226. ALDIZKARIA - 2019ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

114/2019 EBAZPENA, azaroaren 5ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, eskolaldi jarraituaren eta eskolaldi malguaren ezarpena arautzen duena 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetarako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 120.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi lantzen ahal dituzte: esperimentazioak, lan-planak, antolatzeko moduak, bizikidetza-arauak, eskola-egutegia edo arloen zein irakasgaien eskola-ordutegia zabaltzea; betiere hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan eginen dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, familiei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta hezkuntza-administrazioei eskakizunik eginen ere.

Eskolaldia, oro har, zatitua da, eta goizeko eta arratsaldeko saioak ditu, asteko egun batean izan ezik (egun horretan goizeko saioak daude bakarrik). Ikastetxeek pedagogiaren eta antolakuntzaren aldetik duten autonomia aplikatuz, aukera ematen zaie lanaldi hori berrikusteko, ikastetxe batzuetako hezkuntza sektoreen eskaerei erantzuna emateko.

Eskaera horien jatorrian gizartean, laneko ordutegien eta baldintzen arloan, etengabe gertatzen diren aldaketak daude. Horien ondorioz, gizarte ohitura berriak agertzen dira, eta hauek, kasu batzuetan, desadostasunak sortzen dituzte ezarritako eskolako ordutegiekin.

Eskakizun horiek ikusita, batez ere ikasleen eta haien familien interesei, beharrei eta ezaugarriei arreta eman nahian, eskolaldi zatitua ezartzeaz gainera, 2007tik aurrera, hurrenez hurren, eta urteko luzapenekin, Hezkuntza Departamentuak aukera eman die Haur Hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntza ematen dituzten ikastetxeei eta Hezkuntza Berezia ematen dutenei (publikoak zein pribatu itunduak) beste bi eskolaldi mota ezartzeko modu esperimentalean: eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua.

Ebazpen honen bidez, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei aukera eman nahi die eskolaldia aldatzeko, hala eskatzen badute, nagusiki ikasleen eta familien interesetara, beharretara eta ezaugarrietara egokitzeko.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariaren txostena ikusirik, non Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua ezartzeko prozedura arautzen duten jarraibideak onestearen alde agertzen baita.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan eskolaldi jarraitua, modu esperimentalean, ezartzeko prozedura arautzeko jarraibideak onestea, I., III., IV., V., VI., XI. eta XII. eranskinetan jarrita daudenak.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan eskolaldi malgua ezartzeko prozedura arautzeko jarraibideak onestea, II., VII., VIII., IX., X. eta XI. eranskinetan jarrita daudenak.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen hau eta beronen eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko azaroaren 5ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Eskolaldi jarraitua

1.–Eskolaldi jarraitua.

1. Eskolaldi jarraituan ikasleei eskolak goizez ematen zaizkie, astelehenetik ostiralera, ikasturte osoan zehar. Gainera, ikasleei arratsaldean arreta emateko nahitaezko programa bat dauka (eskolaz kanpoko jarduerak), asteko lau egunetan, salbu eta irailean eta ekainean.

2. Eskolaldi jarraitua antolatzeko, kontuan hartuko dira, lehentasunez, ikasleen eta beren familien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

2.–Ordutegia.

1. Hala ordutegi orokorrak, zeina eskolaldi honen berezitasuna kontuan hartuta diseinatuko baita, nola eskola-egutegiak Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen dituen arauetako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Jolasaldien eguneko egitura izaten ahal da 30 minutuko jolasaldi bakar bat, 40 minutuko beste bat, edo bi jolasaldi, 40 minutukoak biak baturik.

3. Eskolen kopurua eta iraupena Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 2ko 51/2014 Foru Aginduan ezarritakoaz bestelakoa izaten ahalko dira. Dena dela, ikasturte osoan arlo bakoitzerako erabiliko den guztirako ordutegiak bat etorri beharko du, ahalik eta gehien, foru agindu horretan ezarritakoa aplikatzetik ateratzen denarekin.

