188. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MARTZILLA

Vicente Fontán Musika Eskolaren estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena

Martzillako Udalak, 2020ko ekainaren 10ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketak egitea Martzillako Vicente Fontán Musika Eskolaren estatutuetan.

Iragarkia 2020ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26an, eta jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik aurkeztu gabe; hortaz, behin betiko onetsi da aldaketa, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat (Nafarroako Toki Administraziori buruzko Foru Legea). Hona hemen testua osorik:

MARTZILLAKO “VICENTE FONTÁN MUSIKA ESKOLAKO PATRONATUA” ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izaera, xedeak eta helburua

1. artikulua. Entitatearen izaera.

1. Martzillako Vicente Fontán Musika Eskola eratua dago izaera administratiboa duen erakunde autonomo gisa, lege-babes dituela Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 85. artikulua eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 196. artikulua.

Horrenbestez, izaera administratiboa duen erakunde autonomoa da, Martzillako Udalaren menpekoa, eta berezko nortasun juridikoa eta ondarea dauzka. Martzillako Udalak sortu du, estatutu hauetan zehazten diren egitekoak garatzeko.

2. Ulertzen da Udalak zerbitzu publikoa egiteko duen eskumenak eta erakunde autonomoaren eraketak ez dietela kalterik egiten Udalak sinatzen dituen lankidetza hitzarmenei; hain zuzen ere, Martzillako Musikako Eskolaren funtzionamenduan parte har dezaten, beste administrazio, pertsona edo entitateekin (izan publikoak ala pribatuak) sinatzen dituen horiei.

2. artikulua. Xedeak.

Entitatearen xedea da Martzillako Musika Eskola sustatzea, bultzatzea eta kudeatzea. Haren bidez, herriko musika heziketa bideratuko du, eta, horretarako, eskolak ongi funtzionatzeko ekintzak egin beharko ditu.

Erakunde autonomoa xede horren bila ariko da; irabazteko asmorik gabeko zerbitzu publiko gisa.

3. artikulua. Helburuak.

Xede hori lortzeko, bere ahalen heinean, entitateak, Plan pedagogikoaren garapenaren arabera, honako hauetara zuzenduko du bere lana:

1. Musikaren ezagutza eta zaletasuna sustatzea.

2. Musika hezkuntzaren eskaintza zabal eta askotarikoa garatzea.

3. Musika mota guztiak entzuteko interesa sustatu eta ikasleen zentzu kritikoa lantzea.

4. Musika tresnen irakaskuntza eskaintzea, ikasleek bakarka nahiz taldean jo dezaten.

5. Musika irakaskuntza osagarria eskaintzea musika tresnak jotzen ikastearekin batera.

6. Ahots taldeetan nahiz musika tresnetakoetan parte hartzeko interesa sustatzea ikasleengan.

7. Gaitasun berezia eta bokazioa duten ikasleak ikasketa profesionalera bideratzea eta irakaskuntza horretan hasteko bultzada eta prestakuntza egokia ematea hainbat mailatan.

8. Eskolan eta eskolatik kanpo programatzen diren kontzertuetara joan daitezen sustatzea, ahalik eta eskaintza zabalena eskainita.

9. Modu aktiboan parte hartzea herriko eta inguruko kultura jardueretan.

10. Sustatzea trukaketa eta lankidetza Martzillako eta beste herri batzuetako kultura eta hezkuntzako entitate batzuekin.

4. artikulua. Erakunde autonomoaren ahalmenak.

Erakunde autonomoak bere jarduketa azaldutako helburuetara egokitzeko, bere gobernu eta administrazioko organoen bidez, honako hauek egiten ahalko ditu, estatutu hauetan eta indarra duen ordenamendu juridikoan araututakoarekin bat:

a) Edonolako ondasunak erosi eta eduki, eta horiek besterendu eta kargatu.

b) Bere ondarea administratu, baita bestelako pertsona fisiko edo juridikoek lagatako ondasunak ere.

c) Tasak edo prezio publikoak hartu.

d) Jaraunspenak, legatuak eta dohaintzak onartu, dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskuratu edozein erakunde publiko nahiz pribatutatik, are pertsona fisikoengandik ere.

e) Edonolako kontratuak, hitzarmenak eta lankidetza itunak sinatu.

f) Zerbitzua egiteko behar diren langileak kontratatu.

g) Aurrekontuen proiektua eta urteko kontuak egin eta onetsi, ondoren tramitatzeko.

h) Ekintza judizial eta administratiboak erabili.

