126. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

41E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 3koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak emateko 2020ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 508928.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 27. artikuluan, Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.

Legezko eginbehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak esleiturik duen eginkizuna da euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea eremu sozioekonomikoan, eta Nafarroan hura garatzeko programak abiaraztea, erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmena erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak emateko 2020ko deialdia, foru agindu honi gehitutako oinarrien araberakoa.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4701-334100: Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan

2020

80.000,00

B30002-B3200-7709-334100. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) euskara garatzeko laguntzak

2020

20.000,00

4. Argitara ematea foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

5. Igortzea foru agindu hau eta eranskinak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an. Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, Nafarroako Foru Komunitateko lantoki pribatuetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzen 2020ko deialdiarenak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak emateko modua arautzea euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitateko sektore pribatuko entitateen lantokietan, 2020an. Laguntzen helburua da euskararen erabilera, presentzia eta ikusgarritasuna handitzea entitateetan, enpresetan eta/edo lantokietan. Horretarako, neurri solteak baliatuko dira, entitatearentzako lehenengo euskara plana prestatuko da edo aurretik dagoen plana aplikatuko da, pixkanaka euskara txertatuz joateko sektore pribatuko enpresen paisaian eta funtzionamenduan, barrura zein kanpora begira.

Era berean, laguntzaren xede izanen diren ekintzen artean dago, aurrekoez gain, euskara txertatzea informazioaren eta komunikazioaren teknologietan (IKT).

2. oinarria.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

2.1. Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 100.000,00 eurokoa da, gehienez ere, partida hauen kargura: 80.000 euro, gehienez ere, “Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan” izeneko B30002 B3200 4701 334100 partidaren kargura, 1., 2.,eta 3. modalitateetan aurkezten diren enpresentzat, eta 20.000 euro, gehienez ere, “IKTetan euskara garatzeko laguntzak” izeneko B30002 B3200 7709 334100 partidaren kargura, 4. modalitatean aurkezten diren enpresentzat. Bi partida horiek 2020ko gastu-aurrekontukoak dira.

3. oinarria.–Pertsona edo entitate onuradunak.

Laguntza hauek eska ditzakete Europar Batasuneko estatuetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako nazionalitatea edo bertan egoitza soziala duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, baldin gaitasun juridiko eta jarduteko gaitasun osoa badute, eta legez eraturik badaude, indarreko legeriarekin bat, eta, forma juridikoa edozein izanik ere, Nafarroako Foru Komunitatean dauden lantokien titularrak badira edo kudeatzen badituzte.

Kanpoan geldituko dira:

a) Beren kapital sozialean administrazio publiko batek edo batzuek %50eko partaidetza baino handiagoa duten entitateak.

b) Honako hauetan aritzen direnak: helduei euskara irakasten, edo beste enpresa batzuentzat euskararen arloan aholkularitza edo normalizazio eginkizunak betetzen, edo beste enpresa batzuei euskara itzulpenak egiten edo laguntza linguistikoa ematen.

Horrez gain:

c) Deialdi honetan parte hartzen ahal dute aurreko deialdietara aurkeztu diren enpresek, baina aurreko bi deialdietan, jarraian, 3. modalitateko ekintza solteak bakarrik egiteko laguntza jaso badute, lehenengo eta bigarren modalitateetara baino ezin izanen dira aurkeztu. Hots, euskara planik ez duten lantokiek jarduera solteetarako dirulaguntza bi urtez jarraian jaso badute, eta deialdi honetan parte hartu nahi badute, Euskara Plana aurrera eramateko ardura edo haren inplementazioa nahitaez beren gain hartu beharko dute (1. eta 2. modalitateak).

c letrako mugak ez dituzte izanen 4. modalitatean aurkezten diren enpresek.

4. oinarria.–Betebeharrak.

Onuradun izateko, enpresek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

a) Legez eratua izatea eta dagokion erregistroan inskribaturik egotea.

b) Lantoki bat izatea Nafarroan.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeretan ez egotea.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du enpresaren ordezkaritzak, eskabide orrian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez. (II. eranskina).

5. oinarria.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetan kontuan hartuko dira, batez ere, enpresaren komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta enpresaren barne eta kanpo harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EME, IV. eranskina), barne delarik prestakuntza linguistikoa ematea jarduera profesionalari dagokionez.

5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:

–1. modalitatea: 2020an lehen euskara plana egitea EME deritzonaren arabera, eta, hala balegokio, plana betetzea.

