235. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

327/2019 FORU DEKRETUA, azaroaren 15ekoa, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa eta onesten baitira haren estatutuak.

Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluak botere publikoei manatzen die susta dezatela gazteriak parte-hartze libre eta eraginkorra izatea garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean. Bere aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.18 artikuluak gazteentzako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio Nafarroako Foru Komunitateari.

Xede horrekin sortu zen, 1991n, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa, eskumenak zituena gazteriaren arloan Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan. 2007. urtean, eta irailaren 24ko 217/2007 Foru Dekretuaren bidez, sortu zen Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa, zeinak iraun baitzuen gazteriaren arloko eskumen berariazkoekin 2012. urtea arte. Urte hartan, haren eskumenak bere gain hartu zituen berriz ere Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, eta gaur arte arautu da abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez.

Nafarroako gizarteak azken urteetan sufritu dituenez krisi ekonomikoa eta aldaketa estrukturalak, botere publikoak beharturik daude aurre egitera aldaketa prozesu horietan sortutako erronka eta aukera berriei, zuzenean eta nabarmen eragiten baitiete gazteei, eta, hala, jokaleku sozial berri bat eratu da, behar berriak dituena, eta behar horiei heldu behar zaie modu transbertsalean, parte-hartzearekin eta koordinatuki. Bestalde, hain askotarikoak dira gazteen egoerak eta behar dituzten erantzunak, non gazteen arloko politikak ezarri behar baitira politika sozial publikoen ardatz nagusian. Hala, sendotze sektorialak, ekintzen dibertsifikazioak eta politika moten arteko osagarritasunak eraman gaituzte gazteriako organismoak lekuz aldatzera: nolabaiteko bazter administratiboetatik politika publikoen zentraltasunera.

Horrenbestez, komenigarritzat jo da erakunde autonomo berri bat sortzea, Nafarroako Gazteriaren Institutua izenekoa, gazteriaren gaiari heltzeko berariaz, eta erakunde horrek ahalbidetuko du, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren menpe egonik, lan transbertsala, Nafarroako Foru Komunitateko gainerako Administrazioarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura, eta, 2. artikuluan, xedatzen du ezen Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari dagokiola gauzatzea Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenak honako arlo hauetan, besteak beste: gazteriak gizartean parte-hartze aktiboa izateko politika zeharkakoak garatzea, eta gazteak elkartzeko eta gazteriaren sormena eta ekintzailetza bultzatzeko politikak sustatzea. Azkenik, urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez ezartzen baita Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa, 3. artikuluan ezartzen du Nafarroako Gazteriaren Institutua txertatuko dela aipatutako departamentuaren egituran.

Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, zeinak hizpide baititu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala, ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola erakunde publikoen estatutuak onestea.

Foru dekretu honek xede du Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzea eta haren estatutuak onestea.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko azaroaren hamabostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Sortzea eta xede orokorrak.

Sortzen da Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa. Haren xede orokorra da gazteen eskubideak babestea, eta, hartarako, gazteek libre eta eraginkorki parte hartzea garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean, modu transbertsalean jardunez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan. Hori dena, indarreko araudiaren esparruan.

2. artikulua. Estatutuak onestea.

Onesten dira Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak, zeinak erantsi baitira foru dekretu honen eranskin gisa. Nafarroako Gazteriaren Institutuak bere gain hartuko ditu egungo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren eskumenak.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Hasierako Jarduketa Plana.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Hasierako Jarduketa Plana da Nafarroako Gobernuak onesten duena foru dekretu honen data berean hartutako erabakiaren bidez. Planaren testua espedienteari erantsi zaio.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lege aipamenak.

Indarreko araudian egiten diren aipamen organiko eta funtzionalak, eragiten dietenak foru dekretu honetan esleitutako eginkizunei, ulertuko da egiten zaizkiela foru dekretu honetan bertan araututako organo eta unitateei.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Berresten da, hasieran egindako baldintza berberetan, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko buruaren izendapena.

Xedapen iragankor bakarra.–Administrazio unitateen iraupena.

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin segituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Erregelamendua garatzeko ahalmena.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren xedapenak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betetzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2019ko azaroaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izaera eta eskumenak

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Gazteriaren Institutua da administrazio izaerako erakunde autonomo bat, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, bere xedeak betetzeko.

2. artikulua. Atxikipena eta tutoretza.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak, bere helburuak betetzeko, men egin behar die Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak ematen dituen jarraibideei, plangintza eta politika orokorrari dagokienez. Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatzeko eta haren tutoretza egiteko ahalmenak, esleitzen zaizkionak estatutuetan, foru legerian eta administrazioaren ordenamendu juridikoan.

