188. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2020ko ekainaren 1eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Cascanteko Udalaren Dirulaguntzen ordenantza orokorra.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Hona hemen haren testua:

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza hau ematen da baliatuta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 artikuluan erregelamenduak egiteko esleitutako ahal administratiboa (apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena).

Administrazio publikoetako dirulaguntzen tratamendua arautzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onetsi zen. Lege hori, berriz, garatu zen Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra (DLO) –zeinaren Zioen Azalpenak ezartzen baitu Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legearen printzipio gidariak aurrekontuaren osagaietara eraman behar direla–, arautzen da Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legean oinarritutako gardentasun-printzipioa aplikatuta. Era berean, gastu publikoaren kudeaketan efizientzia eta eraginkortasun printzipioek agintzen dute dirulaguntzak izapidetzean.

Horrela, ordenantza honek Udal honen dirulaguntza-jarduera arautuko du, eta, horren barrenean dago, aipatutako printzipioetara eta zehapen araubidera egokitu beharra.

Horrek guztiak justifikatzen du araua egokitzen dela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan ezarritako erregulazio onaren printzipioetara eta, beraz, betetzen dela administrazio publikoek premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera jarduteko duten betebeharra.

1. artikulua. Dirulaguntzaren objektua.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza honen bidez ezartzen dira Udal honek dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak, bat etorriz lege horretan jasotako berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren, publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, eraginkortasunaren eta efizientziaren printzipioekin.

2. artikulua. Dirulaguntzaren xedeko alorrak.

Udalak, ordenantza honetan aurreikusitako prozeduren bidez, dirulaguntzak eman ditzake honako alor hauetan:

a) Kulturaren sustapena: antzerkia, irudia, arte plastikoak, herri kultura, topaldiak eta bestelako jarduerak.

b) Astialdian aritzeko jardueren sustapena.

c) Kirolaren sustapena: lehiaketa ofizialetan parte hartzearen ondoriozko gastuak, bereziki babesturik haurren eta gazteen kirola; kirol emanaldi bereziek ere jaso dezakete dirulaguntza.

d) Hezkuntza: diruz lagundu daitezke ikastaroak, mintegiak eta prestakuntzarekin ikusteko duten beste jarduera batzuk.

e) Gazteria: elkartegintza sustatzea eta ezartzea, eta prestakuntza eta aisialdi jarduerak sustatzea.

f) Adinekoak: elkartegintza sustatzea eta ezartzea esparru horretan, eta prestakuntza eta aisialdi jarduerak sustatzea.

g) Turismoa: herriko turismo jarduerak sustatzea.

h) Osasuna: osasungarritasun publikoa babesteko jarduerak.

i) Merkataritza eta kontsumoa: azokak, merkatuak eta merkataritza, oro har, eta, bereziki, tokiko merkataritza sustatzeko jarduerak antolatzea.

j) Ingurumena eta hiri-mugikortasuna: ingurumenarekin sentsibilizatzeko ikastaroak eta jarduerak sustatzea, bai eta kutsadura akustikoa, argi-kutsadura eta kutsadura atmosferikoa murriztea dakarten jarduerak, baita hiri-mugikortasun jasangarria sustatzea ere.

k) Herritarren parte-hartzea: herritarren entitateei eta auzo elkarteei dirulaguntzak emateko.

l) Babes zibila.

m) Premia sozialeko egoeran edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak babestea.

l) Ondare historikoa eta kulturala babestea.

m) Babes publikoko etxebizitzak eta eraikinak birgaitzea sustatzea.

n) Herritarrek informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera eraginkor eta jasangarrian parte har dezaten sustatzea.

o) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta genero-indarkeriaren aurkako jarduerak sustatzea.

p) Beste edozein alor, jarduera edo zerbitzu, baldin eta toki-eskumenari esleitutakoak osatzen edo ordezten baditu eta herriarentzat interes berezikoak badira.

Inola ere ez dira diruz lagunduko probintzia edo eskualde mailako planen deialdia jaso duten programak, jarduerak edo materiala erostea, baldin eta hurrengo oinarrian aipatzen diren eskatzaileei irekita badaude, salbu eta, dagokion eskaera garaiz eta behar bezala eginda, horietan sartzea ukatu bazaie.

