165. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

227/2020 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2020ko uztailaren 1etik azaroaren 10era irakasleak prestatzeko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 513476.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, atzerriko hizkuntzak irakasten dituzten edo eskolak atzerriko hizkuntzetan ematen dituzten irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen atzerriko prestakuntza sustatzea.

Atzerriko hizkuntzen irakasleak atzerrian prestatzea funtsezkoa da, bai hizkuntza maila gaurkotzeko, baita hizkuntzak irakasteko metodologian, hizkuntzak edukien bidez irakasteko metodologian, eta antzeko beste gai batzuetan prestatzeko ere.

Hala ere, errealitatea da COVID-19ak sortu duen osasun krisia dela eta, atzerriko prestakuntza presentzialeko jarduera guztiak eten egin direla. Alabaina, Hezkuntza Departamentuak nahi du sustatzen segitu on-line prestakuntza, ikastaroak eskaintzen dituzten erakundeek eskaintzen dituztenak, udako hilabeteez haratago.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txostena aurkeztu du, eta horretan aditzera eman du beharrezkoa dela on-line ikastaroak 2020ko uztailaren 1etik azaroaren 10era arte egiteko laguntzen deialdi bat egitea, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan atzerriko hizkuntzak edo hizkuntzaz bestelako irakasgaiak atzerriko hizkuntzetan irakasten dituzten irakasleentzako edo, atzerriko hizkuntza baten C1 maila edo baliokidea izanda, metodologiari buruzko prestakuntza jaso nahi duten irakasleentzako.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. On-line ikastaroak egiteko gehienez 80 banakako laguntza –500 euro artekoak– emateko deialdia onestea. Parte hartzeko oinarriak ebazpen honen 1. eranskinean ageri dira.

2. Horretarako, gehienez 40.000 euroko gastua onestea, 2020ko gastuen aurrekontuko “Atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntzarako laguntzak” izeneko 420001-42420-4809-321202 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (Hezkuntzako berriak) eta www.nafarroa.eus (Tramiteak) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Irakasleen Prestakuntzako Atalera, Kalitatearen Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Argibide eta Agiri Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko ekainaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA

2020ko uztailaren 1etik azaroaren 10era irakasleek prestakuntza ikastaroak egiteko laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gehienez ere 80 laguntzatarako deialdia egin du, Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako nahiz Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleei zuzendurik, 2020ko uztailaren 1etik azaroaren 10era arte on-line ikastaroak, prestakuntzakoak, egiteko, nazioko edo atzerriko ikastetxeek eta unibertsitateek eskainitakoak.

Irakasle eskatzaileek ikastaroa ematen duen erakundearekin zuzenean kudeatu beharko dituzte deialdi honen bidez diruz laguntzen diren ikastaroak.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

–Jarduneko irakaslea izatea.

–Irakasleentzako atzerriko prestakuntzarako laguntzarik jaso ez izana azken hiru deialdietan.

–Irakaslea egoera hauetako batean izatea:

–Atzerriko hizkuntzak irakastea (ingelesa, frantsesa, alemana) edo eskolak atzerriko hizkuntzetan ematea (British, IIP, FIP, AHIP, Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna eta atal elebidunak) Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

–Sare publikoko Bigarren Hezkuntzako irakaslea izatea, hizkuntza arlokoak ez diren irakasgaietakoa, C1 maila egiaztatzen badu deialdiaren xede diren atzerriko hizkuntzetako batean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari jarraikiz.

–Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakaslea izatea.

Hirugarren oinarria.–Laguntzen deskribapena.

3.1. Ikastaroen ezaugarriak.

–Ikastaroaren edukia metodologikoa izanen da, eta hizkuntzekin eta haien didaktikarekin lotuta.

–Gutxienez hogei irakastorduko iraupena izan beharko du.

–Ikastaroak 2020ko uztailaren 1etik azaroaren 10era bitartean egin beharko dira.

–Laguntza hauek bateraezinak dira 2020an Hezkuntza Departamentuak antolaturiko udako ikastaroetan parte hartzearekin.

3.2. Laguntzen banaketa.

Guztira 80 laguntza emanen dira, honela banatuta:

PUBLIKOAK

ITUNDUAK

Frantsesa

8

4

Ingelesa

44

20

Alemana

2 (edo italiera)

2

Sare bakoitzeko hizkuntza bakoitzarentzat erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabeak beste sarean hizkuntza berean ari direnentzat izanen dira.

Hala eta guztiz ere, laguntzaren bat esleitu gabe geratzen bada hizkuntza bereko beste sarean eskatzailerik ez egoteagatik, batzordeak erabakiko du hura nori esleitu. Hizkuntza eta sare bakoitzerako eskaeren proportzioa kontuan hartuko da laguntzak osoki esleitzeko.

3.3. Laguntzen zenbatekoa eta estaldura.

3.3.1. Laguntzen xedea da matrikularen oinarrizko kontzeptua finantzatzea.

Gehienez ere 500 euroko laguntza emanen da.

