82. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1120/2019 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, merezimendu lehiaketarako deia egiten duena Irakasleentzako Laguntza Zentroetako (ILZ) zuzendari eta aholkulari lanpostu batzuk zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak nola bete arautzen duen apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuak bere 3. artikuluan ezartzen du Hezkuntza Departamentuak merezimendu lehiaketen deialdiak eginen dituela Irakasleentzako Laguntza Zentroetako (ILZ) aholkulari eta zuzendari lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuak egin duen proposamena ikusirik, Irakasleentzako Laguntza Zentroetako aholkulari eta zuzendari izateko zenbait lanposturen deialdia egiteko ikasturte honetan, bidezkoa da lanpostu horiek zerbitzu eginkizunetan betetzeko merezimendu lehiaketaren deialdia egitea.

Horrenbestez, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak martxoaren 7an emandako 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Merezimendu lehiaketaren deialdia onestea, Irakasleen Laguntza Zentroetan (ILZ) zuzendaritza eta aholkularitza lanpostuak zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-Administratiboaren Atalera, Giza Baliabideen Zerbitzura, Deialdien Atalera eta Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren eta Bizikidetzaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

MEREZIMENDU LEHIAKETAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Merezimendu lehiaketaren deialdia egiten da Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendari eta aholkulari lanpostu hauek zerbitzu eginkizunetan betetzeko, deialdi honetan ezartzen diren zehaztapenei jarraikiz:

LANP. ZENBAKIA

ATXIKIPENA

LANPOSTUA

KOP.

HIZKUNTZA

0039104

Lizarra-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Euskaraz

0039105

Iruña-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Euskaraz

0039101

Iruña-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Gaztelaniaz

0039100

Iruña-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Gaztelaniaz

0033512

Iruña-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Gaztelaniaz

0031836

Iruña-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Euskaraz

0030593

Iruña-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Euskaraz

0039103

Tafalla-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Gaztelaniaz

0039102

Tutera-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko aholkularia

1

Gaztelaniaz

0031623

Tutera-Irakasleentzako Laguntza Zentroa

ILZko zuzendaria

1

Gaztelaniaz

Bigarrena.–Baldintza orokorrak eta lanbide-profila.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

–Irakasle funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende egotea.

–Zerbitzu aktiboan egotea 2019ko irailaren 1ean.

–Ebazpenaren I. eranskinean eskatzen diren berariazko baldintzak betetzea.

2. Irakasleentzako Laguntza Zentroetako aholkulari edo zuzendaritza lanetan arituko diren pertsonen lanbide-profila unibertsitatez kanpoko hezkuntza mailetako irakasle profesional batena izanen da, prestakuntza sendoa eta eguneratua izanen du didaktika eta pedagogia arloetan, eta ongi ezagutuko du bere lanaren testuingurua. Izangaiek trebetasuna izan behar dute Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) erabiltzeko, tresnak ezagutzeari eta erabiltzeari nahiz erabilera didaktikoari dagokienez. Halaber, gaitasuna izan behar dute lantaldeetan aritzeko, eta antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko trebetasuna izan.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabide orokor baten bidez eskatu beharko dute, eta eskabideari ebazpen honen III. eranskineko merezimenduen baremoko merezimenduen frogagiriak gehitu beharko dizkiote.

Eskabidean argi adieraziko da zer lanpostu eskuratu nahi den. Lanpostu bat baino gehiagotara aurkezten ahal da.

Parte hartzeko baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatuko du Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak, izangaien espediente pertsonalaren arabera. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA edo titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, salbu jadanik zerbitzu-orrian jaso bada.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta epe horretan aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Betebehar bat frogatzeko aurkezten den dokumentazioa ez da merezimendu gisa baloratzen ahalko.

2. Parte hartzeko eskabideak eta eransten den dokumentazioa, halakorik badago, ondoko toki hauetako batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (San Domingo kalea z.g., 31001 Iruña), Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.

Dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten ziurtapena egin aurretik.

3. Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea; hala ere, administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioaren jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak.

4. Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak edo beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial berekian idatzitakoak, euskarazkoak eta atzerriko hizkuntzen egiaztagiri edo titulazioak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek, eta agiriarekin batera aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak ezagutarazteko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da.

Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

Zerrenda horien kontra interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzendutako idazki baten bidez, bost egun balioduneko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Epea amaitu eta gero, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak ezagutarazteko. Baztertu direnen kasuan, baztertzeko arrazoia zein izan den adieraziko da. Ebazpen berean, aurkezteko eguna, ordua eta tokia adieraziko dira.

Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da.

Aipatu ebazpena argitaratuta, interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren ondorioetarako.

3. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira.

Bosgarrena.–Hautapen sistema.

1. Hautapen sistemak bi zati ditu:

a) Lehen zatian, izangaiak eskuratu nahi duen lanpostuaren eginkizunei lotutako memoria edo proiektu bat aurkeztu eta defendatu beharko du, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren zehaztapenekin bat.

Izangai bakoitzak ahoz azalduko dio epaimahaiari bere proiektua. Horretarako 30 minutu edukiko ditu, gehienez. Gero, epaimahaiak eginen dizkion galderak erantzun beharko ditu, ahoz, 15 minutuz gehienez.

Proiektuaren aurkezpena eta defentsa baloratzeko, 0tik 10era bitarteko puntuazioa emanen zaio, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez dutenak baztertuko dira.

Lortzen den puntuazioa epaimahaiko kideek emandakoen batezbesteko aritmetikoa izanen da.

b) Bigarren zatian merezimenduak baloratuko dira, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoari jarraikiz, eta gehienez 10 puntu emanen dira.

Hautapen prozeduraren lehenbiziko zatia gainditzen duten izangaien merezimenduak bakarrik baloratuko dira.

Epaimahaiei dagokie izangaien merezimenduak baloratzeko ardura.

2. Prozedura hasteko, izangaiak epaimahaien aurrean aurkeztuko dira eta proiektuaren kopia bat emanen diete. Aurkezpen ekitaldira joaten ez diren edo proiektuaren kopia ematen ez duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertuko dira, eta ez da zilegi izanen beste pertsona batzuk haien ordez agertzea.

Aurkezpen ekitaldira joateko deia Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez eginen zaie izangaiei, prozeduran onartzen diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean hain zuzen, zeina Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta Hezkuntza Departamentuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko baita gutxienez 48 ordu lehenago. Ebazpen horretan epaimahaien aurreko jarduketa noiz, zer ordutan eta non hasiko den adieraziko da.

Izangaien jarduketarako ordena alfabetoaren arabera ezarriko da. Horretarako, epaimahai bakoitzak zozketa bat eginen du eratzen den unean. Zozketa horretan letra bat aterako da. Lehen deituraren hasiera letra horrekin duten izangaiek emanen diote hasiera prozedurari.

3. Behin epaimahaiaren aurreko jarduketak hasita, izangaiei egin beharreko hurrengo deiak epaimahaiak argitaratuko ditu Hezkuntza Departamentuko iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus).

4. Izangaien balorazioa bukaturik, epaimahai bakoitzak Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko ditu izangai bakoitzak proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako behin-behineko kalifikazioak, eta, hala badagokio, merezimenduen baremoko puntuazioak adierazita.

Berdinketak hausteko, irizpide hauek erabiliko dira bata bestearen atzetik:

–Proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazio handiena.

–Ataletan eta azpiataletan zeinek duen puntu gehien, merezimenduen baremoan agertzen den hurrenkerari jarraikiz.

Berdinketak jarraitzen badu, oinarri honen 2. atalean aipatzen den zozketaren emaitza hartuko da aintzat.

