131. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

170/2020 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, deialdi publikoa onesten da diru baliabideak esleitzeko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan profesionalak kontratatzeko, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko 2020-2021 ikasturtean. DDBN identifikazioa: 508691.

2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 17ko 5/2020 Foru Legeak 29.6 artikuluan ezartzen du hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak edo gizarte edo kultur egoera ahulean daudenak dituzten Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Irakaskuntzetako ikastetxe itunduek bestelako langileak eta diru baliabideak izanen dituztela, behar diren txosten teknikoek finkatzen dutenaren arabera banatuko direnak, Hezkuntza Departamentuak onetsi beharreko deialdi publiko baten bidez.

Nafarroako Gobernuak, 2020ko maiatzaren 20ko erabakiaren bidez, 4.571.041,82 euroko urte anitzeko gastua onartu zuen. Horietatik 3.916.007,46 euro erabiliko dira finantzatzeko berariazko hezkuntza premiak dituzten ikasleei arreta emateko baliabide materialak eta giza baliabideak esleitzen dituen deialdi publikoa, eta 655.034,36 euro arreta emateko egoera soziokultural eta/edo sozioekonomiko txarrean dauden ikasleei.

Hortaz, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena ikusirik, non proposatzen baita 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan hezkuntza sostenguko berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak esleitzeko deialdi publikoa onestea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi publiko bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan, 2020-2021 ikasturtean, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei arreta emateko beharrezkoak diren baliabideak esleitzeko eta emateko, horri esker hezkuntzako konpentsazioa lortu ahal izateko, I., II. eta III. eranskinetan xedatutakoarekin bat.

2. Deialdi honen xedeko giza eta diru baliabideak finantzatzeko 4.571.041,82 euroko gastua onestea, honela banaturik:

2.1. “Hezkuntza premia berariazkoak. Irakaskuntza pribaturako dirulaguntza” izeneko 410003-41610-4811-322402 partidaren kargura, guztira 3.916.007,46 euro. Horietatik, 1.305.335,82 euro 2020ko aurrekontuaren kargura izanen dira eta, gainerakoa, 2.610.671,64 euro, 2021eko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.

2.2. “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Irakaskuntza pribaturako diru-laguntza” izeneko 410003-41610-4811-322403 partida, guztira
655.034,36 euro. Horietatik, 218.344,79 euro 2020ko gastuen aurrekontuaren kargura izanen dira eta, gainerakoa, 436.689,57 euro, 2021eko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta beronen oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuan den kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuari, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko ekainaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da baliabide ekonomikoak esleitu eta ematea Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Derrigorrezkoaren Ondoko Hezkuntzan (azken kasu honetan, eta salbuespenez, gaztelaniazko zeinu-hizkuntzaren interpreteentzako eta mugitzeko desgaitasuna duten ikasleen zaintzaileentzako bakarrik) ikasleak dituzten ikastetxe itunduei, hezkuntza laguntzako premia berariazkoak dituzten ikasleei arreta emateko profesionalak izan ditzaten 2020-21 ikasturtean.

Ikasle horiek hezkuntza sisteman aurrera egiteko, curriculumaren egokitzea behar dute, eta/edo esku-hartze berariazkoa eta sistematikoa. Horretarako, lankidetza handia behar da irakasle espezialisten edo laguntzako irakasleen eta irakasle tutorearen artean. Aniztasunari arreta emateko ohiko neurriak aplikatu ondoren emanen da laguntza hori, ikasleak eskolan integra daitezen; horretarako, metodologia aktiboak eta elkarlanekoak erabiliko dira, eta antolamendu eredu malguak, oinarrizko gaitasunen garapena ahalbidetuko dutenak (II. eranskina).

Xede horretan ikasle talde hauek sartzen dira:

–Hezkuntza-premia bereziak izateagatik (izan desgaitasun fisikoaren, intelektualaren edo zentzumenezkoaren ondorioz edo izan portaera-nahasmendu larrien ondorioz) edo ikasteko berariazko zailtasunak izateagatik hezkuntza laguntza behar duten ikasleak. Laguntza hori ondoko hauetan ezartzen da: Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 12. artikuluan eta Ikastearen nahasmenduarengatik eta arreta faltagatiko nahasmenduarengatik (hiperaktibatearekin) berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna arautzen duen Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduaren 2. artikuluan.

–Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren eta/edo egoera soziokultural ahulean dauden ikasleak, curriculumeko atzerapena dutenak (bi ikasturte edo gehiago). Nafarroako Foru Komunitateko aniztasunari nola erantzun arautzen duen ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren 23., 26. eta 27. artikuluetan aipatzen diren ikasleak dira.