–2. modalitatea: Baldin eta aurretik euskara plan bat baldin bada, hura betetzeko 2020rako zehaztutako ekintzak kudeatzea diruz lagunduko da, EME izenekoa erreferentziatzat hartuta betiere.

–3. modalitatea: EMEan proposatutakoetatik beharrezko jotzen diren ekintza solteak, entitatean edo lantokian euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko direnak.

–4. modalitatea: euskaraz atariak, webguneak, aplikazioak eta programak sortzeko inbertsioak, komunikazioaren teknologietan euskara sustatu eta/edo zabaltzeko xedea dutenak. Horrekin batera, diruz lagunduko da lehendik dauden atariak, web-orriak, aplikazioak eta programak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko.

5.2. 1. modalitatea: lehen euskara plana egitea 2020an. Diru zenbatekoa: 20.000 euro.

Enpresarentzako lehen euskara plana egiteko proiektuak, entitatearen jardueran euskara pixkanaka txerta dadin. Fase hauek izan behar ditu nahitaez:

a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne antolakuntzari dagokionez, bai ematen dituen produktu zein zerbitzuei dagokienez.

b) Euskara plan bat diseinatzea, bai barne antolakuntzari, bai zerbitzuak edo produktuak emateari dagokienez.

c) Jarduerak ezartzeko kronograma.

d) Plana ebaluatzeko sistema, alderdi hauek nabarmenduz: enpresan euskararen erabilera sustatzen duten neurriak, langileen inplikazioa planean, hizkuntzarekiko jarrerak hobetzeko eta hizkuntza ikusgarriago egiteko jarduerak.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana egiteko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Euskara plana edo haren faseren bat egiteko enpresa bat edo profesionalak kontratatuz gero, frogatu beharko da laguntza teknikoa ematen duenak badituela esperientzia profesionala duten langileak. Prestakuntza edo esperientzia duten langileek egin beharko dute eskatutako lana.

Esparru honetan prestakuntza edo esperientzia badutela frogatzeko, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak adierazpen bat egin beharko du (III.A eranskina).

b) Proiektua enpresak berak hartzen badu bere gain, proiektua egiten duten eta enpresaren parte diren langileen lan gastuak. Enpresak eskaeran bertan adierazi behar du zein langilek egin behar duten proiektua eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duten horretan.

Proiektuaren arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du. Horretarako, prestakuntza eta esperientzia frogatzeko, proiektua egin behar duten langileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute (III.B eranskina).

Plana egitea behin bakarrik lagunduko da diruz, eta hartan jasotako ekintzak atxikitako Excel dokumentuan adieraziko dira (IV. eranskina, EME).

5.3. 2. modalitatea: aurretik egindako euskara plan baten inplementazioa edo aplikazioa. Diru zenbatekoa: 45.000 euro.

–Plan horretan honakoak jaso beharko dira:

a) Aurreikusitako ekintzak (EME), arduradunak, parte-hartzaileak, kostu ekonomikoa eta epeak honetarako:

–Erabilerarekin eta presentziarekin lotutako helburuak lortzea planean ezarritako epean.

–Planean lehenetsitako alderdien kontrol egokia zehaztea, lorpenak denboran mantentzen direla ziurtatzeko.

b) Batetik, komunikazio estrategiak, zeinaren bidez jakinaraziko baitzaie planaren berri erakundeko gainerako kideei, eta, bestetik, motibazio estrategiak eta enpresan euskararekiko jarrera hobetzeko estrategiak.

c) Plana ebaluatzeko sistema, alderdi hauek nabarmenduz: enpresan euskararen erabilera sustatzen duten neurriak, langileen inplikazioa planean, hizkuntzarekiko jarrerak hobetzeko eta hizkuntza ikusgarriago egiteko jarduerak.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana egiteko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Euskara plana edo haren faseren bat egiteko enpresa bat edo profesionalak kontratatuz gero, frogatu beharko da laguntza teknikoa ematen duenak badituela esperientzia profesionala duten langileak. Prestakuntza edo esperientzia duten langileek egin beharko dute eskatutako lana.

Esparru honetan prestakuntza edo esperientzia badutela frogatzeko, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak adierazpen bat egin beharko du (III.A eranskina).

b) Proiektua enpresak berak hartzen badu bere gain, proiektua egiten duten eta enpresaren parte diren langileen lan gastuak. Enpresak eskaeran bertan adierazi behar du zein langilek egin behar duten proiektua eta lanaldiaren zer portzentaje eman behar duten horretan.

