56. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

41E/2019 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, langabeei zuzendutako Lantegi Eskola programak eta Prestakuntza eta Enplegu Programa Integratuak 2019an, 2020an eta 2021ean gauzatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik. DDBN identifikazioa: 443268.

Enplegurako Lanbide Prestakuntzaren Sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legearen bidez, sistemaren osoko erreforma bati ekin zaio eta esparru juridiko berri bat ezarri da, hala enpresek nola Administrazio Publikoek langileen eskura jartzen dituzten prestakuntza eskaintzetarako.

Lege horren 8. artikuluak aurreikusten du, batetik, prestakuntza jarduerak lanarekin batera egitea, enplegu eta prestakuntza prozesu misto bat antolatu eta langileari aukera emanez ikaskuntza formala lanpostuko lanbide praktikarekin bateratzeko, prestakuntza eta ikaskuntza kontratu baten bitartez; bestetik, prestakuntza behar bereziak, laneratzeko zailtasunak edo lanbide-kualifikazioa eguneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak trebatzeko berariazko programak ezartzen ditu, horien bidez prestakuntza ekintzak osatzen baitira kontratazio konpromisoekin, ekintzekin eta programekin.

Bi ekimen horiek, eta horiek osatzen dituzten ekintzak, lanbide-kualifikazioak eta gaitasunak eskuratu, hobetu eta etengabe eguneratzera bideratuta daude, izan ere, biztanleria aktiboari bizitza osoan prestatzen segitzeko aukera ematen diote eta pertsonen, enpresen, lurraldeen eta sektore produktiboen beharrak bateratzen dituzte.

Hortaz, beharrezkoa da langabeen enplegagarritasuna hobetzeko neurriak abiaraztea, lan merkatuaren baldintzak hobetuz, Enplegurako Estrategia Europarraren, Erreformen Programa Nazionalaren, Enplegua Aktibatzeko Espainiako 2017-2020 Estrategiaren eta dagokion Enplegu Politikaren urteko Planaren (PAPE/EPUP) esparruan.

Helburua da kolektibo kalteberak, baztertzeko arriskuan daudenak eta kualifikaziorik gabeko gazteak trebatzea, haien garapen pertsonal eta soziala sustatzearren eta kualifikazio bat eskura dezaten, haiei osoko arreta eskainiz, lan esperientzietan parte hartzeko aukera emanez eta lan munduan sartzen lagunduz.

Lantegi Eskolen programen eta Programa integratuen iraupenak hala behartuta, deialdiaren onarpena denboran luzatzen da eta hiru aurrekontu-ekitaldiren gainean izanen du eragina. Programaren eskaintzaren helburua diren erabiltzaileen profilagatik, proposatzen den edukiaren garapenagatik eta zerbitzuaren intentsitateagatik, beharrezkoak dira 24 hilabeteraino luzatzen diren programak.

Prestakuntza eta enplegu programa horiek norgehiagokako araubide bitartez emanen diren dirulaguntza publikoekin finantzatuko dira, eta entitate onuradunek gauzatuko dituzte.

Nafarroako Gobernuak 2018ko irailaren 19an hartutako erabakiaren bitartez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 15.000.000 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, lantegi-eskolen eta programa integratuen dirulaguntzak finantzatzeko.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Langabezian dauden pertsonendako Lantegi Eskolak eta Prestakuntza eta enplegu programa integratuak 2019an, 2020an eta 2021ean gauzatzeko dirulaguntzen deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 2019, 2020 eta 2021erako 13.000.000 euroko gastua baimentzea, langabeendako Lantegi Eskola programak eta Prestakuntza eta enplegu programa integratuak gauzatzeko dirulaguntzak finantzatzeko. Honela banatuko da zenbateko hori:

• 5.000.000 euro 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Lantegi Eskola programak eta Programa berariazkoak. Konferentzia Sektoriala” (950002 96200 4819 242200) partidaren kargura, era honetan banatuta:

  • 2.500.000 euro lantegi-eskoletarako.
  • 2.500.000 euro programa integratuetarako.

• 5.000.000 euro 2020ko Gastuen Aurrekontuko “Lantegi Eskola programak eta Programa berariazkoak. Konferentzia Sektoriala” (950002 96200 4819 242200) partidaren kargura, edo aurrekontuan gaitzen den antzeko partida baten kargura, era honetan banatuta:

  • 2.500.000 euro lantegi-eskoletarako.
  • 2.500.000 euro programa integratuetarako.

• 3.000.000 euro 2021eko Gastuen Aurrekontuko “Lantegi Eskola programak eta Programa berariazkoak. Konferentzia Sektoriala” (950002 96200 4819 242200) partidaren kargura, edo aurrekontuan gaitzen den antzeko partida baten kargura, era honetan banatuta:

Deialdia ebatzi ondoren, bi programetako baten aurrekontu-kontsignazioan soberakinik baldin badago, beste programarako erabiltzen ahalko da.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko martxoaren 8an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Deialdi honen xedea da arautzea lantegi-eskolak edo prestakuntza eta enplegu programa integratuak sustatzen dituzten entitateei dirulaguntzak emateko baldintzak eta eskakizunak.

Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Definizioa.

Enplegurako lantegi-eskolak langabeek enplegua lortzeko duten aukera hobetzea xede duten programak dira, eta horretarako ikaskuntza eta kualifikazioa jardun produktiboarekin tartekatzen dituzte, langabetu horien lan mundurako sarbidea sustatzeko.

Horretarako, benetako lanak, obrak edo egiazko zerbitzuak garatuko dira, onura publikokoak edo interes sozialekoak, eta horiek aukera emanen diete lanean ari diren ikasleei benetako lan baten bitartez ikasteko.

Prestakuntza eta enplegu programa integratuen funtsa da orientazioko, prestakuntzako eta lan munduan sartzeko ibilbide bat egitea, hartzaileei aukera emanen diena enplegua lortzeko dituzten aukerak hobetzeko.

3.–Hartzaileak.

3.1. Enplegurako lantegi-eskolen hartzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) 16 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak izatea.

b) Langabezian egotea, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren mendeko enplegu agentzietan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuak egotea eta langabezia txartela indarrean izatea.

c) Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu bat formalizatzeko aplikatzekoa den araudian ezarritako eskakizunak betetzea.

d) Proiektuko prestakuntza 2. kualifikazio-mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratua badago, ikasleen profila profesionaltasun ziurtagirietan sartzeko eskakizunetara egokitzen dela bermatuko da.

e) Lehentasuna izanen dute azken hiru deialdietan onartutako beste lantegi-eskola batean parte hartu ez duten pertsonek.