3. artikulua. Onuradunak.

a) Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran dagoena.

b) Onuraduna pertsona juridikoa denean, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta haren kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

c) Onuradun izan daitezke pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak gauzatu baditzakete edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira.

d) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira.

e) Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jasotzeko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusten diren egoera dutenak.

f) Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak, salbu eta, dirulaguntzaren izaera dela eta, araudi erregulatzaileak salbuesten badu.

g) Halaber, ezin dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzen onuradun izan (horiek ezarrita daude Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. zenbakietan), ezta ere, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteak, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4. artikulua. Entitate laguntzaileak.

Honakoak joko dira entitate laguntzailetzat: dirulaguntzari dagokion guztian organo emailearen izenean eta haren kontura ari direlarik, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak, edo, aurretiaz funtsak eman eta banatu gabe, dirulaguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak. Funts horiek ez dira entitatearen ondareko zati izanen. Halaber, Europako Batasuneko araudiari jarraituz onuradun izendatutakoak entitate laguntzailetzat joko dira baldin eta aitzinean aipatutako eginkizunak soil-soilik bete behar badituzte.

5. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

Dirulaguntzak zuzenean eman daitezke norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz.

Dirulaguntzak ematea ohiko norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz tramitatuko da. Deialdi publikoaren bidez (1). Norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, kreditu erabilgarrien muga gainditu gabe.

Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen oinarri arautzaileek salbuetsi dezakete ezarritako baldintzak betetzen dituzten aurkeztutako eskabideen lehentasun-hurrenkera ezartzeko betekizuna, baldin deialdian esleitutako kreditua nahikoa bada, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren dagoen eskaera-kopuruari begiratuta.

6. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea.

Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Erakundearen Aurrekontu Orokorretan modu izendunean aurreikusitakoak, hitzarmenetan eta ordenantza honetan jasotako baldintzetan.

[Toki-erakundearen Aurrekontu Orokorrean izendun gisa aurreikusitako dirulaguntzatzat hartuko dira helburua, aurrekontu-zuzkidura eta onuraduna berariaz zehaztuta dituztenak aurrekontuko gastuen egoera-orrian].

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, dirulaguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota horretako dirulaguntzak; horiek hitzarmen bidez gauzatuko dira, eta hartan ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa zehaztuko dira.

Hitzarmenik behar ez duten dirulaguntzak aurrekontua indarrean jarri eta hamabost egun balioduneko epean ordainduko dira. Dirulaguntzaren justifikazioa, epea gauzatzeko oinarrietan zehaztutako moduan eta epean eginen da, eta, halakorik ezean, ordenantza honen 10. artikuluan ezarritako moduan.

b) Lege-mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da izanen deialdian ezarritako kopurutik gorakoa.

Udal aurrekontuan dirulaguntza horiek emateko erabiliko den urteko diru-izendapena jasoko da.

Ebazpenean, akordioan edo hitzarmenean ezarriko dira dirulaguntza horiei aplikatu beharreko era guztietako baldintzak, eta alderdi hauek jaso beharko dituzte:

–Dirulaguntzaren xedea eta haien onuradunak zehaztea, aurrekontuko diru-izendapenaren arabera.

–Dirulaguntzaren gastua, eta zenbatekoa egozten zaion aurrekontu-kreditua, eta, behar izanez gero, onuradun bakoitzarentzat banakaturik, bat baino gehiago badira.

–Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

–Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, baita, behar bada, onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea ere.

–Epea eta modua, justifikatzeko onuradunak dirulaguntzaren xedea bete duela eta jasotako funtsak aplikatu dituela.

–Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

–Dirulaguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.

7. artikulua. Dirulaguntzak ematea norgehiagokako araubidean.

A) Ofizioz hastea: prozedura ofizioz hasiko da, gutxienez honako eduki hau izanen duen deialdi baten bidez:

–Hala badagokio, oinarri arautzaileak ezartzen dituen xedapena eta zein aldizkari ofizialetan argitaratzen den adieraztea, salbu eta, haien berariazkotasuna kontuan hartuta, oinarri horiek deialdian bertan sartzen badira.

–Dirulaguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, dirulaguntzek guztira zenbat jotzen duten, edo, bestela, dirulaguntzen zenbatespena.

–Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

–Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen direla adieraziko da.

–Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta haien frogabideak.

–Prozedura instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak zeintzuk diren azaltzea.

