137. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

193/2020 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uzten da eskumena IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT ekipamenduen horniduraren kontratuak egiteko, bideratuak daudenak ikastetxe bakoitzaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikietarako, eta eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen da.

Ikastetxe publikoek behar duten autonomia bermatzeko eta, aldi berean, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea gorde eta betetzeko, berriz ere arlo honetako eskumena aipatu ikastetxeei ematen zaie eskuordetzan, abenduaren 19ko 951/2018 Ebazpenaren bidez egin zen bezala.

Horrenbestez, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuaren-txostena ikusita, eta erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko bakoitzeko zuzendaritzaren esku uztea Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legearen 8. xedapen gehigarriak zuzendari nagusiei ematen dien eskumena, hau da, zuzendaritza nagusiaren administrazio unitateen funtzionamendurako beharrezko gertatzen diren gastu txikiak baimentzekoa, aukea izan dezan bere kargurako baliabide finantzario eta materialak kudeatzeko.

2. Eskuordetzan emandako eskumena erabiltzeko prozedura:

2.1. Behin ordainduta ikastetxearen gastu finkoak (energia elektrikoa, berokuntza, ura, garbiketa, kontserbazioa...) eta ikastetxearen funtzionamendu arrunterako bestelakoak, ikastetxeak kudeaketa-funtsetako gerakinak erabiltzen ahalko ditu funtzionamendurako behar diren IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT ekipamenduen horniduraren kontratuak egiteko.

2.2. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe bateko zuzendariak ikastetxearen funtzionamendurako behar diren IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT ekipamenduen horniduraren kontratuak egiten ahalko ditu, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu.

Eskaintzen diren zerbitzuak hobetze aldera, bai eta ikastetxeetako ekipamendu informatikoaren eta sareen kudeaketa eta mantentzea hobetzeko ere, hobeki ezagutzearren ikastetxeen premiak, IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT ekipamenduen horniduraren kontratuek (esate baterako, ekipamendu informatikoa, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pantaila interaktiboak, Chromebook eta Chrometab izenekoak, inprimagailuak eta proiektagailuak eta antzeko ekipamendu guztiak) izan beharko dute Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuaren oniritzi teknikoa, diru-kopurua edozein delarik ere.

2.3. Kontratuak aurreko atalean ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, gehienez 15.000,00 euro (BEZa kanpo) arte, Unibertsitateen eta Hezkuntzako zuzendari nagusiak berariazko baimena eman beharko du.

Horretarako, ikastetxeko zuzendariak datu hauek biltzen dituen agiria eginen du:

a) Kontratuaren xedearen deskribapena, gutxieneko betekizun teknikoak argi eta garbi adierazita.

b) Gastua zentralizatuta dagoen edo esparru-akordio bat dagoen kasuetan, agirian horniduraren edo zerbitzuaren balorazio ekonomikoa zehaztuko da.

c) Gastua zentralizatuta ez dagoen edo esparru-akordiorik ez dagoen kasuetan, agirian kontratua adjudikatzeko balorazio irizpideak zehaztuko dira, eta haien haztapena.

–Agiria kontratua egiteko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaeragatik nahiko hornitzailerik ez badago, baldintza hau ez da bete beharko.

–Aurkeztutako eskaintzak ikusirik, eta aipatu agirian finkatutako irizpideen arabera baloraturik, ikastetxeko zuzendariak adjudikaziorako proposamen-txostena eginen du.

d) Bai b) kasuan bai c) kasuan, adjudikaziorako proposamena eskola kontseilura bidaliko da, hark onets dezan.

2.4. Onespen hori lortuta, ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentuarena eskuratu beharko du; horretarako, aurkeztu beharko ditu eskabidea eta espedienteko agiriak (aurreko tramiteen betearazpena frogatzeko agiri guztiak).

Eskaerak Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura bidaliko dira, hark txosten teknikoa egin dezan kontratazioaren premiari buruz; Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera bidaliko du txostena, atalak txostena egin dezan ikastetxeak kontratazioa egiteko duen bideragarritasun ekonomikoari buruz.

3. Ikastetxeen kontratazio guztiek bete beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia.

Hezkuntza Departamentuak erabakitzen ahalko du berak egitea kontratazioa, komenigarritzat jotzen badu.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea ebazpen honen ondorio juridikoak argitalpen-egunaren biharamunean hasiko direla.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuari, Hezkuntzako IKT Azpiegituren Atalari, Lanbide Heziketaren Berrikuntza, Nazioartekotze eta Kalitaterako Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

Iragarkiaren kodea: F2006077