4. Nolanahi ere, curriculumerako saioak eta jolasaldiak, guztira hartuta, 1.550 minutukoak izanen dira oro har astean, jolasaldiak 40 minutukoak izanez gero, eta 1.500 minutukoak, gutxienez, jolasaldiak 30 minutukoak badira.

5. Eskuarki, goizeko saioen eta arratsaldeko jardueren artean, laurogeita hamar minutuko tartea izanen da gutxienez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta garraioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuekin batera partekatzen dutenetan, tartea, eskuarki, bi ordu eta erdikoa izanen da.

3.–Eskolaz kanpoko jarduerak.

1. Ikastetxeak eskolaz kanpoko jarduerak antolatu beharko ditu lau arratsalde astean, irailean eta ekainean izan ezik. Ikasleentzat borondatezkoak izanen dira.

2. Jarduera horien barnean honako hauek izanen dira, besteak beste: eskola-errefortzua, ikasketa gidatua, biharamunerako etxerako lanak egiteko aukera, hizkuntzekin lotutako jarduerak, teknologia berrien aplikazioa eta kirol jarduerak.

3. Jardueren kopurua, iraupena, ratioak (oro har, erabiliko den ratioa izanen da curriculumeko hezkuntza jardueretan erabiltzen dena) eta finantzabideak proiektuan zehaztu beharko dira, eta, ikastetxearen antolaketa-aukeren barnean, ikasleen interesak eta ezaugarriak aintzat hartuko dituzte.

4. Ikastetxeko zuzendaritzak bermatuko du ikastetxeko irakasleak jardueretan izanen direla, arduradun eta/edo parte-hartzaile gisa.

5. Oro har, barne-jarduerak izanen dira, eta ikastetxean bertan eginen dira. Ikastetxetik kanpo egiten direnak –ikastetxetik kanpo egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak–, ikastetxearen proiektu barrukoak izaten ahalko dira ikastetxearen ordutegiaren barruan egiten badira. Ikasleen joan-etorria ikastetxearen ardura izanen da, eta ikasleek ikastetxean egon beharko dute ikastetxean bertan egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak amaitzen diren orduan beranduenez.

4.–Irakasleak.

1. Irakasleen ordutegia eta ikasleak ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizten ahal dira. Eskolaz kanpoko jardueretan arduradun edo parte-hartzaile gisa ematen dituzten orduak eskola gabeko irakastordu gisa zenbatuko dira.

2. Zuzeneko irakastorduak eta eskola-ordu gisa kontatzen direnak, guztira, 25 izanen dira.

5.–Bestelako monitore eta hizlariak.

1. Ikastetxeko irakasleez gain, eskolaz kanpoko jardueretan familiek, elkarteek, erakundeek, udalek eta kultur eta kirol entitateek ere inplikatu eta parte har dezakete.

2. Jardueren monitoreek edo hizlariek bete beharko dute segurtasunari eta erantzukizunari buruz indarrean dagoen araudia, eta betebehar guztiak eguneratuak edukiko dituzte (kontratuak, gizarte segurantza, sexu-izaerako delituen gabezia egiaztatzen duen ziurtagiria...).

6.–Zerbitzu osagarriak: jantokia eta eskola-garraioa.

1. Hezkuntza Departamentuaren ardura da ikastetxeetako zerbitzu osagarriak emateko baliabide ekonomikoak optimizatzea. Horregatik, ikastetxeak jantokia edo eskola-garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu haien kalterako eta garraioa esleituta daukanaren planifikazioaren kalterako.

2. Eskolaz kanpoko jarduerak bukatu ondoren aterako da garraioa.

3. Ekainean, irailean eta eskolaz kanpoko jarduerarik ez duen astegunean, bidaia bakarra egiten dela bermatzeko, beste hezkuntza etapa batzuk ematen dituzten ikastetxeekin eskola-garraioa partekatzen duten ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek diruz lagundutako eskola-jantokiaren zerbitzua erabili beharko dute.

7.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

1. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi jarraitua ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi jarraitua ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea.

8.–Prozedura.

