137. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

32E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 5ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira deialdi baten oinarriak, Nafarroako toki entitateei kirol instalazioak eraberritzeko dirulaguntzak emateko 2020. urtean. DDBN identifikazioa: 509698.

Kirolak Nafarroako toki entitateetan sortzen duen lehentasunetako bat da kirol instalazioak eraikitzea, handitzea eta hobetzea, kirola behar bezala egin ahal izateko. Xede horretarako, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, beharrezkotzat jo du dirulaguntzak emateko irizpideak ezarriko dituen laguntza deialdi bat ezartzea.

Kontuan hartuta azken urte hauetan, salbu eta 2019an, toki entitateei ez zaiela dirulaguntzarik eman Nafarroako kirol instalazioak birmoldatu, kontserbatu eta eraikitzeko, eta kirol instalazioen arloan inbertsioak beharrezkoak direla horiek gaurkotu beharra dagoelako, beharrezkoa da kirol instalazioen arloan inbertsioak egiteko laguntza deialdi bat egitea 2020an ere.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 6.2 o) artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dio kirol jarduerak sustatzeko eskumena, laguntza eta dirulaguntzak emanez horretarako. Halaber, 79.5 artikuluan ezartzen da Nafarroako Gobernuak sustatu ahal izanen dituela Foru Komunitatearen interes orokorrerako presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituen kirol instalazioak eraikitzea eta haietarako jarduketak egitea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipioak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea toki entitateei 2020. urtean dirulaguntzak emateko deialdi bat, kirol instalazioen arloan eraberritze lanak egiteko, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez 397.220,02 euroko gastua baimentzea, honako honen kargura: Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateentzako deialdia, kirol instalazioak eraberritzeko” izeneko A50001 A5410 7609 336102 partida ekonomikoa.

3. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

4. Foru agindu hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea. Dokumentazio hori guztia, baita gainerako eranskinak ere, interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 5ean.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako toki entitateei 2020. urtean dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, kirol instalazioen arloan inbertsioak egin ditzaten. Inbertsioak bideratu beharko dira kirol instalazioak araudira egokitzeko eta horietan eraberritze lanak egiteko, erabiltzaileei zerbitzuak ematea hobetzen lagunduko dutenak.

Nolanahi ere, deialdi honen oinarrietan aipatzen diren kirol instalazioak egokituko zaizkio Foru Komunitateko kirol instalazioen Oinarrizko Eskuliburuari eta/edo NIDE araudiari, Nafarroako Kirolaren Institutuaren irizpidearen arabera, bai eta eraikinen gaineko araudi orokorrari ere.

Jarduketa motaren arabera, inbertsioak bideratuko dira jada eraikita dauden instalazioen beharrezko eraberritze lanetara soilik, eta alde batera utziko dira obra berrietarako eta handitze lanetarako inbertsioak. Obrak 2020ko abenduaren 1a baino lehen bukatu behar dira.

Administrazio publikoen baliabideei errentagarritasun handiagoa ateratzeko, eta bete daitezen jarduera administratiboaren goiargi nagusi diren eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak, Nafarroako toki entitateek eskaera bakarra egiten ahalko dute deialdi horretan.

2.–Helburua.

Deialdi honen xedea da bultzatzea toki entitateetako erabilera publikoko kirol instalazioen erabilera, Nafarroako Foru Komunitateko bizilagunek, kirol praktikaren bidez, aukera izan dezaten bizi kalitate handiagoa izateko eta bizikidetzan eta elkartasunean oinarritutako jarduera soziala garatzeko, horiexek baitira kirolak sustatutako balioak. Horren guztiaren helburua Nafarroako herritarren ohitura osasuntsuak eta jarrera zibikoak hobetzea da.

3.–Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eskatzen ahal dituzte kirol instalazioak egokitu edo eraberritu nahi dituzten Nafarroako toki entitateek, betiere lanen exekuzioa 2020ko ekitaldi ekonomikoan bukatzen bada.