Proiektuaren arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du. Horretarako, prestakuntza eta esperientzia egiaztatzeko, proiektua egin behar duten langileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute (III.B eranskina).

5.4. 3. modalitatea: ekintza solteak edo neurri zehatzak, aurretiko euskara planik gabe, EMEan zehaztutakoak. Diru zenbatekoa: 15.000 euro.

Hiru modalitateetan, prestakuntza linguistikoak laguntza jaso dezan, zuzenean lotua egon beharko du dagokion lanbide jarduerarekin eta, horrez gain, erakundeak, lantokiak edo dagokion elkargo profesionalak antolatua izan beharko du, betiere beren lan jarduna sektore publikoan egiten ez badute, eta horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute prestakuntza.

5.5. 4. modalitatea: euskaraz atariak, webguneak, aplikazioak eta programak sortzeko inbertsioak, komunikazioaren teknologietan euskara sustatu edo zabaltzeko xedea dutenak. Diru zenbatekoa: 20.000 euro:

a) Online hedabideek lehendik dituzten webguneak: funtzionalitate berriak gaineratzea eta gailu mugikorretan erabiltzeko egokitzea.

b) Lehendik euskaraz dauden webguneak: zerbitzu, funtzionalitate eta eduki berriak jartzea, horiek hobetzea eta gailu mugikorretan erabiltzeko egokitzea.

Interneten egoteko plan espezifiko bat izan beharko dute. Aplikazio mugikorrak Android eta iOS sistemetarako diseinatu beharko dira, gutxienez. Ezinbestekoa izanen da planaren barrenean produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea.

5.5.1. Laugarren modalitatean ez dira diruz lagunduko honakoak:

a) Euskara normalizatzea helburu ez duten eskaerak.

b) Kapitala nagusiki publikoa duten entitate pribatuek aurkeztutako eskaerak, edo fundazioko ondarea edo gobernu-organoen partaidetza edo zuzendaritza nagusiki publikoa dutenek aurkeztutakoak.

c) Alderdi politikoen, hauteskunde-koalizioen eta sindikatuen proiektuak.

d) Norbanakoen atariak eta webguneak.

e) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

f) Demoak eta prototipoak.

g) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.

h) Generoen arteko tratu berdintasuna errespetatzen ez duten proiektuak.

i) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak, baldin eta, araubide orokor edo berezietan aplikatzekoak izanik, ikasketa planarekin edo eskola curriculumarekin zuzeneko edo zeharkako zerikusia badute.

j) Helduei euskara irakasten aritzen diren entitateak, edo euskara planen gaineko aholkularitza eginkizunak betetzen dituztenak.

k) Lehendik garatutako atari edo webguneetan berrikuntzak egiten direnean, edo eduki berriak sartzen badira euskaraz, ezinbestekoa izanen da atariak edo webguneak euskararen kalitatea bermatzea, Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak betez. Hala ez bada, deialditik kanpo geldituko dira.

l) Online hedabideendako euskaraz egindako eduki berriak. Prentsa idatzian, irratian eta online hedabideetan euskara erabiltzeko laguntzen deialdian parte hartzen duten proiektuek gastu hauek aurkezten ahalko dituzte, ez besterik: zerbitzu eta funtzionalitate berriak ezarriz, lehendik dauden webguneak hobetzeari dagozkionak; edo euskarazko softwarea sortzera bideratutako inbertsioak.

m) Atari eta webguneetan euskaraz ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere eskaintzen badira edukiak eta zerbitzuak, gastuaren parte bat besterik ez da kontatuko, hau da, euskarazko produktu edo zerbitzuari dagokiona baizik ez da diruz lagunduko.

n) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, egokitzapen-lana baizik ez da aintzat hartuko.

ñ) Ez dira gastutzat hartuko enpresa eskatzailearen jarduera orokorrari dagozkion gastuak, baldin eta ez badaude zuzenean loturik deialdira aurkeztutako proiektu zehatza gauzatzearekin.

o) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da kontuan hartuko. Nolanahi ere, BEZa berreskuratzeko modurik ez duten enpresa onuradunen kasuan, kontuan hartuko da gastu hau, eta enpresa horiek kasuko aldundiko ogasun departamentuaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute.

6. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

Dirulaguntzak 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 15era bitarteko epea hartzen du.

7. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta horretarako epea.

