101. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

101E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea, titularrak hala eskatuta. Instalazioan alpapa deshidratatzen da, Azkoiengo udal-mugartean dago eta Navarro Aragonesa de Forrajes SA da haren titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 247E/2017 Ebazpenaren bidez emana.

2019ko uztailaren 5ean titularrak bere ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, honako hau: saiakuntzako laborategi akreditatu batek atmosferako emisioei buruzko arauzko txostenak egiteko maiztasuna ingurumen baimen integratuan ezarritakoa baino txikiagoa izatea.

Gaur egun, 6., 7., 9. eta 10. fokuetarako ezarritako maiztasuna seihilekoa da, eta ezinezkoa da txostenak modu adierazgarrian egitea, alpapa lehortzeko kanpainak zazpi hilabeteko iraupena duelako, eta horietatik erdiko bostetan bakarrik betetzen da prozesua errendimendu osoarekin.

Titularrak eskatzen du bi urteko maiztasuna ezartzeko, kontuan hartuta lehen azaldutakoa, hau da, orain arte egin diren arauzko txostenetan lortu izan diren emaitza apalak, eta indarreko araudia.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta erabaki du onargarria dela arauzko txostenak egiteko epeak luzeagoak izatea, baina bi urteko maiztasuna gehiegizkoa dela iritzita, egokiagoa dela urte bateko maiztasuna ezartzea txostenak egiteko.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu, baina eskatu du ingurumen baimen integratuaren I. eranskineko baldintzak sartzea; izan ere, titularrak hura aldatzea eskatu zuen 2019ko ekainaren 25ean, eta garrantzirik gabeko aldaketa ez-funtsezkotzat hartu zen. Zerbitzu honen iritziz egokia da eskaera hori onartzea eta aipatutako aldaketak ebazpen honen eranskinean zehaztea.

Kasu honetan, ikusi da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, iritzita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, titularrak adierazi du onartzen duela espediente hau ebazteko epea ez etetea.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onartzea Azkoiengo udal-mugartean alpapa deshidratatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak bete beharko dituzte instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak, baita ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak ere. Instalazioaren titularra Navarro Aragonesa de Forrajes SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Navarro Aragonesa de Forrajes SAri eta Azkoiengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2004812