[Dagokion arloko ordezkariak bideratuko du prozedura; Alkatetzak ebatziko du, eta, hala badagokio, tokiko gobernu batzarrari eskuordetu diezaioke eskumen hori].

–Eskaerak aurkezteko epea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.3 artikuluko aurreikuspenak aplikatuta.

–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

–Eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta argibideak.

–[Behar bada] Eskabideak birformulatzeko aukera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 27. artikuluan xedatutakoaren arabera.

–Ebazpenak administrazio bidea bukatzen duen edo ez adieraztea, eta, bestela, zer organori jarri behar zaion errekurtsoa.

–Eskaerak baloratzeko irizpidea.

[Irizpide bat baino gehiago kontuan hartzen denean, horietako bakoitzari emandako haztapen erlatiboa zehaztu beharko da. Balorazio prozedura zenbait fasetan antolatzen bada, adieraziko da, halaber, zein fasetan aplikatuko diren irizpideak, bai eta eskatzaileari balorazio prozesuan jarraitzeko eskatzen zaion gutxieneko puntuazio-atalasea ere.

Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik ezin bada zehaztu hautatutako irizpide bakoitzari dagokion haztapena, ulertuko da irizpide guztiek eskabideen balorazioa egiteko pisu erlatibo bera dutela].

Jakinarazteko edo argitaratzeko bitartekoa, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42., 43., 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoarekin.

B) Eskaeren aurkezpena:

Eskaera alkate udalburuari zuzenduko zaio eta Udalaren sarrera erregistroan aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetako edozeinetan.

Eskaerari deialdian ezarritako dokumentazioa erantsiko zaio.

Eskatutako agiriak Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak, bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren.

Eskabideak modu telematikoan aurkez daitezke, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin.

Onar daiteke zenbait agiri aurkeztu ordez eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea. Halako kasuan, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, aitorpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkezteko galdatu beharko da, 15 egun baino gehiago joko ez duen epean aurkeztu ere.

Ez badira betetzen deialdian ezarritako betekizun guztiak, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela iritziko dela. Aitzinetik ebazpena emanen da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedaturik daudenekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

C) Prozeduraren tramiteak egitea:

Instrukzio-organoa deialdian izendatuko da (2).

Instrukzio-jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne:

–Ebazteko beharrezkotzat jotzen diren edo dirulaguntza arautzen duten arauek eskatzen dituzten txosten guztiak eskatzea.

–Eskaeren edo eskarien ebaluazioa, kasuan kasuko dirulaguntzari buruzko arauan edo, hala behar badu, deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Azken horrek aurre-ebaluazioko fase bat aurreikus dezake. Fase horretan, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da.

Eskabideak ebaluatu ondoren, espedientea bidaliko zaio oinarri arautzaileak ezarri dituen kide anitzeko organoari, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 22.1 artikulua betez, eta hark eskaerei buruzko txostena eginen du.

Kasu horretan, eta administrazio publikoen autoantolaketarako gaitasunetik erator daitezkeen berezitasunak alde batera utzi gabe, emakida-proposamena kide anitzeko organo batek eginen dio organo emaileari, instrukzio-organoren bitartez. Kasuan kasuko oinarri arautzaileek ezarriko dute organoaren osaera (3). Entzunaldiaren izapidea alde batera utz daiteke, prozeduran interesdunek azaldutako egitateak, alegazioak eta frogak bakarrik agertzen direnean eta besterik agertzen eta kontuan hartzen ez denean. Halakoetan, aurkeztutako ebazpen proposamena behin betikoa izanen da.

Espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusita, instrukzio-organoak behin-behineko ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoituta, eta interesdunei jakinarazi beharko zaie deialdian ezarritako moduan, alegazioak aurkezteko hamar eguneko epearekin.

Behin-behineko eta behin betiko ebazpen proposamenak ez du eskubiderik sortzen proposaturiko onuradunaren alde Administrazioaren aurrean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Behin betiko ebazpen proposamenak ondoko hauek izan behar ditu:

–Dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Ebaluazioaren eta hura egiteko erabili diren irizpideen zehaztapena.

Behin betiko ebazpen proposamena instrukzio-fasean onuradun gisa proposatu diren interesdunei jakinaraz dakieke, 10 eguneko epean haren onarpenaren berri eman dezaten.

D) Ebazpena: ezin izanen da ebazpenik eman harik eta espedienteko aurrekontuan behar besteko kontsignazioa dagoela egiaztatu arte.

