130. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 15a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

202/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez malgutze neurriak hartzen baitira gizarte zerbitzuen arloan, hain zuzen ere adinekoei, desgaitasuna dutenei eta adingabeei arreta ematekoetan, COVID-19aren pandemia iragan ondoren.

ATARIKOA

Osasunaren Munduko Erakundeak, 2020ko martxoaren 11n, nazioarteko pandemia deklaratu zuen COVID-19ak osasun publikoan eragin duen larrialdi egoera. Espainian, egoera horri erantzuteko, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua eman da, zeinaren bidez alarma egoera deklaratzen baita COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 6ko 158/2020 Foru Aginduaren bidez, prebentzio neurriak eta gomendioak ezarri ziren adinekoei, desgaitasuna dutenei eta adingabeei arreta ematen dieten gizarte zerbitzuen arloan, kutsatzeko arriskua ahal zen txikiena izan zedin, pandemiaren bilakaera epidemiologikoarekin lotuta.

Joan zen maiatzaren lehenaz geroztik, osasun krisiaren bilakaerak aukera eman du malgutze neurriak hartzeko, “normaltasun berria” ezartzeko helburuarekin, Osasun Ministerioaren gomendioei eta horren inguruan eman diren aginduei jarraituz.

Maiatzaren 23ko SND/440/2020 Aginduak, normaltasun berri baterako trantsizio plana aplikatuz COVID-19ak eragindako osasun krisia hobeki kudeatzeko emandako zenbait agindu aldatzen dituenak, bosgarren artikuluko bigarren apartatuan aldatzen du maiatzaren 16ko SND/414/2020 Agindua, tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan bisitak egiteari dagokionez; aginduak gaikuntza ematen die autonomia erkidegoei beren lurraldean baimentzekoegoiliar horiek bisitak jasotzea eta paseoak egitea, bai eta arautzeko ere zer baldintza eta betebehar bete beharko diren bisita eta paseo horietarako.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 25eko 161/2020 Foru Aginduaren bidez, baldintzak eta betebeharrak ezartzen dira bisitak jasotzeko tutoretzapeko etxebizitzetan, desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan.

Oraingo testuinguru epidemiologikoan posible ikusten da neurriak hartzea beste jarduera batzuk berreskuratzeko, zerbitzu horien erabiltzaileen ongizaterako beharrezkotzat jotzen direnak alegia, bai eta kontziliaziorarekin lotutakoak ere, haurtzaindegien kasuan, adibidez; horrez gain, malgutu daitezke desgaitasuna dutenen eta adinekoen egoitzetan bisitak jasotzeko betebeharrak eta baldintzak, eta egoitza horietatik irteerak egiteko baldintzak ezarri.

Horiek guztiak horrela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 e) artikuluan ezarritakoaren babesean,

AGINTZEN DUT:

1. Neurriak eta gomendioak adinekoen arloan.

1.–Egoitzak:

a) Bisitak baimentzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 25eko 161/2020 Foru Aginduan adierazitako baldintzekin, egoitza guztietan, egoiliarren artean COVID-19a izan dezakeen norbait dutenak edo gaixo batekin harreman estua izateagatik berrogeialdian dagoen norbait dutenak barne. Egoitza egoera horretan egonez gero, bisitak egiten ahalko dira baldin eta modu egokian banatuta badaude bakartzeko espazioak, hau da, COVID-19a dutenak benetan bereizita daudela ziurtatzeko moduan; nolanahi ere, komeni da bisitak egoitzaren eraikinetatik kanpoaldean egitea. Era berean, egoiliar bakoitzak bi pertsonaren bisita jaso dezake aldi berean, pertsona horiek elkarrekin bizi baldin badira.

b) Egoiliarren irteerak baimentzea. Prebentzio neurri egokiak bermatzeko, egoitzetako arduradunek behar diren antolaketa arauak ezarriko dituzte irteera horiek pixkanaka eta urratsez urrats egin daitezen, egoitza bakoitzaren baldintzen arabera, egoiliar guztien segurtasuna babestuta egon dadin. Egoitzatik ateratzen ahalko dira soilik COVID-19a ez dutenak eta gaixo batekin harreman estua izateagatik berrogeialdian ez daudenak, eta foru agindu honen I. eranskinean jasotako baldintzak betez, betiere.

c) Oro har, baimenduta daude aldi baterako egonaldiak eta ahaideei atseden ematekoak, egoiliar berrien kasuan bete beharreko neurriei buruz NOPLOIk zehaztutako irizpideak aplikatuz. Halaber, baimena ematen da beste egoitza batetik datozen pertsonak sartzeko.

