103. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

21/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoei edo antzekoei buruzko jarraibideak ematen dituena, eta urruntze fisikoko, babeseko eta prebentzioko neurri jakin batzuk gogorarazten dituena, trantsizio prozesuaren egungo fasean sartzen diren jarduerei dagokienez.

Une honetan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez ezarri ziren mugikortasuna eta gizarte-harremana mugatzeko ezohiko neurriak pixkanaka murrizteko prozesua hasi da. 2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0. fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar du, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera.

Trantsiziorako plan horren helburu nagusia da, osasun publikoa zainduz, eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, pandemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua minimizatuz eta Osasun Sistema Nazionalaren gaitasunek gainezka egin ez dezaten.

Horrenbestez, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua argitaratu zen, normaltasun berri baterako trantsizio planaren 1. fasea aplikatuz alarma egoera deklaratu ondoren ezarritako estatu mailako zenbait murrizketa malgutzeko dena, zeinetan, osasun krisiak egun duen egoera epidemiologikoa aintzat harturik, zenbait neurri malgutzen baitira lurralde unitate jakin batzuetarako.

Une honetan, Nafarroako Foru Komunitatea deskonfinamenduaren 1. fasean dago, eta trantsiziorako planak fase horretan baimentzen dituen jarduera guztiak egiteko gaituta dago.

Gizarte arloko hainbat neurriren artean, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduak aukera ematen du familiartekoen bilerak edo gizarte bilerak egiteko, 10 pertsonakoak gehienez ere, gune pribatuetan edo publikoetan, biltzeko lekua zehaztu gabe.

Halere, badira Nafarroan oso ohikoak diren izaera pribatuko zenbait espazio, hala nola “aisialdiko etxabeak”, “piperoak”, “elkarte gastronomikoak” edo antzekoak, eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduak ez du erregulaziorik ezartzen horien gainean.

Alde horretatik, mota horretako lokalak, izaera pribatukoak izan arren, ezin dira bizileku partikularren parekotzat jo, erabilera kolektiboko lokaltzat hartu behar baitira, ulertuta elkartzeko, jostetarako, aisialdirako eta gastronomiarako lokalak direla, familia unitate desberdinetako jabeak dituztela eta, gainera, erabilera trinkoa izaten dutela lokal horietara joaten diren erabiltzaileen errotazioagatik.

Bestalde, lokal horietako gehienek sukaldeak edo janaria prestatzeko tokiak dituztenez, antzeko erabilera duten beste establezimendu batzuen parekoak dira, esan nahi baita kafetegi, jatetxe edo tabernen parekoak, eta horien barneko espazioak normaltasun berri baterako trantsizio planaren 2. fasean ireki ahal izanen dira, fase bakoitzean ezartzen diren mugekin.

Hori dela-eta, Osasun Departamentuak jarraibideak eman behar ditu babes neurriak betetzen direla bermatzeko, Nafarroako biztanleak arriskuan jarriko lituzketen kutsatzeak neurririk gabe heda ez daitezen.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Horrenbestez, osasun publikoari buruzko aipatutako neurrietan oinarriturik eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten teknikoarekin bat etorriz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoei edo antzekoei buruzko neurriak ematea, salbuespen bakarra izanen direlarik azken erroldaren arabera bostehun biztanle baino gutxiago duten udalerri txikietan kokatutakoak, udalerrian ez badago kafetegi, jatetxe edo tabernarik eta haiek badira herri guztia elkartzeko lokal bakarrak. Kasu horietan, alkateek baimena eman dezakete soilik lokal horien terrazak erabiltzeko eta, salbuespen gisa, barnealdea erabiltzeko eskatzen diren baldintzak betetzen baditu, baldin eta 1. faserako araudian tabernetarako ezarritako prebentzio neurri guztiak betetzen badira.

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak judizialki baimentzea edo berrestea, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eskatuta eta Nafarroako Trantsiziorako Batzordeari galdetu ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposaturik, honako prebentzio neurri hauek ematea Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko:

–1. fasean, jarduera oro etetea Nafarroan kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoetan edo antzekoetan.

Etenaldi horretatik salbuetsita daude kafetegi, jatetxe edo tabernarik ez dagoen bostehun biztanle baino gutxiagoko udalerri txikietan kokatutakoak, herri guztia elkartzeko lokal bakarrak badira. Kasu horietan, alkateek baimena eman dezakete soilik lokal horien terrazak erabiltzeko eta, salbuespen gisa, barnealdea erabiltzeko eskatzen diren baldintzak betetzen baditu, baldin eta 1. faserako araudian tabernetarako ezarritako prebentzio neurri guztiak betetzen badira.

Bigarrena.–Fase honetan gaitutako establezimenduen terrazen erabilera eta luperketarekin loturiko jarduerei dagokienez, gogorarazten da instalazio horien erabiltzaileek osasun publikoko jarraibideak betetzeko duten erantzukizun indibiduala eta betebehar soziala, eta, bereziki, bi metroko urruntze fisikoa; establezimenduen jabeek horiek betetzen direla zaindu eta bermatzeko duten betebeharra; eta aipatutakoa betearazteko agintariek eta agintaritzaren agenteek duten betebeharra.

Hirugarrena.–Gogorarazten da, halaber, udal hilerriak irekitzeko eskumena dutela udalek. Eta gomendagarria dela, osasunaren ikuspegitik, pertsonak haietara askatasunez sartu ahal izatea, baldin eta oro har aplikatu beharreko urruntze fisikoko, babeseko eta prebentzioko neurriak bermatzen badira.

Laugarrena.–Foru agindu honen aurka gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Bosgarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikoari, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzari, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

Seigarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004987