235. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

125/2019 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, eriondoan dauden ikasleei hezkuntza-arreta etxean emateko laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena 2019-2020 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 482272.

Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.

Arau horren 14.3.c) artikuluan, hezkuntza-arreta etxean emateko programa agertzen da, medikuak hala aginduta etxean luzaroan egon behar duten ikasleentzat. Programa horrek etxean ematen den hezkuntza-arreta du xede, eriondoan dauden ikasleek behin-behinekoz dituzten desberdintasun egoerak desagertzeko modua izan dadin eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena berma dadin, ikastetxearekin koordinatuta.

Bestetik, Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzko abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuak xedatzen du eritasun luzea pairatzen duten ikasleek eskubidea dutela behar den laguntza jasotzeko, behartutako eskolagabetze horrek beren errendimendu akademikoan duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Nafarroan funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei hezkuntza zerbitzu egokia emateko, Hezkuntza Departamentuak etxean ematen den hezkuntza-arreta kudeatzen du Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren bidez (NHBBZ), hezkuntza prozesuan laguntzeko berariazko behar bat dela ulertuta.

Nafarroako Gobernuak 2019ko urriaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zen banakako ebaluazioaren araubidean tramitatzeko eriondoan dauden ikasleei hezkuntza-arreta etxean emateko 2019-2020 ikasturterako laguntzen deialdia. Laguntza horiek Hezkuntza Departamentuak kudeatzen ditu.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, laguntza horiek ematea egokia eta guztion interesekoa dela, baita deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla ere, eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren ikus-onetsia dutela.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

1. Eriondoan dauden ikasleei hezkuntza-arreta etxean emateko laguntzen deialdiaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. 70.000 euroko gastua baimentzea. Horietatik, 12.000 euro 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Hezkuntza berezirako laguntzak” izeneko 420002-42190-4809-322400 partidaren kargura ordainduko dira, eta gainerakoa, hots, 58.000 euro, 2020ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura.

3. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 5.000 euro gehituz. Handitze hori eraginkorra izateko, diru aski egon beharko da partidan, eta, betiere, kreditu gehigarri bat baimendu eta argitaratu beharko da.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentrora (NHBBZ) eta Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6. Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.a) artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2019ko azaroaren 14an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak emateko oinarriak ezartzea eriondoan edo gaixorik dauden ikasleei etxean ematen zaien hezkuntza-arreta finantzatzeko. Ikasle horiek funts publikoekin lagundutako Nafarroako ikastetxe batean eskolaturik egon behar dute 2019-2020 ikasturtean, Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

2.–Helburua.

Laguntzen helburua da familiei konpentsatzea irakasle gaituak kontratatu behar izatea, gaixorik edo eriondoan luzaro egoteagatik, 2019-2020 ikasturtean ikastetxera jarraituki joan ezin diren ikasleei etxeko hezkuntza-arreta bermatzeko.

3.–Deialdiaren helburuak.

Deialdiak honako helburu hauek lortu nahi ditu hezkuntza-arreta etxean emateko laguntzen bidez:

a) Gaixorik dagoen ikasleari bana-banako hezkuntza-arreta bermatzea etxean eriondoan dagoen bitartean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena segurtatzeko eta egoera horrek sortzen ahal duen eskola atzerapena saihesteko.

b) Komunikazioa eta koordinazioa segurtatzea ikastetxearen, familien eta, horrelakorik bada, ospitaleko eta etxeko arretarako taldearen artean, egoera berrira egokitzen eta ikastetxera azkar eta egokiro itzultzen laguntzeko.

c) Hezkuntza-arreta etxean jaso behar duten ikasleei hezkuntza prozesuan jarraitzeko behar dituzten bitarteko eta baliabideak ematea, eta ikaslearen eta ikastetxearen arteko loturaren haustura galaraztea.

d) Ikasleek jasan dezaketen isolamenduari aurrea hartzea, hezkuntza-komunitatearekin elkar eragiteko eta parte hartzeko giroa sortuz.

e) Eriondoa bukatu ondoren ikasleak ikastetxera itzultzeko prozesua erraztea, haien eskolaratzea eta integrazio sozio-afektiboa errazagoak izan daitezen.

f) Familiei aholkuak ematea ikasleak eskolarekin, gizartearekin eta familiarekin duen komunikazioa gal ez dezan eta, orobat, aisialdia prestakuntzarako erabil dezan.

4.–Onuradunak.

4.1. Medikuak hala aginduta etxean eriondoan egon behar duten ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek eska ditzakete deialdi honen xedeko laguntzak, baldin eta, hori dela kausa, ikasleak ikastetxera 21 egun naturaletik gorako epean modu normalean joaterik ez badu eta hezkuntza-arreta etxean jaso behar baldin badu, edo, gaixotasun kronikoren bat dela-eta, hilabetetik beherako aldizkako bajak hartzen baditu, 6 egun jarraitukoak bederen 6 hilabetean, gutxienez ere.

