249. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

258/2019 EBAZPENA, azaroaren 22koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez honako deialdi hau onesten baita: laguntzen onuradun izan litezkeen entitateen interes-adierazpenetatik abiatuta eragiketak hautatzeko bigarren deialdia, Nafarroako Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren 2014-2020 Programa Eragilearen esparruan. 2. eta 4. ardatzak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak xedapen komunak ezarri zituen Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua indarrik gabe utzita.

Aipatu erregelamenduaren 125. artikuluan, Kudeaketaren Agintaritzaren eginkizunak deskribatzen dira. Eginkizun horien artean, hautatzeko prozedura eta irizpide egokiak aukeratzea dago, eta baita, behin onartuta, haiek aplikatzea ere.

Bestalde, 123.6 artikuluak xedatzen duenez, kudeaketa eta ziurtapen agintaritzek bitarteko erakundeak hautatzen ahalko dituzte zenbait eginkizun egiteko.

Ildo horretatik, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintaritzak hainbat eginkizun esleitu dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari bitarteko erakunde gisa, “Nafarroako Gobernua bitarteko erakundearen eginkizunen eta prozeduren deskribapena” dokumentuaren balorazio positiboaren ondoren.

Deskribapen horrek, 2.2.3.4 atalean, eragiketak hautatzeko prozeduren artean honako hau aurreikusten du: “Eragiketak hautatzea laguntzen onuradun izan litezkeen entitateen interes-adierazpenen deialdietatik abiatuta”.

Lehen deialdia ebatzita, bidezkoa da bigarren deialdi bat egitea geratzen den aurrekontua konprometitu ahal izateko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzen onuradun izan litezkeen entitateen interes-adierazpenetatik abiatuta eragiketak hautatzeko bigarren deialdia onestea, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen esparruan (2. eta 4. ardatzak).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko azaroaren 22an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERAGIKETAK HAUTATZEKO BIGARREN DEIALDIA, LAGUNTZEN ONURADUN IZAN LITEZKEEN ENTITATEEN INTERES-ADIERAZPENETATIK ABIATUTA, NAFARROAKO EGEF 2014-2020 PROGRAMA ERAGILEAREN ESPARRUAN 2. ETA 4. ARDATZAK

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bitarteko erakunde gisa izendatua izan zen 2016ko abenduaren 22an.

Programa Eragilea kudeatzeko agintaritzak (Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren EGEFen Kudeaketaren Zuzendariordetza Orokorrak) “Nafarroako Gobernua bitarteko erakundearen eginkizunen eta prozeduren deskribapena” dokumentua ontzat hartu eta gero egin zen izendapen hori.

Deskribapen horrek, 2.2.3.4 atalean, eragiketak hautatzeko prozeduren artean honako hau aurreikusten du: “Eragiketak hautatzea laguntzen onuradun izan litezkeen entitateen interes-adierazpenen deialdietatik abiatuta”.

Hautatzeko prozedura hori aurreikusita dago entitate publikoek berariaz esleiturik dauzkaten beren eskumenak erabiliz garatutako eragiketetarako bakarrik, salbu Europar Batasunetik kanpoko laguntza publiko nazionala zehazteko laguntzen deialdien prozedura jarraitu behar bada.

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen bidez, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak entitate publikoek garatutako eragiketak hautatu gogo ditu Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragileak kofinantza ditzan, helburu espezifiko hauen barnean: 2.3.1 “Zerbitzu publiko digitalak, alfabetizazio digitala, e-ikaskuntza, e-gizarteratzea eta e-osasuna” eta 4.3.1 “Eraikuntzan eta azpiegitura eta zerbitzu publikoetan energia-eraginkortasuna hobetzea”.

2.–Eragiketa diruz lagungarriak.

Entitate publikoek egiten dituzten eginkizun eta inbertsioak, honako baldintza hauek betetzen badituzte, diruz lagungarriak izanen dira:

–Eskaera aurkezten den egunean eragiketak materialki edo oso-osorik gauzatuta ez egotea.

–Nafarroan gauzatzea.

–Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilean (CCI2014ES16 RFOP020) dauden berariazko helburuak lortzen laguntzea. Aipatu programa Batzordearen (C) 10220 azkena Erabakiaren bidez onetsi zen, 2014ko abenduaren18an. Gero, Batzordearen 2017ko abenduaren 12ko C(2017)8766 Erabakiak eta 2018ko abuztuaren 13ko C(2018)5550 Erabakiak aldatu zuten.

–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean aurreikusitako prozeduretako baten bidez kontratatuta gauzatu dadila eragiketa.

–Entitate eskatzailearen funts propioen bidez finantzatuta egotea.

–Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren 2014-2020 aldirako programa eragileetan diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko arauak onesten dituen abenduaren 29ko OFP/1979/2016 Aginduan ezarritakoa betetzea.

3.–Zenbatekoa.