3. artikulua. Eskumenak.

1. Eskumen hauek dagozkio Nafarroako Gazteriaren Institutuari:

a) Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari esleitzen dizkionak, eta, bereziki, gazteen arloko politika publikoak planifikatzea, sustatzea eta ebaluatzea, ikuspegi bikoitza erabiliz: berariazko ekintzak garatzea eta zeharkakotasuna aplikatzea gazteriaren arloan.

b) Koordinatzea Nafarroako gazteriari eragiten dioten eta Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak diren gaiak, eta Gobernuak agintzen ahal dizkion bestelakoak.

c) Berariazko legeriak erakunde autonomoei esleitzen dizkienak arlo hauetan: ondarea, kontratuak, aurrekontuak, kontabilitatea, finantza kontrola eta langileria.

2. Eskumen horiek garatzeko, honako eginkizun hauek izanen ditu Nafarroako Gazteriaren Institutuak:

a) Bultzatzea eta kudeatzea gazteriaren arloko zerbitzu eta programa berariazkoak, eta haien jarraipena egitea.

b) Zuzentzea eta kudeatzea laguntza eta dirulaguntzetarako programak.

c) Aholkuak eta informazioa ematea bere eskumenekoak diren arloen gainean, bat etorriz estatutu hauetan xedatutakoarekin.

d) Egitea gazteen arloari buruzko txostenak, eskatzen dizkiotenak Nafarroako Gobernuko departamentuek nahiz bestelako administrazio publikoek, eta gauzatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten era guztietako jarduerak.

e) Egitea Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten era guztietako jarduerak.

f) Kudeatzea atxikirik dituen zentro eta instalazioak, baita horietan egiten diren mantentze eta berritze lanak, inbertsioak eta ekipamenduak ere.

g) Indarra duen ordenamendu juridikoarekin bat esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun.

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Honako hauek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendaritza organoak:

1. Gobernu Kontseilua.

2. Kudeaketako Zuzendaritza.

II. KAPITULUA

Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Osaera.

1. Honako kide hauek ditu Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluak:

a) Burua: Gazteriaren arloan eskumena duen kontseilaria.

b) Buruordea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

c) Kidea: Gazteriaren zuzendariordea.

d) Kide-idazkaria: gazteriaren arloan eskumena duen departamentuko idazkari tekniko nagusia.

2. Baldin hutsik gelditzen bada departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen zuzendaritza karguetako bat, haien ordezkoak izendatuko ditu departamentuko kontseilari titularrak, aldi baterako, behin betiko izendapenak egin bitartean.

3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die gazteriaren organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten. Hitza izanen dute, baina botorik ez.

6. artikulua. Ahalmenak.

Honako ahalmen hauek izanen ditu Gobernu Kontseiluak:

a) Urtero, txostena egitea erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamenaz.

b) Kontrolatzea eta gainbegiratzea erakundearen zuzendaritza lanak.

c) Onestea zentro eta instalazio berekiak erabiltzeko prezio publikoen araubidea.

d) Ezagutzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak presako kasuetan hartu behar izan dituen ebazpenak.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluko buruaren ahalmenak.

1. Honako ahalmen hauek izanen ditu Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko buruak:

a) Egitea Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia, finkatzea eguneko gai-zerrenda, bilkuretan buru izatea eta horiek zuzentzea.

b) Betearaztea Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta haren jardunari buruzko arauak.

2. Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, buruaren ordez buruordea ariko da.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Kontseiluaren bilkuretan parte hartuko du gazteriaren arloko eskumena duen departamentuko idazkari tekniko nagusiak, hitzarekin baina botorik gabe, eta ariko da Gobernu Kontseiluko idazkari eginkizunetan.

2. Honako hauek izanen dira idazkariaren eginkizun berariazkoak:

a) Prestatzea Gobernu Kontseiluaren lanak, buruordearekin elkarlanean, buruaren jarraibideei jarraikiz, eta egitea erabakiak betearazteko tramiteak.

b) Egitea Gobernu Kontseiluaren bilkuretako aktak, hartzen diren erabakien fede ematea, egitea eskatzen diren ziurtagiriak, zaintzea Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak, eta deialdiak egitea.

c) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak kontseiluburuak dei egiten duenean eginen dira.

2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduaren araubidea da oro har ezarrita dagoena martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean, zeinak hizpide baititu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala.

10. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak noiznahi eskatzen ahalko du beste pertsona batzuen aholkua, baldin haien esku-hartzea egokitzat jotzen badu daukaten ezagutza, prestakuntza, izen on edo beste arrazoi batzuengatik. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

III. KAPITULUA

Zuzendari kudeatzailea

11. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Nafarroako Gobernuak erabakiko ditu askatasunez Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen izendapena eta kargutik kentzea, gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariak proposatuta.

2. Zuzendari kudeatzailearen postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo ezintasun pertsonala duen kasuetan, Gazteriaren zuzendariordea ariko da haren ordez.

12. artikulua. Eginkizunak.

Honako eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak:

a) Lidergoa izatea, gazteen arloko eragileekin partekaturik, Nafarroako gazteen arloko politikan.

b) Kudeatzea erakunde autonomoa, bere gain hartuta funtzionamenduaren erantzukizun nagusia.

c) Erakundearen ordezkari gorena izatea.

d) Zuzentzea, kudeatzea eta antolatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eskumenekoak diren instalazio, zentro eta organoen jarduera guztiak.

e) Exekutatzea eta betetzea Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak.

f) Koordinatzea Departamentuarteko Batzordea eta sustatzea gazteentzako politikak garatzeko zeharkako harremanak.

g) Zuzentzea Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE).

h) Onestea erakunde autonomoari atxikitako instalazio eta zentroen funtzionamendurako irizpideak.

i) Txostenak egitea Nafarroako Gobernuak edo gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariak espedienteen gainean ebazteko egiten dituen proposamenez.

j) Ematea erakundeak jarduteko behar diren administrazio ebazpenak eta agintzea administrazio egintzak bete daitezela.

k) Presako kasuetan, ematea beharrezkoak diren ebazpenak Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eskumeneko gaietan, eta horien berri ematea Gobernu Kontseiluari hark egiten duen hurrengo bilkuran.

l) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak kontratuak egiteko erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien ahalmenak.

m) Erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzeko ahalmena, zuzendari nagusiei esleitzen diena aurrekontuei, ekonomiari eta kontratuei buruzko araudiak.

n) Ebaztea Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagozkion ondare erantzukizuneko prozedurak eta auzibide zibilaren eta lan auzibidearen aurreko erreklamazioak, salbu langileriaren arloko erreklamazioak.

ñ) Baimentzea eta xedatzea era guztietako gastu ekonomikoak, aitortzea pagatzeko obligazioak eta aurkeztea erakundearen aurrekontuaren aurreproiektuaren proposamena, bat etorriz arlo honetan indarra duen araudian ezarritakoarekin.

o) Ezartzea Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuak eta prestatzea urteroko memoria eta jarduteko programak.

p) Bitarte baterako izendatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko atalburuak, bulegoburuak eta ataletik beherako beste unitate batzuetako buruak, behin aldeko txostena eman ondoren funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak.

q) Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetako zuzendariak izendatzea eta kargutik kentzea, behin aldeko txostena eman ondoren funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak.

r) Aritzea Institutuaren langileen buru, eta, zehazki, erabiltzea arlo horretan dituen ahalmenak, hain zuzen ere ematen dizkionak, 3., 5. eta 6. artikuluetan, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak, zeinaren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak.

s) Betetzea gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariak, bere kargua dela eta, agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

13. artikulua. Eginkizunak eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak dituen eskudantzietako batzuk utz ditzake erakunde autonomoko zuzendariordeen esku, bat etorriz indarra duen legeriarekin.

IV. KAPITULUA

Gazteriaren Zuzendariordetza

14. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetza.

Zuzenean Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen menpe ariko da Gazteriaren Zuzendariordetza; bere eginkizunak beteko ditu haren goragoko plangintzaren, zuzendaritzaren eta koordinazioaren menpe.

15. artikulua. Izendapena.

Nafarroako Gobernuak askatasunez izendatuko eta kargutik kenduko du Gazteriaren zuzendariordea, foru dekretu bidez, gazteriaren arloko kontseilariak proposatuta.

16. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetzaren eremu materiala eta funtzionala.