2.–Autonomia sustatzeko zerbitzuak:

Autonomia sustatzeko zerbitzuei ekiten ahalko zaie, hala nola, jubilotekei, baldin eta bermatzen badute eguneko zentroentzat eskatzen diren prebentzio neurriak betetzen direla.

2. Neurriak eta gomendioak desgaitasuna duten pertsonen arloan:

1.–Egoitzak:

a) Bisitak baimentzea adinekoen zentroetarako ezarritako baldintza berberetan.

b) Egoiliarrak ahaide batek lagunduta ateratzen ahalko dira.

c) Egoiliar berriak sartzen ahal dira. Aldi baterako egonaldiak justifikatutako premia kasuetan baizik ez dira eginen, eta horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak baimendu beharko ditu.

2.–Errehabilitazio psiko-sozialeko zentroak:

Errehabilitazio psiko-sozialeko zentroetako zerbitzuak hasten ahal dira berriz, baldin eta prebentzio neurriak eta distantzia fisikoa mantentzen ahal badira, indarreko arauetan eskatu bezala.

3. Neurriak eta gomendioak adingabeen zerbitzuen arloan:

1.–Egoitzetako harrera programa, familiako harrera, ebazpen judizialen betearazpena, eguneko zentroa, bitartekaritza eta orientazio zerbitzuak eta familia elkartzeko guneak.

Programa guztietan jarduera presentziala hasiko da berriz, baina indarreko arauetan ezarritako prebentzio neurriak, higienekoak eta distantzia fisikokoak betetzea nahitaezkoa izanen da.

2.–Etxe lagunak. Jardunean hasten ahalko dira berriz, foru agindu honen II. eranskinean jasotzen diren prebentzio neurriak betez betiere.

3.–Haurtzaindegiak edo haien parekoak, haur-eskolak ez direnak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren ondorioetarako (foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri ziren). Jardunean hasten ahalko dira berriz baina aforoa murriztuta, haien edukieraren edo ohiko gehieneko ratioaren %60ra, eta hezitzaile ratio honekin: 0-1 urteko haurren kasuan, 5 haurtxo hezitzaile bakoitzeko; 1-2 urteko haurren kasuan, 8 haur hezitzaile bakoitzeko; 2-3 urtekoen kasuan (eta hortik gora): 10 haur hezitzaile bakoitzeko. Adin-tarte bateko eta besteko haurrak nahasten badira, dauden tarteetako ratioen batez bestekoa egin beharko da. II. eranskinean jasotzen diren prebentzio neurriak bete beharko dituzte.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta ukitutako toki entitateei eta zerbitzuei igortzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Adinekoen egoitzetako egoiliarrak bertatik ateratzeko baldintzak

Prebentzio neurri egokiak bermatzeko, egoitzetako arduradunek behar diren antolaketa arauak ezarriko dituzte irteera horiek pixkanaka eta urratsez urrats egin daitezen, egoitza bakoitzaren baldintzen arabera, egoiliar guztien segurtasuna babestuta egon dadin.

Egoitzatik ateratzen ahalko dira soilik COVID-19 gaitza ez dutenak eta gaixo batekin harreman estua izateagatik berrogeialdian ez daudenak.

Baldintza hauek ezartzen dira irteera horiek egin ahal izateko:

–Egoiliarrentzat prestakuntza eta informazio saioak egitea higienerako prebentzio neurriei buruz: distantzia fisikoa gordetzen trebatzea, arnas higienea, maskararen erabilera egokia eta, batez ere, eskuen garbiketa (edo gel hidroalkoholikoen erabilera).

–Egoitzatik ateratzeko protokolo bat prestatzea: eskuen higienea eta maskararen erabilera egiaztatuko dira.