Behin betiko ebazpen proposamena onetsi ondoren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan eta, hala badagokio, kasuan kasuko arauan edo deialdian aurreikusitakoaren arabera, organo eskudunak arrazoituta ebatziko du prozedura, eta, nolanahi ere, emandako ebazpenaren oinarriak eta onuradunek hartutako konpromisoak egiaztatu beharko dira (4).

Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez. Gehieneko epe hori ebazpena jakinarazi gabe amaitzen bada, interesdunek zilegi izanen dute ezetsitzat jotzea dirulaguntza emateko eskaera, administrazio isiltasunaren bidez.

Prozedurari buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoarekin. Jakinarazpen edo argitalpen hori egiteko, aipatu legearen 42., 43., 44. eta 45. artikuluetan jasotako xedapenak bete beharko dira.

Gehieneko epea ebazpena jakinarazi gabe amaitzen bada, interesdunek zilegi izanen dute ezetsitzat jotzea emateko eskaera, administrazio isiltasunaren bidez.

[Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoak, 63.3 artikuluan ezartzen duen bezala, oinarrietan eskabide guztien zerrenda ordenatua jaso daiteke, onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak betetzen badituzte eta ez badira onartu, deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditu delako. Adierazi beharko da bakoitzari eman zaion puntuazioa, aurreikusitako balorazio irizpideen arabera.

Onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, deialdi berri bat egin behar izan gabe, puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada eskaera bat bederen aintzat hartzeko. Aukera hori interesdunei jakinaraziko zaie, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena onar dezaten. Proposamena onartu ondoren, administrazio organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritako moduan.]

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

a) Dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

c) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egin ditzaketenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketei buruz eska diezaioketen informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituela frogatzea; nolanahi ere, baimena eman dakioke Udalari datu horiek lor ditzan.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Behar bezalako publizitatea eginen diote diruz laguntzen diren edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

i) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

9. artikulua. Zenbatekoa.

Udalak dirulaguntzak ematea bateragarria (5) izanen da beste edozein dirulaguntza edo laguntza motarekin.

Halere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik.

10. artikulua. Justifikazioa (6) eta kobrantza.

Dirulaguntza jasotzeko Udalari aurkeztu behar zaio dokumentazio hau:

–Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

Egindako jardueraren memoria, gutxienez honako datu hauekin: arduradunaren identifikazioa, parte-hartzaileen kopurua, egindako jarduerak, parte hartzen duen herritik kanpoko jarduerak, balorazio orokorraren emaitza eta etorkizunerako lan proposamena.

–Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak edo kopia konpultsatuak.

–Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak.

–Dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko aitorpena.

–Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

Frogagiriak (7) aurkezteko epea (8) hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

[Dirulaguntza ematen duen organoak justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luza dezake, oinarri arautzaileetan kontrakorik xedatu ezean. Luzapen hori ez da izanen justifikazioa aurkezteko epearen erdia baino handiagoa, eta ez da hirugarrenen eskubideen kalterako izanen].

11. artikulua. Itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da (9) eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, kasu hauetan:

a) Dirulaguntza lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uztea, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea ez hartzea.

c) 38/2003 Legearen 30. artikuluan edo dirulaguntzari buruzko arauetan ezarritako justifikazioa ez egitea, edo behar adinako justifikazioa ez egitea.

d) Aipatu 38/2003 Legearen 18. artikuluko 4. apartatuan adierazitako zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

e) 38/2003 Legearen Legearen 14. eta 15. artikuluetan ezarritako egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko, Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

f) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta konpromiso horiek ikusteko badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

g) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

h) Europar Batasunaren Itunaren 87. artikulutik 89. artikulura bitarte ezarritakoaren arabera, dirulaguntza itzuli beharra erabakitzea.

i) Dirulaguntzari buruzko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

12. artikulua. Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak.

Berariazko ordenantzek konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egitea aurreikus dezakete, eta kasu horietan onuradunek aurkeztu beharko dituzten bermeak ezarriko dituzte.

13. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira, egitez edo ez-egitez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean arau-hauste gisa tipifikatutako kasuetan erortzen direnak, eta bereziki:

–Dirulaguntzen onuradunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluaren 2. apartatuan eta 3. apartatuaren bigarren paragrafoan aipatu diren pertsonak nahiz entitateetako kideak, dirulaguntza zein jarduerak hartu duten, horiexek gauzatzeko hartutako konpromisoaz den bezainbatean.