1. Prozesua hasteko, beharrezkoa izanen da Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuaren oniritzia edukitzea, garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz ikastetxeak proposatzen duen ordutegia bideragarria edo bideraezina izateari buruzkoa.

2. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak abenduaren 4ra arteko epea izanen du complementarioseducativos@navarra.es eta ordenacion.academica@navarra.es helbideetara mezu elektroniko bat bidaltzeko, non jakinaraziko baitu garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz proposatzen dituen ordutegiak zein diren. Hala bada, I. eranskin honen 6.3 puntuan aipatzen den zirkunstantzia adieraziko da.

3. Txostena aldekoa bada, zuzendariak eskaera prozedura abiaraziko du. Txostena aurkakoa bada, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu.

4. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi jarraitura aldatzeko proiektua eta eskolaldi malgura aldatzekoa.

5. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi jarraituaren proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denboren antolaketa berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

c) Ikastetxean irakasten diren hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Eskolaz kanpoko jardueren zerrenda, haien programazioa, iraupena, monitoreen eta hizlarien eginkizunak eta ratioak, ikasleen beharrizanak eta ezaugarriak aintzat hartuz.

f) Eskolaz kanpoko jardueretan arituko diren irakasleen kopurua, ordu kopurua eta jarduerotan arduradun edo parte-hartzaile ari ote diren esanez.

g) Ikastetxeko jardueretan parte hartzen duten erakundeen, elkarteen, entitateen eta taldeen zerrenda, eta/edo, hala badagokio, ekartzen duten finantzaketa eta haien antolaketaren eta garapenaren arduradunak.

h) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi jarraituak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskola-garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez. Alde horretatik, hala bada, I. eranskin honen 6.3 puntuan aipatzen den zirkunstantzia jaso beharko du.

Eranskin honen 6.2 puntuak aintzat hartzen duen ordutegia aitzinatzen ahalko da, betiere garraiorako ibilgailu bera erabiltzen duten ikasle guztien adostasuna lortuz gero, eta aldaketa horrek ukitzen ez badu ez garraioa partekatzen duten gainerako ikastetxeekiko koordinazioa, ez adjudikaziodunaren plangintza, ezta jantokiaren antolaketa ere. Ordutegian egin litekeen aldaketa horretarako beharrezkoa izanen da ikastetxeak horren berri ematea Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari, XII. eranskinean ezartzen den bezala, 2020ko maiatzaren 1etik 25era, horiek beren oniritzia eman dezaten. Horretarako, mezu elektronikoa igorriko du complementarioseducativos@navarra.es eta ordenacion.academica@navarra.es helbideetara. Hezkuntza Departamentuak oniritzia emandakoan, huraxe izanen da ukitutako ibilgailuaren irteera ordua 2020-2021 ikasturtean, ikastetxean ikasle berriak sartu ala ez. 2021-2022 ikasturterako, ikastetxeak honen berri eman beharko du 2021eko maiatzaren 1etik 25era.

i) Eskolaldi jarraituaren jarraipenerako eta ebaluaziorako plana.

6. Eskolaldi jarraituaren proiektua ezkutuko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bostenen aldeko botoak beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, III. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

7. Proiektuak aurreko puntuan ezarritako baldintza betetzen badu, eskola kontseiluan boto-eskubidea duten kide guztien bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Horretan ere, ezkutuko bozketa izanen da. Bozketaren akta eginen da, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

8. Eskola kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko atalean ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, V. eranskineko ereduaren arabera. Bozketen hasierako eguna baino lehen, behar den denborarekin, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko dizkie familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Horren guztiaren akta eginen da. Halaber, zalantzak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia emanen die familiei, ahal den neurrian gaizki-ulertuak edo erreklamazioak saihesteko. Bozketa honako arau hauen arabera eginen da:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita eskolaldia aldatu nahi duen ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken ikasmailakoak. Oinarrizko Hezkuntza ematen duten ikastetxe itunduen kasuan, bazter utziko dira Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak, maila hori barne.

