247. ALDIZKARIA - 2019ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZOAINIBAR-ARRIASGOITI

Aldaketa, Udalaren lokalen erabilera arautzen duen udal erregelamenduan. Behin betiko onespena

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak, 2019ko abuztuaren 28ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Udalaren lokalen erabilera arautzen duen udal erregelamenduaren 6. artikuluan.

Onespenaren erabakia 2019ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 16an, argitaratu ondoren, jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, aipatu aldaketa behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko xedatu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizoainen, 2019ko azaroaren 19an.–Alkatea, Koldo Albira Sola.

UDALAREN LOKALEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak bere jabetzako lokalen erabilera lagatzen die irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta, azken batean, pertsona fisiko eta juridikoei, interes sozialeko jarduerak egiteko edo haien eginkizunak garatzera eta helburuak lortzera bideratutako ekintzak egiteko.

Hortaz, arau honen xedea da Lizoainibar-Arriasgoitiko pertsona fisiko eta juridikoendako espazio bat arautzea eta haien eskura jartzea, aurreko paragrafoan aipatu helburua bete ahal izateko.

Alabaina, lokal horien erregulaziorik ezak antolamendu mailako arazoren bat sor dezake; hortaz, beharrezko ikusten da Udalaren lokalen erabilera arautzen duen erregelamendu bat egitea eta onestea.

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren lokalen erabilera arautzea, erabili ahal ditzaten jarduera zehatzetarako lokal bat behar duten udalerriko edo kanpoko pertsona fisiko eta juridikoek, jarraian xedatzen diren arauei jarraikiz.

2. artikulua. Lagatzen diren espazioei buruzko gogoetak.

1. Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak erabakiko du Udalaren lokalen erabilera lagatzea behin-behinean eta doan.

Erregelamendu honen bidez erabilera arautu nahi zaien Udalaren lokalak honako hauek dira:

–Lizoainen dagoen lokal soziala, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren eraikinean.

–Urozko antzinako eskoletako goiko solairuan dagoen lokal soziala.

–Elizar Kulturgunea.

Udalak alda dezake lokal erabilgarrien zerrenda hau Udalaren aukerek eta interesek halaxe eskatzen dutenean.

3. artikulua. Eskaerak eta onuradunak.

1. Pertsona fisiko edo juridikoek Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalari eskatuko diote dagokion lokalaren erabilera lagatzeko eskabide formalizatu baten bidez edo lizoain@izaga.infolocal.org. helbide elektronikoaren bidez. Eredua eskuragarri egonen da jendeari arreta emateko Udalaren bulegoan eta Itzagako Zerbitzu Administratiboen Mankomunitatearen egoitzan, Urrotz-Hirian.

2. Udalaren lokalak lagatzeko nahitaezkoa izanen da eskaera arrazoitu bat aurkeztea. Bertan agertuko da pertsona edo entitate fisiko edo juridikoaren zer jarduerak dakarren lokalak erabiltzea eta zein den jarduera horren helburua.

3. Erabilera eskuratzeko ezinbestekoa izanen da lokal horiek erabiltzeko egunak eta orduak zehaztea, bai eta Udalak beharrezkotzat jotzen dituen agiriak aurkeztea ere. Agiri horiek beti erantsiko zaizkio eskaerari.

4. Eskaera 5 egun lehenago, gutxienez, egin beharko da, erabiltzen hasi aurretik.

5. Udalaren lokaletako batean antolaturiko edozein ekitalditan sarrera kobratzen denean, antolatzaileak txarteldegian jasotzen duen kopuruaren %10 ordaindu beharko du.

4. artikulua. Ebazteko organoa.

Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak, barne ekitaldi batean, jarduketa proposamena aztertuko du, hura kalifikatuko, eta erabakiko hura errefusatzea edo onartzea.

Presaren kariaz eskaerak aurkezteko epeak eta baldintzak betetzea ezinezkoa bada, gutxienez ere Alkatetzarekin harremanetan jarri beharko da, eta haren oniritzia jaso.

5. artikulua. Prozedura.

1. Udalak arduradun bat izendatuko du, arduratuko dena giltzak utzi eta biltzeaz, eta ekitaldi bakoitzaren aurretik eta ondotik egoera gainbegiratzeaz. Nolanahi ere, eskatzen diren egintzak ez ditu arduradun horrek baimenduko, baimenak ematea Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren ardura izanen baita.

2. Eskaera ezarritako epean eta eran aurkeztu ondoren, bi egun balioduneko epean espresuki ebatziko da.

3. Erabileraren iraupena ezarriko da Udalaren lokalak erabiltzeko baimen-erabakian, eta espresuki eta zehaztasunez adieraziko dira lagatzen diren espazioak eta erabiltzeko orduak.

4. Bi eskaerek data eta ordutegietan bat egiten badute, lehenago aurkeztu dena nagusituko da. Hala ere, eta salbuespenez, hala eskatzen bada, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak erabakitzen ahalko du zer ekitaldik duen lehentasuna aldi bererako proposatu direnen artean.

6. artikulua. Erabilerak.

1. Lagatzen diren tokiak bere eginkizun edo jardueretarako erabil ditzake onuradunak, erabilera baimenerako eskaeran ezarrita dituen helburuei jarraituz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu daiteke, hala behar duten puntuetan.