–Entitate laguntzaileek.

–Egintzarako gaitasunik ez duten onuradunen legezko ordezkaria.

–Dirulaguntzaren xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten pertsonak edo entitateak, baldin eta laguntzeko betebeharra badute, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan xedatutakoa betez eskatutako adina agiri eman behar badute, nahitaez.

14. artikulua. Erantzukizunetik salbuestea.

Lege horretan tipifikatutako egite edo ez-egiteek ez dute erantzukizunik sortuko dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboagatik, honako kasu hauetan:

–Jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

–Ezinbestekoetan.

–Erabakia anitzen artean hartua denean, botoa gorde zutenentzat edo erabakia hartu zeneko bileran egon ez zirenentzat.

15. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat (10) hartzen da ordenantza honetan eta dirulaguntzen oinarri arautzaileetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako betebeharrak ez betetzea, arau-hauste horiek astunak edo oso astunak ez direnean, eta zehapena graduatzeko eragile ez direnean. Bereziki, honako jokabide hauek izanen dira arau-hauste arinak:

a) Hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatzeko kontuak epez kanpo aurkeztea.

b) Aurkeztutako justifikazio kontuak zehaztugabeak edo osatugabeak izatea.

c) Artikulu honetako gainerako paragrafoetan berariaz aurreikusi ez baina dirulaguntza jasotzearen ondorioz onuradunek beren gain hartu dituzten betebehar formalak ez betetzea, erregelamenduz ezarritako moduan.

d) Kontabilitateko edo Erregistroko betebeharrak ez betetzea, eta zehazki, ondokoak:

–Eragiketa bat edo gehiago doitu edo egin gabe uztea, legeek galdatutako kontabilitate eta erregistroetan.

–Ondokoak eraman edo gordetzeko betebeharra ez betetzea: kontabilitatea, legeek ezarritako erregistroak, horien euskarri gisa erabili beharreko informatika programak eta artxiboak, eta erabilitako kodifikazio sistemak.

–Jarduera eta ekitaldi ekonomiko berari buruzko kontabilitate desberdinak eramatea, horrek entitatearen benetako egoera jakitea galarazten duenean.

–Kontuak, kasuan-kasuan nolakoak diren, haien esanahiez besteko batez erabiltzea, baldin horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

e) Egiaztagiriak edo horien agiri baliokideak gordetzeko betebeharra ez betetzea.

f) Entitate laguntzaileek 38/2003 Legean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

g) Finantzen kontrol jarduketak saihestu edo ukatzea, edo haiei trabak eta eragozpenak jartzea.

Inguruabar horiek daudela ulertuko da baldin dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzuleak, hari horretarako jakinarazpena behar bezala eginda, egin baditu udal funtzionarioen jarduketak luzatzera, oztopatzera edo galaraztera bideratutako jarduketak, finantza-kontroleko eginkizunak betetzean.

Besteak beste, honako jokabide hauek dira erresistentzia, oztopoa, aitzakia edo ezezkoa:

–Dokumentuak, txostenak, aurrekariak, liburuak, erregistroak, fitxategiak, frogagiriak, kontabilitate-idazpenak, programa eta artxibo informatikoak, sistema eragileak eta kontrol-sistemak eta egiaztatu beharreko beste edozein datu ez aurkeztea edo ez ematea.

–Errekerimenduren bati ez erantzutea.

–Arrazoi justifikaturik izan ezean, adierazitako lekuan eta denboran ez agertzea.

–Bidegabeki ukatzea edo eragoztea sartzea edo bertan egotea onuradunak edo erakunde laguntzaileak jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren errealitatea eta erregulartasuna behar bezala justifikatzeko zantzuak dauden negozio-lokaletan eta gainerako establezimendu edo lekuetan.

–Finantza-kontrola egiten duten kontrolatzaileak derrigortzea.

h) Laguntza emateko betebeharra duten pertsonek edo entitateek betebehar hori ez betetzea, horrek berekin badakar ezin dela egiaztatu onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa.

i) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste arintzat jotako gainerako portaerak.

16. artikulua. Arau-hauste astunak.

