1. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERA

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

2019ko maiatzaren 8ko Osoko Bilkuran hasiera batez onetsi zen Berako Udalaren Dirulaguntzen ordenantza orokorra.

Ordenantza hori 2019ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 8an, baita Udalaren ediktu oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurreko epean ez da erreklamaziorik aurkeztu eta, beraz, aipatu Osoko Bilkuraren akordioaren 3. puntuari jarraikiz, hasierako onespen erabakia behin betikoa izatera iragan da, eta ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori, behin betiko testuarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

Beran, 2019ko abenduaren 10ean.–Alkatea, Aitor Elexpuru Egaña.

ERANSKINA

ZIOEN AZALPENA

Publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak ezartzen dituenean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarrita dago toki entitateek ematen dituzten dirulaguntzen esparru juridiko orokorra.

Ordenantza orokor honen xedea da indarra duten legeei egokitzea dirulaguntzak emateko prozedura Berako Udalean, horretarako ezarriz esparru orokor bat, alor desberdinetan onartzen dituen deialdi guztiei aplikatzeko modukoa.

ARTIKULUAK

1. artikulua. Araubide juridikoa.

Berako Udalaren eta bere erakunde publikoen dirulaguntzak aginduzko izango dituzte, batetik, Ordenantza honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (aurrerantzean DLO) eta Dirulaguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (aurrerantzean DLOren Erregelamendua) jasotako preskripzioak; bestetik, eman litezkeen ordenantzak edo oinarri espezifikoak, dagozkion udal Aurrekontua Betearazteko Oinarriak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako araudia eta dirulaguntza horiei aplikatu beharreko gainerako arauak.

2. artikulua. Dirulaguntzen xedea.

Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat: Berako Udalak emandako dirua, ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskuratzen ahal dituzten pertsonen aldekoa, betiere honako inguruabar hauek betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak xede izan dezala onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat sustatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Dirulaguntzen kudeaketa printzipio hauen arabera egin beharko da: berdintasuna, diskriminaziorik eza, publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

4. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. DLOren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izaten ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren, proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte, edo dirulaguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan -publikoak nahiz pribatuak- berariaz adierazi beharko da, hala eskaeran nola dirulaguntza emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen eta zenbateko dirulaguntza aplikatuko den kide bakoitzeko. Kideok ere onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta DLOren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

4. Dirulaguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Beran egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematea nahiz jarduerak egitea, nahitaezkoa eta baztertzailea izan daiteke hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

5. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Entitate laguntzailetzat jotzen ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak (baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko organismo edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena), baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

2. Entitate laguntzaileen kaudimena egiaztatutzat joko da finantza-erakundeen aldeko txostena aurkeztuta, non eta ez den eskatzen deialdian bertan beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko.

3. Entitate laguntzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten jardueren zerrenda aurkeztuko da, ez bada deialdian beste bitartekoren bat jartzen.

4. Entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoeran daudenak.

6. artikulua. Debekuak.

1. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin eta, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, dirulaguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea.

b) Konkurtso deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoan deklaratua izatea, esku-hartze judizialaren mende egotea, edo desgaitua Konkurtsoari buruzko Legearen arabera, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak ez egotea Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean, ezta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean ere, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, galdu izana dirulaguntzak lortzeko ahalbidea, ordenantza honen, DLOren, Tributuei buruzko Lege Orokorraren edo Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren arabera.

Ezin dira onuradun bilakatu ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

2. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatua aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

3. Artikulu honen 1go apartatuko b), d), e), f) eta g) paragrafoetan eta 2. apartatuan ezarrita dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute.

4. Artikulu honen 1go apartatuko a) eta h) paragrafoetan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarritakoa izanen da debekuaren irismena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da irismena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

5. Artikulu honen 1go apartatuko c) paragrafoan dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.

6. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 1go eta 2. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bide hauetakoren bat erabiltzen ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapena, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

7. artikulua. Xedea.

Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Euskara.

–Musika.

–Kirola.

–Hezkuntza.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Hirugarren adina.

–Osasuna eta gizarte-laguntza.

–Giza eskubideak, laguntza humanitarioa eta garapenerako lankidetza.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Turismoa.