Deialdi honetatik kanpo daude maiatzaren 3ko 31E/2019 Foru Aginduaren bidez dirulaguntzak jaso zituzten Nafarroako toki entitateak. Foru agindu horrek 2019ko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onetsi zituen. Era berean, deialditik kanpo daude, berariaz, 2019. urtean honako dirulaguntza hauek jaso zituzten edo 2020. urtean jasotzen ahal dituzten toki entitateak: kasuan kasuko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntza izendunak, kirol instalazioen eraikuntza edo eraberritzea finantzatzeko.

Azkenik, deialditik kanpo daude erabilera publikoko igerilekuetako ontziak aplikatu beharreko araudira egokitzeko eskaerak. Araudi hori Nafarroako Foru Komunitateko Igerilekuek bete beharreko Higiene eta Osasun Baldintzak eta Segurtasun Baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua da.

4.–Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

4.1. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabide-orria, behar bezala beteta, eta datuen adierazpena (II. eranskina).

b) Gauzatu beharreko obren oinarrizko proiektuaren ale bat, eraikuntzaren arloan eskuduna den teknikari batek izenpetua, non deskripzio-memoria xehakatu bat jasoko baita, egin beharreko obrak, egungo egoeraren argazkiak, planoak eta kapituluz kapituluko aurrekontua bilduko dituena.

Aurreikusitako inbertsioa 40.000 eurotik beherakoa bada, aski izanen da memoria baloratua aurkeztea, non deskripzio-memoria bat jasoko baita, egungo egoeraren argazkiak eta aurrekontu orokorra bilduko dituena.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak ezinbestekoak diren oharrak adieraziko ditu aurkeztutako jarduketen gainean, egokitu daitezen bete beharreko premia orokorretara, baita gastu publiko ororen aplikazioan eraginkortasun egokiaren ikuspegitik ere. Horrek, hala ere, ez du ekarriko dirulaguntza ematea, nolanahi ere hura deialdiaren baldintzen eta betebeharren menpe egonen baita, ez eta eskaera baloratzeko prozesuan puntuazio altuagoa izatea ere.

c) Obraren xedeko lurren edo eraikinen jabetza ziurtagiria, indarrean den hirigintzako araudiarekin bateragarriak direla eta obrak hasteko unean erabiltzen ahal direla adierazita.

d) Ziurtagiri bat, non aurreikusi den finantziazioari buruz tokiko entitateak edo sozietate publikoak, eta, kasua bada, entitate kofinantzatzaileek hartutako erabakia zehaztuko baita, haietako bakoitzak aurreikusitako zenbatekoak xehatuta. Ziurtagiri horretan adieraziko dira ekarpenaren jatorria (funts berekiak, dirulaguntzak, kreditu finantzarioak edo beste batzuk) eta obrak egiteko aurreikusitako epeak. V. eranskina.

e) Toki entitatearen ziurtagiria, non jasoko baita honako konpromiso hau biltzen duen akordioa: dirulaguntza zertarako eman den, entitateak helburu zehatz horretarako mantendu beharko du instalazioa gutxienez 20 urtez.

f) Kirol instalazioen tokiko plana, III. eranskinaren arabera.

Kirol instalazioen tokiko plana Nafarroako Kirolaren Institutuak diruz lagundu badu, aski da laguntza ematen duen ebazpena aipatzea. Kirol instalazioen tokiko planean lehentasun gisa agertu beharko da dirulaguntzaren xede den jarduketa.

g) Tokiko entitate eskatzaileari bere eskaera sendotzeko interesgarriak iruditzen zaizkion gainerako dokumentuak, foru agindu honetan adierazitako irizpide eta adierazleekin loturik.

4.2. Dokumentuek jatorrizkoak izan beharko dute, edo administrazioak kautotutako kopiak.

4.3. Adierazitako agirien aurkezpenean akatsik ikusiz gero, edo agiriren bat falta bada, toki entitate eskatzaileari eskatuko zaio ikusitako akatsa telematikoki zuzentzeko, gaitutako helbide elektronikoaren bidez. Horretarako, 10 egun balioduneko epea emanen zaio. Horretaz gain, adieraziko zaio ezen epe horretan zuzenketarik egiten ez badu eskaera ezetsitzat joko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

5.1. Dirulaguntza jasotzeko eskabidea eta hasierako dokumentazioa aurkezten ahalko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 30 egun natural igaro arte, egun hori barne.