7.1. Eskaerak eta dokumentazio erantsia era telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian, tramiteen katalogoko fitxa erabiliz. http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8480/Ayudas-para-fomentar-el-uso-y-presencia-del-euskera-en-los-centros-de-trabajo-del-sector-privado-. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat (tramitatu botoia) izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaera bakoitzak erantsirik izanen du proiektu bat, epe diruz lagungarrian egin beharreko jarduerak behar bezala zehazten dituena.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

7.4. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

7.5. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

8. oinarria.–Dokumentazioa.

Behin berariazko eskaera telematikoan datuak osatutakoan eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazitakoan, dokumentu hauek atxikiko dira:

8.1. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 4. oinarriko baldintzak (II. eranskina).

8.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:

a) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.

b) Elkartea bada, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiaren ebazpena, elkartea Nafarroako Foru Komunitateko Elkarteen Erregistroan inskribatzen duena, baita elkartearen estatutu legeztatuak ere.

c) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez egina.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan, eta noiz aurkeztu zen edo eman zuten.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

8.3. Kasua bada, laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, atxikita duela proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek azkeneko bi urteotan plangintza linguistikoan izan duten esperientziari eta/edo prestakuntzari buruzko adierazpena.

8.4. Adierazpena, gardentasun betebeharrak betetzeari buruzkoa (VIII. eranskina).

8.5. Baldin entitate eskatzailea ez badago alta emanik Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidez Ordaintzeko Sisteman (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm) edo datu horiek aldatu nahi baditu, Euskarabideari aurkeztuko dio jatorrizko inprimakia, beterik, edo inprimaki hori Ogasuneko Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren frogagiria.

8.6. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztuko da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatuko duena.

8.7. Proiektu zehatz bat, honako hauek jasotzen dituena:

a) 1. modalitatea.–Lehen euskara plana. Enpresaren edo lantokiaren lehen euskara plana egiteko proposamena, garatu beharreko alderdien zerrenda labur bat duela. Gainera, EME koadroko 0 laukia eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria bete behar dira (IV. eranskina).

b) 2. modalitatea.–Baldin aurretik euskara plan bat badago, aurkeztu behar da, planaren beraren kopiaz gain, planean 2020rako aurreikusitako neurriak inplementatu edo aplikatzeko plana ere. Hartan zehaztuko da zer hobekuntza lortu behar diren, deialdi honetan jasotako alderdiei dagokienez. Halaber, EME koadroa bete eta aurkeztu behar da, proposatutako neurriak eta haien gastua adierazita, bai eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria ere (IV. eranskina). Horiekin batera eta Euskarabidean ez badago, 2020ra arte egindako ekintzen memoria xehakatua erantsiko da, urtez urte banakatua.

c) 3. modalitatea.–Baldin eta neurri zehatzak aplikatu behar badira entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, EME koadroa behar bezala betea, aurreikusitako gastuak adierazita, eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina).

d) 4. modalitatea.–Proiektuan honakoak jaso beharko dira:

a.–Proiektuaren azalpen teknikoa (IX. eranskina).

b.–Aurrekontu zehaztua. Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta, halakorik bada, inbertsioak (hots, zenbait ekitalditan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik (X. eranskina).

c.–Langileria gastuak (X. eranskina) A1etik A11rako atalak, barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpo zerbitzuak kontratatzea).

d.–Proiektua kudeatzeko gastuei dagokienez, langileria gastuen gainerako zenbatekoaren %20 hartuko da kontuan, gehienez ere (“aurrekontua” inprimakiaren A11 atala).

e.–Beste gastu batzuk (funtzionamendu gastuak barne). Zehaztu beharko da zer kontzepturi dagozkion gastu horiek.

Eskaeraren baloraziorako aurkeztu nahi den edozein dokumentazio osagarri.

9. oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, aipatutako legerian oinarriturik.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

11. oinarria.–Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

Entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiekin batuta, pertsona edo entitate onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12. oinarria.–Balorazioa: Batzorde Teknikoa.

12.1. Balorazio Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da, eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiko arduradun bat.

–Garapen Ekonomikorako Departamentua ordezkatzen duen pertsona bat.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena, botoa eta hizpidea duela.

Balorazio Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari.

13. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

13.1. Balorazio irizpideak.

Balorazio Batzorde Teknikoak eskaerak aztertuko ditu ondotik adierazten diren irizpideak kontuan harturik, modulu sistema erabiliz, eta laguntzak lortutako puntuazioaren proportzioan esleituko ditu. Bosgarren oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraikiz.

13.1.1. Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.

–1. eta 3. modalitateak:

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 20 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 15 puntu gehienez.

b) Plantillaren edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak pertsona edo entitate parte-hartzaileei eskatzen ahal die aprobetxamenduaren frogagiriak aurkez ditzatela.