Aurreikuspenen arabera, programan 20 ikaslek parte hartuko dute, gehienez.

3.2. Prestakuntza eta enplegu programa integratuen hartzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Langabezian egotea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren mendeko enplegu agentzietan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuak egotea eta langabezia txartela indarrean izatea.

b) Proiektuko prestakuntza 2. kualifikazio mailako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzera bideratua badago, ikasleen profila profesionaltasun ziurtagirietan sartzeko eskakizunetara egokitzen dela bermatuko da.

c) Lehentasuna izanen dute azken hiru deialdietan onartutako prestakuntza eta enplegurako beste programa integratu batean parte hartu ez duten pertsonek.

Salbuespenez, profesionaltasun ziurtagiri baten zati bat programatzen den programa integratuetan, lehentasuna izanen dute ziurtagiri horren bestelako prestakuntza moduluren bat, programakoa ez dena, frogaturik dutenek eta, horien artean, modulu gehien frogaturik dituztenek.

Aurreikuspenen arabera, programan 20 ikaslek parte hartuko dute, gehienez.

4.–Entitate onuradunak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako programen sustatzaileak entitate hauek izanen dira:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta horien menpeko edo antzeko entitateak, beren titulartasun osoa toki entitate horiena bada eta Nafarroako Foru Komunitatean badaude.

b) Nafarroan diren irabazi asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta bestelako entitateak edo zuzenbide publikoko beste korporazio batzuk.

2. Entitate onuradun guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, eta gaitasun aski izan behar dute teknikaren nahiz kudeaketaren aldetik.

5.–Programaren iraupena.

Oinarri hauen arabera garatuko diren lantegi-eskolek gutxienez 12 hilabete iraunen dute, eta 24 hilabete gehienez.

Oinarri hauen arabera garatuko diren prestakuntza eta enplegu programa integratuek gutxienez 4 hilabete eta gehienez 11 hilabete iraunen dute.

Programa guztiak deialdia onartzen den lehenbiziko aurrekontu-ekitaldian abiatuko dira.

6.–Lantegi-eskolen programen eta prestakuntza eta enplegu programa integratuen edukiak.

Haien edukietan jarduketa hauek sartuko dira:

6.1 Orientazioa:

Orientazio eta tutoretza ekintzak proiektu osoak iraun bitartean eginen dira. Derrigor eduki beharko dituzte:

–Aurretiazko diagnostikoa edo, lehendik egina badu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Orientazio Zerbitzuetan, diagnostiko hori eguneratuta.

–Laneko ibilbide pertsonalizatua, barne sartuta lan munduan sartzeko egindako ekintzak.

–Banakako ebaluazio eta segimendu saioak eta enplegurako alderdi pertsonalak garatzeko ekintzak, banakakoak nahiz taldekakoak.

Horretarako, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lan Orientazioko Zerbitzu Orokorrek ezarritako tresnak (diagnostikoa eta ibilbidea) erabiliko dituzte entitateek, gutxienik.

Era berean, programak iraun bitartean eta arlo guztietan ekintzaile jardunerako orientazioa eta laguntza emanen zaio parte-hartzaileari, ideia ekintzaileak sustatuz eta bultzatuz, edo parte-hartzaileen eskaerari erantzunez. Programaren memoriak ekintzaile gaitasuna sustatzeko entitateak aplikatuko duen lan-metodologiaren inguruko informazioa jasoko du.

Proiektuaren azken zatian, orientazioa era berezian finkatuko da pertsona onuradunak lan munduan txertatzea lortzeko ahaleginean eta enpresetara sartzeko laguntzan. Horretarako, entitate onuradunek banakako ekintza-plana prestatuko dute, hartzaileak lan munduan txerta daitezen.

6.2. Prestakuntza:

a) Osabidezko prestakuntza:

1. mailako ziurtagiriak ematen dituzten proiektuek beren prestakuntza programetan 50 ordu sartu behar dituzte, gutxienez, oinarrizko prestakuntza emateko, parte-hartzaileek bizi aktibora sartzeko edo beren ikasketekin jarraitzeko aukera izan dezaten.

b) Gaitasun teknikoetarako prestakuntza:

Lantegi-eskola guztiek izanen dute profesionaltasun ziurtagiri oso bat, gutxienez, 1. edo 2. mailakoa. Prestakuntza eta enplegu programa integratuek modulu egiaztagarri bat bederen izanen dute, 6 hilabeteko edo gutxiagoko iraupena dutenek izan ezik. Azken kasu horretan, posible izanen da gaitasun teknikoetarako prestakuntza programatzea, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian argitaratutako prestakuntza espezialitateen katalogoan sartuta ez egonda ere.

Entitate onuradunak eskabidean azaldu beharko du, kasu horretan, zein ziurtagiri eta modulu diren proiektuaren xedea. Era berean, profesionaltasun ziurtagiri bakoitza arautzen duten errege dekretuetan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, baita urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren xedapenak ere. Ziurtagiri horien programazioa era modularrean identifikatuko du entitate onuradunak, ikasle berrien sarrera eta haien moduluen egiaztapena errazteko.

Horretarako, proiektuaren dirulaguntza eskatu aurretik, dagokion profesionaltasun ziurtagiria emateko gaitasun egiaztatua duela erakutsi beharko du entitateak.

Gainera, behin prestakuntza bukatuta, entitateak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari “Ebaluazio akta” igorriko dio, bertan adierazita ikasleek prestakuntzaren modulu/unitateetan lortutako emaitzak eta prestakuntza praktikoaren moduluan lortutakoak. Aktarekin batera, profesionaltasun ziurtagiri berri osoa edo partziala egiaztatzeko ikasleek betetako eskabideak aurkeztuko ditu ikastetxeak.

NEZak beharrezkoak diren tramiteak eginen ditu ziurtagirien egiaztapen partzial edo osoak erregistratu eta prestatzeko.

c) Gainera, prestakuntza osagarri hau programatu beharko dute:

Laneko arriskuen prebentziorako ikastaro bat, horretarako homologatua den entitate edo profesional batek emana, behar diren edukiak eta intentsitatea izanen dituena, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan araututakoaren arabera.

