102. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 15a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

59/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, zeinaren bidez arautzen baita nola itzuliko diren gutxinaka Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoaren zerbitzuko langile publikoak aurrez aurre lan egitera lantokietan, Normaltasun berrirako trantsizio planaren esparruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile publiko guztiek jardun eredugarria izan eta benetako profesionaltasuna erakutsi dute zerbitzu publikoak eman dituztenean koronabirusaren (COVID-19) eta haren ondorio latzen osasun krisian.

Administrazioaren zerbitzuko langile guztien ahalegin eta konpromiso horri esker bete ahal izan dira esleitutako zerbitzu publikoaren eginkizunak eta pandemiaren ondoriozko eginkizun berriak, dela aurrez aurre funtsezko eta ezinbesteko zerbitzuetan, dela lan modalitate ez-presentzialetan, gainditu behar izan diren oztopoak gorabehera.

Pandemiaren hedapenaren faserik latzena gainditurik eta jarduera sozial eta ekonomikoa gutxinaka suspertzeko, Ministroen Kontseiluak Normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen 2020ko apirilaren 28an. Plan horrek helburu du, faseka eginen den suspertze horretan, epidemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua gutxitzea, Osasun Sistema Nazionalaren ahalmenek gainezka egitea saihestuz.

Ildo horretan, beharrezko neurriak artikulatu behar dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoaren antolaketan, gutxinaka iristeko normaltasun berrira zerbitzu publikoak emateko orduan, betiere langile publiko guztien osasuna bermatuz.

Foru aginduaren edukia erakunde sindikalekin negoziatu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutupekoen Negoziazio Mahai Orokorrean, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 83.6.h artikuluarekin (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da arautzea nola itzuliko diren gutxinaka Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile publikoak aurrez aurre lan egitera lantokietan, kontuan izanik neurriak krisiaren eboluziora egokitu behar direla eta ezertan galarazi gabe berezitasun desberdinak dituztela langileek, egin beharreko zerbitzu publikoek eta alarma egoera deklaratu zenetik aurrez aurre izandako jardun mailak.

2. Printzipio orokorrak.

Foru agindu honetan aurreikusitako neurriak betetzeko, printzipio orokor hauei jarraituko zaie:

a) Langileen segurtasuna eta osasuna bermatzea.

b) Zerbitzu publikoa ematen jarraitzea.

c) Bereziki sentikorrak diren langileak babestea.

d) Bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egitea.

e) Lan egiteko era ez-presentzialak lehenestea, telelana barne.

3. Lan egiteko modalitateak.

Langile publikoen segurtasuna eta osasuna bermatzearren, antolatzeko neurriak arautzen dituen foru agindu honek indarra duen bitartean, lan egiteko modalitateak presentzialak eta ez-presentzialak izanen dira.

4. Lan ez-presentziala lehenestea.

Lan ez-presentzialaren modalitateak lehenetsiko dira, erantzunkidetasunaren eta berdintasunaren printzipioak errespetatuz, normaltasun berriaren fasera iritsi arte.

Lan ez-presentzialaren modalitateak une batean edo aldian behin bateragarriak izan daitezke lan presentzialen modalitateak egitearekin, langile publikoak lantokira gutxinaka joatea erraztearren.

Horretarako, departamentu bakoitzak antolatu beharko du nola eman zerbitzua egokitasunez, eta bereziki, nola egin lan presentziala, langileen osasunaren gaineko arriskuak gutxituz. Hori lortzeko, foru agindu honetan zehaztutakoa hartu beharko da kontuan.

Antolaketan hartu beharreko neurriek behar adina iraunen dute langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko; posible denean bukatuko da haien iraunaldia, batez ere ekarri badute lanpostuan ohikoak ez diren eginkizunak hartzea edo ohiko lantokia aldatzea.

Kasu guztietan, lan ez-presentzialaren modalitateak lehenetsiko dira Osasun Ministerioak COVID-19aren aurrean kalteberatzat jotako taldeetakoak diren langile publikoentzat:

–Diabetesa dutenak.

–Eritasun kardiobaskularrak dituztenak, hipertentsioa barne.

–Biriketako eritasun kronikoak dituztenak.

–Immunoeskasia dutenak.

–Minbizia tratamendu aktiboko fasean dutenak.

–Haurdun dauden emakumeak.

–60 urtetik goitikoak.