5. artikulua. Helbidea.

Patronatuaren helbidea Musika Eskolaren lokalean dago (Martzillako udaletxea, Cava plaza 1).

6. artikulua. Iraupena.

Vicente Fontán Musika Eskolako patronatua denbora mugagaberako eratu da, eta desegiten ahalko da eta iraungirik gelditu, estatutu hauetan ezartzen den moduan.

II. TITULUA

Gobernu eta administrazio organoak. Parte-hartzea

7. artikulua. Gobernu organoak.

1. Patronatuak honako gobernu organo hauek ditu:

a) Patronatuko burua, beharrezkoa bada, kalitatezko botoa izanen duena.

b) Zuzendaritza Batzordea.

c) Eskola Kontseilua.

2. Zuzendaritza Batzordearen menpe eta kontrolpean, komenigarri ikusten diren adina lan batzorde eratzen ahalko dira. Haien lana izanen da gaiak aztertzea eta Batzordeari txostenak eta erabakiak hartzeko proposamenak igortzea. Lan batzorde horietan parte hartzen ahalko dute bai Zuzendaritza Batzordeko kideek, bai horretarako egokiak juzgatzen diren pertsonek.

I. KAPITULUA

Patronatuko burua

8. artikulua. Patronatuko buruaren eginkizunak.

Patronatuko burua Martzillako Udaleko alkate udalburua izanen da, edo hark eskuordetzen duena; honako eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Entitatearen ordezkari izatea eta ahalordeak emateko eskumena edukitzea; bere eginkizunak Martzillako Udaleko udalbatzako kide den Zuzendaritza Batzordeko kideren baten esku utz ditzake.

b) Batzordearen bileretarako deia egitea eta gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru aritu eta zuzendaritza lanetan jardutea.

c) Erakundeak sortzen duen dokumentazioa sinatzea, Batzordearen erabakien betearazpena kontrolatzea eta ordainketak baimentzea, aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

d) Zerbitzuaren ikuskaritza eta zuzendaritza gorena eramatea.

e) Zerbitzua hartzeagatik partikularrek ordaindu beharreko tasa edo prezio publikoen likidazioak onestea.

f) Orokorrean, Udalean alkateari dagozkionak, eta legeek hari esleitzen dizkiotenak.

II. KAPITULUA

Zuzendaritza Batzordea

10. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen osaera eta izendapena.

1. Zuzendaritza Batzordea Patronatuaren gobernu organo gorena da. Batzorde honek haren gobernua eta kudeaketa gorena izanen ditu bere gain, eta kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua

b) Udaleko ordezkariak.

c) Zuzendaritza Batzordeko idazkaria, Batzordeak bere kideen artean izendatua, hitza eta botoa izanen dituena.

d) Musika Eskolako zuzendaria, hitza duena baina botorik ez.

2. Udaleko ordezkariak izanen dira alderdi politiko bakoitzak dituenak Kultura eta Hezkuntza Batzordean. Udalak osoko bilkuran izendatuko ditu eta haien agintaldia udal legegintzaldikoa izanen da. Hiru hilabeteko epean berrituko dira hauteskundeak egiten direnetik aurrera.

11. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.