Gutxienez 10 ordu izanen dituen genero berdintasuneko prestakuntza, sektoreari dagokiona.

Gutxienez 20 orduko prestakuntza digitalizazio eta alfabetizazio informatikoan.

Gainera, lantegi-eskolen programetan, gaitasun digitaletarako prestakuntza, gutxienez 30 orduko iraupena izanen duena, eta ingurumen-sentsibilizaziorako prestakuntza, gutxienez 5 orduko iraupena izanen duena, emanen dira.

Horrez gain, lanerako aurretiazko prestakuntza osagarria programatu lezake entitate onuradunak, beharrezkoa ikusten badu.

d) Espezializaziorako prestakuntza: entitate onuradunak beste zenbait prestakuntza ekintza osagarri ematen ahalko du, programatutako profesionaltasun ziurtagirian jasotzen diren ezagutza teknikoak hobetzeko helburuarekin. Espezializazio horrek hartzaileen lanerako sarbidea erraztuko du.

Proiektuak iraun bitartean programatzen den prestakuntza xehetasunez azalduko da eskabidearekin batera doan memorian.

6.3 Lantegi-eskoletako benetako lanaren gauzapena:

Lantegi-eskola guztietan funtsezko osagaia izanen da benetako lana, obrak edo egiazko zerbitzuak, onura publikokoak edo sozialekoak, egitea. Horrek, parte-hartzaileek jasotzen duten lanerako prestakuntza teoriko-praktikoarekin batera, ikasitako lanbidean egoki aritzeko gaitasuna bermatzen du eta, aldi berean, ondoren lan mundurako sarbidea errazten du, dela besteren kontura, dela edo norberaren enpresa-proiektuak edo ekonomia sozialekoak sortuz.

Une oro arduradun orientatzaileak babestuko du lana, eta hark ezarriko ditu irizpideak eta zuzenduko ditu egin litezkeen akatsak. Obra soziala egiten den bitartean pertsona onuradunek eginen duten lana onartutako proiektuko prestakuntza planak eskatzen duen erritmoan egin beharko da.

7.–Programak nola gauzatuko.

7.1. Lantegi-eskolen programa bi etapatan banatuko da:

A.–Lehenengo etapa: Orientazioa eta prestakuntzaren hasiera.

a.1. Etapa horren iraupena, gutxienez, proiektuaren iraupen osoaren %15 izanen da.

a.2. Etapa horrek irauten duen bitartean, laneko orientazioaren eta laneko aurre-gaitasunen inguruko zereginen zati handi bat eginen dute ikasleek. Gainera, entitate onuradunak 6.2 atalean deskribatutako prestakuntza programatzen ahalko du, profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza izan ezik.

B.–Bigarren etapa: Orientazioa, benetako lanarekin tartekatutako prestakuntza eta lanerako sarbideko laguntza.

b.1. Etapa hau profesionaltasun ziurtagiriko prestakuntza emanez hasiko da. Programaren etapa honetan pertsona onuradunak bere prestakuntza osatuko du, proiektuan aurreikusitako benetako lanarekin tartekatuta. Orientazioko lanaren denboran era berezian landuko dira lanera sartzeko ekintzak.

b.2. Etapa horretan, lanean ari diren ikasleek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, aplikatzekoa den araudian eta oinarri hauetan aurreikusitakoarekin bat.

Horretarako erabiliko den kontratu motarik egokiena izanen da prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 11.2 artikuluan ezartzen denari jarraikiz, eta Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratua garatu eta lanbide heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren arabera.

Lanean ari diren ikasleekin sinatutako lan-kontratuen iraupena ezin izanen da proiektuarena baino luzeagoa izan.

7.2 Prestakuntza eta enplegurako programa integratuak etapa bakar batean garatuko dira, kontuan hartuta orientazioaren pisuak, batez ere, programaren hasieran eta bukaeran izanen duela eragina, eta azken partea dedikatuz pertsona onuradunak lan munduan txertazeari.

Proiektuak irauten duen bitartean 6.2. oinarrian deskribatutako prestakuntza-ekintzak programatu beharko ditu entitateak.

7.3. Pertsona onuradunak programan sartzea eta ordezkatzea:

Lantegi-eskola eta prestakuntza eta enplegu programa integratu guztiek, hasteko unean, proiektuan ezarritako ikasleen %75 izan beharko ditu, gutxienez.

Prestakuntza uzten bada, beste pertsona batzuk sar daitezke hartan, utzi dutenen ordez. Proiektuak irauten duen bitartean, edozein unetan sartzen ahalko da jendea, profesionaltasun ziurtagiriko prestakuntza ematen ari denean izan ezik. Kasu horretan, ordezkapena onartuko da prestakuntza-modulu bakoitzaren hasierako 5 egunetan, betiere modulu horren iraupenaren %25 gainditu ez bada.

Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharra dute, arretaz eta probetxua ateraz. Ikastaroan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira baztertuta geratzeko arrazoiak:

a) Arrazoitu gabeko hiru hutsegite baino gehiago hilabete batean.

b) Prestakuntza-ekintza probetxuz ez jarraitzea.

c) Prestakuntza-ekintzaren garapen arrunta trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Zentroko funtzionamendu araudian ager daitekeen beste edozein.

8.–Bekak.

8.1. Lantegi-eskolako proiektuaren lehenengo etapan parte hartzen duten pertsonak martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren 25. kapituluan ezarritako beken onuradunak izaten ahalko dira, eta arau horretan ezarritako eskakizunak eta baldintzak bete beharko dituzte.

8.2. Prestakuntza eta enplegu programa integratuen kasuan, parte-hartzaileak bekaren onuradun izaten ahalko dira proiektuaren edozein unetan.

8.3. Beka horien zenbatekoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ematen duen dirulaguntza osoaren parte izanen da.

Entitate onuradunak bere eskabidean zehaztuko du bekak hornitzeko aurreikusia duen diru-kopurua, eta bekak kudeatu eta ordainduko ditu, onuradunaren kontu-korrontean dirua sartuta. Entitate onuradunak izanen du beka zein kasutan gauzatuko den esateko ardura.

Hartzailea lanean ari den egunetan ez dagokio bekarik jasotzerik.

9.–Lan munduan sartzea.