Halaber, langile publiko hauentzat ere lehenetsiko dira lan ez-presentzialaren modalitateak: beren kargura dituztenak 14 urtetik beherako adingabeak, edo odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko adinekoak, dependentzia edo desgaitasuna badute, familiaren egoitzan bizi badira eta ikastetxeak edo adinekoen egoitzak itxita egoteak ukitzen baditu.

Lan ez-presentzialak egiteak, edo horiek eta lan presentziala egiteak, ez die ezer kenduko enplegatu bakoitzaren jardunaldiari, ordutegiari eta ordainsariei, eta kasu guztietan errespetatu beharko da beharrezko atsedenaldia.

5. Lanera ez itzultzea.

Langile publikoak ezin dira lan presentzialaren modalitatera itzuli baldintza hauetakoren bat betetzen duten bitartean:

1. COVID-19arekin lotutako sintomatologia edukitzea edo berriki eduki izana. Halakoetan, enplegatua segituan jarri beharko da harremanetan oinarrizko osasun laguntzaren zerbitzuekin.

2. Harreman estua eduki izana eritasun bera izan duten pertsonekin. Harreman estutzat joko da langile publikoak eri bat zaintzea, 2 metrotik beherako distantzian gutxienez 15 minutuz egotea eri batekin, edo osasun agintaritzak unean-unean ezartzen duena. Halakoetan, enplegatua segituan jarri beharko da harremanetan oinarrizko osasun laguntzaren zerbitzuekin, eta, harremana lanekoa bada, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin.

Enplegatua aurreko 1. edo 2. kasuetan egoteagatik lanpostura joateari uzten dionetik oinarrizko osasun laguntzaren zerbitzuek kasuan kasuko aldi baterako ezintasunaren espedientea ebazten duten arteko denbora benetako lan-denboratzat hartuko da, baldin eta enplegatuari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik atzeratzen ez bada aurreikusitako arreta medikoa. Halakoetan eta posible baldin bada, aurreko 1. eta 2. kasuetan dauden enplegatuek lan ez-presentzialaren modalitateetan aritu beharko dute, harik oinarrizko osasun laguntzaren zerbitzuek aldi baterako ezintasunaren partea ematen dieten arte, kasua bada.

3. Osasun Ministeriok unean-unean COVID-19aren aurrean kalteberatzat jotako taldeetakoak diren langile publikoak ez dira I. fasean itzuliko. Aurreikuspen horrek ez ditu funtsezko zerbitzu publikoetako langileak ukituko, foru agindu hau onesten den egunean lan presentziala egiten ari badira, bat etorriz kasuan kasuko laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuak ezarri duenarekin.

Hurrengo faseetan itzuli ahal izateko, kasuan kasuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak aztertu beharko du bereziki sentikorrak diren langileek lan presentziala egiten ahal duten lanpostuan aritzeko baldintzak aldatu gabe. Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak jakinaraziko du, hala ez bada, zer neurri hartu behar den talde horietakoa den langile publikoarekin edo haren lanpostuarekin. Enplegatu hori ezin da itzuli neurri horiek hartu baino lehen.

Kasu guztietan, II. eta III. faseetan, COVID-19aren talde kalteberetakoak diren langile publikoek lan ez-presentziala egiten jarraituko dute, hala eskatzen badute.

Aurrekoa gorabehera, lantokira itzultzeko, Osasun Ministerioak edo agintaritza eskudunak ezartzen dituen irizpideak bete beharko dira, lurralde bakoitzeko faseen eboluzioaren arabera.

6. Betebehar saihetsezinagatiko baimena, COVID-19a dela eta.

Ezinbestekoa bada, langile publikoek beren kargura dituztenean 14 urtetik beherako adingabeak, edo odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura arteko adinekoak, dependentzia edo desgaitasuna dutenak, familiaren egoitzan bizi direnak eta ikastetxeak edo adinekoen egoitzak itxita egoteak ukitzen dituenak, eta langile horiek lan ez-presentziala egin ezin dutenean, baimena izanen dute etxean egoteko, betebehar saihestezintzat hartuko baita, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zuen abenduaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 28. artikuluan xedatutakoarekin.

Baimen hori justifikatzeko, eskaera eta honako hau aurkeztu beharko da: erantzukizunpeko adierazpena, dioena hura dela, eta ez beste inor, familia unitatean eginkizun hori bere kargura duena, eta familia liburua edo kasuan kasuko administrazio ebazpena.

