101. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

390/2020 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntzen deialdi bat onesten baita abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, 2020an Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez. DDBN identifikazioa: 504726.

Europako Batzordearen azaroaren 18ko azken C (2015) 8143 Betearazpen Erabakiaren bitartez, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onetsi zen.

Urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduaren bidez eta horri egindako aldaketen bidez, abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzen araubidea ezarri zen. Laguntza horiek Nafarroako azienda hazleen elkarteei zuzenduta daude.

Aipatu foru aginduaren I. eranskinaren 9. artikuluko 4. puntuak dio ezen, elkarte baten kontrol eskema funtsean aldatuz gero, baita adierazleetako bat gauzatzeko kostuak ere, laguntzaren urteko deialdietan zenbateko berriak alda daitezkeela, adierazlea kostu berrira egokitu dadin.

Bestalde, bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 4. puntuarekin, espedientea hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoa den prozedura bat delako. Krisialdi honetan, lehen sektorea funtsezkoa da elikagaien hornidura bermatzeko, hala ezartzen baitu martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren beraren 15. artikuluak, non agintaritza eskudunak behartzen baitira hura bermatzeko neurriak hartzera. Neurri horiek funtsezkoak dira ganadu hautatuaren hazleen elkarteak mantentzeko, eta herritarrei elikagaien hornidura egitea bermatzen dute. Izan ere, arlo horretan egiten diren lanak (liburu genealogikoen kudeaketa, errendimendua kontrolatzeko programen garapena, kontserbazio planak, arrazak hobetzeko lana, aholkularitza genetikoa, balorazio genetikoa eta hobekuntza zabaltzeko plana) konpentsatzen dira Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programan jasotzen diren laguntza-neurriekin, zeina Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduari jarraikiz prestatu baita. Neurriek, zehazki, Landa Garapenerako Programaren 10. neurrian (nekazaritza, ingurumena eta klima) ezarritakoa bete beharko dute. Laburbilduz, prozedura hau ezinbestekotzat jotzen da zerbitzuaren oinarrizko funtzionamendurako.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzen deialdi bat onestea, 2020an Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez, abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko.

2. Urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduaren I. eranskinaren 9. artikuluko 4. puntuan ezarritako adierazleak aldatzea, haragitarako ardi-azienda autoktonoari eta esnetarako ardi-azienda autoktonoari dagokienez. Hala, laguntzaren gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira 2020. urterako, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren arabera:

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA, JARDUERAREN, ESPEZIEAREN ETA ORIENTAZIOAREN ARABERA

Espeziea eta orientazioa

Liburu genealogikoa mantentzea eta balorazio genetikoa

Balorazio morfologikoa

Errendimendu kontrola duten animaliak

Filiazioaren kontrol genetikoak

Germoplasmaren bankua

Arrazaren hedapena

Haragitarako behi-azienda autoktonoa

3,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

3,00 euro dosi bakoitzeko

30,00 euro abelburuko

Haragitarako ardi-azienda autoktonoa

0,40 euro abelburuko

1,00 euro abelburuko

0,75 euro abelburuko

6,00 euro abelburuko

3,00 euro dosi bakoitzeko

6,00 euro abelburuko

Esnetarako ardi-azienda autoktonoa

0,40 euro abelburuko

1,00 euro abelburuko

6,00 euro abelburuko

6,00 euro abelburuko

3,00 euro dosi bakoitzeko

6,00 euro abelburuko

Zaldi-azienda autoktonoa

3,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

5,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

3,00 euro dosi bakoitzeko

30,00 euro abelburuko

3. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

4. Bat etorriz COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin, espedientea hau bideratu eta tramitatuko da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, abeltzaintzaren arloko zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduarentzat ezinbestekoa den prozedura bat delako.

5. 400.000 euroko gastua baimentzea 2020ko gastu-aurrekontu orokorretako “Abeltzaintza elkarteak, LGP LGENF 2014-2020” izeneko 710004 71310 4819 412200 partidaren kargura.

6. Deialdi honetan urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduan eta geroko aldaketetan ezarritako arauak aplikatuko dira, haren bidez ezarri baitzen Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzak emateko araubidea.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko apirilaren 30ean.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2004745