Nahitaezkoa da aurreko ataletan aipaturiko ikasleak EDUCA programako dagokien erroldan egotea. Horretarako, jarraituko zaio EDUCA kudeaketarako programaren hezkuntza-laguntzako berariazko premien fitxa eguneratzeko gidan ezarritakoari. Ikastetxearen ardura da ikasle horien txostenak eta dokumentazioa eguneratuta edukitzea, ikuskatzen eskatzen ahalko baitira eta, orobat, ikasleak errolda horietan sartzen direnean familiei edo, hala dagokionean, legezko tutoreei jakinaraztea. EDUCAn agertzen ez diren ikasleak ez dira aintzat hartuko baliabideak banatzeko orduan.

Deialdi honetan ez dira sartzen Hezkuntza Bereziko ikastetxe itundu berariazkoak, ez eta gela alternatiboetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan eta Bigarren Hezkuntzako curriculum bereziko unitateetan diharduten ikasleak ere.

Bigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Aipatu ezaugarrietako ikasleak eskolatzen dituzten ikastetxe itunduek eskabide orria aurkeztu beharko dute departamentu honetako Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari zuzendua, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 5 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietan edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatzen den Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez.

Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko du eskaera.

2. Erreserban uzten diren baliabideak eskatzeko (eranskin honetako seigarren oinarrian aipatzen direnak), eskaerak aurkezteko epea 2020ko irailaren 14an bukatuko da. Oinarri honen 1. puntuan aipatzen den zerbitzu berari zuzenduko zaizkio, eta leku beretan aurkeztuko.

Hirugarren oinarria.–Eskaerarako aurkeztu beharreko agiriak.

1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako baliabideak eskatzeko, honako hau aurkeztu behar da:

a) Baliabideen eskaera-orria, ikastetxean berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleei arreta emateko profesionalez hornitzeko.

Laugarren oinarria.–Deialdi honen ebazpenean ematen diren baliabideen kudeaketa eta ordainketa.

1. Irakasleen soldatak, antzinatasuna eta karga sozialak Administrazioak ordainduko ditu zuzenean, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan harremana galarazi gabe. Horrek ez du inolako lan harremanik sortuko Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren IV. tituluaren arabera.

2. Etxeko hezkuntza-arretarako irakasleen soldata, antzinatasuna eta karga sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean, eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dizkio titularrari, bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxeko titularrak, diru-sarrera horiek justifikatzeko, kontratua aurkeztuko du, jarduera hastean, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean.

3. Gainerako giza baliabideen –irakasle ez diren langile osagarrien– soldata, antzinatasuna eta karga sozialak ikastetxeko titularrak ordainduko ditu zuzenean eta Hezkuntza Administrazioak konpentsatuko dio ikastetxeko titularrari bi hilabetez behin egindako ordainketen bitartez. Ikastetxeko titularrak, diru-sarrera horiek justifikatzeko, kontratua aurkeztuko du, jarduera hastean, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean.

4. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ituna formalizatzeko dokumentuan, non jasotzen baitira Hezkuntza Administrazioak eta ikastetxe itunduaren titularrak elkarrekin dituzten eskubide eta eginbeharrak, klausula gehigarri batean jasoko dira ikastetxe itundu bakoitzerako ebazpen honen ebazpenaren ondorioz onesten diren baliabideak.

5. Deialdi honen bitartez giza baliabideak jaso ahal izateko, ikastetxe itunduek aplikatu egin beharko dituzte Hezkuntza Administrazioaren eta irakaskuntza pribatuko enpresa erakundeen eta sindikatuen artean adostutako neurriak, hain zuzen, ebazpen honen 5. oinarrian aipatzen diren dirulaguntzak eta itunak iraungitzearen ondorioz ukitutako irakasleak eta langile osagarriak birkokatzekoak. Giza baliabidea emanen da baldin eta ikasleak ikastetxean jarraitzen badu eta baliabide horren beharra baldin badago.

Bosgarren oinarria.–Baliabide ekonomikoak.

1. Deialdi honen xederako kreditua, hots, hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten eta egoera ahulean dauden ikasleei arreta emateko langileak kontratatzeko, 4.571.041,82 euro izanen da guztira gutxi gorabehera, partida hauen kargura:

1.1. “Hezkuntza premia berariazkoak. Irakaskuntza pribaturako dirulaguntza” izeneko 410003-41610-4811-322402 partidaren kargura, guztira 3.916.007,46 euro. Horietatik, 1.305.335,82 euro 2020ko aurrekontuaren kargura izanen dira eta, gainerakoa, 2.610.671,64 euro, 2021eko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.