Kalifikazioen kontra izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dizkiote Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari, argitara eman eta biharamunetik bi egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahai bakoitzak behin betiko kalifikazioak bidaliko dizkio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari, proiektuaren aurkezpenean eta defentsan lortutako puntuazioak, eta, hala badagokio, merezimenduen baremoko puntuazioa adierazita, prozeduraren espediente osoarekin batera, eta Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira.

5. Deialdi honen xedeko zerbitzu eginkizunak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez emanen dira, izangaiak hautatzen diren ordenaren arabera.

Seigarrena.–Epaimahaiak.

1. Bi epaimahai eratuko dira. Ondoren adierazten da epaimahai horietan nor egonen den, eta epaimahai bakoitzak zer lanpostutako izangaiak baloratuko dituen:

A) 1. epaimahaia 31836, 39105, 39100, 39101 eta 31623 lanpostuetako izangaiak baloratzeaz arduratuko da, eta hauek izanen dira kideak:

–Epaimahaiburua: Aitor Lakasta Zubero jauna, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahakidea: Unibertsitatez Kanpoko Irakasleen Batzordeak izendatutako pertsona bat.

–Epaimahaikide-idazkaria: Ana Belén Turumbay Izurdiaga andrea, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko Prestakuntza Programen Bulegoko burua.

b) 2. epaimahaia 30593, 33512, 39102, 39103 eta 39104 lanpostuetako izangaiak baloratzeaz arduratuko da, eta hauek izanen dira kideak:

–Epaimahaiburua: Idoia Sara Pérez andrea, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko Prestakuntza Ataleko burua.

–Epaimahakidea: Unibertsitatez Kanpoko Irakasleen Batzordeak izendatutako pertsona bat.

–Epaimahaikide-idazkaria: Amaia Gómez Aldaz andrea, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko Prestakuntza Programen Bulegoko aholkularia.

2. Beharrezkoa izanez gero, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenez, epaimahaiak osatzeko ordezkoak izendatuko dira.

Halaber, epaimahaiek aholkulari adituen laguntza ere izaten ahal dute, eta lehenagoko paragrafoan deskribatu den modu berean izendatuko dira. Aholkulari hauen eginkizuna epaimahaiari laguntzea izanen da, bakarrik izendapenaren xede den gaiari buruzko kontuetan.

3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Era berean, egoera horietako bat gertatzen bada, errekusatuak izan daitezke.

4. Deialdi honetan ezarria ez dagoen guztian, epaimahaien eraketari, jarduketari eta funtzionamenduari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era bitartean kide anitzeko organoei buruz jasotako araudiari jarraikiko zaio.

5. Epaimahaiek beren ohiko lan ordutegiaren barruan lan eginen dute.

Zazpigarrena.–Zerbitzu eginkizunen araubidea.

1. Zerbitzu eginkizun hauek, hasiera batean, bi ikasturte oso iraunen dute, 2019ko irailaren 1ean hasita.

Behin lehenbiziko ikasturtea bukaturik eta bigarren ikasturteko martxoaren 1a baino lehen, zerbitzu eginkizunean dauden irakasleek ordura arte egindako lanaren memoria aurkeztu beharko diote zentroko zuzendariari. Memoria hori zentroko zuzendariak eta gai bakoitzean eskuduna den zerbitzuak baloratuko dute. Memoriaren balorazioa Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaio dagokion ikasturteko apirilaren 30a baino lehen.

Memoriak balorazio ona izateak berekin ekarriko du zerbitzu eginkizunak hiru ikasturtez luzatu ahal izatea.

2. Aurreko atalean aipatzen den bost urteko aldia bukaturik, baldin eta Irakasleentzako Laguntza Zentro berean lanpostu baten jabetza bigarren aldiz eta jarraian hartzen bada deialdi bidez, bukatu eginen da izangaiak behin betiko betetzen zuen irakasle plazaren erreserba.