–Jasangarritasuna eta ingurumena.

–Hirigintza eta industria.

–Herritarren partaidetza.

–Onuradun izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, Udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

8. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagoka araubidean tramitatuko da, esan nahi baita, aurkezten diren eskaerak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza adjudikatuko zaiela, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

Banakako ebaluazioaren sistemaren bidez ematen ahal da dirulaguntza; haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

Berako Udalak eta bere erakunde publikoek dirulaguntzak emateko irizpide orokor gisa balio dezakete, besteak beste, honako hauek:

a) Dirulaguntza eskatzen duenaren ahalmen ekonomikoa.

b) Proiektuaren bideragarritasuna.

c) Ekintzaren justifikazioaren, jarritako helburuen eta proposatutako jardueren arteko koherentzia.

d) Jardueraren edo proiektuaren sormena, lanketa-maila, berrikuntza, originaltasuna edo interesa.

e) Proiektuan genero-ikuspegia kontuan hartzea.

f) Proiektu edo jardueratik eratorritako ondorioen iraunkortasun-maila.

g) Beste entitateekiko koordinazio eta lankidetza maila.

h) Esperientzia, antzeko proiektuetan.

i) Entitatea zenbat kidek osatzen duten eta jarduerak zenbateko eragin soziala duen, jarduera horietan izena eman duten partaideen kopuruaren arabera.

j) Pertsona edo entitate onuradunaren gaitasun teknikoa, antolakuntzazkoa eta kudeatzekoa.

k) Proiektuaren egokitzapena, baldintza sozialei, kulturalei edo beraren garapen-esparruko beste baldintza batzuei dagokienean.

l) Kalitate teknikoa.

m) Kalitate artistikoa.

n) Dirulaguntza eskatzen duen pertsona edo entitatea autofinantzatzeko gai izatea eta finantzatzeko beste funts batzuk edukitzea.

o) Programatutako proiektuaren edo jardueren jarraipena eta ebaluazioa.

p) Iritzi publikoaren sentsibilizazioari egiten dion ekarpena.

q) Jardueren erabilgarritasun maila Berako biztanleentzat.

r) Proiektua edo jardueraren garapenean parte hartzen duten boluntarioen portzentajea.

s) Proiektuak edo jarduerak laguntzen ote dien biztanleria-hartzailearen bizi-kalitatearen hobekuntza ekar dezaketen prestakuntza- edo heziketa-alderdiei.

t) Diruz lagundutako jardueraren hartzaile den biztanleriaren partaidetza aktiboa.

2. Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez, eta horren bitartez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ere onetsiko dira, DLOren 23. artikuluaren arabera.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean dagokien gastua baimendu beharko da.

Prozeduraren gauzatzean kontuan izango da, Ordenantza honez gainera, Administrazio Elektronikoa arautzen duen Ordenantzan orokorki xedatutakoa.

3. Deialdia argitaratuko da Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean –zeinak deialdiaren laburpen bat bidaliko duen Nafarroako Aldizkari Ofizialera– eta udalaren web-orrian. Egin liteke beste argitalpen osagarri bat, deialdia egiteko eskumena duen organoak xedatutako forman eta hedabideen bitartez.

Dirulaguntzen deialdiak denbora nahikoarekin argitaratu beharko dira pertsona edo entitate onuradunak behar adinako denbora eduki dezan jarduera eraginkortasunez garatzeko eta ondorengo justifikazioa egiteko. Beharrezkoa bada, aurreko aurrekontu-ekitaldian emango zaio hasiera espedienteari, DLOren Erregelamenduaren 56. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorrita.

4. Oinarriak argitaratu ondoren, dirulaguntzen eskaerak aurkez daitezke, helburu horretarako deialdian arautzen den ereduan; horrekin batera, oinarri bakoitzak eskatzen dituen agiriak aurkeztu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea dagokien deialdietan zehaztuko da eta ezin izango da 20 egun naturaleko epea baino txikiagoa.

Eskatutako agiriak dagoeneko Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak, betiere bi urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren, eta agirietan aldaketarik izan ez bada.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, halakorik egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egin diola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera aurretik ebazpena emanda, Lege beraren 68. artikuluan agindutakoari jarraituz.