Batzordeak, erakunde autonomoaren gobernu organo gorena den aldetik, haren helburuak betetzen direla zainduko du eta, horretarako, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Onestea Musika Eskolaren barne araubideko arauak eta haren gobernu, zuzendaritza eta administraziorako beharrezkoak diren irakaskuntza, zerbitzu eta diziplina arloko erregelamenduak, udalaren eskumenekoa den horretan izan ezik, kasu horretan eskolari baitagokio horiek prestatu eta Udalari helaraztea, hark tramitatu eta onets ditzan.

b) Musika Eskolaren barnean jarduerak koordinatzea eta Eskolaren funtzionamendu egokia kontrolatu eta begiratzea, administrazio, instalazio eta zerbitzuen arloan.

c) Eskolako langileak hautatzea eta kontratatzea, dagozkion irizpideak aurretik prestatuta eta jarduerari dagokion sailkapena eginez; hori guztia, udalaren plantilla organikoan jasotzen den moduan.

d) Bere xedeak betetzeko, gastu eta diru-sarreren urteroko aurrekontua eta langileen plantilla organikoa egitea eta Udalari igortzea, hark tramitatu eta onets ditzan.

e) Urtean egindako gastuak ikuskatzea, behar diren txosten, kontu eta balantzeak idazteko. Hura kontu-hartzailetzaren begiradapean eginen da eta Udalari igorriko zaio, onets dezan.

f) Erakunde publikoetan kudeatzea bilatzen den xederako laguntzak.

g) Mota guztietako ondasunak salerostea, kredituak ituntzea eta dohaintzak, legatuak eta jaraunspenak onartzea, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin eta aplikagarriak diren beste arau batzuekin.

h) Gastuak baimendu eta xedatzea, ekitaldi bakoitzeko aurrekontua betearazteko oinarrietan erabakitzen denaren arabera.

i) Ikasleak onartzeko irizpideak finkatzea.

j) Patronatuak jaso beharreko tasa eta prezio publikoak prestatzea, baita urteko diru-sarrerak banatzeko arauak ere; Udalari igorriko zaizkio, onets ditzan.

k) Musika Eskolako plan pedagogikoa onestea.

l) Urte bakoitzerako eskola egutegia onestea.

m) Irakasgai berriak eskaintzeko baimena aztertzea eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultur Departamentuari onets dezan eskatzea.

n) Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko oro jartzea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko edo, kasuaren arabera gaitasuna duten udal organoei proposatzea haiek jar ditzaten.

o) Laburbilduz, Patronatuaren xedeak betetzeari dagozkion eginkizun guztietan aritzea, baita barne araudian aurreikusten diren guztietan ere, eta estatutu hauen eta haiek garatzeko ematen diren erregelamenduen ondoriozko edozeinetan ere bai.

12. artikulua. Bilkuren araubidea.

1. Zuzendaritza Batzordeak aurrez finkatutako egunetan eginen ditu bilkura arruntak eta, gutxienez, hiruhilekoan behin.

2. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak bilkura bereziak egiten ahalko ditu, batzordeburuak horrela erabakitzen duenean berez nahiz batzordekideen heren batek hala eskatuta.

3. Bilkuretarako deia 48 ordu lehenago eginen da.

4. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, batzordekideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdian, zeina, egiten bada, lehen bilkurarako ezarritako ordua baino ordu erdi geroago eginen baita; aski izanen da bertaratzea batzordekideen heren bat, baldin burua eta idazkaria bertaratu badira.

5. Bilkurak ezin dira hasi ezta egin ere, bertan ez badira burua eta idazkaria, edo legez haien ordezko direnak.

6. Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengoaz hartzen badira. Batzordeburuak kalitatezko botoa izanen du berdinketarik izanez gero.

7. Buruak gai zerrendako puntu zehatzen batera gonbidatzen dituenak etortzen ahalko dira Batzordearen bilkuretara, hitza dutela baina botorik gabe, Patronatuaren zerbitzuko langileak izan ala ez.

8. Martzillako Udalaren osoko bilkurak zer arau dituen, horiexek zuzenduko dute bilkuren funtzionamendua.

13. artikulua. Bilkuren akta.

1. Zuzendaritza Batzordearen erabakiak aktan jasoko dira. Honako hauek paratuko dira: bilkuren tokia, eguna eta ordua, bertan diren batzordekideen izen-deiturak, eztabaidagai izan diren kontuak, emandako iritzien laburpena eta hartu diren erabakiak.