Programetan bermatu beharko da bertan parte hartzen duten pertsona ebaluagarrien %25 gutxienez sartzen direla lan munduan. Pertsona ebaluagarria izanen da programa jarraitu duena gutxienez %50ean. Horren gainetik, entitate onuradunek lan munduan sartzeko konpromiso gehigarria hartzen ahalko dute, eta baloratua izanen da norgehiagokako prozeduran.

Lan munduan sartzea era honetan ulertuko da:

–Parte-hartzaile guztiekin sinatutako lan kontratuak, proiektuak iraun duen bitartean eta hura amaitu eta hurrengo 6 hilabeteetan lotutakoak. Lan munduan sartzeko konpromisoak justifikatzeko gehieneko epea hilabete batekoa izanen da, sartzeko epea amaitu denetik kontatuta. Horrelako kontratuen gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izanen da, lanaldi osokoak edo parekoak direnean, betiere, lanaldi erditik gorakoak badira.

–Lantegi-eskola edo programa integratua amaitu ondoren hezkuntza sistemara itzultzen diren pertsonen kasuak lan munduan sartutzat konputatuko dira.

–Laneratze gisa hartuko dira, orobat, langile autonomoen araubide berezian egiten diren altak eta kuoten ordainketak, gutxienez 3 hilabetetik gorakoak badira.

10.–Instalazioak, ekipamendua eta prestakuntzarako materiala.

10.1. Onetsitako proiektuaren memoriarekin bat, entitate sustatzaileak edo proiektuaren garapenean parte hartzen duten beste erakunde edo entitate batzuek eman beharko dituzte proiektuaren funtzionamendu egokirako behar diren oinarrizko ekipamenduak (ikasgelak, lantegiak, altzariak, makinak, etab.).

10.2. Proiekturako erabiltzen diren ikasgelak, lantegiak eta gainerako gelak ez badira entitate sustatzailearen jabetzakoak, eskabidea egitean egiaztatu beharko da benetan erabiltzeko moduan daudela.

10.3. Proiektuaren memorian adierazitako gainerako oinarrizko ekipamendua prest egonen da erabiltzeko, hura modu egokian garatzeko beharrezkoa den unean.

11.–Parte-hartzaileen hautaketa.

11.1. Parte-hartzaileak hautatu aurretik, proiektua gauzatuko den lurraldeko enplegu agentziak aurretiazko hautapen bat eginen du beti. Entitate onuradunek dagokion enplegu agentziari adieraziko dizkiote proiektuari egokitzen zaizkion profilak eta sartzeko eskakizunak, egoki kudeatu ahal izan ditzan, zundaketa bidez edo zabalkunde publikoaren bidez. Lehentasuna izanen dute orientazio zerbitzuek edo gizarte zerbitzuek bideratutako izangaiek.

Enplegu agentziak zundaketa sistema erabiltzen badu, bilaketa eremua enplegu agentziaren eraginpeko lurraldera mugatuko da.

Zabalkunde publikoa eginez gero, iragarkian zehaztuko da parte hartu nahi dutenek izena emateko dituzten epeak, moduak eta bideak.

Entitate onuradunek aurretiazko hautapenerako izangai poltsa bat aurkezten ahalko diote enplegu agentziari, eta bideratzeko mekanismoak antolatuak izan ditzakete, lurralde horretan proiektuan interesa izan dezaketen pertsonekin lan egiten duten beste entitate batzuekin.

Aurretiazko hautapena eginda, enplegu agentziak hasiera batean hautatutako pertsonen zerrenda eta inskripzio eskaerak igorriko dizkio entitate onuradunari, hautapena egin dezan.

Behin betiko hautapena egiteko orduan, entitatearendako lehentasuna izanen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren edo orientazioko entitate laguntzaileen bitartez, orientazio jarduketak, enplegagarritasun ibilbideak edo enplegurako ibilbide pertsonalizatuak egin dituzten pertsonek. Irizpide horren aurretik egonen dira laneratzeko eskubidea gauzatzeko errenta bermatua hartzen duten pertsonak. Hautaketan emakume eta gizonen kopuruen arteko parekotasuna bilatuko da. Nolanahi ere, identifikatutako helburu profesionalen eta proiektuaren helburuen arteko egokitzapena bilatuko da.

Entitate onuradunak parte-hartzaileen eta ordezkoen zerrendak eta aplikatutako hautapen-irizpideak igorriko dizkio enplegu agentziari, dena behar bezala justifikatuta.

Enplegu agentziak, bere eskumenen esparruan, deialdi honetan ezarritako eskakizunak bete ote diren egiaztatuko du.

Halaber, entitate onuradunak parte-hartzaile guztien altak eta bajak jakinarazi behar dizkio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, gertatzen diren unean berean.

11.2. Aukeratutako ikasleek, sartzen diren egunean ere, aukeratuak izateko eskatu ezaugarriak izan beharko dituzte.

11.3. Entitate onuradunak, kontratazio bakoitza komunikatzean, eskaintza zenbakia adierazteko konpromisoa hartzen du.

12.–Zuzendaritzako eta orientazioko langileak, irakasleak eta laguntzaileak.

12.1. Zuzendaritzako eta orientazioko langileak, irakasleak eta laguntzaileak entitate onuradunak kontratatuko ditu, proiektuan adierazitako profilaren arabera. Entitate onuraduna arduratuko da haien hautaketaz. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentziak baliatzen ahalko ditu entitateak, hautaketan lagunduko dioten pertsonak bilatzeko zundaketak egiteko, edo proiektuaren berri zabal dezaten.

12.2. Bai zuzendari, irakasle, orientazioko nahiz administrazioko laguntzaileak kontratatzeko, bai ikasleak kontratatzeko ere, enplegu-eskaintza egin beharko da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan.

12.3. Langileen gutxieneko ratioa hau izanen da: orientatzaile lanaldi oso bat programaren iraupen osoan, lanaldiaren %50 zuzendaritzarako, eta lanaldiaren %50 administraritzarako.

13.–Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

13.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz.

13.2. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

13.3. Eskabidea aurkeztearekin, deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzen dira, eta baimena ematen zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskaera ebazteko behar den informazioa kontsultatzeko eta administrazio publikoek egiten edo gordetzen duten dokumentazioa eskuratzeko. Esanbidezko aurkakotasunik balego, dagozkion agiriak aurkeztu beharko dira.

14.–Aurkeztu beharreko agiriak.