Baimen hori bateraezina izanen da lan egoeragatik edo egoera pertsonalagatik zaintza horiek bere gain hartzen ahal dituen beste pertsona batekin bizitzearekin.

Baimen horri heltzen ahalko diote, halaber, unean-unean Osasun Ministerioak COVID-19aren aurrean kalteberatzat jotako taldeetakoak diren langile publikoek II. eta III. faseetan, baldin eta ezin badute lan ez-presentzialik egin eta hala eskatzen badute.

Aurreko paragrafoetan zehaztutako pertsonek baimen horri heltzeko aukerak normaltasun berriaren fasea hasi arte iraunen du. Beren kargura 14 urtetik beherako adingabeak dituzten langile publikoen kasuan, 2020ko ekainaren 19an iraungiko da baimen horri heltzeko aukera, kasu guztietan.

Aurrekoa gorabehera, funtsezko taldeetakoa ez den langile batek, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 15eko 48/2020 Foru Aginduaren 5.b) apartatuan aurreikusitako baimena baldin badu lan ez-presentzialaren modalitatean aritu ezin delako bere lanpostuaren berezko eginkizunen izaeragatik, egoera horretan jarraituko du posible izan arte lan presentzialaren modalitatera itzultzea.

7. Lan-modalitateak esleitzeko irizpideak.

Lana egoki antolatzeko, faktore hauek kontuan izanen dira kasu guztietan:

–Garatu beharreko eginkizunen izaera.

–Lurraldean non dagoen kokatua.

–Lantokian non dagoen kokatua, dela banakako bulegoetan, bulego partekatuetan edo zona irekietan. Nolanahi ere, lantokira itzuli ahal izateko, bermatuko beharko da, batetik, okupatutako lanpostuen artean 2 metroko tartea utziko dela eta, bestetik, gainerako prebentzio-neurriak hartuko direla, hain zuzen ere Lanerako Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak lanpostuen arrisku ebaluazioari buruz propio prestatu dituen fitxetan ezarritakoak.

–Lantokiaren irisgarritasun-maila desgaitasuna duten pertsonentzat.

–Urruneko lanean eskura ez dauden aplikazio informatikoak edo bestelako lantresnak erabiltzeko beharra.

8. Jendeari arreta ematea.

Jendeari arreta emateko zerbitzuetan arreta telefonikoa eta telematikoa lehenetsiko dira.

Aurrez aurreko arreta soilik eginen da ezinbestekoa denean eta, horrenbestez, edukiera mugatuko da eta aurretiko hitzordua beharko da.

Langileen eta erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna babestu behar dira. Horrenbestez, jendeari arreta emateko puntuak mugatzen ahalko dira.

9. Prebentzioko neurri eta gomendioen nahitaezkotasuna.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako bulego guztietan, nahitaezkoa izanen da errespetatu eta aplikatzea laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek egindako arriskuen ebaluaziorako fitxetan jasotako prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak, bai eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako Gobernuko departamentuetan COVID-19aren aurrean egindako prebentzio-gomendioak ere.

Era berean, nahitaezkoa izanen da langileei banan-banan bidaltzea, aurrez aurreko lanean sartu aurretik, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek egindako informazio-fitxak, SARS-CoV-2 koronabirusari dagokionez egungo egoera epidemiologikoan langileek hartu beharreko prebentzio-neurriak jasotzen dituztenak. Gainera, babes-elementuak jartzeko eta erabiltzeko behar den prestakuntza emanen da banaka. Prestakuntza hori zuzenean egiten ahalko dute laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek, edo, bestela, dagokion Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak horretarako prestatutako dokumentuak, grafikoak edo ikus-entzunezkoak bidalita.

Lan-eremuetan ikusgai egonen dira langile publikoek hartu beharreko prebentzio- eta babes-neurriak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen babesa bermatzeko, administrazio honen bulego eta lantokietan espazioak partekatzen dituztenean kanpoko enpresetako langileekin, organo kontratatzaileak enpresa horiei jakinarazi beharko die, beren langileei dagokienez, bete behar dutela lan-arriskuen prebentzioaren arloan aplikatzekoa den araudia, bai eta osasun-agintariek ematen dutena ere.

10. Ordutegiaren malgutzea.

Oro har ezarritako lanaldia malgutuko da langileak sartzean nola ateratzean, aplikatu ezin denean lanaldi malgua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia apurka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak martxoaren 10ean emandako 257/2011 Foru Aginduan araututakoa, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak martxoaren 10ean emandako 257/2011 Foru Agindu horretan lanaldi malgurako ezarritako malgutasun-tarteak aplikatuko dira.