–Egoitzara itzultzeko protokoloa prestatzea: ziurtatuko da ezarritako zirkuitua betetzen dela, urrats hauek eginez: maskara kentzea, eskuak garbitzea eta egoitzak berak erabakitzen dituen beste batzuk.

–Erregistratuko da zer egun eta ordutan ateratzen diren erabiltzaileak eta norekin, kasu guztietan. Erregistratuko da, halaber, egoiliarrak norekin izan duen harreman estua kanpoan izan den bitartean (beharrezkoa da, ondoren harremanak aztertu ahal izateko). Era berean, sintomak aldizka kontrolatzeko sistema bat ezarriko da, COVID-19arekin bateragarria den klinika detektatzeko.

–Egoitzako arduradunek beharrezkotzat joz gero, bertako profesionalak joan daitezke egoiliarrekin lehen irteeran, prebentzio neurriak betetzen laguntzeko.

–Irteerak laguntzaile batekin ere egin daitezke (ahaide bat edo gertuko norbait), baldin eta, bisitan doazenen kasuan bezala, ziurtatzen bada laguntzaile horrek ez duela COVID-19a eta ez dagoela berrogeialdian, eta hitz ematen badu higiene gomendioak beteko dituela.

II. ERANSKINA

COVID-19aren aurkako prebentzio neurriak haurtzaindegietan eta lagun etxeetan eta espazioaren erabilera haur eskoletan

Normaltasun Berrirako Trantsizio Planak, 2020ko apirilaren 28an onartutakoak, ezartzen du 2. fasean aukera dagoela 6 urte artekoen haur hezkuntza irekitzeko, familian bi gurasoek lan presentziala egin behar dutenean malgutzeko aukerarik gabe, eta, horrelakoetan, eskolako aforoa mugatu egonen dela.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak jakinarazi du ez dela bidezkoa hezkuntza baliabiderik bat ere irekitzea, haur eskolak barne.

Halere, arlo honetako zenbait baliabide, haurtzaindegiak eta lagun etxeak, adibidez, lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko zerbitzutzat hartzen dira, eta jarduera ekonomiko pribatu moduan aritzen dira. Haurtzaindegietan 0tik 6 urtera bitarteko haurrak egoten dira, eta lagun etxeetan 0tik 3 urtera bitartekoak.

Instalazio horietan, COVID-19ari dagokionez, zerbitzuak seguruak izan daitezen bai profesionalentzat bai erabiltzaileentzat, beharrezkoak dira jarduteko jarraibide eta gomendio batzuk, nahitaez bete beharrekoak.

Horregatik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak agiri hau prestatu du, bertan biltzeko prebentziorako gomendio orokorren bilduma bat, zentro horietako langileen eta erabiltzaileen osasuna COVID-19aren aurrean babestuta egon dadila ziurtatzeko.

Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren aholkularitzarekin, enpresa bakoitzak bere jarduerarako beharrezkoak diren neurri espezifikoak definituko ditu, eta langileei edo haien ordezkariei kontsulta eginen die eta haien partaidetza izanen du neurri horiek hartzeko.

Gaixorik dauden langileak, eta bereziki sentiberak direnak

–Jakinaraziko zaie langileei ez dutela lantokira joan beharko COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna, edo bestelakoak, hala nola, usaimenik ez, dastamenik ez, giharretako mina, diarreak, bularraldeko mina edo buruko mina...) baldin badituzte edo sintomak dituen batekin harreman estua(1) izan badu azken 14 egunetan. Langileak berehala deituko du osasun etxera eta, baja medikoa hartzen badu, enpresari horren berri emanen dio. Sintomak lanpostuan egonik agertzen badira, langileak horren berri emanen dio arduradunari eta arduradunak sintomaduna bakartuko du (maskara kirurgiko bat emanen dio) eta osasun etxera igorriko du.

–Enpresak bere Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko Osasuna Zaintzeko Unitateari adieraziko dizkio COVID-19 kasu guztiak, hurbil-hurbileko kontaktuen gaineko aholkuak eman diezazkion. Lantokian hurbil-hurbileko kontaktuak identifikatzen badira, etxean bakartzeko aginduko da eta NOPLOIko Lan Osasunaren Zerbitzuari jakinaraziko zaio, hark kontseiluko erizaintzari horren berri emateko, hurbil-hurbileko kontaktuen jarraipen aktiboa egin dezan.

–Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuko osasuna zaintzeko arloak identifikatu beharko ditu arrisku honekin bereziki sentiberak diren langileak.

–Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak baloratuko du langile horiek lanean jarrai dezaketen ordura arte bezala, haien lanpostua egokitu ondoan edo arriskurik gabeko lanpostu batera aldatu ondoan. Balorazio horren emaitzetan, argi deskribatu beharko da zer egokitzapen-neurri espezifiko proposatzen diren sentibera den langilea babesteko.

–Aurreko puntuan ezarritako neurriak ezin badira aplikatu, langilea lanpostutik kendu behar da, prebentzioz, osasun arloko alarma egoerak dirauen bitartean.

–Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak egoera horren berri emanen dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuari, eta hark laneko baja tramitatuko du, langilea bakartuta egon dadin alarma egoera indarrean den bitartean”.

Zentroko erabiltzaile eta bereziki sentiberak diren haurrak

–Ahaideei jakinaraziko zaie haurrek sukarra, arnasketa sintomarik edo digestio sintomarik izanez gero, ez dutela zentrora joan behar. Sintomak desagertutakoan, beste hiru egun gehiago egon beharko dute etxean.

–Ahaideei gomendatzen zaie oso modu aktiboan begiratu dezatela sintomarik agertzen ote den, sintomak dituzten haurrak etxean bakartzeko eta berrogeialdia betetzeko.

–Haurren batek sukarra edo arnasketa zein digestio sintomaren bat baldin badu, gainerako haurrengandik bereiziko da, berehalakoan, eta ahaideei abisatuko zaie haurraren bila etor daitezen eta pediatrari kontsulta egin diezaioten.

–Haurren batek COVID-19a duela konfirmatuz gero, Osasun Departamentuak emandako jarraibideei jarraikiko zaie, hurbil-hurbileko kontaktuak identifikatzeko eta behar bezala bakartzeko.

–Sortzetiko patologiak dituzten haurren ahaideei jakinaraziko zaie, haurra zentrora bidali baino lehen, pediatraren oniritzia beharko dutela, horrelako eritasunak dituzten pertsonak bereziki zaurgarriak baitira COVID-19aren aurrean.

Profesionalak eta erabiltzaileak nola sartu eta atera zentrotik

–Ibilgailua partekatu behar izanez gero, unean-unean indarrean dauden eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak ofizialki argitaratzen dituen jarraibideak beteko dira, baita ibilgailu bakoitzak dituen okupazio mugen zein maskara higieniko/kirurgikoaren erabileraren gainekoak ere.

–Langileen sarrera eta irteerak mailaz mailakoak izanen dira, pertsonen artean 2 metroko distantzea uzten dela bermatzeko; orobat, aldagelen barrura sartzen diren pertsonen kopurua mugatuko da, 2 metroko tartea bermatu ahal izateko.

–Haurrak mailaz maila iritsi eta aterako dira zentrotik, jende-pilaketak saihesteko: talde bereizitan sartu eta aterako dira, eta horretarako ordutegiak malgutuko dira, ahaide eta haur guztiek bat egin ez dezaten. Ahal bada, ikastetxean beste sarbide/aterabide bat egokituko da, sartzeko eta ateratzeko bideak ezberdinak izan daitezen. Langileak ikastetxeko sarreratik kanpo egonen dira ahaideen zain, ahaideak/laguntzaileak barrura sar ez daitezen.

–Kanpoko langileak lantokira sartzea mugatuko da, jarduera garatzeko funtsezkoak ez badira.

–Hatz-marka bidez fitxatzeko sistemak saihestuko dira; horiek mantenduz gero, disoluzio hidroalkoholiko bat jarriko da langileen eskura, fitxatu aurretik eta ondoren erabiltzeko.

–Haurren kotxe eta aulki gurpildunak zentroaren barruan uztea saihestuko da.

–Haurrek ez dute jostailurik edo bestelako gauzarik eraman behar zentrora.