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute ordezkatzen duten ikasle bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen guardia eta zaintza bi ezkontideek partekatzen duten egoera juridikoetan, biak ados jarri beharko dira boto bakar bat emateko. Guardia eta zaintza bakar bati badagokio, horrek izanen du botoa emateko eskubidea.

c) Boto-paperean kontsultarako jarriko den galdera ondokoa da:

Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi jarraitua izan dadin?

BAI.

EZ.

d) Botoa zuzenekoa, isilpekoa eta eskuordeezina da. Hori horrela, boto-emaileak bere nortasuna egiaztatzeko agiri ofizial bat aurkeztu beharko du. Horrez gainera, XI. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko du.

e) Familiei mota ezberdinetako bozketen egunen berri ematea. Proposamenari dagokionez jarrera desberdinak dituztenen ordezkariek gutxienez hiru eskola-egun izanen dituzte, bozketak hasi aurretik, ikastetxean bilerak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azaltzeko eta defendatzeko aukera izanen dute.

f) Hiru bozketa mota egonen dira.

–Hautetsontziko bozketa presentziala, egun bakar batean.

–Postontziko bozketa presentziala, hainbat egunetan.

–Bozketa telematikoa, hainbat egunetan (bateraezina da postontziko bozketarekin).

g) Hautetsontziko bozketa presentziala zuzendaritzak ezarritako egun batean eta erroldako kideek botoa emateko aukera izanen duten ordutegian eginen da.

Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta eskola kontseiluko ordezkari bat, gurasoen sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Horretarako boluntario bat baino gehiago badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen sektoreak ordezkari bat baino gehiago izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko. Gurasoen sektoreak eskola kontseiluan dituen kideetatik bakar batek ere joaterik ez badu, bozketa mahaian aritzeko ordezkaria zozketaz hautatuko da erroldako gurasoen artean.

h) Hautetsontziko bozketa presentzialaren lehen alternatiba gisa, boto-emaileek postontziko bozketa presentziala erabiltzen ahalko dute. Boto-emaileak, bere nortasuna agiri ofizial baten bidez egiaztatu ondoren zuzendaritza taldeko edozein kideren aurrean, botoa ematen ahalko du zuzendaritza taldeak horretarako jarritako postontzi batean; zuzendaritza taldeak izanen du postontzi horren ardura uneoro. Zuzendariak bozkatzeko egunak eta ordutegia zehaztuko ditu. Zuzendaritzak zehaztutako egunak 2 edo 3 eskola-egun izaten ahalko dira, eta hautetsontziko bozketa egiteko ezarritako egunaren aurrekoak izan beharko dute.

Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, boto-emailearen izena eta abizenak eta ordezkatzen duen haurraren izena eta ikasmaila agertu beharko dira. Gutun-azal horretan XI. eranskina egonen da (edo, hala badagokio, haurraren eskolaratzearekin loturiko erabakiak hartzea nori dagokion adierazten duen eta indarrean dagoen dokumentazioaren fotokopia), baita beste gutun-azal itxi bat ere, non boto-papera sartu baita. Botoak dituen postontzia mahaian aurkeztuko da, hautetsontziko bozketa presentziala amaitu eta gero. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, hautetsontziko bozketa presentziala erabiliz botoa eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko. Puntu honetan xedatutakoari jarraikiz ematen ez diren botoak baliogabeak izanen dira.

i) Halaber, hautetsontziko bozketa presentzialaren bigarren alternatiba gisa, postontziko bozketa presentzialaren aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, Educaren bidez, botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du ikastetxe batzuetan. Beraz, ikastetxea gaituta badago eta boto telematikoa erabiltzea erabakitzen badu, ezin izanen da hautetsontziko bozketa presentziala erabili. Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie hautatutako ikastetxeei.

j) Botoen zenbaketa honela eginen da:

–Alderatuko dira, banan-banan, botoa postontzi bidez eman duten boto-emaileak eta hautetsontzian bozkatu dutenak.