1. Honako eginkizun hauek izanen ditu Gazteriaren Zuzendariordetzak:

a) Zuzentzea, planifikatzea eta ebaluatzea gazteriaren arloko politika publiko transbertsalak, indarreko araudiaren arabera.

b) Elkarrizketa iraunkor eta egituratuak izatea gazteekin, eta koordinatzea Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarekiko harremanen esparrua.

c) Sustatzea gazteek aktiboki parte har dezatela gizartean eta politikan.

d) Gazteriaren arloan, sustatzea lankidetza eta elkarrizketa honako hauen artean: toki entitateak, eragile ekonomiko eta sozialak, gazteriaren arloko profesionalak eta arlo honetan eskumenak dituzten bestelako erakunde garrantzitsuak.

e) Koordinatzea Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE).

f) Koordinatzea Nafarroako Gazteriaren Behatokia.

g) Behar diren diziplinako espedienteak irekitzea Institutuari atxikitako langileek egindako falta arinak direla eta.

h) Proposatzea gazteentzako aterpetxeen arloko baimenak ematea, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, sektoreko araudiari jarraituz.

i) Nafarroako Foru Komunitatean, garatzea gazteentzako aire zabaleko jardueren araudia eta kontrola, Nafarroako Gazteriaren Institutuari eman zaizkion eskumenen eremuan, eta garatzea eta kudeatzea gazteentzako jarduerei buruzko araudia.

j) Aholku eta sostengu ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzari eta gainerako unitateei, bere eskumeneko arloetan, eta txostena egitea kudeaketako zuzendaritzaren ebazpen proposamenez.

k) Beste edozein eginkizun baldin aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

2. Gazteriaren zuzendariordearen ahalmena da beharrezkoak diren gastu xeheak baimentzea erakunde autonomoak jarduteko, ahalmen hori zerbitzuetako zuzendariei esleitzen dienean aurrekontuei eta ekonomiari buruzko araudiak.

V. KAPITULUA

Atalak

17. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetzaren atalak.

Bere egituran, honako atal hauek ditu Gazteriaren Zuzendariordetzak:

a) Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala.

b) Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala.

18. artikulua. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalaren eremu material eta funtzionala.

Honako eginkizun hauek izanen ditu Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak:

a) Koordinatzea Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak behar duen erregelamendu-garapena.

b) Diseinatzea eta ebaluatzea gazteriaren arloko politikak, eta horiei jarraipena egitea, neurtzeko adierazleen bitartez.

c) Kudeatzea Nafarroako Gazteriaren Behatokia.

d) Koordinatzea eta egitea gazteriarekin lotutako ikerlanak, azterlanak eta txostenak.

e) Editatzea gazteriaren arloan interesekoak diren argitalpenak.

f) Kudeatzea Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarea eta informaziorako eta parte hartzeko beste programa batzuk.

g) Kudeatzea Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE), aitorpen ofiziala eta astialdirako eskolak.

h) Diseinatzea, garatzea eta sustatzea gazteekin lan egiten duten teknikarientzako etengabeko prestakuntza programak, Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolaren bitartez.

i) Sustatzea gazteriaren arloko profil profesionalen arauketa, profesionaltasunaren kualifikazioen arabera.

j) Beste edozein eginkizun, baldin aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada, eta Gazteriaren zuzendariordeak agintzen dizkionak.

19. artikulua. Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren eremu materiala eta funtzionala.

Honako eginkizun hauek izanen ditu Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak:

a) Sustatzea eta antolatzea gazteen arteko trukaketak eta udako jarduerak.

b) Sustatzea eta kudeatzea gazteentzako programa europarrak, helburu dutenak bultzatzea nazioarteko mugikortasuna eta kultur ikaskuntza.

c) Honako ekintza hauen bidez, bultzatzea gazteen kultur sormena eta artean daukaten parte-hartzea: dirulaguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea, eta arte egoitzak sustatzea, besteak beste.

d) Kudeatzea “Erasmus+” programa europarra eta Euroeskualdeko gazteentzako programak.

e) Kudeatzea Gazte-txartela, aterpekide txartela eta bestelako nazioarteko txartelak.

f) Programak garatzea, elkarlanean Europako eta Estatuko erakundeekin eta beste autonomia erkidegoekin, bultzatuko dutenak, gazteen artean, nazioarteko mugikortasuna, hizkuntzen ikaskuntza eta gazte turismoa.

g) Sustatzea beste zerbitzu eta programa espezifiko eta/edo zeharkako batzuk gazteen balioak garatzeko eta haien autonomia hobetzeko.

h) Programak garatzea erraztu dadin gazteek gizartean parte hartzea eta gazteak boluntario-lanetan aritzea.

i) Aholku ematea toki entitateei, gazteen elkarteei eta gazteen ordezkaritzako eskumenak dituzten bestelako entitateei.

j) Kudeatzea gazteentzako aire zabaleko jardueren araudia eta kontrola, Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Nafarroako Gazteriaren Institutuari eman zaizkion eskumenen esparruan, eta garatzea gazteentzako jarduerei buruzko araudia.

k) Kudeatzea eta tramitatzea Nafarroako gazte elkarteentzako, Nafarroako Gazteriaren Kontseilurako eta Nafarroako toki entitateentzako laguntzak.

l) Kudeatzea Nafarroako Gazte Entitateen Zentsua.

m) Beste edozein eginkizun, baldin aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada, eta Gazteriaren zuzendariordeak agintzen dizkionak.