4.2. Laguntza eskatzen duten ikasleek, eskaera egiten den unean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroan funts publikoak jasotzen dituen ikastetxe batean eskolaturik egotea.

b) Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulaturik egotea.

Atal honetan aurreikusita ez dauden gainerako egoera guztiak banan-banan baloratuko dira, salbuespen gisa, betiere aginduko txosten medikoa aurkezten baldin bada.

5.–Aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko maiatzaren 30ean bukatuko.

5.2. Eskaerak ikaslea eskolaturik dagoen ikastetxean aurkeztu beharko dira, II. eranskinean ezarritako eskabide-ereduari jarraikiz. Eredua interesdunen eskura egonen da ikastetxeetan.

6.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Medikuaren txostenak, eriondoak iraun bitartean etxean egon beharra agintzen dutenak, aurreikusten den iraupena adierazita. III. eranskina.

b) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie laguntzen eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten dutela ulertuko dela.

7.–Laguntzak emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

7.1. Laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako moduan; zehazki, eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira, eta, betiere, aurrekontuan horretarako nahikoa kreditu dagoen bitartean.

7.2. Laguntza-eskaera jaso ondoren, ikastetxeak espediente osoa bidaliko du Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) Komunitatearentzako Zerbitzuak sailera, egokitzat jotzen dituen txosten eta agiri osagarriekin batera, IV. eranskinari jarraikiz.

8.–Eskaeren balorazioa eta etxeko hezkuntza-arretarako orduen esleipena.

8.1. Jasotzen duen informazioa ikusirik, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko talde arduradunak eskaera baloratu eta txostena eginen du. Bertan zehaztuko du eskatzaileari etxeko hezkuntza-arretarako zenbat ordu esleitzen zaizkion, eta, kasua bada, deialdi honetako 3. oinarrian ezarritako helburuak lortzeko behar diren irakasleen maila eta espezialitatea.

8.2. Eskaerak eta ikasleen beharrak hobeki ebaluatzearren, bai Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko talde arduraduna, bai ospitaleko eta etxeko arretarako taldea, harremanetan jartzen ahalko dira etxean egon beharra agindu duen osasun arloko profesionalarekin, baldin eta laguntzaren eskatzaileak horretarako baimena ematen badu.

8.3. Eskaerak baloratzeko, eskatzaileak aurkeztutako txosten medikoak aztertuko dira, kontuan hartuz eriondoak noiz arte iraunen duen gutxi gorabehera eta etxeko hezkuntza-arretako zenbat ordu behar diren deialdi honetako 3. oinarrian ezarritako helburuak lortzeko.

8.4. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Lehen Hezkuntzako ikasleei astean 5 orduko arreta emanen zaie, gehienez ere. Ordu horiek hiru alditan banatuko dira, ahal dela. Ordu horiek arlo instrumentalak lantzeko erabiliko dira, bereziki.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, astean 8 orduko arreta emanen da, gehienez ere. Ordu horiek bi orduko lau alditan banatuko dira, ahal dela.

c) Aurrekoez gain, hilero bi ordu erabiliko dira behar diren koordinazioak egiteko, programan dauden ikasleen tutoreen eta etxeko arreta ematen duten irakasleen artean.

d) Eriondoan dauden ikasleen tratamendu medikoak horretarako aukera ematen badu eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak eta ikastetxeko zuzendaritzak baimena eman ondoan, Hezkuntza Departamentuak baliabide informatikoak ematen ahalko dizkie maileguan ikasleen familiei eta ikastetxeari, ikasle horiek eskolak etxetik jarraitu ahal izan ditzaten, bideokonferentzia bidez. Mailegu aldia ezin izanen da izan etxean eriondoan ematen den denbora baino luzeagoa. Modalitate honi heltzen dioten ikasleek astean ordu bat gutxiago izanen dute etxean irakasleen arreta jasotzeko.

e) Etxeko hezkuntza-arreta ikasturteari dagokion egutegian emanen da.

f) Ezin izanen dute etxeko arreta eman Hezkuntza Departamentuarekin kontratuzko harremana edo lan-harremana duten langileek edo haren bidez lanaldi osoko ordainsaria jasotzen dutenek.

8.5. Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroaren balorazio txostena Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura igorriko da. Zerbitzu horrek, txostena ikusirik, interesdunari eta ikastetxeari jakinaraziko die zer baliabide esleitu diren, lehenari, gutun ziurtatu bidez, eta bigarrenari, posta elektroniko bidez.

8.6. Laguntza-eskaerak ezetsitzat joko dira baldin eta aurkezten direnetik hilabetera berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada.

8.7. Laguntza-eskaerari emandako ezezkoaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

9.–Etxeko hezkuntza-arretarako ordu gehiago behar izatea.