5. Eskaerak aurkeztuta, honela jokatuko da:

a) Instrukzioa egiten duen pertsonak (oinarri arautzaileek adieraziko dute zein den) eskaeren balorazio txostena eskatuko du, kasuan kasuko dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan edo deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Kide anitzeko organo batek eginen du balorazio hori; hura oinarri arautzaileetan adierazten diren kideek osatuko dute. Kide anitzeko organoak instrukzioa egiten duen pertsonari txostena igorriko dio; hartan zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza.

b) Instrukzioa egiten duen pertsonak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, behar bezala arrazoitua. Organo horrek hamabost eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

c) Ebazpenak honako hau adierazi beharko du:

–Dirulaguntza hartzeko proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada. Kasu honetan, onuradunen batek dirulaguntzari uko egingo balio, dirulaguntza eman duen organoak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, dirulaguntza ematea puntuazio ordenako hurrengo eskatzaileari edo eskatzaileei, betiere onuradun batzuek egindako ukoarekin atzera emandako eskabideetatik gutxienez bati erantzuteko kreditu nahikoa utzi bada libre. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera hau jakinaraziko die interesatuei, haiek onartuz gero, administrazio-organoak emakida-ekintza berri bat eman dezan.

–Jarduera bat finantzatzeko helburua duten dirulaguntzetan, emakida-ebazpenek zehaztuko dute haiek zein epetan garatu behar diren, kontuan izanik, hala badagokio, pertsona edo entitate onuradunak egindako proposamen edo lanen programa eta aurrekontu-kredituen denborazkotasunetik eratorritako mugak.

–Zein errekurtso jar litezkeen beraren kontra, errekurtso horiek zein organoren administratibo edo judizialen aurrean aurkeztu behar diren eta haiek jartzeko epea, kalterik egin gabe interesatuek egoki deritzoten beste edozein errekurtso jartzeko ahalmenari.

Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Administrazioaren aitzinean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Dirulaguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa dakar. Deialdietan aurreikusi ahal izango da ezen, baldin-eta dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdiaren helburua den zenbatekoa baino, azken zenbateko hau onuradunen artean hainbana dadila aurreko atalaren arabera doitutako proiektuen aurrekontuen edo onartutako programen proportzioan, betiere dirulaguntzaren baldintzak, helburu eta xedea aldatzen ez badira. Hala ere, onuradunak edo proiektuak, bakoitzak bere aldetik, jaso beharreko kopurua nahikoa ez bada dirulaguntzak eraginkorrak izateko, ez da hainbanaketarik egingo.

6. Dirulaguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, sei hilabete izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izaten ahalko da lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europako Batasunaren araudian horrela aurreikusten bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat jo beharko da.

7. Ebazpena Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko da eta dirulaguntzen onuradunen publikotasuna ziurtatzeko beste bitarteko batzuek ere erabiliko dira, esaterako egoitza elektronikoa eta udalaren web-orria. Ez da beharrezkoa izango onuradunaren datuak argitaratzea baldin eta, dirulaguntzaren helburuaren arabera, eta Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako, eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan xedatutakoari jarraituz, pertsona fisikoen ohorea, beraren eta familiaren intimitatea ez errespetatzea edo ez babestea ekar badezake, eta bere araudi erregulatzailean hala aurreikusita badago.

9. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea.

Dirulaguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:

1. Udalaren aurrekontu orokorrean beren izenekin datozenak.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, dirulaguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako dirulaguntzak; horiek onuradunarekin sinatutako hitzarmen bidez gauzatuko dira, hartan, honako hauek zehaztuko beharko direlarik: dirulaguntzaren xedea eta haien onuradunak, aurrekontuko diru-izendapenaren arabera; gastua aurrekontuko zer kredituri egozten zaion eta dirulaguntzaren zenbatekoa; bateragarritasuna beste administrazio publikoek edo Europar Batasunak ematen dituzten beste dirulaguntzekin; dirulaguntza ordaintzeko epeak eta modua, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, baita onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea ere; dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako diruak aplikatu direla frogatzeko onuradunak dituen epea eta modua.

2. Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3. Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

10. artikulua. Urte anitzeko dirulaguntzak.

