101. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

117/2020 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, udal musika eskolentzako dirulaguntzen 2020ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 504692.

Abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren bidez (abenduaren 13ko 79/2010 Foru Dekretuak aldatua), musika eta dantza eskolen sorrera eta funtzionamendua Nafarroako Foru Komunitatean arautzeko oinarrizko arauak ezarri ziren.

Hezkuntza Departamentuak badu aurrekontuko partida bat udal titulartasuna duten musika eskolak finantzatzen laguntzeko.

Bestalde, LOGSEk jasotako goi mailako musika ikasketak ezartzeko modua arautu eta “Pablo Sarasate” Goi Mailako Musika Kontserbatorioa sortu zuen martxoaren 27ko 7/2002 Foru Legeak hirugarren xedapen gehigarrian adierazten du Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren bitartez, musika eskoletan musika ikasketa arautuak egiteko probak prestatzeko programak ezartzen laguntzeko sistema berariazkoa ezarriko duela, eta ezarpen-maila txikiko orkestra espezialitateei laguntzeko politikak sustatuko dituela.

Ebazpen honen helburua da dirulaguntzak emateko arauak ezartzen dituen deialdi bat onestea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

Deialdi honen espedientean frogatzen den moduan, deialdi honek hezkuntzarako oinarrizko eskubidea bultzatzea du helburu; beraz, bidezko da izapidetzea martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak hirugarren xedapen gehigarriko 4. puntuan xedatzen duenarekin bat (errege dekretu horrek alarma egoera deklaratzen du, COVID-19ak eragindako osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez).

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako udal musika eskolentzako dirulaguntzen deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskin gisa atxiki diren oinarri arautzaileekin bat.

2. Gehienez 3.000.000,00 euroko gastua baimentzea, 2020ko aurrekontuko “Musika eskolentzako diru-laguntza” izeneko 420001-42440-4609-322502 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta interesdunei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen eta eranskinen kontra administrazio publiko interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2020ko apirilaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Nafarroako udal musika eskolentzako dirulaguntzen 2020ko
deialdiaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da toki administrazioen edo horiei loturik edo horien mende dauden entitateen titulartasuna duten musika eskolentzako dirulaguntzen kontzesioa arautzea, 2020. urtean, ikastetxe horien mantentze-lanetarako eta funtzionamendurako.

2.–Onuradunak.

Deialdi honetan arauturiko dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroan kokaturik dauden musika eskolen titularrak diren toki administrazioek edo haiei loturik edo haien mende dauden entitateek, betiere 2019ko abenduaren 31n Hezkuntza Departamentuko Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribaturik badaude eta 2019-2020 ikasturte osoan, hasten denetik bukatu arte, jardunean irauten badute.

3.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak 2020ko aurrekontuko “Musika eskolentzako dirulaguntzak” izeneko 420001-42440-4609-322502 partidaren kargura emanen dira. Gehienez ere 3.000.000,00 euro banatuko dira.

4.–Eskaerak egiteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Onuradun izan daitezkeenek ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberako eskabide-orria aurkeztu beharko dute, departamentu honetako Arte Ikasketen Atalera zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, toki hauetako batean: Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorreko bulegoetan (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 7koa), Hezkuntza Departamentuarenean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen erregistro elektronikoa erabiliz. Eskaera aurkeztuz gero Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean, onuradunak, aurkezpenaren egun berean, ensearti@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita, iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, igorpenaren gordailu eguna frogatzen duen agiriaren kopiarekin batera.

4.2. Legezko ordezkariak aurkeztu beharko du eskaera, musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunak erabaki bidez horretarako ahalordea emanda. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunaren erabakia, eskaera aurkezten duen legezko ordezkariari ahalordea ematen diona.

–Entitatearen estatutuak, udal bati lotutako edo haren mendeko entitateak direnean. Aurreko urteko deialdian aurkeztutako datuetan aldaketaren bat izan bada soilik aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

4.3. 4.2 atalean adierazitakoez gain, musika eskolek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

4.3.1. Eskolak berak egindako ziurtagiria, 2019-2020 ikasturtean musika ikasketa arautuetara igaro diren ikasleen zerrenda erakutsiko duena (izen-deiturak eta 2018-2019 ikasturtean zein programatan egon diren matrikulaturik adierazita), halako ikaslerik baldin bada.

4.3.2. Musika-ikasketa arautuetako, lanbide ikasketetako edo goi mailako ikasketetako Espainiako ikastetxeek egindako ziurtagiriak, ikasle horiek 2019-2020 ikasturtean irakaskuntza horietako kurtso osoak egiteko matrikulaturik daudela azaltzen dutenak.

