Orokorrari buruzko irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera emana.

2. Unibertsitateko diploma edo gradua, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, eta saxofoiko espezialitateko erdi-mailako lanbide-titulua.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

f) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere. Egoera hori kontratuaren hasieran frogatu beharko da.

2.2. Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, bai eta hautaketa-prozeduran zehar eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.3. Hautaketa-prozedura honen xedea denez langilea hautatzea aldi baterako txanda-kontratua egiteko, ezinbesteko baldintza izanen da hautaturiko pertsona langabezian egotea kontratua egiten den eguna baino lehen, edo Udal honekin iraupen mugatuko kontratu bat izatea, aplikatuz Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.7.a) artikulua, non xedatzen baita, hain zuzen, txanda-kontratua egin beharko dela langabezian dagoen langile batekin, edo enpresarekin iraupen mugatuko kontratu bat duen batekin. Betiere, kontratua egiteko garaian, izangaiak bete beharko ditu txanda-kontratua egiteko behar diren baldintzak, Langileen Estatutuaren 12.7 artikuluan arauturik dagoenarekin bat.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari jarraikiz.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte NANaren edo haren baliokidea den agiriaren fotokopia eta deialdi honen 2.1.d) oinarrian eskatutako titulazioa, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean azken hori lortzeko moduan badaudela egiaztatzen duen ziurtagiria. Dena den, horiez gain, gainerako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dituzte kontratatzeko dei egiten zaienean.

Eskabidearekin batera aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte eskabidean bertan. Aparteko orri batean adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.tafalla.es) argitaratzeko.

Argitaratu ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta jendaurrean jarriko dira Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.tafalla.es).

Izangai bat ere ez bada baztertzen, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.tafalla.es) argitaratuko.

Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. oinarrian jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Kontratazioa egiteko deia egiten zaienean, izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak aztertu, eta ohartuz gero baldintzaren bat betetzen ez dela denborari edo formari dagokionez, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Xabier Alcuaz, Tafallako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Lehen epaimahaikidea: José M.ª Velasco Janáriz, Tafallako Musika Eskolako zuzendaria.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Bigarren epaimahaikidea: Jesús M.ª del Río Arrarás, saxofoiko irakasle titularra “Hilarión Eslava” udal musika eskolan.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Hirugarren epaimahaikidea: Daniel T. Huarte Izquierdo, Tafallako Udalaren Musika Eskolako ikasketaburua.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

Laugarren epaimahaikidea: sindikatuen ordezkariek izendatzen dutena.

Ordezkoa: sindikatuen ordezkariek izendatzen dutena.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kide batek eginen du idazkari lana. Behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek sinatuko dute horietako bakoitza.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Tafallako Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautaketa-prozeduraren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Oposizioaldia.

Oposizioaldiak proba bat izanen du:

a) Eskolak emateko proba. Bi zati izanen ditu.

Lehen zatian, saxofoiko eskola bat emanen zaio ikasle hasiberri bati.

Bigarren zatian, beste eskola bat emanen da, eta ikaslea izanen da Tafallako Udalaren Musika Eskolako 5. ikasmailaren bukaerakoa. Eskola bakoitzak gehienez ere 20 minutu iraunen du. Izangaiak aukeratuko du zer gai azaldu nahi dituen.

Bata bestearen atzetik eginen dira bi zatiok.

Eskolak buruturik, izangaiak horietan egin duen planteamendua defendatuko du epaimahaiaren aurrean, gorabeheren gainean ariko da, halakorik izan bada, eta emaitzaren balorazioa eginen du, planteatutakoa kontuan hartuz. Epaimahaiak denetariko galderak egiten eta argibideak eskatzen ahalko dizkio izangaiari, emaniko eskolen, alderdi pedagogikoen edo beste edozein konturen gainean.

Epaimahaiak onerako baloratuko ditu izangaiak erakusten dituen baliabideak ikasleen arreta bereganatzeko, komunikatzeko duen ahalmena, haiei hitz egiteko eta proposamenak aurkezteko era, eskolaren planteamenduan darabilen dinamismoa eta abar. Era berean, funtsezkotzat baloratuko du beharrezkoak iruditzen zaizkion edukiak (teknikoak, musikalak, etab.) era egokian transmititzeko ahalmena, bermatuz ikasleak behar bezala ikastea eta barneratzea eta, horrela, ikaskuntza progresiboa izatea.

Ariketa honetan gehienez 100 puntu lortzen ahalko dira (50 puntu eskola bakoitzeko). Proba gainditzeko, izangaiek gutxienez 30 puntu lortu beharko dituzte eskolen zati bakoitzean. Ez badira lortzen 60 puntu horiek (30 eskola bakoitzean), izangaia hautaketa-prozeduratik baztertuko da.