1.2. “Immigrazioa eta gutxiengo kulturalak. Irakaskuntza pribaturako diru-laguntza” izeneko 410003-41610-4811-322403 partida, guztira
655.034,36 euro. Horietatik, 218.344,79 euro 2020ko gastuen aurrekontuaren kargura izanen dira eta, gainerakoa, 436.689,57 euro, 2021eko gastuen aurrekontuan izen berarekin gaituko den partidaren kargura.

2. 2020-2021 ikasturterako, hasierako esleipenean, honenbeste laguntza-ordu banatzen ahalko dira gehienez, espezialitateen arabera:

a) 1.610 ikastordu astean, pedagogia terapeutikoko irakasleek emanak hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat.

b) 310 ordu astean, entzumen eta hizkuntzako irakasleek emanak Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan.

c) 515 ordu astean, desgaitasunak dituzten ikasleendako zaintzaileekin.

d) 5 ordu astean, gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpretazioko goi mailako teknikariarekin.

e) Egoera soziokultural ahulean dauden eta bi ikasturte edo gehiagoko curriculumeko atzerapena duten ikasleendako irakasleen 350 ikastordu astean, Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako.

Espezialitate bakoitzerako onartutako orduen kopurua aldatzen ahalko da, betiere gastua, osotara, esleitutako kopurua baino handiagoa ez bada.

Seigarren oinarria.–Aparteko deialdia.

Ordu kopuru bat erreserban utziko da, honako hauetarako:

1. Bigarren oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik irailaren 15era bitarte sortzen diren premia berriei aurre egiteko (III. eranskinak arautuko du).

2. Ikasturtean zehar ikasle gaixoen edo eriondoen etxeko hezkuntza-arretarako.

a) 90 ordu astean, pedagogia terapeutikoko irakasleek emanak hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleentzat.

b) 30 ordu astean, entzumena eta hizkuntzako irakasleek emanak.

c) 40 ordu astean, desgaitasunak dituzten ikasleendako zaintzaileekin.

d) 5 ordu astean, gaztelaniazko zeinuen hizkuntzaren interpretatzailearekin.

e) 10 ordu, sostenguko irakasleekin.

Zazpigarren oinarria.–Deialdiaren prozedura, ebazpena eta justifikazioa.

1. Batzorde bat eratuko da baliabideak esleitzeko. Honako hauek osatuko dute:

Batzordeko burua:

–Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

–Inklusio Ataleko burua.

–Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

–Inklusio Proiektuetarako Bulegoko burua.

–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) zuzendaria.

–Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko bi profesional, zuzendariak izendatuak.

Idazkaria:

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.

2. Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko batzorde tekniko bati eskatuko dio baliabideak esleitzeari buruzko proposamen bat egin dezala.

Proposamen horretan hau jasoko da:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Ikasleak eskolatzen laguntzeko behar diren giza baliabideen proposamena.

3. Batzorde teknikoaren proposamena kontuan hartu behar da deialdia ebazterakoan.

Aurkeztutako premietarako kalkulatzen diren orduek bosgarren oinarrian gehienez ezarritako ordu kopurua gainditzen badute, ordu horiek hainbanatuko dira ikastetxeen artean.

4. Balorazio-prozesua ohiko epean amaitzen denean, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak baliabideen behin-behineko proposamena eginen du, eta Hezkuntzako zuzendari nagusiak behin-behineko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpenetarako. Ebazpen horren kontra alegazioak eta/edo erreklamazioak aurkezten ahalko dira, 10 egun balioduneko epean, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen).

Ikastetxeen erregistro berezian ikastetxearen titular gisa agertzen denak aurkeztu beharko ditu alegazioak, ikastetxearen izena adierazita.

5. Epe hori amaitutakoan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak erreklamazioak ebatziko ditu, eta errekurtsoak emateko behin betiko ebazpen-proposamena eginen dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari.

Esleitzen diren giza baliabideekin arreta eman beharko zaie hezkuntza premiak dituzten ikasle guztiei, eta ikastetxearen eskumena da baliabide horiek antolatu eta kudeatzea.

6. Aparteko deialdian zehazten diren erreserba-orduak (seigarren oinarria), Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, eskaerak baloratu behar dituen Batzordeak txostena berretsi ondoren, 2020-2021 ikasturtea hasita sortzen diren premia larrien arabera.

7. Erreserban dauden baliabide horiek agortzen ez badira, behar berririk ez baitago, erreserban mantenduko dira ikasturtea bukatu bitartean sortu daitezkeen beharretarako.