Portaera hauek arau-hauste astunak dira.

a) Ordenantza honek adierazitakorekin bat, organo emaileari edo entitate laguntzaileari xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu direla komunikatzeko betebeharra ez betetzea, hain zuzen ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluaren 1. apartatuaren d) paragrafoan aipatutakoa.

b) Ezarritako baldintzak ez betetzea, dirulaguntza zertarako eman den, helburu horrexen funtsa arras aldatuta.

c) Funts publikoak zertan erabili diren ez justifikatzea, behin hori egiteko ezarritako epea iragan eta gero.

d) Entitate laguntzailearen izaera eskuratzea, baina, horretarako, faltsutzea izaera hori edukitzeko dirulaguntzaren oinarrietan eskatutako betekizunak, edo, horretarako, ezkutatzea izaera hori edukitzea eragotziko zuten baldintzak.

e) Entitate laguntzaileek dirulaguntzak biltzeko erabakigarriak diren baldintzak edo betekizunak benetan bete direla egiaztatzeko duen betebeharra ez betetzea, horrek dirulaguntza itzultzeko betebeharra sortzen duenean.

f) Administrazioek, organismoek eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari informazioa emateko betebeharra duten gainerako entitateek informazioa ez ematea.

g) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste astuntzat jotako gainerako portaerak.

17. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Portaera hauek arau-hauste oso astunak dira:

a) Dirulaguntza lortzea hura eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko zuten datuak ezkutatuz.

b) Dirulaguntza zertarako eman zen, bestelako helburuetarako erabiltzea jasotako kopuruak, osorik edo hein batean.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kontrol-jarduketei aurre egitea, haietarako trabak jartzea, haiek eragoztea edo haiei uko egitea.

d) Entitate laguntzaileek onuradunei ez ematea lorturiko funtsak, hala ezarri denean, dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan adierazitako irizpideen arabera.

e) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste oso astuntzat jotako gainerako portaerak.

18. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinen zehapenak:

a) Arau-hauste arin bakoitzak 75etik 900 euro bitarteko zehapena izanen du, hurrengo apartatuan xedatutakoaren kasuan izan ezik.

b) Ondoko arau-hausteak, kasuan-kasuan, 150etik 6.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira:

–Eragiketa bat edo gehiago doitu edo egin gabe uztea, legeek galdatutako kontabilitate eta erregistroetan.

–Kontabilitatea eta legeek ezarritako erregistroak eramateko betebeharra ez betetzea.

–Jarduera bat eta berari buruzko kontabilitate ezberdinak eramatea, eta horrek entitatearen benetako egoera jakitea eragoztea.

–Kontuak, kasuan-kasuan nolakoak diren, haien esanahiez besteko batez erabiltzea, baldin horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

–Kontrol-organoek eskatutako frogak eta agiriak ez aurkeztea edo horiek ez erakustea.

–Entitate laguntzaileek ez betetzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. artikuluan ezarritako betebeharrak.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluak aipatzen dituen laguntzeko betebeharrari eta dokumentazioa ematekoari loturik dauden pertsonek edo entitateek betebehar horiek ez betetzea, horrek berekin badakar onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa egiaztatzeko ezintasuna.

Arau-hauste astunen zehapenak:

Arau-hauste astunak behar ez bezala eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den kopuruak, edo entitate laguntzaileen kasuan, behar ez bezala aplikatu edo justifikatu diren funtsek zenbat egiten duen, halako bi bitarte egiten ahal duen diruzko isunarekin zehatuko dira.

Arau-hauste astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa erakunde laguntzaileek emandako dirulaguntzaren edo jasotako zenbatekoen ehuneko 50 baino handiagoa denean, eta 30.000 eurotik gorakoa denean, eta aldi berean gertatzen denean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 60. artikuluaren 1. apartatuaren b) eta c) letretan aurreikusitako inguruabarretako bat, arau-hausleei honako zehapen hauek ezar dakizkieke:

a) Administrazioarengandik edo bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, hiru urteko epean gehienez.

b) Hiru urte arteko epean Administrazioarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere hiru urteko epean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.3 paragrafoan jasotako administrazioek, organismoek edo erakundeek informazioa emateko betebeharra betetzen ez badute, 3.000 euroko isuna jarriko zaie, ohartarazpena egin ondoren. Isuna hilero errepika daiteke, betebeharra bete arte. [Ez-betetzea Estatuko Administrazio Orokorreko organo batean gertatzen bada, aplikatuko da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean arau-hauste astunetarako aurreikusitako zehapen-araubidea, eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko organo eskudunari dagokio zehapen-prozeduraren instrukzioa egitea].