6.2. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak askitzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

6.3. Hautaprobetan, desgaitasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaldu dutenaren arabera.

6.4. Proba kalifikatu eta gero, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu lortutako puntuazioak Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, eta epeak ezarriko ditu interesdunek balorazioei buruz erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubidearen aldeko alegazioak egin ditzaten.

7. oinarria–Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Ariketen balorazioa burutu eta, halakorik badago, erreklamazioak eta guztizko azken puntuazioen berdinketak ebatzi ondoren, epaimahaiak Tafallako Udalaren iragarki-taulan argitaratuko du gaindituen zerrenda, puntuazio-ordenari jarraikiz.

Berdinketak zozketaz ebatziko dira. Hala, berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren deiturak eta izena.

8 oinarria.–Kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Hautaketa-prozedura bukatutakoan, epaimahaiak gaindituen zerrenda igorriko dio Tafallako Udaleko alkateari, guztira lortu duten azken puntuazioaren ordenan, onets dezan, bai eta kontratazio proposamena ere, gaindituen artean puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde.

Puntuaziorik handiena lortu duen izangaia iraupen mugatuko txanda-kontratu baten bidez kontratatuko da, lanaldi partzialean (lanaldiaren %50, edo lanaldiaren %100 osatu arte egin beharreko zatia, lanpostuaren titularraren erretiro partzialaren arabera), udal enplegatuaren erretiro partziala dela kausa. Nolanahi ere, hautaketa eta kontrataziorako baldintza izanen da udal enplegatu horri erretiro partziala onartzea. Hautaturiko pertsonarekin egiten den aldi baterako kontratuak gehienez iraunen du erretiro partzialaren aldiak adina. Txanda-kontratudunaren lanaldia eta txanda, betiere, bat etorriko dira lanpostu horretako langileendako ezarritakoarekin, eta noiznahi egokitzen ahalko dira zerbitzuaren beharren arabera.

Dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitatean desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera.

Aipatu kontratazio proposamena Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da.

8.2. Izangaiak, ematen zaion epean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu, kontratazioa hasi baino lehen:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako titulu edo tituluen fotokopia konpultsatua.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatearen zinpeko deklarazioa.

d) Zin egin edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

e) Sexu Delitugileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, adierazten duena izangaia ez dela kondenatua izan, epai irmo baten bidez, sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Ziurtagiri hori aurkeztu ezean, ezin izanen da kontratua egin.

f) Hautaketa-prozedura honek xedetzat den kontratazioa egiten denez txanda-kontratuaren arabera, alegia, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.7.a) artikuluan araututako kontratu-motaren arabera, non xedatzen baita txanda-kontratua egin beharko dela langabezian dagoen langile batekin, edo enpresarekin iraupen mugatuko kontratu bat duen batekin, hautaturiko pertsonak orobat aurkeztu beharko du agiri bat frogatzen duena badagoela langabezian kontratua egiten den unea baino lehen, edo Udal honekin baduela iraupen mugatuko kontratu bat.

8.3. Aipatutako epearen barnean, eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna eskabidea faltsutzeagatik.

8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik utzitako tokia betetzeko, organo eskudunak hautatuko du 7.1. oinarriko gaindituen zerrendan hurren ageri den izangaia, baldin baldintzak betetzen baditu, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

8.5. Nolanahi ere, kontrataziorako baldintza izanen da lanpostuaren titularraren erretiro partziala gertatzea.

9. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Dei egitea.

Gainditu duten eta epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitzen ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasuna duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera), eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emanen zaie eta afiliatuko dira.

9.2. Dei egiteko arau orokorrak:

1.–Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 9.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurren ageri denari dei eginen zaio, eta horrela harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

5.–Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehen izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete beharrik gabe.

6.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.

7.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak eginen dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

9.3. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

9.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan, duen postuari eutsiko baitio:

–Amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik lizentzia izatea.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan-kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa berez baliatu ezin dena. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.

–Izangaia ezkondu berria izatea edota, Bikote Egonkorrendako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean badago.

Kasu horietan, izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzeko eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egin bitarte, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten postu berean jarraituko dute.

9.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.

9.6. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:

a) Izangaiari kontratua hutsaltzea probaldian dagoen bitartean.

b) Lanpostua bertan behera uztea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, alegia, kontratatzen den langileak lanpostuan aritzeko gaitasunik ez izateagatik edo ez egokitzeagatik, baldin horrek badakar errendimendu eskasa izatea, lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazteko moduan.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

9.7. Lan-kontratuak.

Deialdiaren xedeko lanpostua betetzeko izangaiei aldi baterako kontratu bat eskainiko zaie, kasuan kasuko beharraren arabera iraunen duena, eta haren araubide juridikoa izanen da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritakoa.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2008101