5.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.es/home_eus/) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

5.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

5.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6.–Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak instruituko ditu laguntzak emateko prozedurak, bera baita aurkeztutako agiriak bideratu, baloratu eta aztertuko dituena, foru agindu honen 2. oinarrian eta 6. oinarri honen 3. apartatuan ezarritakoarekin bat. Ondoren, dirulaguntzak emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, dirulaguntzen deialdia ebatzi dezan.

Eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada, edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak eskatzen ahalko ditu gaian eskumenak dituzten instituzioen eta erakundeen txostenak, egoki iruditzen zaionean. Kasu horretan, txosten horiek, lotesleak izan gabe, dirulaguntza ematea egokia den baloratzeko balioko dute.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak toki entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

6.2. Deialdi honetan laguntzen onuradun suertatutako toki entitateek dirulaguntza lortzen ahalko dute, orokorrean, aurkeztutako proiektuaren kirol obrari dagokion aurrekontuaren 100eko 60raino, 60.000 euro gehienez.

6.3. Balorazio irizpideak:

A.–Zenbat biztanle dauden instalazioa dagoen herriko biztanleen baldintza berberetan sar daitezkeenak: 40 puntu gehienez.

–Ukitutako biztanleen kopurua. (20 puntu gehienez).

  • 12.000 biztanle baino gehiago: 1 puntu 1.000 biztanleko edo dagokion zatikia 12.000 biztanletatik aurrera (gehienez ere 20 puntu).
  • 2.000 eta 12.000 biztanle artean: 1 puntu 500 biztanleko edo dagokion zatikia 2.000 biztanletatik aurrera (gehienez ere 20 puntu).
  • 2.000 biztanletik behera: 1 puntu 100 biztanleko edo dagokion zatikia. (Gehienez ere 20 puntu).

–59 urtetik gorako biztanleen portzentajea. (10 puntu gehienez).

Puntuazioa honela emanen da: 59 urtetik gorako biztanle kopuru handiena duen toki entitateari, gehieneko puntuazioa; gainerakoei, dagokien balio ponderatua, hiruko erregela zuzena aplikatu eta gero.

–Populazioaren sakabanaketa. Biz./km² (10 puntu gehienez).

Puntuazioa honela emanen da: biztanleen sakabanatze maila handiena duen toki entitateari (biz./km²), gehieneko puntuazioa; gainerakoei, dagokien balio ponderatua, alderantzizko hiruko erregela aplikatu eta gero.

Oharra: biztanleen sakabanatze maila handiena=km²-ko biztanle kopuru txikiena.

B.–Jarduketaren araberako balorazioa: 60 puntu gehienez.

–Inbertsioa. Inbertsiorako beharrezko zenbatekoei jarraikiz, eta aurkeztutako aurrekontuaren arabera, 3 puntu inbertsiorako beharrezko 10.000 euroko. 30 puntu gehienez.

–Kirol instalazioaren antzinatasuna. Entitateko idazkaritzaren edo idazkaritza/kontu-hartzailetzaren titularra den pertsonaren ziurtagiria eskatuko da.

• 15 urte baino gehiago: 15 puntu.

• 10 urte baino gehiago, 15 urte arte: 7 puntu.

• 5 urte baino gehiago, 10 urte arte: 2 puntu.

–Jarduketa eginen den espazio motaren arabera: 5 puntu gehienez.

• Jarduketa kirol espazioan bakarrik eginen da: 5 puntu.

• Jarduketa kirol espazioan eta espazio osagarrietan eginen da: 3 puntu.

• Jarduketa espazio osagarrietan bakarrik eginen da: 1 puntu.

–Desgaitasunaren perspektiba ezartzen laguntzen du: 5 puntu gehienez.

Proiektuak/jarduerak desgaitasuna dutenen erabilera mailari bultzada emanen dioten ekintzak dauzka, oztopoak murriztea eta diruz lagundutako kirol jarduera egitea ahalbidetuko dutenak.

Hartu beharreko neurriei buruzko txosten bat aurkeztu beharko da, arlo horretan eskumena duen teknikari batek sinatua.

–Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna laguntzen du: 5 puntu gehienez.

Txosten bat aurkeztu beharko da, arlo horretan eskumena duen teknikari batek sinatua.