Lanaren, guneen eta ratioen antolaketa

–Hauxe da zentro bakoitzak hartzen ahalko duen gehieneko haur kopurua: bere edukieraren edo ohiko gehieneko ratioaren %60; eta hezitzaile ratio honekin: 0-1 urteko haurren kasuan, 5 haurtxo hezitzaile bakoitzeko; 1-2 urteko haurren kasuan, 8 haur hezitzaile bakoitzeko; eta 2-3 urtekoen kasuan (eta hortik gora), 10 haur hezitzaile bakoitzeko. Adin-tarte bateko eta besteko haurrak nahasten badira, dauden tarteetako ratioen batez bestekoa egin beharko da.

–Birusa ahalik eta gutxien heda dadin eta haurren arteko kontaktuak murrizteko asmoz, ahaleginak eginen dira profesional bakoitzak haur talde bakar batekin lan egin dezan lanaldi osoan eta gune berean, zaintzaileak talde betetik bestera ibili gabe, salbu eta beste profesional baten sostengua beharrezkoa den egoeretan.

–Gomendatzen da haur taldeek ez erabiltzea egun berean gune berberak batak bestearen atzetik. Hori ezinezkoa bada, talde bakoitzak erabili ondoren desinfektatu beharko da.

–Jarduera kolektiboak (patioa, jantokia edo lo-kuluxka) 5 haurreko taldetan eginen dira, eta horretarako beharrezkoak diren txandak prestatuko dira.

–Gomendatzen da talde bateko eta besteko haurrak ez elkartzea jarduerak egiteko.

–Ikasmahaiak, ikasgelak, jostailuak eta eskola-materiala ez dira talde batekin eta bestearekin partekatuko.

–Aztertuko da ea posible den eremu komunetan zirkulazio bide bakar bat izatea ibilbide seinaleztatuetatik mugitzeko, betiere ezarritako gutxieneko tartea utzita. Posible ez bada, haur taldeak korridoretik kanpo edukiko dira beste talde bat korridoretik igarotzen den bitartean.

–Eremu komunetan, orobat, haur taldeen arteko segurtasun tartea bermatuko da. Posible ez bada, guneak bereizteko seinaleak jarriko dira lurrean, edo behar bezala identifikatutako neurri fisikoak (manpara zurrunak, plastiko gogorrekoak, metakrilatozkoak, kristalezkoak,...), garbitzeko eta desinfektatzeko errazak.

Lokalen eta lan ekipoen higienea

–Jantokietan, profesionalek eta haurrek eskuak garbituko dituzte bazkari eta askari bakoitzaren aurretik. Mailaz mailaka eginen dira bazkariak, eta ongi garbitu eta desinfektatuko da taldeen artean. Bazkarian, 2 metroko tartea utziko da, ahal dela, haurren artean. Garrantzitsua da bermatzea haurrek ez dutela janaririk edo mahai-tresnarik trukatzen, ez nahita ez oharkabean (esaterako, janarien zipriztinak).

–Siestan, komeni da 2 metroko tartea uztea koltxoneten artean, haurrei eskuak garbitzea, bai siestaren aurretik, bai siestaren ondotik, eta maindireak aldatzea, eta, ahal bada, egunero garbitzea.

–Bermatuko da lokala ongi aireztatzen dela. Instalazioak aldian behin aireztatu behar dira, gutxienez egunean behin, eta haizeberritzeko beharrezkoa den denbora tartean. Haizeberritzea areagotuko da (naturala edo mekanikoa), eta iragazkiak maizago garbituko. Klimatizazio sistemetan, birzirkulazioa murriztu eta kanpoko aire garbiaren ekarpena handituko da.

–Ikasgeletako ateak zabalik utziko dira, eskulekuak eta maratilak ez ukitzeko eta aire naturalaren zirkulazio jarraitua bultzatzeko.

–Gutxienez egunean bitan, instalazioak garbitu eta desinfektatuko dira, arreta berezia jarriz gehien ukitzen diren azaleretan: sukaldeko ekipoak, lapikoak, komunak, armairuak, eta abar. Hobeki garbituko dira plastikozko eta altzairuzko azalerak(2), bereziki, ukitzen diren azalerak: eskulekuak, eskailerak, eskudelak, lanerako azalerak, eta abar.