Arau-hauste oso astunen zehapenak:

Arau-hauste oso astunak behar ez bezala eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den kopuruak, edo entitate laguntzaileen kasuan, behar ez bezala aplikatu edo justifikatu diren funtsek zenbat egiten duten, halako bitik hirura bitarte egiten ahal duen diruzko isunarekin zehatuko dira.

Hala ere, ez dira zehatuko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 58. artikuluaren b) eta d) letretan jasotako arau-hausteak, baldin eta arau-hausleek zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak aldez aurretik errekerimendurik egin gabe itzuli badituzte.

Arau-hauste oso astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, eta aldi berean gertatzen denean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 60. artikuluaren 1. apartatuaren b) eta c) paragrafoetan aurreikusitako inguruabarretako bat, arau-hausleei honako zehapen hauek ezar dakizkieke:

a) Administrazioarengandik edo bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

b) Bost urte arteko epean Administrazioarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere bost urteko epean.

Zehapen horiek ezartzeko eskumena duen organoak erabaki dezake horiek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzea.

19. artikulua. Indarra hartzea.

Ordenantza hau osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta indarra hartuko du Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatu ondoren.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2020ko uztailaren 30ean.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

Oharrak:

(1) Dirulaguntzei buruzko Datu Base Nazionalean argitaratu beharko da, eta haren laburpen bat Estatuko Aldizkari Ofizialean.

(2) Dirulaguntza kirolei buruzkoa bada, Kirol zinegotzia izendatuko da; kulturari buruzkoa bada, Kultura zinegotzia; osasun arlokoa bada, Osasun zinegotzia, etab.

(3) Autonomia-erkidegoko legeriaren batean, kide anitzeko organo hori talde politiko bakoitzeko kide banak osatzen du.

(4) Emakidaren ebazpenean argi eta garbi identifikatu beharko dira onuradunek beren gain hartutako konpromisoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 62. artikuluak ezartzen duen bezala (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

(5) Kontuan izan behar da oinarriak ematen dituen arauan zehaztu daitekeela ea dirulaguntzak bateragarriak edo bateraezinak diren helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu nazional batzuetatik edo nazioarteko erakundeetatik datozenekin.

(6) Kontuan hartu beharra dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa.

(7) Bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 71. artikuluan ezarritakoarekin, dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio-organoak ikusten badu onuradunak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak badaudela, horiek adieraziko dizkio, eta hamar eguneko epea emanen dio akatsak zuzentzeko.

(8) Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 70.3 artikuluak ezartzen duen bezala, justifikazio epea igaro eta administrazio organo eskudunari aurkeztu ez bazaio, hura aurkez dezan eskatuko dio onuradunari organo horrek, hamabost eguneko epe luzaezinean. Justifikazioa ezarritako epean aurkezten ez bada, itzuli egin beharko da, eta horrek berekin ekarriko ditu Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako gainerako erantzukizunak. Justifikazioa ezarritako epe gehigarrian aurkezteak ez du onuraduna salbuetsiko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera dagozkion zehapenetatik.

(9) Itzulketa prozedura abiarazten duen erabakian adieraziko dira abiarazte horren arrazoia, bete gabe utzitako betebeharrak eta laguntzaren zenbatekoa. Erabakia onuradunari edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileari jakinaraziko zaio, eta hamabost eguneko epea emanen zaio egokitzat jotzen dituen agiriak alega edo aurkez ditzan. Itzulketa-prozeduraren ebazpenak honako hauek identifikatuko ditu: itzultzera behartuta dagoena, bete ez diren betebeharrak, itzulketa zergatia, zeina egonen den Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa zergatien artean, eta itzuli beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, berandutze-interesen likidazioarekin batera. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta dagokion itzulketa egiteko eskatuko zaie, Diru-bilketaren gaineko Erregelamendu Orokorrak ezarritako epean eta moduan. Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakia hartu zen egunetik aitzina.

(10) Zehapen-prozedura administratiboa izanen da abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsitako zehatzeko ahala erabiltzeko prozeduraren erregelamenduak araututakoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan dauden berezitasunekin.

Iragarkiaren kodea: L2009127