2. Batzordeburuaren eta idazkariaren sinadurek baimenduko dituzte aktak.

III. KAPITULUA

Eskola Kontseilua

14. artikulua. Eskola Kontseiluaren osaera eta izendapena

1. Eskola Kontseiluaren lana izanen da eskolako irakaskuntza jardueraren plangintza eta antolaketa. Kontseiluan honako kide hauek izanen dira:

a) Zuzendaritza Batzordeko burua.

b) Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.

c) Musika Eskolako zuzendaria.

d) Ikasleen gurasoen bi ordezkari.

e) Ikasleen bi ordezkari.

f) Irakasleen bi ordezkari.

2. Gurasoen ordezkari izanen dira bi pertsona, bozketaren unean matrikulaturik dauden ikasleen guraso edo legezko tutore direnak.

3. Bozketaren unean matrikulaturik dauden ikasleen artetik hautatuko dira ikasleen ordezkariak.

4. Gurasoen eta ikasleen ordezkariak hautatzeko, Patronatuko buruak, udal hauteskundeak izan ondoko ikasturtearen hasieran, hamabost egun naturaleko epea hasiko du hautagaiak aurkez daitezen. Epe hori bukatutakoan, aurkeztutako izangaien zerrenda argitaratuko da eta ordezkariak hautatzeko eguna finkatuko. Lau urtetarako aukeratuko dira ordezkariak, aukeratzen dituzten egunetik aitzina kontatzen hasita.

5. Bi irakasle izanen dira irakasleen ordezkariak. Klaustroak hautatuko ditu horretarako propio deitutako bilkuran, hara agertzen direnen gehiengo soilarekin eta bi urterako. Epea luzatzen ahal da.

6. Kontseiluko edozein kide noiznahi kendu ahalko dute kargutik, baldin eta hautaketarako erabilitako prozedura eta sistema berak erabiltzen badira. Uko egiteagatik, eritasunengatik, heriotzengatik, kanpoan egoteagatik eta abarrengatik gertatzen diren hutsuneen berri berehala emanen zaio izendapenaren ardura duen erakundeari, ordezkoak jar ditzan.

15. artikulua. Eskola Kontseiluaren eginkizunak.

14. artikuluan adierazitako eginkizun orokorraz gain, Eskola Kontseiluak honako beste hauek ditu:

a) Eskolaren funtzionamenduari eta barne araudiari buruzko arauaren proposamenaz adostasun txostena egitea eta hura Zuzendaritza Batzordeari igortzea.

b) Hezkuntza proiektuaz, ikastetxearen urteko planaz eta urteko memoriaz aldeko txostena egitea eta Zuzendaritza Batzordeari horren berrespena proposatzea.

c) Plan eta programa hauetako bakoitzaren betearazpenean ikastetxeak egiten duen jarduera orokorra gainbegiratzea.

d) Jarraibideak prestatzea jarduera osagarriak programatu eta garatzeko (hala nola kontzertuak, emanaldiak eta beste).

e) Jarraibideak finkatzea eskola lankidetzan aritu dadin hezkuntza eta kultur arloan beste ikastetxe, entitate eta erakundeekin.

f) Azpiegituren eta eskola materialen berriztapena sustatzea eta haien kontserbazioa zaintzea.

g) Eskola egutegia proposatzea, Zuzendaritza Batzordeak onets dezan.

h) Ikasleak onartzeko irizpideak iradokitzea eta horien gainean eztabaidatzea.

i) Ikasleen portaerek Eskolako bizikidetza larriki urratzen badute, gatazkak konpontzea eta zuzenbideak ezartzea, betiere xede pedagogikoak oinarri.

j) Matrikulazioaren prezio publikoak aztertzea, eta horien gaineko informazioa biltzea Zuzendaritza Batzordearen aldetik, onetsiak izan aitzin.

k) Irakasgai berrien eskaintza aztertzea eta horien gaineko txostena egitea.

l) Baliabideen kudeaketaren eraginkortasuna aztertu eta baloratzea, baita bizikidetza arauen aplikazioa ere.

m) Eskolako eskola errendimendua eta errendimendu orokorra aztertu eta baloratzea, eta ikastetxeak hobeki funtzionatzeko edozein hobekuntza proposatzea.

n) Bere eginkizunetan aritzeko komenigarri ikusten dituen batzorde guztiak sortzea.