14.1. Eskabidea eta proiektuaren memoria eredu normalizatuan aurkeztuko dira, agiri hauekin batera:

a) Eskabidea sinatzen duenak entitate eskatzailearen izenean jarduteko ahalmena baduela egiaztatzen duen agiria, indarra duen legeriaren araberakoa.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan aipatu inguruabarren kasu batean ez dagoela dioen aitorpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

c) Datuen babesari buruzko agiria.

d) Bestelako laguntzei buruzko aitorpena.

e) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Administrazioan lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskatzailea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaz baliatzen ahalko da, betiere adierazten badu noiz eta zein organo administratibotan aurkeztu zituen agiri horiek.

14.2. Entitate eskatzaileek eskabide bana aurkeztu beharko dute antolatu nahi duten prestakuntza eta enplegu programa integratu bakoitzeko.

14.3. Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei 10 eguneko epea emanen zaie, idazkia jaso eta biharamunetik hasita, behar diren argibideak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie, halaber, hala egin ezean, eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

14.5. Nolanahi ere, deialdian ezarritako epetik kanpora aurkezten diren eskabideak ez dira tramitatzera onartuko, eta, beraz, zuzentzeko aukerarik eman gabe artxibatuko dira; orobat, lan produktiboko fasean gaitasun profesionalak eskuratuko direla bermatzen ez duten eskabideak ere ukatuko dira, eta benetako lan errealen ingurunean, edota onura publikoko eta interes sozialeko zerbitzuak edo produktuak eginez, egiten direla bermatzen ez duten eskaerak ere bai.

15.–Baloraziorako irizpideak.

Eskabideen balorazioan, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

A.–Garatu beharreko proiektuaren lurralde eremuan erregistratutako langabezia tasa: 30 puntu arte.

Erregistratutako langabezia tasa kalkulatzeko, enplegurako zerbitzu publikoetan erregistratutako enplegu eskabideen kopurua, une zehatz batean, alderatzen da urteko urtarrilaren 1ean bizi ziren 16 eta 64 urte bitarteko pertsonen kopuruarekin.

X = Nafarroan erregistratutako langabezia tasa deialdi hau argitaratzen den egunean.

Y = Proiektua garatu behar den lurralde-eremuan erregistratutako langabezia tasa.

  • Y-X = 0,2 edo gehiago bada: 3 puntu.
  • Y-X = 0,4 edo gehiago bada: 6 puntu.
  • Y-X = 0,8 edo gehiago bada: 9 puntu.
  • Y-X = 1 edo gehiago bada: 12 puntu.
  • Y-X = 1,2 edo gehiago bada: 15 puntu.
  • Y-X = 1,4 edo gehiago bada: 18 puntu.
  • Y-X = 1,6 edo gehiago bada: 21 puntu.
  • Y-X = 1,8 edo gehiago bada: 24 puntu.
  • Y-X = 2 edo gehiago bada: 27 puntu.
  • Y-X = 2,1 edo gehiago bada: 30 puntu.

B.–Parte-hartzaileen aukerak enplegua lortzeko: 35 puntu arte.

–Proiektuari atxikitako enpresak: Puntu 1 atxikipen bakoitzeko (gehienez ere 10 puntu).

Enpresen atxikipenak baloratuko dira haien jarduera proiektuaren helburuekin lotua dagoenean bakarrik.

–Laneratzeko konpromisoak: 25 puntu gehienez.

Baloratuko da entitate onuradunak ikasleen ehuneko zenbat laneratzeko konpromisoa hartzen duen, 9. oinarrian adierazitakoaren gainetik.

0,33 puntu emanen dira eskatzen den ehunekoaren gainetik konprometitzen den laneratze-puntu bakoitzeko. Ehunekoak osoak ez direnean, egoki den zati proportzionala emanen zaio.

Atal honetan puntuatzeko, laneratzearen definizioa izanen da deialdiaren 9. oinarrian ematen dena.

Atxikipenak justifikatzeko, entitate onuradunak kasuan kasuko enpresak sinatutako justifikazioa aurkeztuko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.eus) eskura dagoen eredu ofizialaren arabera.

C.–Prestakuntza planaren kalitatea: 20 puntu arte.

–Prestakuntza planak prestakuntza osagarria ere aurreikusten badu, deialdian eskatutakoaren gainetik, edo espezializazio adimentsurako estrategian lehentasuna duten arlo ekonomikoekin lotutako prestakuntza: Erantsitako 5 orduko, puntu 1, gehienez 10 puntu arte.

–Prestakuntza planak espezializazioa ere barne hartzen badu: Proposatutako 10 orduko, puntu 1, gehienez 10 puntu arte.

D.–Programaren egokitzapena:

Prestakuntzaren eskaintza egokituko da, enpleguko atarian argitaratutako lehentasunezko prestakuntza-ekintzen sailkapena kontuan hartuta, dirulaguntza hauei dagokien fitxan (I. eranskinean).

–Programan sartzen den prestakuntza lehentasun oso altukoa bada: 15 puntu.

–Lehentasun altukoa bada: 10 puntu.

–Lehentasun ertainekoa bada: 5 puntu.

Lehentasun-maila desberdineko prestakuntza ekintzak proposatzen direnean, azken puntuazioa proportzioei erreparatuta kalkulatuko da, prestakuntza bakoitzak orduetan duen pisuaren arabera.

E.–Entitate onuradunak kalitateko ziurtagiriak izatea (EFQM, ISO, SGSI, kudeaketa aurreratuaren eredua edo antzekoak) edo irakasleendako prestakuntza plana izatea. 5 puntu.

F.–Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzea:

–Berdintasun plana: 5 puntu emanen dira programako entitate sustatzaileetako batek bederen berdintasun plan bat duenean indarrean, edo beren estatuetan edo xede sozialetan berdintasuna sustatzea dutenean; edo zuzendaritza-taldean sexu-arteko parekotasuna dutenean; edo berdintasuneko langile delegatuak dituztenean; edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren entitate laguntzaileen aitortza ofiziala dutenean.

–Programak parte-hartzaileendako lana eta familia bateratzeko neurriak barne hartzen baditu: 5 puntu.

G.–Zonifikazioa. 10 puntu.

10 puntu emanen dira deialdian aurkeztutako proiektua bere eskualdean aurkeztu den bakarra bada, eskualdetzat ulertuta enplegu agentzien eraginpeko eremua. Jarduketaren eremuak Eremu bat baino gehiago hartzen badu, ulertuko da udalerri gehien dituena dagokiola.

