179. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Udal ordenantza, Eskolaz kanpoko ekintzetarako laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2020ko otsailaren 27an egin osoko bilkuran, Eskolaz kanpoko ekintzetareko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza hasiera batean onestea erabaki zuen (erabakia 2020ko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 16an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi, eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ledean, 2020ko uztailaren 13an.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

ORDENANTZA, ESKOLAZ KANPOKO EKINTZETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Zioen azalpena

1. artikulua. Ledeako udalerrian erroldatutako populazioari eusteko politikari jarraikiz, helburua da hamazazpi urtetik beherako seme-alabak dituzten familiei laguntza ematea, zeren, gaur egun eta udalerriaren ezaugarriak direla eta, egoera okerragoan baitaude, kontuan harturik udalerri mugakideetan edo/eta eskualdeko beste udalerrietan bizi direnek guk ez dauzkagun instalazio eta bitarteko egokiak dauzkatela.

2. artikulua. Adingabeek kultura, musika, arte eta kirol alorretan dituzten beharrak asetzeko, familiek, urtean zehar, joan-etorriak egin behar dituzte etengabe mugakide diren eskualdeko beste udalerrietara, eta nolabait ere egoera hori arindu nahi dugu.

II. KAPITULUA

Betebeharrak

3. artikulua. Honako familia hauek eska ditzakete laguntzak: beren tutoretzapean seme-alabak edo adingabeak dituztenek, udalerrian erroldatuak, hamazazpi (17) urtetik beherakoak. Adingabeak 17 urte betetzen dituen urtean jada ez da dirulaguntza eskatzerik izanen.

4. artikulua. Bai adingabeak bai pertsona heldu eskatzaileak urtebete baino gehiago egon behar dute lehendik erroldaturik. Urtebeteko etenik gabeko antzinatasuna bete behar da urte horretan eskaerak egiteko azkeneko egunean (azaroaren 30a).

5. artikulua. Udalak ezarririk dituen zerga guztien ordainketa eguneraturik izan beharko dute familia eskatzaileko kideek.

Ordenantza honen ondorioetarako, familia unitatetzat hartuko dira higiezin berean bizi diren pertsonak, erroldako orri berean daudenak, alegia.

III. KAPITULUA

Laguntzen zenbatekoa

6. artikulua. Laguntzen zenbatekoa zehaztuko du gastu horretara berariaz bideratutako aurrekontu-aplikazioak. Eskabide bakoitzeko dirulaguntza izanen da matrikularekin eta kuotekin egindako benetako gastuaren %33koa, eta gehienez ere 700,00 eurokoa, haur eta urte bakoitzeko, Ledeako udalerrian erroldaturik dauden 17 urtetik beherako haurrek egiten dituzten kultur, musika, arte eta kirol alorretako eskolaz kanpoko ekintza guztiengatik, betiere Zangozerriko udalerrietako batean egiten direnean.

Laguntzen eskaerek gainditzen badute urteko funtsa, dagokion aurrekontu-aplikazioa handitzea aztertuko da; dagokion udal organoak emanen du horretarako onespena. Edozein arrazoirengatik ez bada behar den aurrekontu-aldaketa onesten, eskura dagoen zenbatekoa hainbanatuko da eskatzaileen artean.

IV. KAPITULUA

Kudeaketa eta tramitazioa

7. artikulua. Laguntzak eskatzeko, beharrezkoa izanen da araudi honetan eta Ledeako Udalak urtero onetsitako deialdian ezarritako baldintzak betetzea. Deialdia behar bezala iragarriko da.

Urte bateko laguntzak hartu ahal izateko, urte horretako abenduaren 1a baino lehen egin beharko dira eskaerak.

Urte bakoitzeko abenduan ordainduko dira laguntzak.

Tramitazioan akatsak atzemanez gero, hamar egun naturaleko epea emanen da, akatsak jakinarazten direnetik hasita, horiek zuzentzeko.

8. artikulua. Eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide-orria, deialdira aurkezten den adingabe bakoitzeko bat, eskolaz kanpoko zein ekintzetarako eskatzen den laguntza, bada horien zerrenda jasotzen duena, bai eta ekintza horiek egin diren ikastetxe publiko zein pribatuaren izena eta helbidea ere.

b) Matrikularekin eta kuotekin egindako gastuaren ziurtagiriak, bai bankukoak bai ekintzak egin dituzten ikastetxe eta/edo enpresek ofizialki emandakoak ere. Horietan, argi geldituko da ezen aurreko abenduaren 1etik hasi eta uneko urteko abenduaren 1era bitartean ordaindu direla, eta ziurtagiri horiek dagozkiela, eskolaz kanpoko zein ekintzetarako eskatu den laguntza, bada horiexei, ez baitira ordainduko beste urte batzuetan egindako ekintzak, salbu aurreko urteko abenduari dagozkionak, eskabideak aurkezteko epeak direla eta.

c) Udalak egokitzat jotzen badu, laguntzen xede diren ekintzetara bertaratzeari buruzko dokumentazioa eska dezake.

Ledeako Udalak ofizioz egiaztatuko du erroldaturik egotearen baldintza, bai eskatzaileari bai laguntzaren xede den adingabeari eskatzen zaiona.

Laguntzaren xede den adingabea urtebetetik beherakoa bada, jaio denetik etenik gabe Ledeako udalerrian erroldaturik egon beharko du ordenantza honetan ezarritako laguntzak jasotzeko.

9. artikulua. Eskaeren indarraldia.

Eskaerak urtebetekoak izanen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Araudi honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan”.

Iragarkiaren kodea: L2007499