Zerbitzu eginkizunak bukaturik, erreserba bukaerak ukitutako irakasleek lehentasunezko eskubidea izanen dute destinoa lortzeko beren azken behin betiko destinoko herriko edo eskualdeko ikastetxeetan.

3. Deialdi honen ondorioz ematen diren zerbitzu eginkizunak arrazoi hauetako batengatik bukatuko dira:

a) Onartutako epea bukatzeagatik.

b) Ikastetxea kentzeagatik edo aldatzeagatik, kentze edo aldaketa horrek ezinezkoa egiten badu ukitutako zerbitzu eginkizunei segida ematea.

c) Interesdunak berariaz uko egiteagatik.

d) Gerora sortutako arrazoiengatik, hain zuzen, lanpostuan aritzeko gaitasun falta edo egokitu ezina erakusten badu, horrek baldin badakar errendimendu eskasa eta, horrenbestez, esleitutako eginkizunak eraginkortasunez betetzea galaraztea, eta orobat, lanpostuaren eginkizunak aldatzen badira.

Aipatu arrazoi batengatik zerbitzu eginkizunak bukatu aurretik, deialdia proposatu duen organoak txosten arrazoitu baten bidez eskatuko dio Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari hasiera eman diezaiola zerbitzu eginkizunak bukatzeko prozedurari.

Prozedura Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez hasiko da. Ondoren, deialdia proposatu duen organoari igorriko zaio, ikastetxeko zuzendaritzak emandako txostenarekin batera, egoki irizten dituen jarduketak egin ditzan, interesduna eta Irakasleen Batzordea entzun ondoren.

Bidezko jarduketak egin ondoren, deialdia proposatu duen organoak langileen gaitasuna edo lanposturako egokitzapena baloratzeko txostena prestatuko du, eta Giza Baliabideen Zerbitzuari igorriko dio.

Txosten hori negatiboa bada, zerbitzu eginkizunei bukaera emanen zaie Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

e) Jardunean ez den beste egoera administratibo batera pasatzeagatik.

f) Administrazioaren beste lanpostu baterako izendatua izateagatik.

g) Beste zerbitzu eginkizun bat lortzeagatik edozein administrazio publikotan.

h) Zerbitzu eginkizunak onartzea eragin zuen beharra desagertzeagatik, ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle batek lanpostua bete ondoren.

Justifikatutako aparteko kasuetan izan ezik, zerbitzu eginkizunak aurreikusitako epea baino lehen bukatzen badira b) eta c) letretan aurreikusitako arrazoiren bat suertatzeagatik, ikasturtearekin batera bukatu beharko da.

4. Zerbitzu eginkizunak hasi baino lehen aurreko atalean aurreikusitako arrazoi bat (a) eta d) letretakoak izan ezik) gertatzen denean, ez da zerbitzu eginkizunetarako baimenik emanen.

5. Zerbitzu eginkizun hauek ez dira bateragarriak maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezarri ziren).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta deialdi honetan ezarritako zerbitzu eginkizunak onartzea nahi badu. Orobat, funtzionarioari zerbitzu eginkizunak onartu bazaizkio edo jadanik zerbitzu eginkizunetan ari bada eta aipatutako baimenen bat eskatzen badu, baimena ukatuko zaio.

6. Deialdi honetan izangai bat ere ez hautatzeagatik hutsik gelditzen diren lanpostuak zerbitzu eginkizunen bidez betetzen ahalko dira ikasturte baterako, organo eskudunak proposatuta.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia, honako hauetan xedatutakoarekin bat: 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua (foru lege horren bidez jorratu ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Foru-sektore publiko instituzionala), eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

Iruñean, 2019ko apirilaren 4an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Iglesias Álvarez.