6.4. Prozedura: eskaera bakoitza 6. oinarriaren 3. apartatuan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko da, eta haietako bakoitzari dagokion dirulaguntza emanen zaio, 6. oinarriaren 2. apartatuan ezarritako portzentajeak eta gehieneko kopuruak kontuan harturik.

1) Deialdi honetarako, 397.220,02 euro bideratu dira. Multzo hau hiru ataletan banatuko da (jarduketak eginen diren udalerrietako biztanleen kopuruaren arabera), honako zenbatekoekin:

a) Jarduketak 12.000 biztanletik gorako udalerri eta hiriguneetako kirol instalazioetan. 97.220,02 euro gehienez ere.

b) Jarduketak 2.000 eta 12.000 biztanle arteko udalerri eta hiriguneetan. 150.000 euro gehienez ere.

c) Jarduketak 2.000 biztanletik beherako udalerri eta hiriguneetan. 150.000 euro gehienez ere.

Lehenik eta behin, dirulaguntzaren zenbatekoa esleituko zaie honako atal honi dagozkion eskaerei: a) “Jarduketak 12.000 biztanletik gorako udalerri eta hiriguneetako kirol instalazioetan”. Baldin eta, behin aurkeztutako eskaera guztiei erantzunda, ez bada betetzen atal bati dagokion zenbatekoa, soberako zenbatekoa atal honetarako erabil daiteke: b) “Jarduketak 2.000 eta 12.000 biztanle arteko udalerri eta hiriguneetan”. Atal honi dagozkion eskaera guztiei erantzun ondoren dirua gelditzen bada, soberakoa atal honetarako erabiliko da, kreditu osoa agortu arte: c) “Jarduketak 2.000 biztanletik beherako udalerri eta hiriguneetan”.

Bi eskaera edo gehiagoren artean puntuazioan berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen toki entitatearen alde ebatziko da.

7.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

7.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena emanen du gehienez lau hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatzean ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, toki entitateek ondorioztatu beharko dute eskaera ukatu zaiela.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan agertuko dira dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da.

Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirolaren Institutuaren aurrekontuetan xede horretarako dauden kredituen menpe egonen da, baita foru agindu honen 6. oinarriaren 2. apartatuan ezarritako zenbatekoen menpe ere.

Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzak eskuratzeko.

7.3. Dirulaguntza emateko ebazpena telematikoki jakinaraziko da, entitate onuradunaren gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

7.4. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izaten bada, laguntza emateko ebazpena aldatuko da.

7.5. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin, betiere jarduketa zehatzetarako berariazko beste deialdirik ez badago. Diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Nolanahi ere, xede horretarako jasotzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu lanak bukatzean justifikatutako gastu osoaren %60a.

8.–Entitate onuradunen betebeharrak eta justifikatzeko agirien aurkezpena.

8.1. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateak dokumentazio hau aurkeztera beharturik daude, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean:

a) Behin betiko exekuzio proiektua edo memoria, hasierako oinarrizko proiektuan egindako zuzenketak eginda, kasua bada.

b) Gardentasunari buruzko aitorpenaren inprimakia. IV. eranskina.

8.2. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateek, onetsitako dirulaguntza ordaintzeko ezinbesteko baldintza gisa, 2020ko abenduaren 1a baino lehen bukatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko obrak, eta epe berean hurrengo agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Obren adjudikazioaren akta, bertan adierazita datu hauek, gutxienez: adjudikazioaren data, enpresa adjudikazioduna identifikazio datuak adierazita (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta adjudikazioaren zenbatekoa.

Obrak administrazioak egiten baditu, adjudikazioaren aktaren ordez, toki entitatearen organo eskudunak hartutako akordioa sartuko da, eta hartan adieraziko da obrak era horretan eginen direla.

b) Zuzendaritza fakultatiboaren izendapenaren akta, teknikariaren edo teknikarien identifikazio datuak adierazita (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).

c) Toki entitatearen ziurtagiria, idazkariak luzatua eta alkate udalburuak ikus-onetsita, non frogatzen baita hornitzaileak efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraituz hautatu direla: proiektuaren egileak, obra zuzendaritza, enpresa eraikitzailea eta obren prozesuan parte hartzen duten beste hornitzaile batzuk. (VI. eta VII. eranskinak).