2. Zeremonia zibilak egin daitezke.

3. Udal lokalak balia daitezke janari eta edariak erabiltzen diren ospakizun partikularretarako, baldin eskatzailea Ibarrean erroldatua badago. Ospakizun horiek eta lokaletan dauden erakusketak ezin dira batera egin. Erakusketek beti izanen dute lehentasuna, Udalak bateragarritzat jotzen dituenean izan ezik. Komun eramangarri bat jarri beharko da jarduera horiek Elizar gunean egiteko baimena lortzeko, eta 400 euroko fidantza jarriko da Udalean. Zenbateko hori itzuliko da aipatu gunea ikuskatu ondoren.

4. Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalak baimendu beharko ditu aurreko paragrafoetan aipatutakoez bestelako erabilera guztiak.

7. artikulua. Egin ezin diren jarduerak.

1. Lagatako lokalaren barnean, onuradunaren autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanakoei bereizkeria egitea.

2. Debeku da lagatako lokalak erabilera-baimenean ageri ez diren jardueretarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako.

3. Oro har, lagatako lokalen barnean edatea eta jatea. Haietakoren bat egin ahal izateko Udalak baimen espresa eman beharko du.

4. Debeku da erretzea hiru lokaletako edozeinetan.

8. artikulua. Lagapen-hartzaileak honako betebehar hauek izanen ditu:

a) Lokalak erabiltzeko araubidean edo baimen erabakietan ezarritako erabilera ordutegiak errespetatzea.

b) Lagatako tokia onuradunaren xedeetarako erabili behar da, haren jarduera programa betetzeko, bai eta Udalak baimentzen dituen helburuetarako ere.

c) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasunaren eta higienearen aldetik.

d) Lokaleko giltzak zaintzea eta zentroa ixtea, erabiltzen azken entitatea bada, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

e) Esleitu zaion espazioaren erabilera ez die hirugarrenei lagako, ez osorik ez zati batean.

f) Ebazpenean espresuki baimendutakoa ez den beste lokal bat erabiltzea.

g) Gertatzen diren gorabehera edo arazoen berri emanen diote Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalari, eta larrialdiak berehala jakinaraziko dizkio.

h) Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen uztea, begiratu ahal izateko ea betetzen diren erregelamendu hau eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen uztea eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak ematea.

9. artikulua.

Baldintza-orri honetako betebeharretako edozein ez betetzea izanen da baimena desegiteko arrazoi, aparte utzirik lagapen-hartzaileari eska lekizkiokeen erantzukizunak.

10. artikulua.

Baldintza-agiri honen ondoriozko lagapen prozedurak izaera administratiboa du; beraz, horien ondoriozko gorabehera guztien ebazpena, baita bertako xedapenen interpretazioa ere, Lizoainibar-Arriasgoitiko Udalaren eskuan egonen dira lehen-lehenik, nahiz eta haren ebazpenen aurka jotzen ahalko den, hautara, Nafarroako toki entitateetarako aurreikusirik dauden bideak erabiliz.

Zehapen araubidea

11. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartuko dira udalaren lokalen erabileraren onuradunek erregelamendu honetan ezarritako arauen aurka egiten dituzten jarduketa guztiak, honako kalifikazio hauekin bat:

a) Arau-hauste arina: Arau-hauste arinak izanen dira erregelamendu honetan astuntzat edo oso astuntzat hartzen ez direnak.

b) Arau-hauste astuna:

–Kalteak edo hondamenak eragitea lokalean edo ondoko aretoetan.

–Erregelamendu honetan ezarri bezala, irabazi asmoko jarduketak egiteko debekua ez betetzea.

–Espresuki ebazpenean baimendutakoa ez den beste lokala erabiltzea.

–Arau-hauste arinak berriz egitea, gutxienez hiru aldiz.

c) Arau-hauste oso astuna:

–Pertsonen askatasunari edo haren osotasun fisiko edo moralari erasotzen diotenak.

–Arau-hauste astunak berriz egitea, gutxienez bi aldiz.

12. artikulua. Zehapenak.

Aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoei, espedientea ireki ondoren, honako zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arina:

Bostehun euro (500,00) arteko isuna eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete artekoa.

b) Arau-hauste astuna:

Bostehun euro eta zentimo bat (500,01) eta mila eta bostehun eurora (1.500,00) bitarteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, hiru hilabete eta egun batetik sei hilabete artekoa.

c) Arau-hauste oso astuna:

Mila eta bostehun euro eta zentimo bat (1.500,01) eta hiru mila euro (3.000,00) arteko isuna, eta lokala erabiltzeko debekua, sei hilabete eta egun batetik urtebete artekoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu honen aplikazioan edo hartan arautuak ez dauden alderdiei buruz sor daitezkeen zalantzak osoko bilkurak ebatziko ditu, bidezko jotzen diren txosten tekniko eta juridikoak ikusi ondoren. Erabaki horiek administrazio bidea agortuko dute, eta haien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, jurisdikzio hori arautzen duen legean ezarritakoari jarraikiz, galarazi gabe aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ahalmena ematen zaio alkateari erregelamendu hau ezartzeko eta garatzeko beharrezkoak diren arauak eman ditzan.

Iragarkiaren kodea: L1915008