Ikastaroa egindakoan jasoko da laguntza, behin matrikulari lotutako gastuen frogagiriak aurkeztu eta egiaztatuta, eta ikastaroaren ordu guztiak zehazten dituen bertaratze ziurtagiria aurkeztuta, 2020ko azaroaren 20ra arte. Gastuak deialdi honetako zazpigarren oinarrian xedatzen denaren arabera frogatu beharko dira.

3.3.2. Hezkuntza Departamentuak beretzat gordeko du gastuetako edo haien frogagirietako batzuk aintzat ez hartzeko eskubidea, gehiegizkotzat edo desegokitzat jotzen baditu. Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko adjudikaziodunari. Dirulaguntza hauengatik ez da zergarik ordaindu behar.

3.3.3. Laguntza bat eskuratzen duen pertsona baino ez da arduratuko hautatu den ikastarorako inskripzioa kudeatzeaz eta egin beharreko ordainketak egiteaz.

Laugarren oinarria.–Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

4.1. Eskaerak aurkeztea.

a) Eskaera, ahal izanez gero, webgune honetako inprimakiaren bidez eginen da:

https://forms.gle/2QrWhNp2xdAEPJsy6

Eranskin honen 4.2 puntuan aipatzen den dokumentazioa eskaneatuta aurkeztu beharko da.

b) Bestela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan (aldez aurretik hitzordua eskatuta) aurkeztuko dira ebazpen honen 2. eranskineko eskaera eta dagokion dokumentazioa.

Nolanahi ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskaera eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion inprimakiari.

Deialdiaren prozesu osoa (eskaera, dokumentazioaren aurkezpena, etab.) telematika bidez egin daiteke, www.nafarroa.eus webguneko zerbitzuen katalogoaren bidez. Tramitazio elektronikoa egin ahal izateko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa izan beharko da, webgune berean eskuratzen ahal dena.

Departamentuak, dirulaguntzak emateko xedeei dagokienez, programa egokia den edo ez baloratuko du. Ezezko balorazioa emanez gero, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak horren berri emanen dio eskatzaileari, arrazoiak adierazita, 5 egun naturaleko epean beste ikastaro baten programa aurkez dezan. Laguntza ematea beste ikastaro baten aurkezpenaren eta haren egokitasunaren baldintzapean egonen da beti.

Era berean, laguntza eskaera aurkeztu eta gero hautagaiak ikastaroa aldatzen badu, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio behin betiko zerrendak argitaratu baino lehen, hautatu duen ikastaroaren programa erantsirik, hark onets dezan. Horrela egin ezean, ez dago bermatuta laguntza emanen dela.

Behar izanez gero, agiri osagarriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

Deialdi honetako ikastaro eta laguntzak eskuratu ahal izateko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

4.2. Nahitaezko dokumentazioa.

1) Eskaera guztietarako: zinpeko aitorpena, 9. eranskinaren arabera betea.

2) Ikastetxe publikoak:

a) Atzerriko hizkuntza bat irakasten duten irakasleentzat: ikastaroaren xedeko hizkuntza irakasten emandako ikasturteak irakaslearen zerbitzu-orriaren bidez egiaztatuko dira. Atzerriko Hizkuntzen Atalak ofizioz eskatuko dizkio orriak Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta, horregatik, eskatzaileak ez du datu hori eman behar.

b) Eskolak atzerriko hizkuntzetan ematen dituzten irakasleentzat: ikastetxeko (edo ikastetxeetako) zuzendariaren ziurtagiria, zeinean zehaztuko baita aurreko ikasturteetan zer irakatsi den eta gaur egun zer irakasten ari den ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP, AIP edo atal elebidunak) (8. eranskina). Eskatzaileak aurkeztu beharko du ziurtagiri hori.

c) Bigarren Hezkuntzako irakasleak, C1 hizkuntza eskakizuna edo hizkuntza gaitasuna dutenak deialdi honen xede diren atzerriko hizkuntzetako edozeinetan:

–Alemaneko, frantseseko, ingeleseko edo italierako C1 mailaren ziurtagiria, 30/2018 Foru Aginduan ezarritakoen artetik. Foru agindu horren bidez, hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak ezarri ziren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezartzen dituen mailei erreferentzia eginez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko eskumeneko eremuan.

AHIP, PF edo PI profila edukiz gero, ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko, ofizioz egiaztatuko baita.

3) Sare itunduko ikastetxeak.

–Ikastetxeko (edo ikastetxeetako) zuzendariaren ziurtagiria, zeinean zehaztuko baita aurreko ikasturteetan zer irakatsi den eta gaur egun zer irakasten ari den ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP, eta atal elebidunak) (8. eranskina). Eskatzaileak aurkeztu beharko du ziurtagiri hori.

4.3. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bosgarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Kide hauek osatuko dute hautapen batzordea:

–Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua, batzordeburua izanen dena, edo hark eskuordetzen duena.