d) Obren harrera-akta, jabeek, enpresa adjudikaziodunak eta zuzendari fakultatiboak sinatua.

e) Obra amaierako jatorrizko ziurtapena, zuzendaritza fakultatiboak, toki entitatearen ordezkari batek eta enpresa adjudikaziodunaren ordezkari batek sinatua.

f) Gastu osoari dagozkion jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, barnean direla proiektuko eta zuzendaritzako lansariak, eta dirulaguntzaren xedeko gastu guztiak ordaindu izanari buruzko ziurtagiria.

g) Euskarri informatikoa, benetan egindako obren proiektua bilduko duena, jatorrizko obren proiektuarekiko aldaketak eginda, kasua bada. Betiere, jaso beharko ditu egindakoaren memoria, behin betiko planoak, azken likidazioa eta jatorrizko egoeraren eta bukaerako egoeraren argazki dosierra.

h) Frogagiri bat, erakusteko Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoa dituen plaka bat ageriko lekuren batean jarri dela. Plaka horretan diruz lagundutako obren informazio euskarrien diseinurako finkatuta dagoen testua erabili behar da, urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan ezartzen den moduan. Foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera.

i) Ziurtagiri bat, non honako konpromiso hau hartzen baita: toki entitateek dirulaguntza jaso duen kirol instalazioa erabiltzen utziko diete, beren herriko bizilagunei bezalaxe, entitate onuraduna dagoen kirol eskualde bereko beste herri batzuetan bizi diren nafarrei ere. Halaber, entitate onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako kirol instalazioaren erabilera Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari uzteko, programa berekietarako edo hark intereseko deklaratutako entitate edo jardueretarako. Kasu hauetan erabilera doakoa izanen da. Lankidetza-hitzarmen bat formalizatzen ahalko da, diruz lagundutako instalazioaren erabilera partekatua egiteko.

8.3. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

8.4. Obrak exekutatuko dira diruz lagundutako proiektuari jarraikiz, ezertan galarazi gabe toki entitateek eskatuta gertatzen ahal diren aldaketak. Aldaketa horiek Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak baimendu beharko ditu, betiere kontuan hartuta dirulaguntzaren xede den inbertsioaren gaineko kostuaren igoerak onuradunaren bizkar izanen direla.

8.5. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateek onartu eta erraztu beharko dute Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatzen dituen frogak eta dokumentuak aurkeztea.

8.6. Nafarroako Kirolaren Institutuak, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak bitarteko, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Dirulaguntza hartzen duen erakunde onuraduna beharturik dago obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein dokumentazio ematera.

8.7. Toki entitateek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako instalazioetan apustuen publizitatea jartzea ez baimentzeko eta arlo horretan indarrean dagoen araudia betetzeko, 20 urteko epean.

9.–Dirulaguntzaren ordainketa.

9.1. Emandako laguntzak ordainduko dira Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak txostena egin ondoren, ordainaldi bakar batean, baldin eta 8. oinarriaren 2. apartatuan eskatutako frogagiriak behar den epean eta moduan aurkezten badira.

Behin obrak bukatutakoan, exekuzioaren zenbateko osoa (barnean direla proiektuko eta zuzendaritzako lansariak) hasieran aurkeztutako aurrekontua baino txikiagoa eta 100.000 eurotik gorakoa bada, emandako dirulaguntza osoki ordainduko da. Obren azken kostua 100.000 eurokoa edo txikiagoa bada, justifikatutako gastu osoaren %60 ordainduko da.

10.–Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, toki entitate onuradunek aurkeztu beharko dute telematikoki dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzaren bidez.

11.–Ez-betetzea.

11.1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datu faltsuak eman direla egiaztatzen bada edo dirulaguntzaren helburuak aldatuz gero, hura galduko da eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, deusetan ukatu gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

11.2. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez behin betiko emandako dirulaguntza bati uko egitea edo hura errebokatzea irizpide negatibotzat jotzen ahal da eskatzaileak hurrengo deialdietan aurkeztuko dituen eskaerak baloratzeko orduan, eta horiek bigarren mailako lehentasuna izanen dute ondorengo bi deialdietan.

12.–Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hauste, zehapen eta erantzukizunei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42., 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru lege horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

13.–Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

14.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F2005878