20. artikulua. Administrazio eta Kudeaketa Atalaren eremu materiala eta funtzionala.

Administrazio eta Kudeaketa Atala zuzenean atxikitzen zaio erakunde autonomoaren Kudeaketako Zuzendaritzari, eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Koordinatzea, banatzea eta garatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuko jarduera administratiboak.

b) Aholku eta sostengu ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuko egitura guztiari, susta daitezen behar diren jarduera guztiak berma dadin erakunde autonomoak egoki diharduela.

c) Koordinatzea eta kudeatzea gazteria arloko jarduera juridikoa, txosten juridikoa behar duten espedienteen tramitazioan eta prozesuan.

d) Koordinatzea espedienteen tramitazioa eta prozesua, araudia garatzeari dagokionez, haiek igortzeko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

e) Kudeatzea erakunde autonomoaren Erregistro Orokorra eta Artxibo Orokorra.

f) Konpultsatzea erakunde autonomoan ondorioak izanen dituzten dokumentuak eta hark sortu eta beste batzuetan ondorioak izanen dituztenak, eta egitea ebazpenen eta Nafarroako Gazteriaren Institutuan dauden dokumentu eta datuen ziurtagiriak.

g) Erakundeko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpenak jakinaraztea jendeari, erakunde eta instituzioei, eta zuzendariordetza, atal edo zentro ukituei.

h) Planifikatzea, koordinatzea eta kudeatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuaren giza baliabideak eta barne araubidea, lehenetsiz arriskuen prebentzioa, osasuna, segurtasuna eta laneko autobabesa, bai eta langileen prestakuntza ere arlo horietan.

i) Gainbegiratzea eta betearaztea Nafarroako Gazteriaren Institutuko egoitza nagusiko mantentze-lanak, funtzionamendua eta ekipamenduetako inbertsioak.

j) Koordinatzea Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Aurrekontu Orokorren aurreproiektuaren prestaketa, elkarlanean erakunde autonomoko zuzendariordetzarekin, atalekin eta atxikitako zentroekin.

k) Koordinatzea jarduera ekonomiko-administratiboaren plangintza eta kudeaketa, eta jarraipena egitea erakunde autonomoaren kontabilitateari eta aurrekontuari, baita kontratazio eta kudeaketa-esleipen prozesu guztiei ere.

l) Kudeatzea behar diren lan administratibo guztiak, bermatu dadin gazteen arloko kide anitzeko organoen funtzionamendu egokia.

m) Lehen ezarpeneko obrak, haiek berritzekoak edo konponketa handikoak eta ekipamendu handiak egiteko inbertsioak kudeatzea eta kontrolatzea, bai eta konponketa arrunten, kontsumoen eta funtzionamendu gastuen ondorioz sortzen diren ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak kudeatzea eta kontrolatzea ere, Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetan.

n) Kudeatzea azpiegiturak, idaztea eta gainbegiratzea gazteria arloko instalazioetako planak, oniritzia eman dakien eta onets daitezen, indarreko araudiaren arabera, eta kudeatzea plan horien exekuzioa.

ñ) Beste edozein eginkizun baldin aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada, eta Kudeaketako Zuzendaritzak eskuordetzen edo agintzen dizkionak.

21. artikulua. Bulegoak eta unitate parekatuak.

Gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariari dagokio foru agindu baten bidez sortzea, aldatzea edo kentzea bulegoak edo bulegoekin parekatutako beste unitate administratibo edo tekniko batzuk, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik txostena emanda funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek.

VI. KAPITULUA

Zentroak

22. artikulua. Zentroak.

1. Hona hemen Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak:

a) Otadiko Kristo Santua Gazteen Aterpetxea eta Prestakuntzarako Baliabide Zentroa.

b) Baztan gazteen aterpetxea.

c) Belbieretxea Gazteen Aterpea.

d) Getadarko gazteen aterpea.