I. ERANSKINA

Berariazko betebeharrak

ZENTROA ETA HERRIA

LANPOSTUA

BERARIAZKO BETEBEHARRAK

Iruñeko ILZ

(31836)

Hezkuntza teknologietako aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Iruñeko ILZ

(30593)

Haur eta Lehen Hezkuntzako aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Maisu-maistren kidegokoa izatea

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Iruñeko ILZ

(39105)

Kalitatea kudeatzeko sistemetako aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

Iruñeko ILZ

(39100)

Osasun integralaren eta lan osasunaren aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

Iruñeko ILZ

(39101)

Ikus-entzunezko baliabideen aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

Iruñeko ILZ

(33512)

Arte eremuko aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen kidegoetakoa eta espezialitate hauetako batean titularra izatea: Marrazketa edo Musika

Tuterako ILZ

(31623)

Zuzendaritza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

Tuterako ILZ

(39102)

Aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

Tafallako ILZ

(39103)

Aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

Lizarrako ILZ

(39104)

Aholkularitza

Eskabideak aurkezteko azken egunean gutxienez 3 urteko irakasle esperientzia izatea karrerako funtzionario gisa

Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen edo maisu-maistren kidegoetakoak izatea

EGA titulua edo baliokideren bat izatea

II. ERANSKINA

Hautapen sistemaren eta lanpostuen zehaztapenak

A) Zuzendaritzako lanposturako:

1. Proiektuaren edukia eta ezaugarriak.

Interesdunek lan proiektu bat aurkeztu beharko dute, hobekuntza planak aurrera eramateko behar diren estrategiak garatuko dituena, ikastetxeen testuingurua eta Hezkuntza Departamentuaren Irakasleen Prestakuntza Planaren jarduketa ildoak kontuan hartuta. Xedea izanen da ekintza eta hobekuntza plan bat diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea. Plan horrek atal hauek edukiko ditu, gutxienez:

–Bere eginkizunak betetzean proposatzen dituen helburuak. Helburu hauek aintzat hartuko dute zuzendu nahi den ILZren proiektu pedagogikoaren proposamen bat.

–Helburu horiek lortzeko ekintza lerroak eta proiektuak.

–Helburuen betetze-maila baloratzeko adierazleak.

Proiektuak 20 orrialde izanen ditu gehienez ere (aurkibidea, erreferentziak eta eranskinak barne, halakorik bada), DIN A-4 tamainan, Arial 11 letra erabiliz.

Proiektuak eta beren defentsak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: irakasleen prestakuntzatik abiatuta, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko beharrei erantzun berritzaile eta eraginkorrak emateko eta horiek antolatzeko gaitasuna, baita izangaiaren ikuspegiaren egokitasuna eta originaltasuna ere, irakasle lanbidearen garapenari dagokionez eta deialdiaren bigarren oinarrian adierazitako lanpostuaren profilari dagokionez.

Era berean, hauek ere baloratuko dira:

a) Lantaldeak gidatzea eta antolatu, komunikatu eta dinamizatzeko trebetasuna izatea, zuzendaritza lanak burutzeko lankidetza eta talde-lanaren eredu baten barruan.

b) Prestakuntzaren eta berrikuntzaren gaineko planak, programak eta jarduerak koordinatzea.

c) Irakasleen prestakuntzaren gaineko esparru teorikoak ezagutzea, bereziki irakasleen talde lana eta lankidetza bultzatzen dituzten prestakuntza ereduen gainekoak, hori guztia hezkuntzaren kalitatea hobetzeko asmoz, ikastetxeen ebaluaziotik eta haien beharrak detektatzetik abiatuta.

d) Irakasleen Prestakuntza Plana sustatu eta gidatzea, Hezkuntza Departamentuak Irakasleen Prestakuntzako Atalaren bitartez ezarritako lehentasunezko ildo eta programei jarraikiz.

e) ILZko talde pedagogikoa koordinatzea Irakasleen Prestakuntzako Atalak ezarritako ildoei jarraikiz prozesuaren fase guztietan: detekzioa, diseinua, gauzatzea eta ebaluazioa.

f) Irakaskuntzarako lanbide gaitasunen hobekuntza bultzatzea, ILZko talde pedagogikoaren prestakuntza sustatuz, etengabeko hobekuntzan eta talde-lanean oinarritutako berrikuntza prozesu gisa ulertuta.

g) IKTak eta kalitatea kudeatzeko sistemak bultzatu eta integratzea zuzendaritza eta prestakuntza prozesuetan.