Esleitzen diren orduak aski ez badira etxeko hezkuntza-arreta jasotzen duen ikasle baten beharrak asetzeko, eriondoko aldia hasierako eskaeran uste zena baino luzeagoa delako, eskatzaileak inguruabar hori frogatzen duen beste txosten mediko bat aurkeztu beharko du. Txosten hori ikusirik, esleitutako ordu kopurua handitzen ahalko da.

10.–Laguntzaren zenbatekoa.

Etxeko arretarako esleitzen diren orduak ordaintzeko ematen den laguntza ekonomikoaren zenbatekoa zehazteko, modulu ekonomiko hauek erabiliko dira:

a) 12 euro orduko, Lehen Hezkuntzako irakasleentzat.

b) 18 euro orduko, Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat.

Medikuaren txostena noiz ematen den, horrek zehaztuko du laguntza ekonomiko honen hasierako eguna, hura jasotzea dagokien familientzat.

11.–Laguntza ordaintzeko eskaera eta haren justifikazio ekonomikoa.

11.1. Etxeko hezkuntza-arretarako orduei dagokien laguntza ordaintzeko, onuradunek justifikatu beharko dituzte zerbitzu hori ematen duten irakasleei ordaintzeko egin dituzten gastuak.

Laguntzaren onuradunek ordaindu beharko diete irakasleei, emandako zerbitzuengatik.

11.2. Hezkuntza Departamentuaren laguntza jaso aurretik etxeko arretaren hileroko ordainketa egin ezin duten familien kasuan, haiei emandako laguntza zuzenean irakasleari ordainduko zaio, aldez aurretik IV. eranskina aurkezten badute Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroan. Gizarte Zerbitzuen txosten baten bidez frogatu beharko dute ordaintzeko zailtasuna dutela.

Salbuespenez, zuzenean elkarteei ordaintzen ahalko zaizkie familiei emandako laguntzak, behar bezala frogatzen bada elkarte horiek egin dutela etxeko arretaren hileroko ordainketa (VI. eranskina).

11.3. Laguntza jasotzeko, onuradunek hilero agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, hilabeteko lehenbiziko 10 egunetan:

–Irakasleak aurkezturiko faktura, bere izenean eta ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei zuzendua (VII. eranskina).

–Aurreko hilabetea ordaindu zaiola frogatzen duen agiria (V. eranskina).

–VI. eranskina, hala behar duten familien kasuan.

–Irakasleak aurkezturiko faktura, bere izenean eta ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei zuzendua (VII. eranskina).

11.4. Agiri horiek Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira, Hezkuntza Premien Bulegoari zuzenduta.

Halaber, posta elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko da, educacion.especial@navarra.es helbidera idatzita, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori).

12.–Laguntza ematea eta ordaintzea.

12.1. Irakasleak ordainketa jaso duela frogatzen duen agiria ikusirik (V. eranskina), Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak egiaztatuko du ea agiri horretan adierazitako orduak bat datozen eskatzaileari esleitutako arreta orduen kopuruarekin, eta laguntza ordaintzeko proposamena igorriko du.

12.2. Ordainketa-eskaerak ebaztea Hezkuntzako zuzendari nagusiari dagokio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

13.–Bateraezintasunak.

Dirulaguntza hau bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Espainiakoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin.

14.–Onuradunek bete beharrekoak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Laguntza erabiltzea aurreikusi den xederako, eta Hezkuntza Departamentuak eskatzen dituen egiaztapenak onartzea eta horretarako erraztasunak ematea.

b) Etxeko arretarako irakasleekin adostutako ordutegia errespetatzea, eta hezkuntza-arreta behar bezala emateko leku bat prestatzea etxean.

c) Ordutegi horretan etxean adinez nagusiko senitarteko bat edo behar bezala baimenduriko pertsona bat dagoela ziurtatzea.

d) Behin eriondoa bukaturik, programaren irakasleari oroitaraztea jarraipen txostenak igorri behar dizkiola Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko talde arduradunari, talde horrek ikastetxeko zuzendaritzari igor diezazkion.

15.–Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

Laguntza galduko da eta jasotako dirua itzuli beharko da egoera hauetakoren bat gertatzen bada: deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzea; laguntza eman zen xederako ez erabiltzea; ez justifikatzea laguntza zertan erabili den, horretarako ezarritako moduan eta epeetan, edo gezurrezko datuak ematea. Halaber, ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaindu beharko dira, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak.

16.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

17.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Gurasoen edo legezko tutoreen eskaera, etxeko hezkuntza-arretarako programan parte hartzeko.

III. ERANSKINA

Medikuaren txostena.

IV. ERANSKINA

Ikastetxearen txostena, etxeko hezkuntza-arreta eskatzeko.

V. ERANSKINA

Ordaindu zaiola frogatzen duen agiria.

VI. ERANSKINA

Etxeko hezkuntza-arretarako programako laguntza zuzenean arreta hori egiten duen irakasleari edo elkarteari ordaintzeko baimena.

VII. ERANSKINA

Ordainketa egiteko frogagiria.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1914633