4.3.3. Musika eskolaren diru-sarreren eta gastuen 2019ko aurrekontu betearazia edo gauzatua, musika eskolaren titularra den entitateko organo eskudunak onetsia. Aurrekontu horretan zehaztuko dira, gutxienez, udalak edo horri loturik edo horren mende dauden entitateek jarritako diru-sarrerak, Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntzaren bidez jasotakoak eta beste administrazio publiko batzuek eta partikularrek emandakoak. Gastuen aurrekontu betearazian gutxienez hauek zehaztuko dira: irakasleen gastuak eta horien karga sozialak, irakasleak ez diren gainerako langileen datu berberak, ekipamendu gastuak eta urtean benetan egindako berritzeenak, eta musika eskolaren funtzionamendu eta kontserbazio gastuak (III. eranskina).

Aurreko deialdian ziurtagiri gisa aurkeztua bada Arte Ikasketen Atalean, agiri hau ez da aurkeztuko.

4.3.4. Eskolaren diru-sarreren eta gastuen 2020ko hasierako aurrekontua, eskolaren titularra den entitateak onetsia, gutxienez ere aurreko paragrafoan aipaturikoak zehaztuko dituena (IV. eranskina). Hori izan ezean, 2019ko aurrekontu betearazia hartuko da kontuan.

4.3.5. Eskolaren titularra den entitateak onetsitako tarifa edo prezio publikoak, 2019-2020 ikasturtean ikasleei kobratzen zaizkienak.

4.3.6. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko erabiliko diren datuen laburpena (V. eranskina). Datu horiek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Arte Ikasketen Atalera bidalitako Ikastetxea Antolatzeko Dokumentuan agertzen direnak bezalakoak izanen dira.

4.3.7. Onuradunak jarduera diruz lagundua azpikontratatzen badu, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzen dela dioen deklarazioa.

4.4. Dirulaguntza eskaera osorik betetzen ez bada edo eskaera baloratzeko garrantzitsuak diren alderdiak behar bezala frogatzen ez badira, akatsa zuzen dezala eskatuko zaio entitate titularrari. Horretarako hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez ere, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasita. Eskatutako zuzenketa aurkezten ez bada, musika eskolaren titularrak dirulaguntza hau eskuratzeko eskubidea galduko du, eta bere eskaera artxibatuko da.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoaren mugak.

Musika eskola bakoitzak guztira jaso dezakeen gehieneko dirulaguntzak muga hauek izanen ditu:

5.1. Musika eskola bakoitzari eman beharreko diru kopurua ezin da izan 2019. urtean eskolaren titularra den entitateak, ekitaldi horretako aurrekontu betearazian agertzen denaren arabera, egiten duen diru ekarpena baino handiagoa. Musika eskolaren batek Hezkuntza Departamentuaren funtzionamendurako baimena 2019-2020 ikasturtearen hasieratik lortu badu, ez zaio paragrafo honetako gehieneko muga aplikatuko dirulaguntza kalkulatzerakoan.

5.2. Musika eskola bakoitzari guztira eman beharreko diru kopuru hori, gainera, ezin da izan musika eskolak 2020ko gastuetarako duen hasierako aurrekontuaren %33 baino handiagoa.

6.–Dirulaguntzaren zenbatekoa ezartzeko prozedura.

6.1. Eskaera egiten duten musika eskolek gehienez 3.000 euro jasoko dute 2018-2019 ikasturtean eskolan matrikulatu eta 2019-2020 ikasturtean lanbideko edo goi mailako musika ikasketa arautuen Espainiako ikastetxe batean sartzen den ikasle bakoitzeko.

Aurreko paragrafoko dirulaguntza, guztira, 300.000 eurotik gorakoa bada, gehieneko diru kopuru hori atal honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleen artean proportzionalki banatuko da.

Tuterako “Fernando Remacha” musika eskola atal honetatik aparte uzten da, izan ere, Tuterako Udalak berariazko hitzarmen bat dauka Hezkuntza Departamentuarekin sinatua musikako lanbide ikasketak egoki finantzatzeko.

6.2. Musika eskola eskatzaileek 1.000 euro ere jasoko dituzte eranskin honetako 6.3.E oinarrian adierazitako espezialitateetako eskolak hartzen dituen ikasle bakoitzeko, baldin eta espezialitate horietako bat edo batzuk Nafarroako Gobernuaren Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribatu badituzte 2019. urte naturalean, eta ikaslerik badute espezialitate horietako batean matrikulatuta.