2. Eginkizunak eta antolaketa.

Irakasleentzako Laguntza Zentroetako zuzendariek Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Horrez gain, Hezkuntza Departamentuko unitate administratiboek bultzatzen dituzten programekiko koordinazio eta lankidetza aktiboa sustatuko dute.

Beharrezkoa denean, beren ekimenez edo irakasleen etengabeko prestakuntzaren ardura duen unitateak erabakita, Irakasleentzako Laguntza Zentroko zuzendariak aholkulari lanak egiten ahalko ditu zuzentzen duen ILZri dagokion eremuan.

B) Aholkulari lanpostuetarako:

1. Proiektuaren edukia eta ezaugarriak.

Interesdunek lan proiektu bat aurkeztu beharko dute, hobekuntza planak aurrera eramateko behar diren estrategiak garatuko dituena, ikastetxeen testuingurua eta Hezkuntza Departamentuaren Irakasleen Prestakuntza Planaren jarduketa ildoak kontuan hartuta. Xedea izanen da irakasleen gaitasun profesionalak hobetzeko eta horrek hezkuntza kalitatean duen oihartzuna neurtzeko prestakuntza proposamen bat diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea; gainera, proiektua zer ILZtarako den, hari atxikitako ikastetxeen aholkularitza proposamena ere prestatuko da.

Hautagaiak aukeratu nahi duen hezkuntza esparrua(k) ezagutzen d(it)uela erakutsi beharko du, baita hautatu nahi duen lanpostuaren lanbide-profilak beharrezko dituen aholkularitza-gaitasunak ere, proposamena gauzatzeko beharrezkotzat jotzen baitira. Halaber, proposamenean IKTak txertatzeko aurreikuspenak esplizituki azalduko dira, eta horrek hezkuntzaren kalitatean izanen duen eragina ere bai.

Proiektuak 20 orrialde izanen ditu gehienez ere (aurkibidea, erreferentziak eta eranskinak barne, halakorik bada), DIN A-4 tamainan, Arial 11 letra erabiliz.

Proiektuak eta beren defentsak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: irakasleen prestakuntzatik abiatuta, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko beharrei erantzun berritzaile eta eraginkorrak emateko eta horiek antolatzeko gaitasuna, baita izangaiaren ikuspegiaren egokitasuna eta originaltasuna ere, irakasle lanbidearen garapenari dagokionez eta deialdiaren bigarren oinarrian adierazitako lanpostuaren profilari dagokionez.

Era berean, hauek ere baloratuko dira:

a) Curriculumari lotutako alderdi zientifiko eta didaktikoetan duen prestakuntza, eta eskuratu nahi den lanpostuaren hezkuntza etapa edo etapetarako egokiak diren proposamen metodologikoen gaineko prestakuntza.

b) Ikasgelako metodologia aktiboen gaineko prestakuntza eta curriculumaren garapena gako-gaitasunak sartuz.

c) Irakasleen prestakuntzaren gaineko esparru teorikoak ezagutzea, bereziki irakasleen talde lana eta lankidetza bultzatzen dituzten prestakuntza ereduen gainekoak, hori guztia hezkuntzaren kalitatea hobetzeko asmoz, ikastetxeen ebaluaziotik eta haien beharrak detektatzetik abiatuta.

d) Osasun integralaren eta lan osasunaren aholkularitzarako, Gorputz Hezkuntzako irakasleei zuzendutako prestakuntza proposamen bat baloratuko da.