Berariazko helburuetarako bide finantzarioan dauden zenbateko erabilgarriak hauek dira:

ARDATZA

BERARIAZKO HELBURUA

DIRU KOPURU ERABILGARRIA

2

2.3.1

2.416.669 euro

4

4.3.1

1.039.471 euro

(*) Diru kopuru horiek alda daitezke, 2014-2020 aldirako interes-adierazpenetatik abiatuta hautatutako proiektuen gauzapenaren bilakaeraren arabera.

4.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

a) Deialdi honetako laguntzen onuradunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuak izan daitezke, betiere beren eskumenak erabiliz gauzatzen dituzten eragiketen kontratazioa honela egiten badute: Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak arautzen dituen prozeduretako baten bidez edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren entitate instrumentalei egindako enkarguen bidez, aipatu 2/2018 Foru Legearen 8. artikuluak xedatutakoaren arabera.

b) Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde autonomoak, sozietate publikoak eta fundazio publikoak ere entitate onuradun izan daitezke, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen III. tituluan emandako definizioaren arabera, betiere Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari lotutako kontratazioa duten eragiketak egiten badituzte, berariaz esleiturik dauzkaten beren eskumenak erabiliz eta funts propioen bidez.

5.–Betebeharrak frogatzeko modua.

4. atalean eskatutako baldintzak eskaera-inprimakian egonen den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

6.–Eskatzeko epeak.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2023ko ekainaren 30ean bukatuko da, egun hori barne.

Aurrekontu erabilgarria egun hori baino lehen agortzen bada, eskaerak aurkezteko epea aldez aurretik itxi dela komunikatuko da Nafarroako Nazioarteko Planaren atariaren bidez.

7.–Eskaerak tramitatzeko prozedurak eta eragiketak hautatzea.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez. Eskaerak inprimaki bat izanen du, eta www.nafarroa.eus web-orritik deskargatzen ahalko da.

Inprimaki horrekin batera eragiketaren deskripzio-memoria aurkeztuko da.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko Europako Programen Atalak erantzunen die aurkeztutako eskaerei, eta aurkeztu diren hurrenkerari jarraikiz ebatziko dira, dagokion helburu espezifikora bideratutako gehieneko aurrekontura iritsi arte.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren (hura baita Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bitarteko erakundearen koordinatzailea) eta eragiketen entitate kudeatzaileen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez aukeratuko dira eragiketak.

Hitzarmenak laguntzaren oinarriak ezartzen dituen dokumentuaren (LOED) zehaztapenak bilduko ditu.

Ezetsitako eragiketei idatziz emanen zaie horren berri.

Hautatutako eragiketak ez gauzatzeagatik edo bestelako arrazoiengatik askatuta geratzen den diru kopurua berriz esleitzen ahalko zaie gehieneko zenbatekora iristeagatik baztertutako eskaerei edo aurkeztutako eskaera berriei, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.

8.–Balorazio irizpideak.

Eragiketak hautatzeko baloratu beharreko irizpideak hauek dira:

a) 2.3.1 helburu espezifikoarekin loturiko eragiketak.

i. Eskaera guztiek bete beharreko irizpideak:

1. Eragiketa emaitzak lortzera bideratuta egotea.

2. Eragiketak herritarren bizi-kalitatean eragina izatea.

3. Eragiketak Administrazioak ematen dituen osasun zerbitzuen eraginkortasunean eta efizientzian laguntzea.

4. Patologia kronikoak kudeatzeko zerbitzu digitalen edo e-osasun arloko bestelako berariazko zerbitzuen onuradun den biztanleria handitzen laguntzea.

b) 4.3.1 helburu espezifikoarekin loturiko eragiketak.

i. Eskaera guztiek bete beharreko irizpideak:

1. Efizientzia energetikoa, energiaren kudeaketa adimentsua eta azpiegitura publikoetan –eraikin publikoak barne– eta etxebizitzetan energia berriztagarrien erabilera sustatzea.

2. Helburu hauetariko bat edo gehiago lortzen laguntzea:

a) Etxebizitzen kalifikazio energetikoko eskalan letra batean gutxienez hobetzea.

b) Kontsumo energetikoaren murrizketari dagokionez, emaitzak lortzea.

c) Bi etxebizitza edo gehiago dituzten eraikinetan esku hartzea.

9.–Eragiketen justifikazioa.

Eragiketak aurkeztutako memorian aurreikusten diren epeetan eginen dituzte entitate onuradunek, eta nolanahi ere, 2023ko abenduaren 31 baino lehen.

Behin eragiketak bukatuta eta F1420 aplikazioan egiaztapen zerrendak beteta, ordaintzeko eskaera-proposamena F1420 aplikazioan eginen dute, dagokion ekitaldiko egiaztatze-planean aurreikusitako egunetan.