–Europako Proiektuen Bulegoko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.

Hautapen batzordeak 3. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratu eta barematuko ditu parte hartzeko eskaera guztiak.

Seigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak hautapen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) eta https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio web-orrian (Hezkuntzako berrien atalean).

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinekoz esleitu diren eskaeren zerrenda eta bakoitzak lortutako puntuazioa.

–Erreserban diren eskaeren zerrenda eta bakoitzak lortutako puntuazioa.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Zerrendetan zenbaki bana esleituko zaie eskatzaileei, berdinketarik bada zozketa publiko baten bidez ebazteko. Zozketa Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) iragarriko da.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, hiru egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratuko du batzordeak.

Emandako laguntzari uko eginez gero, behin betiko zerrenda argitaratu eta hiru egun naturaleko epean, hautatuek deialdiaren 4. eranskina igorri beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari posta elektronikoz (idiomas@educacion.navarra.es), laguntzari uko egiten diotela adierazteko. Mezuaren gaiaren eremuan “Uko egitea-Atzerriko hizkuntza” eta eskatzailearen izena eta bi deitura idatzi beharko dira.

Bestela, laguntza onartu dutela ulertuko da.

Ezarritako epea bukatutakoan ere uko egiteak irits daitezkeela aurreikusirik, ukoa epe hori bukatu ondoren aurkezteak hurrengo deialdietatik baztertzea ekarriko du, kasu justifikatuetan izan ezik.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea izanen du ikastaroa egin aurretik laguntzaren esleipena bertan behera uzteko, baldin eta egiaztatzen bada eskatzailearen destinoa Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora aldatu dela, edo aurreikusten bada betebehar gisa ezartzen diren baldintzetakoren batek ez duela indarrik izanen hurrengo ikasturtean (2020-2021).

Zazpigarren oinarria.–Azken agiriak eta laguntzak ordaintzeko eskaera.

2020Ko azaroaren 20an beranduenez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduak:

–Ikastaroaren azken txostena. Hartan agertuko dira ikastaroaren ezaugarri eta helburuak, egindako jarduerak eta norberaren balorazioa; oro har, webgune honetako datu-orriaren bidez eginen da (Chrome erabilita, ahal bada):

https://forms.gle/jZFxvps4k9KvNSct6

Bestela, deialdi honen 5. eranskina bete eta aurkeztu beharko da.

–Ikastarora joan dela ziurtatzen duen agiriaren fotokopia. Hartan, erakunde antolatzailea, parte-hartzailearen izen-deiturak, egindako jardueraren izena, ikastaroaren datak eta guztira egindako irakastorduak azalduko dira. Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza ordaintzeko.

Kalkulu horretan, ez dira aintzat hartuko eskolaz kanpoko jarduerak, jarduera osagarriak eta programazio soziala.

–Gastuen laburpen-orria (6. eranskina).

–Matrikularen jatorrizko faktura, baita ordaindu dela frogatzen duen agiria ere.

–Sare itunduko irakasle onuradunek, gainera, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” (7. eranskina) aurkeztu beharko dute, ez badute inoiz aurkeztu, dagokion banketxeak betea eta zigilatua. Agiri hori web-orri honetan ere jasota dago:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Agiri horiek eskaneatuta igortzen ahalko dira posta elektroniko honetara: idiomas@educacion.navarra.es. Mezuaren gaiaren eremuan “Azken txostena” eta interesdunaren deiturak idatzi beharko dira. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Departamentuak laguntzaren onuradunari edozein unetan eskatzen ahalko dio jatorrizko ziurtagiriak eta fakturak aurkezteko, egokitzat jotzen badu.

Zortzigarren oinarria.–Laguntzak ordaintzea.

Deialdi honen hirugarren oinarriarekin bat, esleitutako laguntza guztia ordaintzeko, deialdiaren zazpigarren oinarrian aipatzen diren azken agiriak aurkeztu behar dira aurretik.

Laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, betiere, batera erdietsi badira estatuko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak, dirulaguntza emateko ebazpenak aldatzen ahalko dira.

Laguntza hauen onuradunak behartuak daude Hezkuntza Departamentuak eskatzen dien informazio guztia ematera, eta behar diren finantza-kontrolerako lanen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Bederatzigarren oinarria.–Ziurtapena.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ikastarora joan izanaren ziurtagirian zehazten den ordu kopuru bereko prestakuntza aldia aitortuko die irakasleei, eta jarduerari izaera ofiziala emateko ziurtagiria eginen du.

Hamargarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdia aplikatzearen ondoriozko egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabidea.

3. ERANSKINA

Deialdirako baremoa.

4. ERANSKINA

Uko egitea.

5. ERANSKINA

Azken txostena.

6. ERANSKINA

Aurkeztutako fakturen laburpena.

7. ERANSKINA

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

8. ERANSKINA

Ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiria.

9. ERANSKINA

Zinpeko aitorpena.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2006978