16. artikulua. Eskola Kontseiluaren funtzionamenduaren araubidea.

Antolaketaz eta funtzionamenduaz Zuzendaritza Batzordeak propio onesten duen erregelamenduan arautuko dira Kontseiluaren bilkura araubidea eta haren funtzionamenduaren gainerako alderdiak.

IV. KAPITULUA

Batzordeko idazkaria

17. artikulua. Batzordeko idazkariaren eginkizunak.

Udalaren Musika Eskolako Patronatuko idazkariak behar bezala deitzen diren batzorde edo bilkuretan parte hartuko du eta horien akta eginen du, eta artxibo administratiboak berezko dituen espediente eta agiriak zainduko ditu.

III. TITULUA

Ondasunak, baliabide ekonomikoak, aurrekontuak eta kontuak

18. artikulua. Patronatuaren ondarea.

1. Vicente Fontán Musika Eskolako Patronatuaren ondarea honela osaturik dago:

a) Udalak esleitzen dizkion ondasunak eta eskubideak, jatorrizko kalifikazio juridikoa gordeko badute ere.

b) Beste ondasun eta eskubide batzuk, Patronatuak zuzenbidean balioa duen beste edozein tituluren bidez erosten dituenak.

2. Horretarako, erakunde autonomoak ondare hori osatzen duten ondasunen zerrenda eginen du bere inbentarioan.

19. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

1. Vicente Fontñan Musika Eskolako Patronatuaren baliabide ekonomikoak honako hauez osatuko dira:

a) Udalak urtero bere aurrekontuetan esleitzen dion diru ekarpena.

b) Bere ondarearen produktu, aprobetxamendu, fruitu eta errendimenduak.

c) Edozein entitate publiko nahiz pribaturen dirulaguntza eta laguntzak, eta partikularrenak.

d) Ikasleengandik heldu diren diru-sarrerak (matrikularen kuota eta tasa edo prezio publikoak).

e) Bere jarduera berariazkoek (hala nola kontzertuak edo zerbitzuak egitea) ekartzen dituzten diru-sarrerak.

20. artikulua. Patronatuaren aurrekontua.

Patronatuko buruak eginen du aurrekontu proiektua, Eskolako zuzendaritzaren laguntzarekin, eta Zuzendaritza Batzordeak bozkatuko du. Batzordeak onetsi ondoren, Martzillako Udalari igorriko zaio onets dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatuari jarraikiz.

Aurrekontuarekin batera, eta ondorio bererako, erakunde autonomoaren plantilla organikoa tramitatuko da.

21. artikulua. Patronatuaren kontuak.

Vicente Fontán Musika Eskolako Patronatuaren kontuak Martzillako Udalaren kontuei gehituko zaizkie, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin eta Toki Ogasunei buruzko Foru Legearekin.

22. artikulua. Kontratazioa.

1. Kontratu publikoei buruzko foru legeetan ezartzen dena izanen da Vicente Fontán Musika Eskolako araubidea.

2. Kontratatzeko eskumena organo hauei dagokie:

a) Buruari:

–Urteko kontratazioak, haien zenbatekoak gainditzen ez badu aurrekontuko diru-sarrera arrunten %10.

–Urte anitzetarako kontratazioak, baldin eta gastua aplikatzen den ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada, eta urte guztietako zenbatekoak, baturik, arestian aipatu portzentajea gainditzen ez badu.

b) Zuzendaritza Batzordeari, gainerako kasuetan.

IV. TITULUA

Langileak

23. artikulua. Patronatuko langileak.