Europako Funtsen Kontrolerako Atalak egiaztapen administratiboak eta tokian bertakoak eginen ditu kudeatzeko eta kontrolatzeko prozesuen eta prozeduren eskuliburuak aurreikusitakoaren arabera. Eskuliburua Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak maiatzaren 24an emandako 571/2017 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

Dagokion kofinantzaketaren ordainketa Europako Batzordeak gastu ziurtatua baliozkotzen duenean eta dagokion zenbatekoa ordaintzen duenean eginen da.

10.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Hautatutako eragiketak laguntzaren oinarriak ezartzen dituen dokumentuan (LOED) ezarritakoarekin bat gauzatzea. Dokumentua entitate bakoitzarekin sinatuko den hitzarmeneko zati izanen da.

b) F1420 aplikazioan aukeratutako eragiketari dagozkion egiaztapen zerrendak betetzea.

c) Kofinantzatu nahi den eragiketa hautatzeko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari lehenbailehen jakinaraztea.

d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea finantzaketaren xedeko eragiketetarako. Entitate onuraduna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bat bada, betebehar hau dagokion PEP elementua sortuz beteko da, Nafarroako Gobernuak 2008ko urriaren 20an hartutako Erabakian adierazitakoarekin bat. Erabaki horren bidez, nazioarteko finantzaketaren bitartez kofinantzaturiko gastuen espedienteen edukia eta araubide finantzarioa eta aurrekontu araubidea ezarri ziren.

e) Hautatutako eragiketaren barnean azpiegituretarako inbertsiorik edo ekoizpen-inbertsiorik badago, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 71. artikuluak xedatzen duena bete beharko du.

f) Laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

g) Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera.

h) EGEFen ekarpenaren berri eman beharko dute, horretarako emanen den logotipoa sartuz bai kofinantzatutako eragiketari buruzko dokumentazioan, bai hari publizitatea emateko egindako kartel eta eskuorrietan, deialdi honen 12. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

i) Finantzaketak Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintaritzak argitaratutako eragiketen zerrendan sartua izatea onartzea dakar.

11.–Laguntzen bateraezintasuna.

Interes-adierazpenen deialdi honen bidez hautatutako eragiketengatik jasotzen diren laguntzak bateraezinak dira ekintza berberetarako jasotzen den beste edozein laguntzarekin.

12.–Argitaratzeko betebeharrak.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eragiketari lotutako informazio- eta komunikazio-betebeharrak laguntzaren oinarriak ezartzen dituen dokumentuan (LOED) zehaztuko ditu, Programa Eragilearen komunikaziorako estrategian aurreikusitakoaren arabera.

13.–Aldatzea ekar dezaketen inguruabarrak.

Aldaketak, deialdi honetako 10. ataleko c) letran adierazi bezala jakinarazita, konprometituta dauden funtsak askatzerainoko garrantzia badu, eragiketa berri bat hautatuko da, erregistro elektronikoan aurkeztutako hurrenkera ordenaren arabera.

14.–Hautatutako eragiketak argitaratzea.

Hautatutako eragiketak www.nafarroa.eus web-orrian argitaratuko dira.

Era berean, behin ziurtatu ondoren, eragiketak Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintaritzak argitaratutako eragiketen zerrendan agertuko dira.

15.–Diru-sarreren tratamendua.

Hautatutako eragiketak diru-sarrerarik sortzen badu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 65.8 artikuluak xedatzen duena hartuko da kontuan.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Aukeratutako eragiketei araudi hau aplikatuko zaie:

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua. Haren bidez, xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua.

–Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2013ko abenduaren 17ko 1301/2013 (EB) Erregelamendua, Eskualde Garapenerako Europako Funtsari eta hazkundean eta enpleguan inbertitzeko helburuarekin loturiko berariazko xedapenei buruzkoa. Haren bidez indarrik gabe utzi zen 1080/2006 (EB) Erregelamendua.

–OFP/1979/2016 Agindua, abenduaren 29koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren programa eragileetan diruz laguntzen ahal diren gastuei buruzko arauak onesten dituena 2014-2020 aldirako.

–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak maiatzaren 24an emandako 571/2017 Ebazpena. Haren bidez, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak 2014-2020 aldirako kofinantzaturiko jarduerak kudeatzeko eta exekutatzeko xedapenak ezarri ziren eta behar diren tresnak onetsi ziren.

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamendua, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatzen zaizkion arau finantzarioei buruzkoa. Horren bidez, honako erregelamendu hauek aldatu ziren: 1296/2013 (EB) Erregelamendua, 1301/2013 (EB) Erregelamendua, 1303/2013 (EB) Erregelamendua, 1304/2013 (EB) Erregelamendua, 1309/2013 (EB) Erregelamendua, 1316/2013 (EB) Erregelamendua, 223/2014 (EB) Erregelamendua eta 283/2014 (EB) Erregelamendua eta 541/2014/EB Erabakia, eta indarrik gabe utzi zen 966/2012 (EB, Euratom) Erregelamendua.

ERANSKINA

Nafarroako EGEF 2014-2020 PE

Finantzaketa eskaera. Interes-adierazpenen deialdia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1915131