Era berean, lantokietako sarreretan eta irteeretan aldi berean bat egiten duten pertsonen kopurua ahal den neurrian murrizteko, lanaldian zehar atsedenaldia hartzeko ordu-tartea zabaltzen da. Etenaldi hori, oro har, 10:00etatik 14:00etara bitartean egiten ahalko da.

Lanaldia banatzeko erregimen orokorra ez den beste erregimen bat dagoen kasuetan, bai eta ordutegi-konpentsazioren bat duten langileen kasuan (txandakako lana, gaueko lana, etab.), eta ikastetxeei eta osasun-etxeei atxikitako langileen kasuan, arduradun bakoitzak kasu bakoitzari dagokion ordutegi-malgutasuna zehaztuko du, eta GPA edo Equatis bertaratzeak kudeatzeko sistemak aplikatzen dituzten unitateek horren berri eman beharko diote Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, zerbitzuak emateko modalitatea edozein dela ere, eta, orobat, gomendatzen da lanaldi jarraituaren formulak erabiltzea zein horren eraginpeko langileak ados egotea; hori beharrezkoa izanen da ohiko lanaldiaren tarteak aldatzea planteatzen bada. Nolanahi ere, aplikatu beharreko urteko lanaldiaren konputua errespetatuko da.

Lantokietarako sarbidean, ahal den guztietan, sarrerako noranzko bat eta irteerako beste bat jarriko dira. Segurtasun-kontroletan, pertsonen arteko distantzia ezarriko da, kontaktua saihesteko.

Fitxaketa egiteko irakurketa biometrikoko gailuak erabiltzen diren kasuetan, langileak kontrolatzeko beste modu batzuk erabiliko dira, gailu batekin hainbat pertsonaren kontaktu fisiko errepikatua ez dakartenak.

11. Plangintza.

Lan presentzialaren modalitatean langile berriak sartu baino lehen, departamentu bakoitzak txosten bat egin beharko du ukitutako langileak edo unitateak identifikatuz, kontuan hartuta langileak banaka edo unitate organiko osoak sartzen diren modalitate presentzialean. Txosten horretan, honako hauek zehaztu eta justifikatu beharko dira: hartu nahi diren antolamendu-neurriak, langileei eman nahi zaizkien babes-neurriak eta lanpostuan eta haren egoitza fisikoetan sartu diren babes-neurriak. Neurri horiek foru agindu honen bederatzigarren apartatuan ezarritakoaren arabera planifikatu beharko dira.

Aurreko paragrafoan adierazitako txostena Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari igorri beharko zaio, bertan zehazten diren langileak lan presentzialera itzultzeko aurreikusitako eguna baino hiru egun baliodun lehenago gutxienez, kasuan kasuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzura eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen Negoziazio Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatuetara eramateko. Ukitutako langileak edo unitateak hiru eguneko epea amaitu eta hurrengo lanegunean hasiko dira lan presentzialean.

Zuzendaritza nagusi bakoitzean erreferentziako pertsona bat izendatuko da, langileek ezarritako babes-neurriekin edo -bitartekoekin lotutako gorabeherak jakinarazi ahal izan diezazkioten, ezertan galarazi gabe Laneko Arriskuen Prebentzioko ordezkarien lana.

12. Trantsizioaren faseak.

Normaltasun berrirako trantsizio segurua garatze aldera, Normaltasun berrirako trantsiziorako planean ezarritako gomendioekin eta lantoki bakoitzaren berezitasunekin bat etorriz, foru agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera aplikatu beharreko faseak ezartzen dira jarraian.

Alde batera utzita unitate organikoek egiten duten jarduera apartatu honetan fase bakoitzerako gaitutakoen artean kokatuta dagoen ala ez, edozein kasutan ezinbesteko baldintza izanen da lan presentzialaren modalitatean hasteko behar den babes-materiala ematea langile berriei eta behar diren antolamendu-neurriak hartzea laneko segurtasuna eta osasuna bermatzeko, aurreko bederatzigarren apartatuan ezarritakoaren arabera, eta foru agindu honen hamaikagarren apartatuan ezarritako txostena epearen barnean prestatu eta bidaltzea. Ondorioz, unitate horietara atxikitako langileak lan presentzialaren modalitatean hastea lehen adierazitako baldintzak betetzen diren unera arte atzeratuko da.