8. Hezkuntza Departamentuak bere webgunean argitaratuko du behin betiko ebazpena, non ikastetxe interesdunek egiten dituzten erreklamazioen ondoriozko aldaketak sartuko baitira, halakorik badago, bai eta erreserba epean emandako baliabide berriak ere. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

9. Emandako baliabideak nola erabili diren honen bidez justifikatu beharko da:

9.1. Ikastetxeko titularrak, sarrera horiek justifikatzeko, Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalean aurkeztuko du, urtarrilean, maiatzean eta irailean, langile osagarriek sinatutako adierazpen bat, egun horretaraino dagozkion kobrantzak eginak dituztela dioena, baita ikastetxearen ziurtagiri bat ere, azaltzen duena epe horretarako Gizarte Segurantzari dagozkion zenbatekoak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kontura egindako atxikipenak, behar bezala zehazturik, ordaindu direla.

Ikasturtearen hasieran, langile osagarrien kontratuak aurkeztuko dira, Hezkuntza Administrazioak haien soldaten eta antzinatasunaren berri izan dezan.

Beren ikastetxeetan lan egiten duten erlijiosoek, Vatikanoaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako akordioak direla-eta PFEZa ordaintzetik salbuetsirik badaude, aurreko urteko sozietateen gaineko zergaren aitorpenean zerga horren baliokide diren ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, eta, hala behar denean, langile autonomoen araubide bereziaren bidez Gizarte Segurantzari eginiko ordainketen agiriak.

9.2. Ikastetxeak behartuta daude 2020ko azaroaren 30a baino lehen informatzera, EDUCA programaren bidez, hezkuntza premia bereziak izateagatik edo egoera ahulean egoteagatik hezkuntza laguntzako premiak dituzten ikasleei arreta emateko orduak nola erabili diren.

II. ERANSKINA

Hezkuntza laguntzako premiak dituzten ikasleei arreta emateko orientabideak

Arrazoia edozein dela ere, eskolatze prozesua bitartean hezkuntza laguntzako premia berariazkoren bat duten ikasleei arreta egokia eman behar zaie.

Horrenbestez, antolamenduaren eta pedagogiaren aldetik erabakiak hartu behar dira proposatutako neurriei segimendua egiteko, betiere ikastetxeetan irakasle taldearen koordinazioa bultzatuz eta hezkuntzako inklusioaren printzipioa errespetatuz.

Hezkuntzako etapa guztietan, hezkuntza babestu eta indartzeko neurriak, ahal dela, ikaslearen erreferentziako ikasgelan berean planifikatuko dira. Besteak beste, antolaketa eta metodologia neurri hauek hartuko dira, elkarlana oinarri: talde elkarreragileak, ikasgelan bi irakasle jartzea, berdinen arteko ikaskuntza, lan proiektuak, tailerrak, txokoak...

Komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan beharrak dituzten ikasleekin esku-hartzeko orientabideak:

–Haur Hezkuntzan, Entzumena eta Hizkuntza arloko profesionalek (EH) arreta berezia emanen diete, desgaitasun intelektual, fisiko edo zentzumenezko baten ondorioz, komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan hezkuntza premiak dituzten ikasleei. Haur Hezkuntzan, Entzumen eta Hizkuntza/EH arloko profesionalak eta Pedagogia Terapeutikoko maisu-maistrek, atzerapen edo nahaste latzengatik hezkuntzan eta komunikazioan oztopo larriak dituzten ikasleei lagunduko diete, curriculumean sartzea eragozten dutenean eta ikasteko arazo larriak ekartzen dituztenean.

–Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarte, desgaitasunaren ondoriozko hezkuntza premia bereziak izanik mintzamenean eta komunikazioan garapen funtzional bat lortu duten ikasleei dagokienez, mintzamenaren eta idazmenaren arloko premiei arreta ematea, batez ere, Pedagogia Terapeutikoko profesionalen ardura izanen da.

–Irakurmenaren eta idazmenaren nahastearen kasuetan, Lehen Hezkuntzan Entzumena eta Hizkuntza/EH arloko profesionalen eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Pedagogia Terapeutikoko profesionalen esku-hartzearen helburu nagusia irakurri eta idazteko prozesuak birgaitzea izanen da. Nahaste horren ondoriozko beste arlo batzuetan gertatzen diren curriculum atzerapenei heltzeko, ikastetxeak aniztasunari arreta emateko garatzen dituen beste neurri batzuk aplikatuko dira.

–Ahalik eta gazteen hastea lehenetsiko da, eta ikasle berarekin profesional bat baino gehiago ez aritzea, bana-banako arreta beharrezkoa den kasuetan. Arreta hori salbuespenekoa izanen da beti, eta ongi koordinatuta egonen da; ahal den guztietan, ohiko ikasgelan edo talde txikitan lan eginen da.