Ezin izango da baimendu dirulaguntzak deitzea, gastua egozten bazaio laguntza horiek emateko ebazpena adierazi ondorengo ekitaldiei (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 225. artikulua).

11. artikulua. Aurretiazko tramitazioa.

1. Deialdia onartzen ahal da horren gaineko ebazpena egiten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldi batean, gastua betearazten bada dirulaguntza ematen den urte berean, eta honako inguruabar hauetako bat betetzen bada:

a) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa egon ohi bada, dena delako gastua aurrekontu bidez estaltzeko.

b) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa baldin badago hurrengo ekitaldiari dagokion aurrekontu proiektua egiterakoan; bertan gastu konpromisoa hartuko da, dirulaguntza emateko ebazpena onestearen ondorioz.

2. Kasu horietan, deialdian agertzen den gehieneko zenbateko osoa balioetsia izanen da; horregatik, laguntza hori ematea ebazterakoan, bertan adierazi beharko da espresuki dirulaguntzak ematea kreditu egokia eta behar adinakoa izatera baldintzatua dagoela. Aurrekontu orokorrean onartutako aurrekontu kreditua hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa izan daitekeen kasuetan, organo kudeatzaileak erabaki ahal izanen du deialdiari hori aplikatzea edo ez, ebazpenaren aurretik dagokion gastuaren espedientearen izapideak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3. Deialdiaren aurretik tramitatzen den gastu espedientean, behar adina kreditu dagoela egiaztatzen duen agiria ordeztu eginen da kontu-hartzailetzaren ziurtagiri batekin; bertan agertuko da artikulu honen 1go apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat badela.

4. Gastu espedientean emandako tramite egintza guzien ondorioak honen arabera baldintzatuak daude; laguntza ematea ebazterakoan, ekintza horiek egin zirenean zeuden egitatezko eta zuzenbidezko inguruabar berberek iraun behar dute.

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

1. Dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

2. Organo emailearen edo, halakorik bada, entitate laguntzailearen aurrean frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

3. Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

4. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari.

5. Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea.

6. Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

8. Behar bezala iragartzea dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

9. Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

13. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Dirulaguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, ondoko agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, Alkatetzari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren memoria.

c) Justifikazioko kontua, jatorrizko fakturekin edo gastua justifikatzen duten fakturen fotokopia konpultsatuekin batera, eta dagokion ordainketaren egiaztagiriekin batera. Fakturak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak izan daitezke, dagokion deialdian hala zehazten bada.

Justifikazio ekonomikoaren ordez, kontu-ikuskari akreditatu batek egindako kontu-ikuskatzea aurkezten ahal da, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Berako Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako dirulaguntzarik ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, baita zer erakundek eman dituen ere; orobat adierazi beharko da Udalak emandako dirulaguntzak, bestelako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Betiere, deialdiei dagozkien oinarri arautzaileetan zehaztuko da aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bestelako epe berariazkorik ezarri ezean.

2. Dirulaguntza arautzen duen oinarri bakoitzak aurreikusi ahal izanen du konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera. Aukera hori espresuki adierazi beharko da dirulaguntza arautzen duen deialdian:

–Konturako ordainketak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatituak izaten ahalko dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahala, eta aurkeztutako frogagirietako zenbatekoa ordainduko da.

–Ordainketa aurreratuak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira, hau da, gastua frogatu aitzin dirua ematea, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa. Oinarri arautzaileek, emandako funtsen gaineko bermeen araubidea aurreikus dezakete.

14. artikulua. Laguntza itzuli beharra.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta DLOren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, DLOren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

15. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean norberaren diruarekin finantza dadila eskatu ahal izanen da dirulaguntzari buruzko araudian. Diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan norberaren dirua jarri dela frogatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan aplikatu izana zehaztuko dira.

2. Dirulaguntzen zenbatekoa, berez edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen dirulaguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.

3. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, baldin eta, deialdi honetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

16. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzen publizitatea DLOren 18. eta 20.8 artikuluei jarraituz eginen da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta Estatuko 19/2013 Legean ezarritakoa alde batera utzi gabe.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legearen IV. tituluan ezarritakoak dira.

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

Azken xedapenetako bigarrena.–Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L1915997