Faseak:

–I. fasea.–Fase honetan aurreikusten da lantokietara pixkanaka itzultzea honako hauetan aritzen diren ezinbesteko pertsonak:

  • Departamentuko eremu bakoitzean funtsezkotzat edo kritikotzat jotzen diren jarduerak. Ondorio horietarako, aurreko bederatzigarren apartatuan aurreikusitako txostenean jaso beharko du departamentu bakoitzak zergatik jotzen dituen funtsezkotzat Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 18ko 51/2020 Foru Aginduaren bidez funtsezkotzat jotakoei eta hura aplikatuz jotako gainerakoei erantsi nahi dizkienak.
  • Fase honetarako, Normaltasun berrirako trantsiziorako planaren II. eranskinean zerrendatutako jarduera-sektoreak.
  • II. eranskin horretan berariaz aipatzen ez diren arren, ezinbestekoak diren jarduera-sektoreak, lehenengoak normaltasunez eta segurtasun-baldintzetan garatu ahal izateko. Departamentu bakoitzak aurreko bederatzigarren apartatuan aurreikusitako txostenean adierazi beharko du zein jarduerarekin lotzen den modalitate presentzialean hastea proposatzen duen jarduera eta zergatik.

–II. fasea.– Fase honetan aurreikusten da honako hauetan aritzen diren ezinbesteko pertsonak itzultzea:

  • Herritarrei arreta ematea, foru agindu honen seigarren apartatuan ezarritako baldintzetan.
  • Fase honetarako, Normaltasun berrirako trantsiziorako planaren II. eranskinean zerrendatutako jarduera-sektoreak.
  • II. eranskin horretan berariaz aipatzen ez diren arren, ezinbestekoak diren jarduera-sektoreak, lehenengoak normaltasunez eta segurtasun-baldintzetan garatu ahal izateko. Departamentu bakoitzak adierazi beharko du, bederatzigarren apartatuan aurreikusitako txostenean, zer jarduera sartzea proposatzen duen zerrendatzen den modalitate presentzialean, eta zergatik.

–III. fasea.–Fase honetan aurreikusten da honako hauetan aritzen diren ezinbesteko pertsonak itzultzea:

  • Fase honetarako, Normaltasun berrirako trantsiziorako planaren II. eranskinean zerrendatutako jarduera-sektoreak.
  • II. eranskin horretan berariaz aipatzen ez diren arren, ezinbestekoak diren jarduera-sektoreak, lehenengoak normaltasunez eta segurtasun-baldintzetan garatu ahal izateko. Departamentu bakoitzak adierazi beharko du, bederatzigarren apartatuan aurreikusitako txostenean, zer jarduera sartzea proposatzen duen zerrendatzen den modalitate presentzialean, eta zergatik.

–Normaltasun berria.–Fase hau III. fasea amaitu ondoren hasiko da, Osasun Ministerioak edo organo eskudunak hala erabakitzen duenean. Fase honetan, gainerako langileak zerbitzuak aurrez aurre emateko modalitatera pixkanaka itzultzea aurreikusten da.

Fase horien ezarpena, epeak eta fase bakoitzean sartu behar diren langileak osasun-agintaritzak une bakoitzean hartutako jarraibideen mende egonen dira.

13. Bilerak.

Laneko bilerak, oro har, audiokonferentzia eta bideokonferentzia bidez eginen dira, eta, ahal dela, aurrez aurreko bilkurak eta beste herri batera joatea eskatzen dutenak saihestuko dira.

Ezin izanen da joan lantokiko herritik kanpo egiten diren bileretara, salbu eta ohiz kanpoko arrazoi justifikatuengatik, osasun agintaritzak fase bakoitzerako ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.

14. Bidaiak.

Bertan behera uzten dira dei edo bideokonferentziekin bideratu daitezkeen laneko bidaia guztiak.

Ezin izanen da bidaiatu lantokiko herria ez den beste batera, salbu eta ohiz kanpoko arrazoi justifikatuengatik, osasun agintaritzak fase bakoitzerako ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.

Apartatu honetan ezarritakoa aplikatuko zaie, halaber, Nafarroako Gobernuko lantokiekin loturarik ez duten enpresen bulegoetara egin beharreko bisitei.

