148. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

12/2020 FORU LEGEA, uztailaren 1ekoa, aparteko kreditua ematekoa, haren bidez Iruñeko Abokatuen Elkargoari zuzeneko dirulaguntza bat emateko, espetxe-zuzenbideari buruzko web orri espezializatuaren finantzabide gisa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, APARTEKO KREDITUA EMATEKOA, HAREN BIDEZ IRUÑEKO ABOKATUEN ELKARGOARI ZUZENEKO DIRULAGUNTZA BAT EMATEKO, ESPETXE-ZUZENBIDEARI BURUZKO WEB ORRI ESPEZIALIZATUAREN FINANTZABIDE GISA.

HITZAURREA

Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren aurrekontu-kontsignazioak egokitu beharra dago, Iruñeko Abokatuen Elkargoari zuzeneko dirulaguntza bat emateko, espetxe-zuzenbideari buruz espezializatutako bere web orriaren finantzabide gisa.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluak ezartzen du ezen, hurrengo ekitaldira arte atzeratu ezin daitekeen gasturen bat aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada eta krediturik ez badago edo kontsignatutakoa aski ez bada, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, aparteko kreditu bat emateko foru lege proiektu bat bidaliko diola Nafarroako Parlamentuari.

Era berean, foru lege honek, partida izenduna sortuz, Iruñeko Abokatuen Elkargoari zuzeneko dirulaguntza bat ematea ahalbidetzen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.2.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.

1. artikulua. Aparteko kreditu bat ematea.

18.343,40 euroko kreditua ematen da, Iruñeko Abokatuen Elkargoari zuzeneko dirulaguntza bat emateko, espetxe-zuzenbideari buruz espezializatutako bere web orriaren finantzabide gisa.

Kreditu hori aplikatuko zaio “Iruñeko Abokatuen Elkargoarekiko hitzarmena, espetxe-zuzenbideari buruzko web orrirako” izeneko F20001 F2000 4819 112103 aurrekontu-partidari.

2. artikulua. Aparteko kredituaren finantzaketa.

Aparteko kreditu hori finantzatuko da “Peritu lanak, itzulpenak eta lekukoak” izeneko F20001 F2000 2279 112104 aurrekontu-partidaren kargura, 18.343,40 euroko zenbatekoarekin.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko uztailaren 1ean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2006974