e) Hezkuntzako teknologien gaineko aholkularitzari dagokionez, kontuan hartuko da horiei buruzko ezagutzak esperientziaren edo prestakuntzaren bidez, baita mota guztietako proiektuetan parte hartzearen bidez ere (departamentukoak, berrikuntzakoak, teknologia berrietakoak, deialdi nazionalak edo nazioartekoak, sektorearen ziurtagiriak...). INTEFek egindako Irakaskuntzarako Gaitasun Digitalaren Esparruari dagozkion gaitasunak baloratuko dira, bereziki.

f) Ikus-entzunezko baliabideen gaineko aholkularitzari dagokionez, kontuan hartuko da horiek ezagutzea esperientziaren edo prestakuntzaren bidez, baita mota guztietako proiektuetan parte hartzearen bidez ere (departamentukoak, berrikuntzakoak, teknologia berrietakoak, deialdi nazionalak edo nazioartekoak, sektorearen ziurtagiriak...). Bereziki baloratuko dira ikus-entzunezko sorkuntzaren curriculum-proiektuak.

g) Kalitatea kudeatzeko sistemaren gaineko aholkularitzari dagokionez, gutxienez honako hauek hartuko dira kontuan: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako KKSak diseinatu, ezarri eta aitortzeko prestakuntza, barneko zein kanpoko auditoretzak egiteko gaitasuna Hezkuntza Departamentuaren IKKSaren araua aintzat hartuz, lankidetzako IKT tresnak hezkuntza kudeaketan integratzea eta indarreko araudia ezagutzea.

h) Tuterako ILZko aholkularitzari dagokionez, Osasuna sustatzen duten Eskolen Sarearen, Eskola Solidarioen Sarearen eta Eskola Jasangarrien Sarearen ezagutza hartuko da aintzat, baita haiei loturiko prestakuntza proposamenak ere.

2. Eginkizunak eta antolaketa.

Irakasleentzako Laguntza Zentroetako aholkulariek Nafarroako Foru Komunitateko irakasleen etengabeko prestakuntzaren sarea sortu, egituratu eta antolatzeko arauak ematen dituen ekainaren 17ko 245/1996 Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Halaber, aholkulariak ikastetxeko erreferentziako aholkulari lanetan arituko dira, zuzeneko prestakuntza emanen dute eta online tutoreak izanen dira.

Hezkuntza Departamentuko unitate administratiboek sustatzen dituzten programetan koordinazio eta lankidetza aktiboa garatuko dute.

Osagarritasun printzipioaren arabera, beharrezkoa izanez gero, aholkulariek edozein etapatan egin beharko dituzte prestakuntza, aholkularitza eta antolamendu lanak. Halaber, printzipio berean oinarrituta, aholkulariek, irakasleentzako laguntza zentro bati atxikita egonik ere, beste edozein zentrotako eremuan garatutako prestakuntza jarduerak ematen ahalko dituzte, prestakuntza sareak antolatutako jarduerek hala eskatuta.

Horrez gain, eta prestakuntza beharren arabera, irakasleen prestakuntzari buruzko beste lan eta eginkizun batzuk ere esleitzen ahalko zaizkie aholkulariei, zein lanpostutan sartu ziren kontuan hartu gabe.

III. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

Merezimenduen baremoko puntuazioa, guztira: 10 puntu.

I. Lanbideari lotutako merezimenduak (5 puntu gehienez).

Karrerako funtzionario gisa izandako esperientzia baloratuko da: 0,48 puntu emanen dira zerbitzu urte bakoitzeko, deialdiaren azkeneko egunean kontatuta. Deialdian parte hartzeko eskatzen diren hiru urteak ez dira inola ere baloratuko.

Hilabete osoko 0,04 puntu emanen dira, eta hondarreko egunak ez dira kontuan hartuko.

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz aurkezten duen zerbitzu-orria da merezimendu honen frogagiria.