15. Ikastaroak eta prestakuntza jarduerak.

Ikastaroak eta prestakuntza jarduerak antolatzeko ardura duten unitateek, beren jarduera garatzeko orduan, baliabide telematikoak erabiliko dituzte lehentasunez, osasunerako izan daitezkeen arriskuak gutxitzeko. Edozein kasutan, osasun agintaritzak fase bakoitzerako ezartzen dituen irizpideei jarraituko diete.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendaritza batzordeari dei eginen zaio prestakuntza planak aldatzea azter dezan, egoera berri honetan beharrezkoa baldin bada. Baldin eta aipatu bileran ondorioztatzen bada prestakuntza planak aldatu behar direla, prestakuntza batzordeei dei eginen zaie, prestakuntza planetan egin beharreko aldaketak negoziatzeko eta ezartzeko langileen ordezkariekin.

16. Hautaprobak.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritako epe administratiboen etendura amaitzen denetik aurrera, tramitazio arrunta ematen ahalko zaie hautapen probetako deialdiei.

Hautapen proba presentzialak egiteko orduan, hautapen prozesu bakoitzaren organo deitzaileak hartu beharko ditu Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak edo agintari eskudunak ezartzen dituzten prebentzio neurriak, probetan parte hartzen dutenen segurtasuna eta osasunaren babesa bermatzeko. Aipatu neurriak ezin badira ezarri, proba presentzialak geroratu beharko dira, behar den denboraz. Halaber, osasun agintaritzak horretarako ezarritako gomendioak bete beharko dira beti.

Hautapen prozedurei berriro ekiterik dagoenean, horien tramitazioan atzeratze gehiago ez gertatzeko eta izangaiei ahal den informazio guztia emateko, martxan dauden hautapen prozesuetan zenbait jarduketa egiten ahalko dira, hain zuzen ere, epeen betebeharrik ez izateagatik eta deialdietan ezarritako tramite formalei jarraitzea edo berriro ekitea ez ekartzeagatik, 463/2020 Errege Dekretuak ezarritako epe administratiboen etenduraren menpe ez dauden jarduketak.

17. Elkarrizketa soziala.

Departamentuek eta erakunde autonomoek hartzen badituzte foru agindu honen ondoriozko antolamendu edo prebentzio neurriak langileen segurtasuna eta osasuna babesteko, kasuan kasuko arloaren Segurtasun eta Osasun Batzordean aztertuko dituzte neurriok.

Horrez gain, jarraipen batzorde bat sortuko da, aztertuko duena foru agindu honetan aurreikusitako neurriak langileak lan presentzialaren modalitateetara gutxinaka itzultzeko. Batzorde horren osaera eta funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile funtzionarioen eta estatutuopekoen Negoziazio Mahai Orokorrarenak izanen dira. Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuen laguntza eta aholkularitza izanen ditu batzordeak, eta hamabost egunean behin eginen ditu bilerak, presentzialak nahiz bideokonferentzia bidezkoak, une bakoitzean ezartzen ahal diren prebentzio bermeak zein diren.

Jarraipen Batzordearen eginkizunak izanen dira, Mahai Orokorrak erabakitzen dituenez gain, foru agindu hau betetzearen ondoriozko informazioa zentralizatzea, baita bertan aurreikusitako parte-hartze sozialeko organoen jarduketak ere.

18. Zerbitzuen beharren mende egotea.

Oro har, foru agindu honetan jasotako neurriak ezartzen dira ezertan galarazi gabe langile guztiek behar bezala justifikatuta dauden zerbitzu beharren mende egoteko duten betebeharra, ezta, eskatzen zaienean, prest egoteko betebeharra ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek esleituak dituzten zerbitzu publikoak emateko. Kasu horietan, behar diren prebentzio neurriak bermatu beharko dira.

19. Foru agindu honen aplikazio eremua.

Foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile guztiei aplikatuko zaie, salbu eta ikastetxeetako edo horiei atxikitako langileei, Justizia Administraziokoei eta, kasuan kasuko taldearen ezaugarriak direla eta, estatuko araudia aplikatzekoa dutenei. Horiei, gehigarri gisa aplikatuko zaie.

20. Ondorioak.

Foru agindu honek ondoriorik gabe uzten ditu, kontra egiten dioten guztian, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 12ko 47/2020, martxoaren 15eko 48/2020 eta martxoaren 30eko 54/2020 foru aginduak.

21. Publizitatea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta ondorioak izanen ditu argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 14an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2004950