Aurreko paragrafoko dirulaguntza, guztira, 27.000 eurotik gorakoa bada, gehieneko diru kopuru hori atal honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleen artean proportzionalki banatuko da.

6.3. Musika eskola bakoitzari puntuazioa emanen zaio matrikulatutako ikasleen arabera. Bost atal baloratuko dira, ponderazio indize hauei jarraikiz:

A.–Puntu bat, LOEren 48.3 artikuluan aurreikusitako ikasketa arautugabeetako hasierako ikasle bakoitzeko, hau da, abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 9. artikuluko 2. apartatuak aipatzen dituen lautik zazpi urtera bitarteko ikasle bakoitzeko.

B.–1/3 puntu, LOEren 48.3 artikuluan aurreikusitako ikasketa arautugabeetako musika tresnaren eskolak, eta ez bestelakorik, hartzen dituen ikasle bakoitzeko, betiere abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 9.1.a artikuluan sartuta badaude.

C.–1/3 puntu, LOEren 48.3 artikuluan aurreikusitako ikasketa arautugabeetako irakasgai osagarrien eskolak hartzen dituen ikasle bakoitzeko, zortzi urte edo gehiago badituzte, eta abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 9.1.b artikuluan sartuta badaude edo eskolako kantu eta instrumentu taldeetan parte hartzen badute, foru dekretu beraren 9.1.c artikuluak dioenarekin bat.

D.–2,5 puntu, LOEren 48.3 artikuluan ezarritako ikasketa arautugabeetako instrumentu edo kantuko ikasle bakoitzeko (Hezkuntza Departamentuak baimendutako instrumentu espezialitateetan betiere), ikasleek zortzi urte edo gehiago badituzte, eta aldi berean irakasgai osagarrien eskolak hartzen badituzte edo ahots eta instrumentu taldeen jardueretan parte hartzen badute, 421/1992 Foru Dekretuaren 9.1.b eta 9.1.c artikuluetan ezarrita dagoen moduan. Kasu honetan kontuan hartuko da instrumentu-praktikako ikasleen eta irakasgai osagarrietakoen edo instrumentu eta/edo kantu taldeetakoen arteko gutxienekoa.

E.–Gainera, beste 2,5 puntu emanen dira harpa, kontrabaxu, fagot, tronpa, tuba-bonbardino, txistu, biola, biolin eta biolontxelo espezialitateetan matrikulatutako ikasle bakoitzeko, betiere ikastetxeak aurreko paragrafoan azaldutako baldintza betetzen badu modu orokorrean.

Atal honetan azaltzen den ikasleen adinaren baldintzaren ondorioetarako, aipatzen den adina 2019. urtean bete beharrekoa da.

A, B, C, D eta E ataletako puntuak batuta ateratzen dena izanen da musika eskola bakoitzaren puntuazioa.

Eskola eskatzaileei atal honetan banatu beharreko diru kopurua kalkulatzeko, eranskin honen 3. atalean zehaztutako zenbatekoari 6.1 eta 6.2 apartatuetako behin-behineko zenbateko osoa kenduko zaio.

Puntu bati dagokion balioa kalkulatzeko, zatiketa hau eginen da: aurreko lerroaldea aplikatzearen ondoriozko zenbatekoa zati eskolen multzoari esleitutako puntu guztien batura.

Eskola bakoitzari esleitutako puntuazioa eta puntu bati dagokion balioa kontuan hartuta, eskola bakoitzerako zenbatekoa kalkulatuko da.

Aurreko paragrafoan adierazitako moduan musika eskola bakoitzarentzat kalkulatutako diru kopuruari 6.1 eta 6.2 ataletan adierazitako moduan eskola horrentzat kalkulatutako diru kopurua gehituta, emaitzak ezin izanen ditu gainditu oinarri hauen 5. atalean ezarritako mugak.

Zenbateko horrek 5. atalean ezarritako mugetakoren bat gaindituz gero, muga horretatik gorako zenbatekoa kenduko zaio zenbateko horri.

6.4. Eskola eskatzaile guztien 6.1, 6.2 eta 6.3 ataletako zenbatekoen batura eranskin honen 3. atalean adierazitako zenbatekoaren azpitik badago, soberakina banatuko da 5. atalean ezarritako mugak gainditu gabeko dirulaguntzak jaso dituzten musika eskolen artean.

Horretarako, 6.3 atalean ezarritako prozedura erabiliko da, kontuan izanik aurreko paragrafoa aplikatu ondoren geratzen den dirua dela banatu beharrekoa.

Eskola bakoitzarentzat 6.1, 6.2, 6.3 eta 6.4 atalak baturik kalkulatzen den behin-behineko zenbatekoak ezin izanen ditu gainditu 5. atalean ezarritako gehieneko mugak.