1. Patronatuak bere xedeak betetzeko behar adina langile izanen ditu, eta haien kopuru, kategoria eta eginkizunak Batzordeak onesten duen plantillan zehaztuko dira. Plantilla hori, dagokion lan eskaintzarekin batean, urtero prestatuko da aurrekontuekin batean, eta Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.

2. Patronatuko langileen araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru araudian ezarria dago. Langileen ordainsarien baldintzak zehaztu eta aldatzeko, bete beharko dira Martzillako Udalak osoko bilkuran hartarako onesten dituen arauak, bat etorriz Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriari buruzko araudiarekin.

24. artikulua. Langileen burutza.

Patronatuko lehendakariak langileen burutzaren arloko ahalmenak ditu.

25. artikulua. Zuzendaria.

Zuzendariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastetxearen ordezkari ofiziala izatea.

b) Legeak eta indarra duten gainerako xedapenak betetzea.

c) Ikastetxearen funtzionamendu egokia eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuen koordinazioa begiratzea, deusetan ukatu gabe klaustroari egozten zaizkion eskumenak.

d) Ikastetxeko hezkuntza proiektua, barne araubidearen erregelamendua eta urteko programazio orokorra prestatu eta eguneratzea, kontuan harturik klaustroak egiten dituen proposamenak.

e) Eskolako jardueren urteko programazioari dagokionez ikasle eta irakasleek egiten dituzten jarduera akademikoak koordinatzea eta egin egiten direla zaintzea.

f) Ikastetxeko giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea, haren antolaketa eta funtzionamendu egokiaren bitartez.

g) Ikastetxeari atxikitako langile guztien zuzendaritza eramatea.

h) Gainbegiratzea eta koordinatzea ordutegi akademikoak prestatzen direla gainerako kide bakarreko organoekin elkarlanean, eta horiek hertsiki betetzen direla zaintzea.

i) Musika Eskolaren ekitaldi akademikoak antolatzea, deialdia egitea eta haietan buru izatea.

j) Ikastetxearen ziurtagiriak eta agiri ofizialak ikus-onestea.

k) Kide anitzeko organoek bakoitzak bere eskumenen esparruan hartzen dituzten erabakiak betearaztea.

l) Eskola komunitateko sektore guztien partaidetza koordinatzea eta, hartara, bakoitzaren eskumenak ahalik eta modurik eraginkorrenean betearazteko behar diren baliabideak jartzen ahalegintzea.

m) Sustatzea eta bultzatzea harremanak Eskolaren eta beste ikastetxe batzuen artean.

n) Hezkuntzako agintari eskudunek eskatzen dizkioten argibideak ematea.

o) Eskola komunitateko sektore guztiei eta beraiek ordezkatzen dituzten erakundeei ikastetxeko bizitzaren berri ematen zaiela bermatzea.

p) Irakasleen, administrazioko eta zerbitzuetako langileen, ikasleen eta ikasleen gurasoen biltzeko eskubidea erraztea, Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoan xedatuari jarraikiz.

q) Irakasleen klaustroak ikasleen ebaluazio lanen gainean finkatzen dituen irizpideak betetzen direla zaintzea.

r) Material didaktikoa zaintzea eta haren erabilera gainbegiratzea, baita Eskolako liburuei eta artxiboei dagokienez ere.

s) Ikasleen bizi akademikoari dagozkion agiriak eta ziurtagiriak egitea eta, oro har, agintariek eta interesdunek edo haien ordezkariek eskatzen dituzten ziurtagiriak egitea.

t) Ikastetxeko urteko memoria prestatzea, bai eta estatistikei eta ikasleen ikasketei buruzkoa ere.

u) Tasa akademikoen eta administratiboen kudeaketan laguntzea, bai eta indarra duen legedian jasotako eskubide ororen kudeaketan ere.

v) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan esleitzen zaiona.

V. TITULUA

Udalaren ahalmenak, esku hartzeko

26. artikulua. Udalaren esku hartzea.

