158. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 18a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

35/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Osasuneko kontseilariak emana, neurriak ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko “aisialdiko etxabe” edo “pipero” deiturikoei edo antzekoei buruz, eta aldatzen duena uztailaren 15eko 34/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen berragertze berriak prebenitzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 3.29 puntuak xedatzen du “Aisialdiko etxabe” edo “pipero” izeneko lokalak edo antzekoak erabiltzea baimenduta dagoela, baldin eta bermatzen bada betetzen direla desinfekzio eta higiene arau orokorrak, erabaki horren eranskineko 2.2.1 puntuan ezarritakoak, eta bermatzen bada, halaber, erabiltzaileen artean 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzen dela.

Aipatutako erabakiaren bosgarren puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko.

Une honetan, datuek erakusten dute Nafarroako Foru Komunitatean kasu positiboen igoera nabarmena izaten ari dela gazteen artean. 2020ko uztailaren 13ko asteko datuen arabera, COVID-19an positibo eman duten kasuetatik bi heren 18 eta 30 urte bitarteko pertsonak izan dira, eta lagun taldeekin edo gaueko aisialdiarekin loturik gertatu dira.

Aipatutako erabakiak ezartzen du ezen, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hau aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki honetan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira. Gisa horretako neurriak ezartzen ditu foru agindu honek, esan bezala, birusaren hedatzearen bilakaeragatik, bereziki, talde zehatz batean.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Horrenbestez, osasun publikoari buruzko aipatutako neurrietan oinarriturik eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten teknikoarekin bat etorriz, bidezkoa da, prebentzio neurri gisa, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe” edo “pipero” deiturikoen edo antzekoen jarduera eteteko agintzea, salbuespen bakarra izanen direlarik azken erroldaren arabera bostehun biztanle baino gutxiago duten udalerri eta kontzeju txikietan kokatutakoak, udalerri edo kontzejuan ez badago kafetegi, jatetxe edo tabernarik eta haiek badira herri guztia elkartzeko lokal bakarrak. Kasu horietan, alkateek baimena eman dezakete lokal horien terrazak erabiltzeko eta, salbuespen gisa, barnealdea erabiltzeko, horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta tabernetarako ezarritako prebentzio neurri guztiak betetzen badira, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakiaren arabera (Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartua, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. 2020ko ekainaren 20an argitaratua).

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak judizialki baimentzea edo berrestea, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Bestetik, uztailaren 15ean, 34/2020 Foru Agindua eman zen, zeinaren bidez maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian. Foru agindu horrek arautzen du zer egoeratan den nahitaezkoa maskara erabiltzea hamabi urtetik gorakoentzat, baita nahitaezko erabilerarako salbuespenak ere.

Ezartzen du hamabi urtetik gorakoentzat nahitaezkoa dela maskara erabiltzea, besteak beste, bide publikoan eta aire zabaleko eremuetan, erabilera publikoko eremu itxietan edo jendearentzat irekita daudenetan, baldin eta eremu berean beste pertsona batzuekin elkartzeko aukera badago, eta garraiobide publiko edo pribatu mota guztietan, salbu eta barruan doazen guztiak etxe berean bizi baldin badira. Nolanahi ere, ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzen dituenak, Estatuaren lurralde guztietarako, 6. artikuluan esaten du sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili behar dutela maskara bide publikoan, aire zabaleko eremuetan eta erabilera publikoko eremu itxietan edo jendearentzat irekita daudenetan, ezin denean bermatu pertsonen arteko segurtasun tartea gordeko dela, hots, 1,5 metro gutxienez. Gainera, nahitaezko erabilera ezartzen du aireko eta itsasoko garraiobideetan, autobusetan, trenetan eta, orobat, bidaiarien garraio publiko eta pribatu osagarrietan, bederatzi tokira arteko ibilgailuetan (gidaria barne), ibilgailuan doazen guztiak etxe berean bizi ez badira.

Bestetik, foru agindu horrek maskara erabiltzetik salbuesten ditu arnasa hartzeko zailtasunen bat duten pertsonak, maskararen erabilerak zailtasun hori larriagotu dezakeenean, beren mendekotasun edo desgaitasun egoeragatik maskara kentzeko autonomiarik ez dutenak, eta maskara erabiltzea bideraezina egiten duten jokabidearen nahasmenduak dituzten pertsonak. Pertsona horiek beren egoera segurtasun indar eta kidegoen aurrean egiaztatu ahal dezaten, aski izanen da beraiek edo beren legezko tutoreak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena.

Arestian aipatutako 34/2020 Foru Aginduaren testuak interpretazio zalantzak eragin ditzakeenez, eta segurtasun juridikoaren printzipioagatik, bidezkoa da maskara nahitaez erabili behar den kasuak argitzea.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Agintzea jarduera oro eten dadila Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden “aisialdiko etxabe” edo “pipero” deituriko lokaletan eta antzekoetan.

Etenaldi horretatik salbuetsita daude bostehun biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzeju txikietan kokatutakoak, udalerri edo kontzejuan ez badago kafetegi, jatetxe edo tabernarik eta haiek badira herri guztia elkartzeko lokal bakarrak. Kasu horietan, alkateek baimena eman dezakete soilik lokal horien terrazak erabiltzeko eta, salbuespen gisa, barnealdea erabiltzeko, horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian ezarritako prebentzio neurri guztiak betetzen badira (Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartua, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2020ko ekainaren 20an argitaratua).

Bigarrena.–Neurri hau berrikusten ahalko da uneko egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera.

Hirugarrena.–Aldatzea 34/2020 Foru Agindua, uztailaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisialdian. Foru agindu horren 1. puntuan d) paragrafoa erantsiko da:

“d) Garraioa erabiltzen duten 6 eta 12 urte bitarteko adingabeek maskara eraman beharko dute, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzen dituen ekainaren 9ko 21/2020ko Errege Lege-dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, 6 eta 12 urte bitarteko adingabeek maskara eraman beharko dute bide publikoan eta aire zabaleko eremuetan ezin denean bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia, ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz”.

2. puntuan i) letra erantsiko da.

i) f) eta g) kasuetan, maskararen erabileratik salbuetsia izateko egoerak egiaztatzeko, hala nola maskararen erabilerak larriagotu ditzakeen arnas eritasunak, desgaitasuna, mendekotasuna edo jokabidearen nahasmenduak, foru agindu honetan ezarritako kasuen arabera, aski izanen da egoera horretan daudenen edo haien legezko tutoreen erantzukizunpeko adierazpen bat. Erantzukizunpeko adierazpena foru agindu honen eranskineko ereduaren arabera eginen da.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikoari, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzari, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

Bosgarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko uztailaren 17an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena maskara erabiltzetik salbuetsia izateko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2007773