–Garbiketa bat eguna bukatutakoan eginen da nahitaez (ikusi garbiketa eta desinfekzioaren atala).

–Gutxienez egunean bitan garbitu eta desinfektatuko dira haurrek gehien erabiltzen dituzten jostailuak eta material didaktikoa, eta garbitzen zailak diren gauzak/jostailuak kenduko dira. Gainera, saihestuko da etxeko jostailu partikularrak sartzea.

–Eremu komunetan eta lanpostuetatik hurbil, gel hidroalkoholikoak jarriko dira, baita erabili eta botatzeko paperezko zapiak eta hondakinak uzteko zakarrontziak ere. Zakarrontziei dagokienez, estalkia eta pedala izanen dituzte, baita poltsa ere, hara botatzeko zapiak eta bota beharreko beste edozein material. Paperontziak maiz hustu beharko dira, egunean behin gutxienez.

–Langileei bina armairu emanen zaizkie, bata etxetik eramaten dituzten gauza pertsonalak eta arropa uzteko, eta bestea laneko arropa gordetzeko, hala nola desinfektaturik dauden uniformeak edo zapatak (armairuan gorde baino lehen, zola desinfektatu behar da).

Garbiketa eta desinfekzioa

Garbiketak germenak, zikinkeria eta zaborrak kentzen ditu, eta desinfekzioak, berriz, germenak hiltzen ditu azalera eta gauzetan. Horregatik, oso garrantzitsua da ongi garbitzea desinfektatu baino lehen.

Garbiketa lanetan, arreta berezia jarriko da erabilera komuneko eremuetan eta gehien ukitzen diren azaleretan (hala nola ateetako eskulekuak, mahaiak, aulkiak, altzariak, eskudelak, lurzoruak, jostailuak eta antzeko elementuak), jarraibide hauek betez:

Desinfektatzaileak erabiliko dira, lixibaren diluzioak esaterako (1:50); baietekin edo zapiekin aplikatuko dira, eta gutxienez minutu batez utziko dira jardunean. Garrantzitsua da lixibaren soluzioak prestatzen direnetik erabiltzen diren arte ahalik eta denbora gutxien igarotzea, lurrunketa bidez substantzia aktibo horren kontzentrazioa murrizten joan ez dadin.

Lixiba erabili ezin bada azalera batean, etanola erabil daiteke (%62-71), edo hidrogeno peroxidoa (%0,5).

Halaber, eragin birizida duten merkatuko desinfektatzaileetako edozein erabil daiteke, Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratu baditu. Produktu horiek erabiltzean, etiketako jarraibideak beteko dira.

Baimendutako desinfektatzaile birizidak Osasun Ministerioaren webguneko esteka honetan kontsulta daitezke:

https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/documentos/Listado_virucidas.pdf

Langile profesional espezializatuek produktu biozidak erabiliz gero, Establezimendu eta Zerbitzu Bioziden Erregistro Ofizialean inskribatutako enpresa baimendu batek emanen ditu zerbitzu horiek.

Garbiketa bakoitzaren ondoan, erabilitako materialak eta babesteko ekipamenduak era seguruan botako dira, eta gero eskuak garbitu beharko dira.

Zentroan haurrei aplikatu beharreko higiene eta babes neurriak

–Haurren kasuan, ez da komeni maskararik erabiltzea.

–Haurrek higiene pertsonala ikasteko neurriei dagokienez, komeni da errepikapenez, jolasez eta kantuz ikas ditzaten, betiere honako hau azpimarratuta: ez egitea kontaktu fisikoa dakarren agurrik edo adierazpenik.

  • Estali ahoa besaurrearekin edo zapi batekin, eztul edo doministiku egitean. Erabilera bakarreko mukizapiak erabili eta zakarrontzira bota.
  • Ez ukitu begiak, sudurra eta ahoa, erraza da-eta eskuen bidez birusa transmititzea.

–Komeni da eskuak urarekin eta xaboiarekin garbitzea. Noiz garbitu behar diren eskuak:

  • Iristean.
  • Otordu bakoitzaren aurretik eta ondoren.
  • Lo kuluxka egin aurretik eta ondoren.
  • Aldaketa egin edo komuna erabili aurretik eta ondoren.
  • Egunean hainbat aldiz (gutxienez, bi ordurik behin), batez ere jarduera aldatzen denean.
  • Atera aurretik.