  • Gehieneko puntuazioa: 125 puntu.

Dirulaguntza hartzeko aukera izateko gutxieneko puntuazioa 50 puntukoa da.

16.–Dirulaguntza emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da eta publikotasun, gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak beteko ditu.

2. Dirulaguntzak ematerakoan, aurkeztutako eskaeren artean dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak alderatuko dira, horien artean lehentasun ordena ezartzeko, 15. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat. Deialdian erabilgarri dagoen kreditua gainditu gabe, laguntzak esleituko zaizkie ezarritako gutxieneko puntuak gainditu eta ezarritako irizpideak aplikatuta balorazio handiena lortzen dutenei.

3. Entitate onuradunen batek uko eginen balio dirulaguntzari, laguntza eman duen organoak erabakiko luke, deialdi berririk egin beharrik gabe, puntuazioaren arabera ezarritako hurrenkeran hurrengo dagoen edo dauden eskatzaileari(-ei) ematea, betiere proiektuak eskatutako gutxieneko puntuazioa jaso badu edo dute eta onuradunek laguntzari uko egitearen ondorioz aski kreditu askatzen bada, lehen ukatutako eskaeretako bati bederen erantzuteko.

17.–Prozeduraren instrukzioa eta Balorazio Batzordea.

17.1. Prozeduraren instrukzioaz arduratuko den organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Enplegua Sustatzeko eta Enpresendako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

17.2. Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, espedienteak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala, egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

17.3. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da. Eskabideak ebaluatzeko ardura du, bere ebazpena loteslea da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzu zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez izendatuko da. Ebazpen hau argitaratu eginen da.

17.4. Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa ikusirik, ebazpenaren proposamen arrazoitua prestatu eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzu zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

18.–Ebazpena eta jakinarazpena.

18.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzu zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak proposaturik, gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du eskatutako dirulaguntza interesdunei onartzeko edo ukatzeko ebazpen arrazoitua. Epe hori esanbidezko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

18.2. Laguntza emateko ebazpena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21.2 artikuluaren arabera arrazoituko da, eta xehetasun hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Aurkeztutako entitateen zerrenda.

b) Onartutako eta ukatutako proiektuen zerrenda, beren puntuazioa adierazita, eta kontuan hartu ez direnak ere bai.

c) Onartu den proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza.

d) Emandako diru kopurua osotara.

19.–Dirulaguntzen zenbatekoak.

1. Programa bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren kopurua zenbateko hauen batuketa eginda aterako da:

a) Orientazio eta laguntzarako eta programaren kudeaketa eta koordinaziorako dirulaguntza.

b) Prestakuntzarako dirulaguntza.

c) Lantegi-eskoletan lanean ari diren ikasleen soldaten kostuak ordaintzeko dirulaguntza.

d) Bekak.

a) Orientazio eta laguntzarako eta programaren kudeaketa eta koordinaziorako dirulaguntza:

5.924,17 euro emanen dira programaren iraupeneko hilabete bakoitzeko, edo dagokion proportzioa.

Dirulaguntza hartu daiteke, baita ere, entitate onuradunak programan hala aurreikusten badu, zuzendaritza-taldeko langileak proiektua hasi baino 15 egun lehenago eta proiektua amaitu eta ondorengo 15 egunetan ere kontratatzeagatik. Zenbatekoa finkoa izanen da: 1.250 euro.

b) Prestakuntzarako dirulaguntza:

Eman beharreko zenbatekoa prestakuntzaren lanbide-arloaren araberakoa izanen da, hurrengo koadroan dagokion modulua biderkatuz ordu kopuruekin eta proiektuko parte-hartzaileen kopuruarekin.

LANBIDE ARLOA

1.-2. MAILAK
(euro/orduko)

LANBIDE ARLOA

1.-2. MAILAK
(euro/orduko)

ADG

6,63

IFC

6,87

AFD

6,97

IMA

6,88

AGA

6,85

IMP

6,74

ARG

7

IMS

6,95

COM

6,5

INA

7,56

ELE

6,69

MAM

5,88

EOC

6,46

SEA

6,68

FME

7,17

SSC

6,72

HOT

6,87

TMV

8,05

Aurreko taulan agertzen diren lanbide arloei ez dagokien prestakuntzaren kasuan, berriz, modulua izanen da 6,87 eurokoa, parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

Dirulaguntza hartzeko aukera izanen duten prestakuntza-orduen gehieneko kopurua kalkulatzeko honela eginen da: 30 ordu bider iraupenaren hilabete kopurua.

c) Lantegi-eskoletan lanean ari diren ikasleen soldaten kostuak ordaintzeko dirulaguntza.

Lantegi-eskolen bigarren etapan, kostu horietarako dirulaguntzaren zenbatekoa urtero ezartzen den lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 izanen da. Diruz lagunduko dira, orobat, enplegatzailearen kargura ordaindutako Gizarte Segurantzaren, Soldatak Bermatzeko Funtsaren eta Lanbide Heziketaren kuota guztiak, kontratu horietarako araudi berariazkoan ezarritakoak.

Legez edo erregelamendu bidez ezarritako derrigorrezko oporrak benetan egindako ordu gisa zenbatuko dira dirulaguntza finkatzearen ondorioetarako.

d) Bekak.

Entitate onuradunak aurreikusita dituen kasuetan, hartu beharreko dirulaguntzari kopuru hauek gehituko zaizkio: 9 euro × aurreikusitako egun bekaduna × ikasle kopurua, lantegi-eskolen kasuan, eta 12 euro × aurreikusitako egun bekaduna × ikasle kopurua, prestakuntza eta enplegu programa integratuen kasuan.

20.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

20.1. Dirulaguntzaren azken justifikazioa egin aurretik, konturako ordainketak eskatzen ahal ditu entitateak, gehienez hiru aldiz, egikaritzako memoria tekniko bat aurkeztuz gero.

Konturako ordainketen kopuru osoa ez da izanen emandako dirulaguntzaren %60 baino handiagoa.

Azaroaren 15etik abenduaren 31ra bitartean gauzatzen den jarduera hurrengo ekitaldiko aurrekontuari atxikiko zaio.

