137. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez finkatzen baita zein den gehieneko zenbatekoa Administrazioak 2020-2021 ikasturtean testuliburuak doan jasotzeko programa finantzatzearren ematen duen laguntzan.

Martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen irailaren 27ko 61/2010 Foru Dekretuaren 6. artikuluak honako hau xedatzen du: “Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Administrazioak urtero ezarriko du zein izanen den eginen duen gehieneko ekarpena. Onuraduna den ikasle bakoitzeko modulu bat ezarriko du, eta, haren balioa ezartzeko, kontuan hartuko dira programa aplikatuko deneko irakaskuntza maila eta gehien erabiltzen diren liburuek benetan duten kostua”.

Editoreen Elkarte Nazionalak testuliburuen prezioaren bilakaerari buruz egindako txostenak dioenez, aurreikusten da testuliburuak %1,0 igotzea 2019-2020 ikasturterako, eta, beraz, bidezko da 2020-2021 ikasturterako onetsitako zenbatekoei portzentaje hori aplikatzea.

Irailaren 27ko 61/2010 Foru Dekretuak ezartzen du ezen ikastetxeak, mailegualdi orokorra bukaturik, testuliburu berekin segitzea erabaki dezakeela, liburu berria jartzeari uko eginez eta ale berriak jarriz.

Ale berriei dagokienez, Administrazioak finantzatuko duen gehieneko portzentajea %25 izanen da Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan, baldin ikastetxeak erabaki bazuen testuliburuak berritu ez eta berberekin segitzea 2016-2017, 2017-2018, 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan, eta %0,5, aldiz, ikasturte horietan testuliburuak berritu zituzten ikastetxeetan. Ale berriak jartzeko eskaerek 61/2010 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.

Bestetik, aurrez eskaera eta arrazoiak azaltzen dituen txostena eginda, ikastetxeek bi urtetan berritzen ahalko dituzte testuliburuak –urte batean batzuk, eta hurrengoan gainerakoak–, eta ez dena urte bakarrean. Hartara, ikastetxe batek berritze partzial bat egin dezake ikasturte honetan, eta 2021-2022 ikasturtean, berriz, gainerako testuliburuak berritu.

Ikasturte horretan, berritutako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da, II. eranskinean ezarritako portzentajearen arabera. Aukera horretan, berritu gabeko liburuetan, ale berrien portzentajea %8 izan daiteke.

Hurrengo ikasturtean, gainerako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da harik eta 2020-2021 ikasturterako onetsitako moduluaren gehieneko portzentajera iritsi arte.

Hori horrela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluan ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Administrazioak 2020-2021 ikasturtean testuliburuak doan jasotzeko programa finantzatzearren egoten duen ekarpenaren gehieneko zenbatekoa ikasle bakoitzeko, I. eranskinean ageri denaren arabera.

2. Ikasturtero berrituko dira Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleen banakako erabilerarako testuliburuak eta curriculumeko materialak, betiere hurrengo ikasturteetako ikasleek erabiltzeko modukoak ez direnak.

3. Ikastetxe batean erabakitzen bada testuliburuak doan eskuratzeko programan sar daitekeen maila bateko gai eta ikasgai guzti-guztietako liburuak ez erabiltzea, Administrazioak 2020-2021 ikasturtean ikasleko eginen duen ekarpena kalkulatuko da doakotasun programan sartuta dauden liburu guztien artetik aukeratzen den liburu kopuruaren arabera, aplikatuz aurreko apartatuan aipaturiko gehieneko ekarpenaren araberako portzentajea, foru agindu honen II. eranskinean adierazita dagoen bezala.

Apartatu honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleei.

4. Hezkuntza premia bereziak (HBP) dituzten eta hala diagnostikatu zaien ikasleentzat 57,92 euroko zuzkidura ezarri da 2020-2021 ikasturterako, kontuan hartu gabe erabilitako material didaktikoa eta ikaslea derrigorrezko zein irakaskuntza mailatan dagoen matrikulatua, salbu eta Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, I. eranskinean aurreikusitakoa aplikatuko baita maila horietan.

5. Hezkuntza Departamentuak baimentzen eta finantzatzen ahalko ditu erabilera orokorrerako erosten diren testuliburuak eta bestelako material didaktikoa eta informatikoa, baldin berrerabilpen eta iraunkortasun baldintzak betetzen badituzte, zehazten diren kasuetan eta baldintzetan.

6. Ale berriei dagokienez, Administrazioak finantzatuko duen gehieneko portzentajea %25 izanen da Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4. mailetan, baldin ikastetxeak erabaki bazuen testuliburu berriak aukeratu ez eta berberekin segitzea 2016-2017, 2017-2018, 2018-2019 eta 2020-2021 ikasturteetan, eta %0,5, aldiz, ikasturte horietan testuliburuak berritu zituzten ikastetxeetan.

Ale berriak jartzeko eskaerek 61/2010 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko dute.

7. Aurrez eskaera eta arrazoiak azaltzen dituen txostena eginda, ikastetxeek bi urtetan berritzen ahalko dituzte testuliburuak –urte batean batzuk, eta hurrengoan gainerakoak–, eta ez dena urte bakarrean. Hartara, ikastetxe batek berritze partzial bat egin dezake ikasturte honetan, eta 2021-2022 ikasturtean, berriz, gainerako testuliburuak berritu.

Ikasturte horretan, berritutako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da, II. eranskinean ezarritako portzentajearen arabera. Aukera horretan, berritu gabeko liburuetan, ale berrien portzentajea %8 izan daiteke.

Hurrengo ikasturtean, gainerako liburuei dagokien zenbatekoa ordainduko da harik eta 2020-2021 ikasturterako onetsitako moduluaren gehieneko portzentajera iritsi arte.

8. Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio foru agindu hau garatzeko.

9. Foru agindu honen eta beronen eranskinen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hilabeteko epean.

10. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

11. Foru agindu hau eta beronen eranskinak igortzea, behar diren ondorioak sor ditzaten, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 27an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

I. ERANSKINA

Testuliburuen programa finantzatzeko modulua

IKASLE ETA IKASMAILA BAKOITZEKO GEHIENEKO ZUZKIDURAK

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailak

Gehieneko zuzkidura ikasmaila bakoitzeko

90,71 euro

Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailak

Gehieneko zuzkidura ikasmaila bakoitzeko

108,20 euro

Erabilera orokorreko materiala eta norberak egina (ikasle eta irakasgai bakoitzeko)

16,40 euro

HPBak dituzten ikasleak

57,92 euro

DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak

Ikasmaila bakoitzeko gehieneko zuzkidura

186,89 euro

Erabilera orokorreko materiala eta norberak egina (ikasle eta irakasgai bakoitzeko)

21,86 euro

HPBak dituzten ikasleak

57,92 euro

II. ERANSKINA

LEHEN HEZKUNTZA

DBH

Hautatutako liburu kopurua

Ekarpenaren portzentajea

Hautatutako liburu kopurua

Ekarpenaren portzentajea

1

%20

1

%14

2

%40

2

%29

3

%60

3

%43

4

%80

4

%57

5 edo gehiago

%100

5

%71

6

%86

7 edo gehiago

%100

Iragarkiaren kodea: F2005388