III. ERANSKINA

Aniztasunari erantzuteko baliabideak epe berezian berrikusteko prozesua

Baliabideen berrikuspena eska daiteke, deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea ixten den egunean, eskaeran sartu diren ikasleak ez badaude jadanik EDUCA erroldan sartuak eta jarraian azaldutako irizpideak betetzen badituzte.

Baliabideak ohiz kanpoko epean eskatuz gero, eskabide-orriari orientazio txostenak erantsi beharko zaizkio:

9.–Berandu eskolatu den edo/eta egoera soziokultural ahulean dagoen ikaslearen txostena.

13.–PTko eta EHko baliabideak eskatzeko txostena.

14.–Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako zaintzaileen baliabidea eskatzeko txostena.

–Pedagogia Terapeutikoa.

PTko baliabidea epe berezian kasu hauetan berrikusiko da:

1. Askotariko desgaitasuna duten ikasleak EDUCAren erroldan sartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Adimen desgaitasun “larri edo oso larria (20-25-40tik 35-40ra) edo Adimen desgaitasun sakona (20-25etik behera)

–Disfuntzio oso larria mugimenean (mugimendua oso murriztuta dago).

–Desgaitasun sentsorial larria edo oso larria.

Gaur egun EDUCAren egituran loturiko bi ardatz izan daitezke soilik. Hori dela-eta, askotariko desgaitasuna arrazoitzeko hirugarren inguruabarra oharretan sartu beharko da:

Adibidez:

Ardatz nagusia: Askotariko desgaitasuna.

Loturiko 1. ardatza: Adimen desgaitasun larri edo oso larria (20-25-40tik 35-40ra bitartean).

Loturiko 2. ardatza: Haurren garun-paralisia.

Oharrak: Hipoakusia oso larria (70 dBtik 90ra bitartean).

2. Desgaitasun psikikoari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, baldin eta bi urte edo gehiagoko curriculum atzerapena badute.

MATRIKULA KOPURU OSOA, IKASTETXEAN

FAKTOREA

1 eta 50 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituen ikasle berri bat izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke.

51 eta 100 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituzten bi ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 5 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek ikasle berri bati dagokion baliabidea eska dezakete).

101 eta 200 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituzten hiru ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 15 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek bi ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete).

200 ikasle baino gehiago

Ezaugarri hauek dituzten lau ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (PTko 20 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek hiru ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete).

3. Desgaitasun sentsoriala (ikusmenarena, entzumenarena eta/edo mugimenduarena) duten ikasleak, baldin eta (HE/CE) sarbide-egokitzapena badute eta/edo curriculum egokitzapen esanguratsua badute, eta jokabidearen nahaste larria duten ikasleak. Inklusio Atalak baloratuko ditu ikasle hauen premiak, eta, behar izanez gero, argibideak eskatuko ditu.

Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.

–Entzumena eta Hizkuntza.

EHko baliabidea epe berezian kasu hauetan berrikusiko da:

1. Askotariko desgaitasuna duten ikasleak (*ikus gorago eman definizioa).

2. Desgaitasun psikikoarekin lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak, baldin eta bi urte edo gehiagoko curriculum atzerapena badute eta/edo HBN diagnostikoa duten ikasleak, baldin eta bi urte edo gehiagoko curriculum atzerapena badute.

ZENBAT IKASLE IKASTETXEAN

FAKTOREA

1 eta 100 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituen ikasle berri bat izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke.

101 eta 200 ikasle artean

Ezaugarri hauek dituzten bi ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (EHko 5 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek ikasle berri bati dagokion baliabidea eska dezakete).

200 ikasle baino gehiago

Ezaugarri hauek dituzten hiru ikasle berri izanez gero, baliabide hau berrikustea eska daiteke (EHko 15 saio baino gutxiago dituzten ikastetxeek bi ikasle berriri dagokien baliabidea eska dezakete).

3. Desgaitasun sentsoriala (entzumenarena eta/edo mugimenduarena) duten ikasleak, (HE/CE) sarbide-egokitzapena eta/edo curriculum egokitzapen esanguratsua badituzte. Inklusio Atalak baloratuko ditu ikasle hauen premiak, eta, behar izanez gero, argibideak eskatuko ditu.

Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.

–Lehen eta Bigarren Hezkuntzako laguntzako irakasleak.

1. Epe berezian, hezkuntzan berandu sartu diren eta hizkuntza ezagutzen ez duten 6 ikasle, gutxienez, hartu izana.

Baliabideak esleituko dira erabilgarri dauden orduen arabera.

Iragarkiaren kodea: F2005473