Entitateak memoria tekniko bat aurkeztu behar du urte bakoitzeko azaroaren 30a baino lehen, bertan azalduz konturako azken ordainketatik hilaren 15a bitarteko egikaritza.

20.2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak ondoren aipatzen diren justifikatzeko agiri hauek aurkeztu beharko ditu, proiektua amaitu eta biharamunetik aurrera kontatuta, gehienez hilabete batean, edo azaroaren 30etik, hilabeteko epe horrek azaroaren 30a gainditzen duten proiektuen kasuetan:

1.–Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzen duen jarduera-memoria bat. Bertan azalduko ditu egindako jarduerak eta lortutako emaitzak eta zehaztuko ditu prestakuntzan, orientazioan, ekintzaile-gaietan eta laneratzeko laguntzan garatutako lanak, hala nola ikasle bakoitzaren orientazio eta jarraipen ibilbide banakakoak ere.

2.–Justifikatzeko memoria ekonomikoa, gutxienez zehaztasun hauek bilduko dituena:

a) Onuradunaren adierazpena modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketen memorian kuantifikatutako jarduera-datuen gainean eta oinarri arautzaileen moduluen gainean kalkulatuta.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpen zehatza, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

3.–Diruz lagundutako langileen kontratuen aurkezpena.

20.3. Frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, dokumentazio hori aurkezten denetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak itzultzeko, edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak. Kasu horietan, dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik itzulketa erabakitzen duen likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

20.4. Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iraganik, entitate onuradunak ez baditu aurkeztu frogagiriak, organo eskudunak onuradunari eskatuko dio 15 eguneko epe luzaezinean haiek aurkez ditzan. Nolanahi ere, aurkeztutako agiriak justifikaziorako aski ez badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak atzemandako akatsak jakinaraziko dizkio entitate onuradunari, 10 eguneko epe luzaezinean zuzen ditzan.

Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

20.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzearen ondorioetarako, prestakuntza bukatu duten ikasleak hartuko dira kontuan. Ikasleak prestakuntza bukatu duela ondorioztatuko da prestakuntzarako ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntzarako ekintza esaten zaio proiektuan barna emandako prestakuntza-ordu guztien batuketari, prestakuntza praktikoa barne dela. Gainera, prestakuntzarako ekintza bukatu dutela onartuko zaie lana aurkitzeagatik edo bekagatik edo lanetik kanpoko praktikengatik bertan behera utzi behar izan dutenei, baldin eta prestakuntza-ekintzaren %25 egin badute, gutxienez. Horretarako, ezin dira 5 egun natural baino gehiago pasa, langabeak prestakuntza-ekintza uzten duen egunetik, kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

21.–Bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean jasotzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek zein nazioartekoek, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin.

Aurrekoa gorabehera, dirulaguntza hauek, berak bakarrik zein beste dirulaguntza batzuei gehituta, ez dute inoiz gaindituko proiektuaren gauzapenak sortutako kostu osoaren %100.

22.–Onuradunek bete beharrekoak.

22.1. Dirulaguntza hauen entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Bereziki, hauek:

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea parte-hartzaileen zerrenda, proiektuaren xedea den jardueraren hasieran.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari helaraztea, funtzionamenduan hasteko lehenbiziko astean, proiektuko xede-jardueraren hasieraren jakinarazpena. Ezarritako epean jakinarazi ezean, zigorra ezarriko zaio, alegia, proiektuari esleitutako dirulaguntzaren murrizketa, ekintza hasi eta jakinarazi behar zen egunetik hasieraren berri eman arte igarotako egunei dagokien zati proportzionala kenduta.

c) Dirulaguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako moduan eta epeetan egitea.

d) Dirulaguntza hartu duten langileen lan-kontratuak aurkeztea.

e) Proiektuaren hasieran aurkeztea haren iraupen osoan zehar egin beharreko jarduera guztien planifikazioa eta egutegi zehatza.

f) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea parte-hartzaileen altak eta bajak ahalik eta lasterren.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo beste erakunderen batek egin beharreko egiaztapen, jarraipen eta kontroleko jarduketak onartzea.

h) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, xede bererako emandako bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta dirulaguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Jakinarazpen hori haien berri izan orduko eginen da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar bezala justifikatzea onetsitako proiektuan aurreikusitako laneratze konpromisoak bete dituela.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.

k) Diruz lagundutako jarduerak izaera publikoa duela agerraraztea. Diruz laguntzen diren programak hedatzeari eta gauzatzeari lotutako jarduketa guztietan, gutxienez, Nafarroako Gobernuaren ikurra sartu beharko da, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren lankidetza eta abenduaren 5eko ESS/1857/2016 Aginduaren IV. eranskinean ezarritako elementuak aipatu. Horiek guztiak lehentasunezko tokian jarriko dira, eta ez dira inola ere entitate onuradunaren ikurra baino txikiagoak izanen. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

l) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ematea laguntzen jarraipena egiteko behar duen informazio guztia.

m) Istripu aseguruko poliza bat sinatzea, lantegi-eskola hasi baino lehen. Poliza horrek estaliko ditu proiektuaren gauzapen-aldi guztia, egin nahi diren jarduketak eta eguneroko ordutegi osoa ere bai. In itinere istripuaren gastuak eta ikasleek enpresetara eta beste establezimendu batzuetara egiten dituzten bisiten ondoriozko arriskuak estali beharko ditu, eta jarduketen garapenari euskarri eman beharko diote.

Hirugarrenen aurreko erantzukizun zibila ere estali beharko du polizak, proiektua gauzatu bitartean parte-hartzaileek eragindako kalteak estaltzeko eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua horren gaineko erantzukizun orotik salbuesteko. Aseguru poliza kolektibo bat sinatzen ahalko da, adierazitako baldintzekin, parte-hartzaile guztiak estaliko dituena.

Parte-hartzaileek ezin izanen dute lantegi-eskola hasi istripu aseguruaren poliza sinatu ez bada, inola ere ez. Polizak, gutxienez, estaldura hauek izanen ditu:

–Heriotza istripuagatik.

–Baliaezintasun iraunkorra (partziala, osoa edo absolutua) eta baliaezintasun handia istripuagatik. Baremoaren araberakoa izanen da.

–Osasun laguntza mugagabea, istripuagatik.

n) Jarduketak grabatzea SISPE/Silcoi web/Orientasaren.