Ahora eraman daitezkeen jostailuen kasuan, plastikozkoak eta oihalezkoak lehenetsi behar dira, garbigailuan 60 gradutan edo desinfektatzailearekin garbitu daitezkeelako (janariekin, produktu bateragarriak erabili), eta zurezkoak, berriz, saihestu.

Higiene eta babes neurriak, zentroan lan egiten duten zaintzaileentzat

Bermatu behar da langile guztiek badakitela zein diren SARS-CoV-2aren ondoriozko arriskuak, arreta berezia jarriz transmisio bideetan eta prebentzio eta babeserako neurrietan.

Ezin da saihestu haurrekin zuzeneko kontaktua izatea; hortaz, higiene arauak aplikatu behar dira:

–Mailaz maila erabiliko dira aldagelak eta atseden hartzeko eremuak, baita komunak ere; pertsona bakarrak erabiliko ditu aldi bakoitzean. Gutxienez ere 2 metroko distantzia fisikoa gorde.

–Arnas higieneko neurriak: erabili beharko da maskara higienikoa/kirurgikoa, maskara duala edo aurpegiko pantaila.

–Erabilera bakarreko mukizapiak erabili, eta ondoren pedaldun eta estalkidun zakarrontzira bota.

–Ez ukitu eskuekin aurpegia, ahoa eta sudurra eta ahoa, ezta eskularruak jantzita daudenean ere.

–Ez partekatu edalontziak, ontziak, ur-botilak, sukaldeko tresneria edo antzekoak.

–Eskuak garbitzea: eskuak garbitu urarekin eta xaboiarekin, sistematikoki, 30 segundoz, eta behin erabiltzeko paperarekin lehortu. Ez utzi disoluzio hidroalkoholikorik haurren eskura. Gomendatzen da une hauetan eskuak garbitzea:

  • Goizean, haurrekin kontaktua izan aurretik.
  • Gurasoekin egon ondoren.
  • Elikagaiak ukitu aurretik, eta otordu bakoitzaren aurretik.
  • Pixoihala aldatu aurretik eta ondoren.
  • Haurrari komunera lagundu aurretik eta ondoren.
  • Komunera joan aurretik eta ondoren.
  • Zintz egin ondoren, edo eztul edo doministiku egin ondoren.
  • Egunean hainbat aldiz (gutxienez, bi ordurik behin).

–Infografia bat jarriko da jarraibideak emateko, komunetan, aldageletan, jantokian eta erraz ikusten diren tokietan.

–Pixoihalak aldatzeko ez bada, ez jantzi eskularrurik, babes sentsazio faltsua ematen dute-eta; are, transmisio bektore izan daitezke.

–Arropa zaintzea: profesionalek, laneko arropa erabiltzen badute, arropa hori egunero garbitu beharko dute, eta honako hau gomendatzen da:

  • Gutxienez egunean behin aldatu laneko uniformea eta haurrekin erabiltzen dituzten adur zapiak, maindireak eta eskuoihal indibidualak.
  • Arropa kontu handiz maneiatu, maskara eta eskularruak jantzita.
  • Zuzenean garbigailura eraman.
  • Garbitzea: 60 ºC-tan, gutxienez 30 minutuz.
  • Eskuak garbitu arropa zikina esku artean eduki ondoren.

Norbera babesteko ekipamenduak (NBE)

Agiri honetan behin eta berriz azpimarratu den bezala, lehentasuna eman behar zaie babes kolektiboko neurriei, norbera babesteko neurrien gainetik, eta oso garrantzitsua da langileen artean 2 metroko distantzia fisikoa uztea aldageletan, armairuetan eta komunetan, baita atseden eremuetan, jantokietan, sukaldeetan eta erabilera komuneko bestelako eremuetan. Ezinezkoa bada, maskara erabili beharko da nahitaez.