6.5. Aurreko atalean azaldutako banaketa prozesua behin eta berriz egiten ahalko da, harik eta dirulaguntzarako kalkulatutako guztizko zenbatekoa, hau da, 6.1, 6.2, 6.3 eta 6.4 ataletan (eta 6.5 atalean, ondoren) kalkulatutako behin-behineko guztizkoen batura, 3. atalean erabilgarri dagoen zenbatekora hurbildu arte.

6.6. Musika eskola bakoitzak hartu beharreko behin-behineko zenbatekoa 6.1, 6.2, 6.3, 6.4 eta 6.5 ataletan kalkulaturiko behin-behineko zenbatekoen batura izanen da.

7.–Ikasleen datuak.

Musika eskola bakoitzean baimenduriko instrumentu, maila eta irakasgai osagarrietan eta hastapeneko irakaskuntzan dauden ikasleen kopurua, dirulaguntzaren kalkulua egiterakoan kontuan hartuko dena, ebazpen hau sinatzen den egunean departamentu honetako Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura dagoena izanen da.

Dirulaguntzaren xedeko instrumentuen irakaskuntzari dagokionez, ebazpen hau sinatzen den egunean Nafarroako Gobernuaren Musika eta Dantza Eskolen Erregistro Berezian inskribaturik daudenak kontuan hartuko dira, betiere erregistro horretan sartzeko eskaera aurtengo urtarrilaren 1a baino lehen egin baldin bada.

8.–Dirulaguntzaren behin-behineko banaketa.

Dirulaguntza kalkulatu ondoren, eta ekainaren 15a baino lehen, Arte Ikasketen Atalak behin-behineko banaketaren proposamena, entitate titular bakoitzari esleitutako guztirako diru kopurua adierazita, argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web-orrian, www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan.

Interesdunek behin-behineko proposamen horren kontrako erreklamazio edo alegazioak aurkezten ahalko dituzte hamar egun balioduneko epean, behin-behineko ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan, espedientea interesdunen eskura izanen da Arte Ikasketen Atalean, beren dirulaguntza kalkulatzeko erabili diren datuak kontsulta ditzaten, nahi izanez gero.

Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalari zuzenduko zaizkio. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, bidezkoa bada, haiek erantzun ondoren, deialdi honetako dirulaguntzen behin betiko ebazpena emanen da.

9.–Dirulaguntzak ematea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean deialdiaren gaineko ebazpena emanen du Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Arte Ikasketen Atalaren txostena ikusi eta gero. Deialdi honen behin betiko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenari aurka egiteko, administrazio publikoek egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakoari jarraituko zaio.

Entitate titularrek dirulaguntza hauek jasotzeko eskubidea galduko dute, baldin eta 4. atalean aipaturiko epean atal horretako agiri guztiak aurkezten ez badituzte edo Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Arte Ikasketen Atalera eramaten ez badituzte eskolako ikasleen matrikulako datuak.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.

10.1. Dirulaguntza, oro har, zenbateko bereko bi ordainketatan pagatuko da, Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bitartez.

10.2. Lehen ordainketa, urteko lehendabiziko seihilekoari dagokiona, pagatuko da onuradunak musika eskolaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu partziala aurkeztu ondoren, hain zuzen, 2020ko ekainaren 15era arte betearazi edo gauzatu dena. Aurrekontu hori deialdi honen VI. eranskinean biltzen den ereduaren eta egituraren arabera prestatu beharko da, eta Musika Eskolaren entitate titularraren organo eskudunak onetsi behar du. Eranskin hori 2020ko ekainaren 15etik 30era bitartean aurkeztuko da, departamentu honetako Arte Ikasketen Atalari zuzenduta, eranskin honen 4.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz.

Aipatu dokumentazioa ez bada epearen barruan aurkezten, onuradunari dirulaguntzaren %1eko zehapena ezarriko zaio atzeratzen den egun bakoitzerako.

10.3. Bigarren ordainketa, urteko bigarren seihilekoari dagokiona, pagatuko da onuradunak musika eskolaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu partziala aurkeztu ondoren, hain zuzen, 2020ko azaroaren 1era arte betearazi edo gauzatu dena. Aurrekontu hori deialdi honen VI. eranskinean biltzen den ereduaren eta egituraren arabera prestatu beharko da, eta musika eskolaren entitate titularraren organo eskudunak onetsi behar du. Eranskin hori 2020ko azaroaren 1etik 15era bitartean aurkeztuko da, departamentu honetako Arte Ikasketen Atalari zuzenduta, eranskin honen 4.1 oinarrian ezarritako bideak erabiliz.