ñ) Laneko arriskuen hasierako ebaluazioa egin izanaren ziurtagiria igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, hala xedatzen baita Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 16. artikuluan. Ebaluazio horretan proiektuaren instalazioak eta lanpostuak aztertuko dira, langileek lantegi-eskolan dituzten lan baldintzen ondorioz segurtasunean eta osasunean izan ditzaketen arriskuak kendu edo murrizteko xedez. Laneko arriskuen prebentzio planaren berri emanen zaie, zuzendaritzako kideei, irakasleei baita lanean ari diren ikasleei ere.

o) Programan izan duten parte-hartzea amaitzean, pertsona onuradunek entitate onuradunak luzatutako ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri horretan programan egindako ordu kopurua agertuko da, baita eskuratutako prestakuntza teoriko-praktikoaren ebaluazioa eta egindako prestakuntza moduluak ere.

p) Kontratatzeko konpromisoa bete dutela frogatu beharko dute entitate onuradunek, dirulaguntza emateko prozeduran hartu eta baloratu zen uneko baldintzen arabera bete dutela frogatu ere.

22.2. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuta daude ezarritako gardentasun betebeharra betetzera, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, urte baten epean, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa helarazi beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu zehaztuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, helarazi beharreko informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotzen dena izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du noiz eta Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak ere itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiek unitate kudeatzaileari behar duen informazio guztia emateko betebeharra izanen dute, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark gardentasun eskakizunak bete ditzan, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotakoarekin bat.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, isun hertsatzaileak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazi eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Isunaren zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

23.–Onetsiriko proiektuen aldaketak.

23.1. Proiektuak aldatuz gero edo dirulaguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio aldez aurretik, hark baimendu ditzan.

23.2. Aldaketen eskabideek egoki argudiatu beharko dute aldaketa edo proiektua hasieran planeatu bezala aurrera eramatea galarazten duen zailtasun berria. Aldaketa horiek, alabaina, ezin izanen dute aldatu hasierako balorazioan emandako puntuazioa. Aurkezpena egin beharko da proposatu nahi den aldaketa hasi baino lehen, 15 egun natural gutxienez.

23.3. Aldaketa horiek funtsezkotzat jotzen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpen bat emanen du, onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu edo bertan behera uzteko, sartutako aldaketen garrantziaren arabera. Proiektuaren hasierako eguna aldatzen bada, aldaketa funtsezkotzat joko da beti.

Aldaketa ez bada funtsezkotzat jotzen, zerbitzuburu eskudunak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.

24.–Jarraipena eta ebaluazioa.

24.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beharrezko zeregin guztiak eginen ditu diruz lagundutako jarduketak kontrolatzeko eta haiei jarraipena egiteko. Entitate onuradunek beharrezkoak diren datu, agiri eta informazio guztiak emanen dituzte egindako jarduketa ebaluatzeko, justifikatzeko, jarraitzeko eta kontrolatzeko. Hain zuzen ere, proiektuetan parte hartzen duten pertsonen laneratzea egiaztatuko da, Gizarte Segurantzan kontsulta eginda.

24.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak laguntzaren xedeko jarduketak ikuskatzen ahalko ditu, dirulaguntzak ematean aintzat hartutako eta ezarritako baldintza eta zehaztapenetara egokitzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, beharrezkoak diren bisitak egiten ahalko ditu, dirulaguntza jaso duten jarduerak egiten diren tokietara ere, behar bada, horien betetze-maila ebaluatze aldera.

24.3. Profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratutako programa denez, entitate onuraduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kalitatearen jarraipenerako planari lotuko zaio, aurreikusitako lanbide gaitasunak eskuratzen direla bermatuko dituzten prestakuntza-ekintzen garapenean kalitate-maila onargarriak daudela ziurtatzeko.

25.–Dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresendako Zerbitzuetarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.navarra.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien dirulaguntzak, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea. Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

26.–Datuak babestea.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren EB 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa, baita gainerako garapen-araudiak ere, hari kontra egiten ez diotenean.

Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu EB Erregelamenduaren 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

Gainera, entitate onuradunek bildu beharko dituzte, programetan parte hartzen duten pertsonengandik, dagozkien baimenak, organo kudeatzaileak haien lan bizitzak kontsultatu ahal izan ditzan.

27.–Betebeharrak ez betetzea eta dirulaguntzak itzultzea.

27.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kausak gertatzen badira edo oinarri hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

27.2. Ezarritako epean justifikatu ezean, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta aurreratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, berandutze-interesak barne.

27.3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada bere hasierako helburuak ez diren beste helburu batzuetarako, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, dirulaguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne eta horren ondorioz ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.

Ezin izanen da aldaketarik onartu proiektuak emateko baldintzetan edo dirulaguntzak emateko aintzat hartutako baldintzetan, baldin eta aldaketa horiek kontratazio konpromisoei eragiten badiete, salbu eta halabeharrezko kausak gertatzen direnean, behar bezala frogatuz gero eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartuz gero.

27.4. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela egiaztatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita. Deialdi honen ondorioetarako, “adierazgarritzat” joko da onetsitako proiektuaren %75 betetzea.

Lan munduan txertatzeko konpromisoa, proiektuan ezarri bezala betetzen ez bada, %5 itzuli beharko da proiektuan adierazitakoaren ez betetze-maila %20ra arte iristen denean; %10 itzuliko da portzentaje hori %21etik %50era artekoa denean; %15 itzuliko da %51tik %75era artekoa denean, eta %20 itzuli beharko da portzentaje hori gaindituz gero.

27.5. Aurreko lerroaldean ezarritakoaz gain, laneratzeko konpromisoa ez betetzeak honako zigor hau ekarriko dio entitateari: hurrengo deialdian, lagundutako oraingo proiektuan bete ez dituen kontzeptuengatik emandako puntu kopuru bera kenduko zaio.

27.6. Entitate onuradunak organo kudeatzaileari eskatzen ahalko dio dirulaguntzaren zati bat bere borondatez itzultzeko. Entitateak bere borondatez itzultzen badu dirua eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa bada berandutze-interesak aplikatzea, horiek kalkulatuko dira eskaera egiteko unera arte.

28.–Zehapen araubidea.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

29.–Oinarri arautzaileen aurkako administrazio errekurtsoak.

Interesa duten pertsonek edo entitateek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka, Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo haiek jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Aurkaturiko ekintza esanbidezkoa ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F1903511