Alderdi hau baloratzeko, kontuan hartuko da prestakuntzan zuzenean inplikatutako langileen ehunekoa, plantilla osoa kontuan izanik. Horrela, 40 puntu emanen zaizkie plantillaren erdiari prestakuntza ematea erabakitzen duten lantokiei; gainerako kasuetan, puntuazioa emateko, hiruko erregela zuzen hau aplikatuko da: prestakuntza linguistikoa jasotzen duten pertsonen kopurua bider 40 puntu egin, eta lantokiko plantillak duen langile kopuruaren erdiaz zatituko da.

–2. modalitatea:

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 20 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 8 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 6 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 6 puntu gehienez.

b) Enpresaren edo lantokiaren euskara planaren inplementazioan egindako ibilbidea baloratuko da. Ibilbidea eta proiektuaren egonkortasuna, urteen arabera puntuatuko dira, 30 puntu gehienez. Urte bakoitzeko aldia honela puntuatuko da.

Urte bat: 5 puntu; bi urte: 10 puntu; hiru urte: 20 puntu; lau urte edo gehiago: 30 puntu.

c) Halaber, baloratuko da memoria 10 punturekin gehienez, kontuan hartuta planaren aplikazioak alderdi hauetan izan duen eragina:

  • Planaren zabalkunde eta sentsibilizazio jarduerak: 6 puntu.
  • Euskararen erabilera eta sustapenaren aldeko jarreretan aldaketak eragiteko programak: 4 puntu.

d) Plantillaren edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak pertsona edo entitate parte-hartzaileei eskatzen ahal die aprobetxamenduaren frogagiriak aurkez ditzatela.

Alderdi hau baloratzeko, kontuan hartuko da prestakuntzan zuzenean inplikatutako langileen ehunekoa, plantilla osoa kontuan izanik. Horrela, 40 puntu emanen zaizkie plantillaren erdiari prestakuntza ematea erabakitzen duten lantokiei; gainerako kasuetan, puntuazioa emateko, hiruko erregela zuzen hau aplikatuko da: prestakuntza linguistikoa jasotzen duten pertsonen kopurua bider 40 puntu egin, eta lantokiko plantillak duen langile kopuruaren erdiaz zatituko da.

–4. modalitatea:

a) Euskararen ikusgarritasuna enpresaren IKTen ingurunean: 55 puntu gehienez. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

  • Justifikazioa eta koherentzia: zehatz-mehatz azaltzea proiektua zergatik den beharrezkoa eta nola egokitzen zaion deialdiari: 20 puntu.
  • Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna, eta proiektuaren hizkuntza kalitatea ziurtatzeko neurriak: 20 puntu.
  • Ikuspuntua: erabilera gazteen artean sustatzea bereziki: 15.

b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasun teknikoa: gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

  • Planifikazioa: 5 puntu.
  • Diseinua: 5 puntu.
  • Plataforma anitzeko aplikazioa izatea (responsive): 15 puntu.
  • Zabalkundea: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 10 puntu.

c) Kode irekia erabiltzea: 10 puntu.

13.2. Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Balorazio Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak eurotan duen balioa.

c) Lehenbiziko hiru modalitateetan soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 1. eta 2. modalitateetako eskatzaileen artean banatuko dira proportzioan.

d) Laugarren modalitatean soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten modalitate honetako eskatzaileen artean banatuko da.

14. oinarria.–Ebazpena.

14.1. Balorazio Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena ikusirik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

14.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

14.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.

14.4. Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin bat eginen da (http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian ere mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

16. oinarria.–Gardentasun betebeharrak.

16.1. Entitate edo pertsona onuradunek irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritako gardentasun betebeharra bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak eskuratzen dituztenean eta ondoko bi egoerak batera gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

16.2. Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu betea.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

16.3. Bi egoera horietan dauden entitate edo pertsona onuradunek, dirulaguntza eman izana jakinarazi edo, kasua bada, ebazpena argitaratzen den egunetik hasita hilabeteko epean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari zuzenduta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateek haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa emanen dute.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

16.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du (VIII. eranskina).

16.5. Entitate edo pertsona onuradunek emandako informazioa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren Gobernu Irekiko Atarian argitaratuko da eta eskura izanen da argitaratu eta urtebetean. Muga 15 hilabetekoa izanen da, informazioa kudeatzeko organoan sartzen den unetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

16.6. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

16.7. Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko betebeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, ezer kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17. oinarria.–Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, behin jardueren memoria eta 18. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

18. oinarria.–Pertsona edo entitate onuradunek aurkeztu beharreko frogagiriak.

Behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, enpresa onuradunek 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 20era bitarte egindako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu behar dituzte.

Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2020ko urriaren 20a izanen da.

Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena, hots, 2020ko urriaren 20a baino lehen.

Aurkeztu behar da:

a) Dirulaguntzaren xede den jardueraren memoria zehatza. Memoria horretan jasoko da, halaber, euskara plana 1. modalitatean; eta 2020rako urteko plana, 2. modalitatean. Horrez gain, dirulaguntzaren xede izan diren moldaketen frogagiriak (argazkiak, pantaila-argazkiak, grabaketak...) ere aurkeztu behar dira bi kasuetan.

Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 15. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: web-orriak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

2. modalitaterako, erantsiko da plana abiatu zenetik 2019. urte arteko ibilbidea, urtez urte xehakatua. Euskara plan bat gutxienez 2 urtez inplementatu duten enpresek honakoen balorazioa ere jasoko dute memorian: enpresan euskararen erabilera sustatzeko aplikatu diren neurriak, langileen inplikazioa planean (zabalkunde eta sentsibilizazio jarduerak), hizkuntzarekiko eta haren sustapenarekiko jarreren hobekuntza eta hizkuntzaren ikusgarritasunaren hobekuntza.

b) Diruz lagundutako ekintzari dagozkion gastuen zerrenda (V. eranskina) eta frogagiriak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, aipaturiko aurrekontuaren arabera, diruz lagundutako aldiari dagokionez.

Zerrendako gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Ahalegina eginen da, halaber, gastuen kontzeptuek eta dagozkien frogagiriek izen bera izan dezaten, egiaztatzea errazagoa izan dadin. Ez dira onartuko dokumentuak baldin eta, formari dagokionez baldintzak bete arren, ezin badira argi eta garbi identifikatu dena delako kontzeptuari dagozkion fakturak.

c) Jarduerarekin lotutako dirulaguntzen zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak zein kopia soilak (VI. eranskina), diruz lagundutako aldiari dagozkionak.

d) Langileak kontratatuz gero, legez bidezko den bezala justifikatu beharko dira gastuak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeari jarraikiz.

Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

V. eranskina (gastuak) eta VI. eranskina (dirulaguntzak) Excel formatuan beteko dira, deialdi honen bidez onesten den ereduaren arabera. Bide telematikoen bidez aurkeztu beharko da jatorrizko formatuan. Entitatean horretarako eskumena duen pertsonak zigilatuko eta sinatuko du Excel bereko VII. eranskina (balantzea).

Kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera behar bezala betetako fakturak aurkeztuko dira.

Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zena baino txikiagoa bada, edo gastuaren frogagirien bidez justifikatutako zenbatekoa emandako laguntzaren arabera justifikatu beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada, murrizketa proportzionala ezarriko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

Gastuen aurrekontu justifikatuak handiagoa izan behar du beste deialdi batzuetatik lortutako laguntzen eta deialdi honetan jasotzen den zenbatekoaren arteko baturak baino. Txikiagoa izanez gero, jaso beharreko zenbatekoa murriztu eginen da, baturak berdindu arte.

19. oinarria.–Jardueren kontrola.

19.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

19.2. Onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

Laguntza hauen pertsona onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

19.3. Pertsona edo entitate onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

20. oinarria.–Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

20.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

20.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

21. oinarria.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

21.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

21.2. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

21.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena.

III. ERANSKINA. A

Adierazpena, laguntza teknikoa emanen duen enpresak/profesionalak duen prestakuntzaren/esperientziaren gainean.

III. ERANSKINA. B

Adierazpena, enpresaren barruan proiektua gauzatuko duen barne langileen prestakuntzaren/esperientziaren gainean.

(enpresaren ordezkariek bete beharrekoa)

IV., V., VI. ETA VII. ERANSKINAK

IV. eranskina, EME taula (Excel-a) eta aurrekontu zehaztua, deialdi honetan ezarritako aldiari dagokiona.

–Justifikaziorako:

V. eranskina. Gastuen frogagiriak.

VI. eranskina. Dirulaguntzen frogagiriak.

VII. eranskina. Justifikazio balantzea.

V., VI. eta VII. eranskinak deskargatu (Excel).

VIII. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

IX. ERANSKINA

Proiektuaren azalpen teknikoa.

X. ERANSKINA

Proiektuaren aurrekontua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2005641