II. Beste merezimendu batzuk (5 puntu gehienez).

2.1. Prestakuntza jardueretan parte hartzea (2 puntu gehienez):

2.1.1. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza jardueretan parte hartzeagatik: egiaztatutako 10 orduko, 0,05 puntu. Gehienez ere puntu 1.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 10 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Entitate antolatzaileak emandako ziurtagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da, zeinean berariaz agertuko baita jardueraren kreditu kopurua edo zenbat ordu iraun duen.

2.1.2. Lortu nahi den lanpostuarekin lotura zuzena duten prestakuntza jarduerak edo ikastaroak emateagatik: egiaztatutako 5 orduko, 0,1 puntu. Gehienez ere puntu 1.

Ondorio horietarako, jarduera guztietako prestakuntza orduen batuketa eginen da, eta ez da puntuaziorik emanen 5 ordutik beheitikoengatik. Prestakuntza jarduerak kreditutan –eta ez ordutan– adierazten badira, kreditu bakoitzak 10 orduren balioa izanen du.

Jarduera egin dela frogatzen duen ziurtagiri edo dokumentuaren fotokopia aurkeztu beharko da, zeinean berariaz agertuko baita jardueraren kreditu kopurua edo zenbat ordu iraun duen.

2.2. Ikerketa eta berrikuntza jarduerak, eta beste jarduera batzuk (gehienez puntu 1):

a) Ikerketa eta berrikuntza jarduerak, lortu nahi den lanpostuarekin lotura dutenak: 0,25 puntu jarduera bakoitzeko.

b) Lortu nahi den lanpostuarekin lotura duten biltzar, sinposio edo jardunaldietan aurkeztutako txosten, komunikazio edo panelak: 0,25 puntu jarduera bakoitzeko.

Aipatutako jardueretan parte hartu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

2.3. Tituluak (2 puntu gehienez).

2.3.1. Beste titulu batzuk (0,5 puntu gehienez):

–Doktore titulua izateagatik: 0,3 puntu.

–Lizentzia edo dagokion gradua edo baliokidea den titulu bakoitzeko, baldin izangaiaren irakaskuntzako kidegora sartzeko behar dena ez bada: 0,2 puntu.

–Diploma bakoitzeko, baldin izangaiaren irakaskuntzako kidegora sartzeko behar dena ez bada: 0,15 puntu.

–LHko goi mailako teknikariaren titulua: 0,1 puntu.

Bere kidegoan sartzeko alegatutako tituluaren fotokopia aurkeztu behar da, bai eta merezimendu gisa aurkezten dituen guztiena ere, edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Titulazioak atzerrian lortu badira, titulazio horien fotokopia aurkeztu beharko da, homologazioa egiaztatzen duen agiriarekin batera.

2.3.2. Hizkuntzak (1,5 puntu gehienez):

–EGA titulua edo baliokidea izateagatik: 1,35 puntu (ez da baloratuko baldin eta deialdi honetan parte hartzeko ezinbestekoa bada).

–Euskarazko B2 mailako titulua izateagatik: 0,75 puntu (ez da baloratuko baldin eta deialdi honetan parte hartzeko ezinbestekoa bada).

–Ingelesa, frantsesa edo alemana ezagutzeagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik, Hezkuntzako kontseilariak otsailaren 28an emandako 30/2011 Foru Aginduan jasoak (foru agindu hori Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduaren bidez aldatu zen):

–C1 edo baliokidea: 0,25 puntu.

–B2 edo baliokidea: 0,15 puntu.

Merezimendu gisa alegatutako egiaztagiriaren fotokopia aurkeztuko beharko da, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Hizkuntza bakoitzean, maila altueneko ziurtagiria bakarrik hartuko da kontuan.

Ez da beharrezkoa hizkuntza gaitasunen egiaztagiriak gaztelaniara itzultzea.

Iragarkiaren kodea: F1904901