23. artikulua. Zentroetako zuzendaritzak.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zentroei zuzendari bana esleituko zaie, baldin eta kargu hori berariazko lanpostu gisa agertzen bada Institutuko plantilla organikoan.

2. Zuzendariaren karguari dagozkion ordainsariak izanen dira aipatutako plantilla organikoan ageri direnak.

3. Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroetako zuzendaritza lanpostuak beteko dira askatasunez egindako izendapenaren bidez, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarritako sistemaren bitartez, eta hautatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileen artetik.

4. Institutuko zentroetako edo haiekin parekaturik dauden unitate organikoetako zuzendariei dagokie zentroak kudeatzea arlo hauetan: administrazio-lanak, langileria, ohiko hornidurak, fakturetako ohiko gastuak, laguntzarako eta ekipamendurako kontratazioen ohiko jarraipen-lanak eta, orobat, dokumentu-kudeaketa eta artxiboa. Haiei dagokie, orobat, zentroko jarduerak programatzea eta begiratzea betetzen dela zentroko kudeaketa arlo bakoitzean aplikatu beharreko araudia; hori guztia deusetan galarazi gabe, arloa zein den, Nafarroako Gazteriaren Institutuko beste unitate organiko batzuei dagozkien eskumenak.

5. Kudeaketa ereduaren arabera, zentro bateko zuzendari batek ahalmena dauka, behar izanez gero eta behar bezala justifikaturik egonda, bere gain hartzeko zentro bateko baino gehiagoko zuzendaritzak.

VII. KAPITULUA

Kide anitzeko organoak

24. artikulua. Kide anitzeko organoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gazteriaren Departamentuarteko Batzordea da gazteentzako politika transbertsalak koordinatzeko eta bultzatzeko organoa, eta zuzenean atxikitzen zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Kudeaketako Zuzendaritzari. Gazteriaren arloko eskumena duen kontseilariak ezarriko ditu batzordeko kideak eta batzordearen eginkizunak eta funtzionamendu arauak.

III. TITULUA

Ondarea, baliabide ekonomikoak, aurrekontuak eta ekonomiako eta kontabilitateko araubideak

25. artikulua. Ondarea.

Gai horiek erregulatzen dituen araudian xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren osagai izanen dira erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Nafarroako Ondarearen ondasun eta eskubide guztiak. Ondare horren ondasun diren aldetik dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute.

26. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Honako hauek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baliabide ekonomikoak:

a) Hari atxikitako ondasunen eta eskubideen interesak, errentak eta mozkinak.

b) Nafarroako Foru Komunitateak erakunde autonomoari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egiten zaizkion transferentziak eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru-sarrera arruntak eta bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpenak edo dirulaguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

27. artikulua. Aurrekontu araubidea.

1. Urteko aurrekontuen araubidearen menpe egonen da Nafarroako Gazteriaren Institutuaren kudeaketa, eta hura Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Diru-sarreren eta gastuen sailkapenari eta horien zehaztasun mailari dagokienez, aurrekontuen egitura egokituko zaie Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako ezarritako arauei eta erregelei, aurrekontu orokor horien barnean baitaude.

3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.

28. artikulua. Kontu-hartzailetza.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko kudeaketa ekonomikoa –hots, eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sorrarazten dituzten egintzak, agiriak eta espedienteak– Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da, kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.

29. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak dituen modu eta baldintza berberetan.

2. Kontuak ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako ezarritakoaren arabera formalizatuko, tramitatuko eta ebatziko da.

IV. TITULUA

Langileria

30. artikulua. Langileen araubidea.

Honako hauek osatzen dute Nafarroako Gazteriaren Institutuko langileria:

a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak, atxikita daudenak edo atxikiko zaizkionak Nafarroako Gazteriaren erakundeari.

c) Erakunde autonomoari atxikitako lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

V. TITULUA

Egintzen araubide juridikoa

31. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egintzen araubide juridikoa da erakunde autonomoetarako ezarrita dagoena martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen III. tituluko II. kapituluan; foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publikoa.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, jarraituko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari.

32. artikulua. Errekurtsoak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

33. artikulua. Laguntza juridikoa.

1. Bat etorriz bere 551.3 artikuluan Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak ezartzen duenarekin, epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren aholkulari juridikoei dagokie Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ordezkaritza eta defentsa, salbu beste abokatu elkargokide bat izendatzen bada hura ordezkatzeko eta defendatzeko.

2. Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak aholku juridikoa ematen ahalko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuan ezarritako moduan.

Iragarkiaren kodea: F1914613