Toki araubideko araudian xedatutakoa betez eta estatutu hauetan ezartzen den moduan, Martzillako Udalak, Vicente Fontán Musika Eskolako Patronatuari dagokionez, bere egiten ditu honako eskudantzia hauek:

a) Aurrekontua behin betikoz onestea.

b) Urteko kontuak behin betikoz onestea.

c) Plantilla organikoa eta lan eskaintza publikoa behin betikoz onestea.

d) Erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio publikoak edota tasak onestea.

e) Ondasun higiezinak erosi, besterendu edo kargatzeko aldez aurreko baimena ematea.

f) Aldez aurreko baimena ematea, kredituak eta maileguak hartzeko.

g) Pertsona fisiko edo juridikoekiko hitzarmenak onestea, kasuan kasuko udalbatzaren agintaldia baino denbora luzeagoan izan behar badute indarra.

h) Estatutuen aldaketa.

27. artikulua. Estatutuen aldaketa.

Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eginen du estatutu hauen aldaketa. Horiek prestatzeko zer bide erabili zen, horrexeri segituko zaio.

28. artikulua. Patronatuaren desegitea.

1. Martzillako Udalak edozein unetan desegiten ahalko du Vicente Fontán Musika Eskolako Patronatua, autoantolamendu ahalmenean oinarrituriko arrazoiengatik, arrazoi ekonomikoengatik, Eskolak behar bezala ez funtzionatzeagatik, ikasle aski ez egoteagatik edo Udalaren osoko bilkurak egokitzat duen beste arrazoiren batengatik.

2. Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta erabaki dezake desegitea, betiere udalbatza osatzen dutenen legezko kopuruaren gehiengo osoa alde badago.

3. Entitatea deseginda, hari atxikitako ondasunek beren lotespena galduko dute, eta Martzillako Udalak eskuragarritasun osoa izanen du haien gain. Era berean, entitatearenak baizik ez diren ondasunak Martzillako Udalaren udal ondareari gehituko zaizkio.

VI. TITULUA

Araubide juridikoa

29. artikulua. Patronatuaren araubide juridikoa.

1. Buruak eta Zuzendaritza Batzordeak beren eginkizunak betetzeagatik edo eskuordetza bidez hartzen dituzten erabakiek eta egintzek bide administratiboa agortzen dute, eta haien aurka jarri ahalko dira Nafarroako toki entitateen egintzen aurka une oro bidezkoak diren errekurtsoak.

30. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Estatutu hauetan jasotzen ez den orotan, jarraikiko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako lege xedapenei.

Xedapen gehigarria.–Garatzeko arautegia.

Estatutu hauek indarra hartzen dutenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, buruak, zuzendariak lagundurik, Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu beharko dizkio arautzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak, hark onets ditzan; besteak beste, alderdi hauek:

a) Ematen diren irakaskuntzak eta haien tratamendua (plan pedagogikoa).

b) Musika Eskolako langileak (eskubideak eta betebeharrak).

c) Ikasleak (eskubideak eta betebeharrak).

d) Barne araubidearen erregelamendua.

e) Gobernu organoak eta haien eginkizunak.

f) Patronatuaren antolaketa osagarria (batzorde osagarriak).

g) Irakasleen klaustroa (osaera eta eginkizunak).

h) Eskolako araubide ekonomikoa eta administraziokoa.

Xedapen iragankorra.–Zuzendaritza Batzorde berriaren hautapena

Gehienez ere hiru hilabetean hautatuko da Zuzendaritza Batzorde berria, estatutu hauek indarra hartzen dutenetik hasita. Horren bitartean, egungo Zuzendaritza Batzordeak jardunean segituko du, nahiz eta estatutu hauek aplikatuko diren.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratuko dira aurreko estatutuak eta Musika Eskolako edozein arau, estatutu hauen aurkakoa den orotan.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunean hartuko dute indarra.

Argitara ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Martzillan, 2020ko uztailaren 28an.–Alkate udalburua, Mario Fabo Calero.

Iragarkiaren kodea: L2008296