Aipatu dokumentazioa ez bada epearen barruan aurkezten, onuradunari dirulaguntzaren %1eko zehapena ezarriko zaio atzeratzen den egun bakoitzerako. Nolanahi ere, 2020ko abenduaren 31 baino geroago aurkezteak ekarriko du kobratu beharreko dirulaguntzarako eskubidea galtzea.

Musika eskolaren diru sarreren eta gastuen aurrekontu betearazi edo gauzatua eta partziala aurkeztu beharko da, eskolaren entitate titularraren organo eskudunak 2020ko azaroaren 1a baino lehen onetsia. Aurrekontu horrekin batera aurkeztuko ditu, bide berberak erabiliz, dirulaguntzaren publizitatearen deklarazioa, VIII. eranskinean ezarritako eredua betez, eta musika eskolaren taula pedagogikoa, 2020ko azaroaren 1ean eguneratua eta IX. eranskinean ezarritako ereduari jarraikiz.

10.4 Onuradunak justifikatu beharko du jaso den dirulaguntza osoa aplikatu dela, musika eskolaren 2020ko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu betearazia edo gauzatua aurkeztuz 2021eko martxoaren 1a baino lehen. Aurrekontu hori deialdi honen III. eranskinean biltzen den ereduaren eta egituraren arabera prestatu beharko da, eta musika eskolaren entitate titularraren organo eskudunak onetsi behar du.

11.–Betebeharrak.

Entitate onuradunek konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Musika eskolaren publizitate-lan guztietan dirulaguntzaren jatorria adieraztea. Ildo horretan, musika eskolek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jaso dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da, horretarako erakunde horren ikurra agerraraziz.

b) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela justifikatzea eta laguntza emateko finkaturiko betebehar, baldintza eta helburuak betetzea.

c) Hezkuntza Departamentuak emandako laguntzari buruz egiten dituen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamenaren egunean, onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

e) Jasotako dirulaguntzaren aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

f) Emandako laguntzen destinoa bermatzeko egiaztatze-lanak erraztea. Horretarako, musika eskolaren jarduerari buruz eskatzen zaizkion datu, agiri eta txostenak aurkeztu beharko ditu.

g) Musika eskolaren ohiko funtzionamenduari kalte egiten ahal dion edozein gorabeheraren berri ematea laguntza eman duen organoari.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

12.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11. artikuluaren edukiak ezarriko du dirulaguntza honen onuradunak diren entitateek bete behar duten gardentasun betebeharra.

13.–Bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira onuradunek administrazio honetatik, beste administrazio publiko batzuetatik edo Estatuko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularrengandik jasotzen dituzten dirulaguntzekin.

14.–Onuradunek diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.

Onuradunak osorik edo partez azpikontratatzen ahal du diruz lagunduko zaion jarduera. Bai onuradunek bai kontratistek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.

15.–Laguntzen itzulketa eta arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

15.1. Hezkuntza Departamentuak ikertzen ahalko du ea onuradunak aitortutako datuak egiazkoak diren, eta gezurrezkoak badira, ordaindu beharreko dirulaguntza gutxitzen ahalko du, edo, hala badagokio, emandako dirulaguntza eta kasuan kasuko berandutze-interesak itzul daitezela eskatu, eta zehapen espedientea irekitzen ahalko du, oso arau-hauste astuna egiteagatik.

Gainera, hitzarmen honen babesean ematen diren dirulaguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabakitzen denera arte sortutako berandutze-interesak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan, eta deialdi honetan ezarritako betebeharrak bete ezik.

Dirulaguntza ordaintzeko eskaerak berandu aurkezten diren kasuei buruz 10. oinarrian xedatua ukatu gabe, deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean berean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

Aurreko ataletan dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatzean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarririko prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

15.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.–Araubide juridikoa.

Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kontrolatu eta kudeatzeko araubidea ezartzen duten arauetan xedatutakoari jarraikiko zaio, eta bereziki, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari.

II. ERANSKINA

Dirulaguntzen deialdiko eskabide eredua.

III. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu betearazia.

IV. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen hasierako aurrekontua.

V. ERANSKINA

Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko erabiliko diren datuen laburpena.

VI. ERANSKINA

Diru-sarreren eta gastuen behin-behineko aurrekontu betearazia.

VII. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrak betetzearen adierazpena.

VIII. ERANSKINA

Dirulaguntzaren publizitatearen deklarazioa.

IX. ERANSKINA

Musika eskolako pedagogiako karguen taula.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2004742