Zaintzaileek norbera babesteko ekipamenduak erabili beharko dituzte haurrekin aritzeko (aurpegiko pantaila, maskara dualak(3), eskularruak), jostatzean, elikatzean edo pixoihalak aldatzean, ez dadin kontaktu zuzenik izan sekrezioekin (malkoak, mukiak, listua, etab.). Horretarako, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuaren jarraibideei kasu eginen zaie.

Norbera babesteko ekipamenduak erabiltzen dituzten langileek jakin beharko dute ekipamendu horiek zuzen nola erabiltzen diren, fabrikatzaileak emandako informazioa izanen duen prestakuntza teoriko-praktikoaren bidez. Norbera babesteko ekipamenduak oker erabiliz gero, jartzen direnetik kendu arte, kutsadura iturri izan daitezke.

Ez da gomendatzen haurrek maskara erabiltzea.

Beste informaziobide batzuk

–Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionala. COVID-19 eremua https://www.insst.es/espacio-campana-covid-19.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua. Koronabirusaren gaineko webgune ofiziala https://coronavirus.navarra.es/eu/.

–Espainiako Gobernua. Osasun Ministerioa. Koronabirus berriak eragindako gaixotasuna, COVID-19 https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/home.htm.

–Espainiako Pediatria Elkartea. Espainiako Pediatria Elkartearen proposamena, haurren eta gazteen hezkuntzarako eremuen pixkanakako irekierari buruz. https://www.aeped.es/sites/default/files/aep.propuesta_apertura_gradual_centros_educativos._13.05.2020._2.pdf.

–Hezkuntza Departamentua. Erresuma Batuko Gobernua. Koronabirusa (COVID-19). Babes neurriak hobetzea hezkuntzan eta haurren zainketan. https://www.gov.uk/government/publications/coronavirus-covid-19-implementing-protective-measures-in-education-and-childcare-settings/coronavirus-covid-19-implementing-protective-measures-in-education-and-childcare-settings.

–Koronabirusa (COVID-19). Ministerioaren gida COVID-19ari buruz. Haur txikiei harrera egiteko modalitateak. https://solidarites-sante.gouv.fr/IMG/pdf/guide-deconfinement-petite-enfance-covid-19.pdf.

–Birizida baimenduak. https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/documentos/Listado_virucidas.pdf.

(1) Harreman estua edo hurbil-hurbileko kontaktua da kasu bat zaintzen egon den edonor: osasun langileak edo langile sozio sanitarioak, babes neurri egokiak hartu ez badituzte, eta familiakoak edo antzeko kontaktu fisikoa duten bestelako pertsonak.

Kasu batekin toki berean egon den edonor, baldin eta 2 metro baino gutxiago egon bada haien artean (adibidez, bizikideak, bisitariak), 15 minutuz baino gehiagoz.

Hegazkin batean, hurbil-hurbileko kontaktutzat hartzen dira kasu batengandik bi eserlekuko erradioan dauden bidaiariak, eta kasu horrekin kontaktua izan duten tripulazioko langileak.

Aldi hau hartuko da kontuan: kontaktuak sintomak izan baino 2 egun lehenagotik kasua bakartzen den unera arte. PCR bidez baieztatzen diren kasu asintomatikoei dagokienez, diagnostikoaren aurreko 2 egunetan izandako kontaktuak bilatuko dira.

(2) Hauxe izan da SARS -CoV-2aren iraunkortasun bideragarria kobrezko, kartoizko, altzairu herdoilgaitzeko eta plastikozko gainazaletan: 4, 24, 48 eta 72 ordu, hurrenez hurren, gainazal horiek 21-23 ºC-tan badaude eta hezetasun erlatiboa %40koa bada. Beste ikerlan batean esaten da birusa ez dela detektatzen 3 orduren buruan gainazala paperezkoa bada (inprimatzeko orriak edo paperezko mukizapiak), egun batetik bira bitarte oholaren, arroparen edo beiraren gainean aplikatzen bada eta 4 egun baino gehiago altzairu herdoilgaitzaren, plastikoaren, diru-billeteen eta maskara kirurgikoen gainean aplikatzen bada, betiere 22 ºC-tan eta %60ko hezetasunarekin.

(3) UNE-EN 14683:2019+AC araua. Maskara kirurgikoak. Betebeharrak eta saiakuntza metodoak.

Iragarkiaren kodea: F2006059