–Botoa hautetsontzian ere eman duten boto-emaileen postontziko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postontziko gainerako botoak, hau da, hautetsontzian boto presentziala eman ez dutenenak, hautetsontziko bozketa presentzialean erabili den hautetsontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

k) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, VI. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da, ikusgai.

l) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda guztiko hiru bosten gutxienez (ikastetxe publikoak: ikasle guztiak, ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken mailakoak izan ezik; ikastetxe pribatu itunduak: ikasle guztiak, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak izan ezik, maila hori barne).

9.–Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, bete beharrekoak bete direla egiaztaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, eskolaldia aldatzeko eskatuko du, beranduenez 2020ko urtarrilaren 20an. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkurako akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena. (III. eranskina).

–Eskola kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena. (IV. eranskina).

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta. (VI. eranskina).

2. Dokumentazio hori Ikasketak Antolatzeko Atalaren ordenacion.academica@navarra.es helbidera bidaliko da. Halaber, bozketetan eskatzen diren portzentajeak bete ezean, helbide horretara bertara igorriko dira aurreko puntuan aipatutako aktak.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

4. Baimendutako ikastetxeek, “Educa” kudeaketa programaren bidez, ikastetxeko ordutegi orokorra aldatu beharko dute hurrengo ikasturterako.

10.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eskolaldi jarraitua ongi aplikatzen dela zainduko du.

2. Halaber, ikastetxeko eskola kontseiluak eskolaldi jarraituaren barne ebaluazioa eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

3. Eskolaldia aldatzeko baimena ematen zaien ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko analisia sartuko dute, aurkeztutako proiektuaren jarraipen eta ebaluazio plana kontuan hartuz.

II. ERANSKINA

Eskolaldi malgua

1. Eskolaldi malgua.

1. Eskolaldi malguaren modalitatean ikasleentzako eskolak, urritik maiatzera bitarte, goiz eta arratsaldez ematen dira astean hiru egunetan, eta goizez gainerako bi egunetan (horietako bat asteazkena izanen da nahitaez). Irailean eta ekainean ikasleentzako eskolak goizez emanen dira.

2. Eskolaldi malgua antolatzeko, kontuan hartuko dira, lehentasunez, ikasleen eta beren familien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

2.–Ordutegia.

1. Irailean eta ekainean, ikasleek gutxienez 20 orduko eskolaldia izanen dute astean, egunero 4 ordu, jolasaldiak barne.

2. Ikasturteko gainerako hilabeteetan, hots urritik maiatzera, ikasleen eskolaldiak gutxienez 26 ordu izanen ditu astean, jolasaldiak barne.

3. Oro har, egunero, goiz erdian 30 minutuko jolasaldia izanen da.

4. Hala ordutegi orokorrak, zeina eskolaldi honen berezitasuna kontuan hartuta diseinatuko baita, nola eskola-egutegiak Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen dituen arauetako baldintzak bete beharko dituzte.

5. Eskolen kopurua eta iraupena Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 2ko 51/2014 Foru Aginduan ezarritakoaz bestelakoa izaten ahalko dira. Dena dela, ikasturte osoan arlo bakoitzerako erabiliko den guztirako ordutegiak bat etorri beharko du, ahalik eta gehien, foru agindu horretan ezarritakoa aplikatzetik ateratzen denarekin.

6. Eskuarki, goizeko eta arratsaldeko saioen artean, laurogeita hamar minutuko tartea izanen da gutxienez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta garraioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuekin batera partekatzen dutenetan, tartea, eskuarki, bi ordu eta erdikoa izanen da.

3.–Irakasleak.

1. Irakasleen ordutegia eta ikasleak ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizten ahal dira.

2. Zuzeneko irakastorduak eta eskola-ordu gisa kontatzen direnak, guztira, 25 izanen dira.

4.–Zerbitzu osagarriak: jantokia eta eskola-garraioa.

Ikastetxeak jantokia edo eskola-garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu haien kalterako eta garraioa esleituta daukanaren planifikazioaren kalterako.

5.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

1. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea.

6.–Prozedura.

1. Prozesua hasteko, beharrezkoa izanen da Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuaren oniritzia edukitzea, garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz ikastetxeak proposatzen duen ordutegia bideragarria edo bideraezina izateari buruzkoa.

2. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak abenduaren 4ra arteko epea izanen du complementarioseducativos@navarra.es eta ordenacion.academica@navarra.es helbideetara mezu elektroniko bat bidaltzeko, non jakinaraziko baitu garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarriei buruz proposatzen dituen ordutegiak zein diren.

3. Txostena aldekoa bada, zuzendariak eskaera prozedura abiaraziko du. Txostena aurkakoa bada, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu.

4. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi malgura aldatzeko proiektua eta eskolaldi jarraitura aldatzekoa.

5. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi malguaren proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denboren antolaketa berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

c) Ikastetxean irakasten diren hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi malguak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskola-garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez.

f) Eskolaldi malguaren jarraipenerako eta ebaluaziorako plana.

6. Eskolaldi malguaren proiektua ezkutuko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bostenen aldeko botoak beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, VII. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

7. Proiektuak aurreko puntuan ezarritako baldintza betetzen badu, eskola kontseiluan boto-eskubidea duten kide guztien bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Horretan ere, ezkutuko bozketa izanen da. Bozketaren akta eginen da, VIII. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da, ikastetxean.

8. Eskola kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko atalean ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, IX. eranskineko ereduaren arabera. Bozketen hasierako eguna baino lehen, behar den denborarekin, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko dizkie familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Horren guztiaren akta eginen da. Halaber, zalantzak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia emanen die familiei, ahal den neurrian gaizki-ulertuak edo erreklamazioak saihesteko. Bozketa honako arau hauen arabera eginen da:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita eskolaldia aldatu nahi duen ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken ikasmailakoak. Oinarrizko Hezkuntza ematen duten ikastetxe itunduen kasuan, bazter utziko dira Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak, maila hori barne.

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute ordezkatzen duten ikasle bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen guardia eta zaintza bi ezkontideek partekatzen duten egoera juridikoetan, biak ados jarri beharko dira boto bakar bat emateko. Guardia eta zaintza bakar bati badagokio, horrek izanen du botoa emateko eskubidea.

c) Boto-paperean kontsultarako jarriko den galdera ondokoa da:

Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi malgua izan dadin?

BAI.

EZ.

d) Botoa zuzenekoa, isilpekoa eta eskuordeezina da. Hori horrela, boto-emaileak bere nortasuna egiaztatzeko agiri ofizial bat aurkeztu beharko du. Horrez gainera, XI. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko du.

e) Familiei mota ezberdinetako bozketen egunen berri ematea. Proposamenari dagokionez jarrera desberdinak dituztenen ordezkariek gutxienez hiru eskola-egun izanen dituzte, bozketen aurretik, ikastetxean bilerak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azalduko eta defendatuko dituzte.

f) Hiru bozketa mota egonen dira.

–Hautetsontziko bozketa presentziala, egun bakar batean.

–Postontziko bozketa presentziala, hainbat egunetan.

–Bozketa telematikoa, hainbat egunetan (bateraezina da postontziko bozketarekin).

g) Hautetsontziko bozketa presentziala zuzendaritzak ezarritako egun batean eta erroldako kideek botoa emateko aukera izanen duten ordutegian eginen da.

Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta eskola kontseiluko ordezkari bat, gurasoen sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Horretarako boluntario bat baino gehiago badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen sektoreak ordezkari bat baino gehiago izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko. Gurasoen sektoreak eskola kontseiluan dituen kideetatik bakar batek ere joaterik ez badu, bozketa mahaian aritzeko ordezkaria zozketaz hautatuko da erroldako gurasoen artean.

h) Hautetsontziko bozketa presentzialaren lehen alternatiba gisa, boto-emaileek postontziko bozketa presentziala erabiltzen ahalko dute. Boto-emaileak, bere nortasuna agiri ofizial baten bidez egiaztatu ondoren zuzendaritza taldeko edozein kideren aurrean, botoa ematen ahalko du zuzendaritza taldeak horretarako jarritako postontzi batean; zuzendaritza taldeak izanen du postontzi horren ardura uneoro. Zuzendariak bozkatzeko egunak eta ordutegia zehaztuko ditu. Zuzendaritzak zehaztutako egunak 2 edo 3 eskola-egun izaten ahalko dira, eta hautetsontziko bozketa egiteko ezarritako egunaren aurrekoak izan beharko dute.

Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, boto-emailearen izena eta abizenak eta ordezkatzen duen haurraren izena eta ikasmaila agertu beharko dira. Gutun-azal horretan XI. eranskina egonen da (edo, hala badagokio, haurraren eskolaratzearekin loturiko erabakiak hartzea nori dagokion adierazten duen eta indarrean dagoen dokumentazioaren fotokopia), baita beste gutun-azal itxi bat ere, non boto-papera sartu baita. Botoak dituen postontzia mahaian aurkeztuko da, hautetsontziko bozketa presentziala amaitu eta gero. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, hautestontziko bozketa presentziala erabiliz botoa eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko. Puntu honetan xedatutakoari jarraikiz ematen ez diren botoak baliogabeak izanen dira.

i) Halaber, hautestontziko bozketa presentzialaren bigarren alternatiba gisa, postontziko bozketa presentzialaren aukerarekin bateraezina, Hezkuntza Departamentuak, Educaren bidez, botoa telematikoki emateko aukera martxan jartzen ahalko du ikastetxe batzuetan. Beraz, ikastetxea gaituta badago eta boto telematikoa erabiltzea erabakitzen badu, ezin izanen da hautetsontziko bozketa presentziala erabili. Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie hautatutako ikastetxeei.

j) Botoen zenbaketa honela eginen da:

–Alderatuko dira, banan-banan, botoa postontzi bidez eman duten boto-emaileak eta hautetsontzian bozkatu dutenak.

–Botoa hautestontzian ere eman duten boto-emaileen postontziko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postontziko gainerako botoak, hau da, boto presentziala hautestontzian eman ez dutenenak, hautestontziko bozketa presentzialean erabili den hautestontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Botoen zenbaketa eginen da, kontuan hartuta bai hautetsontziko botoak, baita telematikoki emandakoak ere, halakorik bada.

k) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, X. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da, ikusgai.

l) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda guztiko hiru bosten gutxienez (ikastetxe publikoak: ikasle guztiak, ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken mailakoak izan ezik; ikastetxe pribatu itunduak: ikasle guztiak, Lehen Hezkuntzako 6. mailatik aurrerako ikasleak izan ezik, maila hori barne).

7.–Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, bete beharrekoak bete direla egiaztaturik, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, eskolaldia aldatzeko eskatuko du, beranduenez 2020ko urtarrilaren 20an. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkurako akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena (VII. eranskina).

–Eskola kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena (VIII. eranskina).

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta (X. eranskina).

2. Dokumentazio hori Ikasketak Antolatzeko Atalaren ordenacion.academica@navarra.es helbidera bidaliko da. Halaber, bozketetan eskatzen diren portzentajeak bete ezean, helbide horretara bertara igorriko dira aurreko puntuan aipatutako aktak.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

4. Baimendutako ikastetxeek, “Educa” kudeaketa programaren bidez, ikastetxeko ordutegi orokorra aldatu beharko dute hurrengo ikasturterako.

8.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eskolaldi malgua ongi aplikatzen dela zainduko du.

2. Halaber, ikastetxeko eskola kontseiluak eskolaldi malguaren barne ebaluazioa eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

3. Eskolaldia aldatzeko baimena ematen zaien ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko analisia sartuko dute, aurkeztutako proiektuaren jarraipen eta ebaluazio plana kontuan hartuz.

III. ERANSKINA

Eskolaldi jarraitua

Klaustroaren bilkuran egindako bozketaren akta.

IV. ERANSKINA

Eskolaldi jarraitua

Eskola kontseiluko bilkuran egindako bozketaren akta.

V. ERANSKINA

Eskolaldi jarraitua

Familientzako gutuna, eskolaldi jarraitua (arratsaldeetan eskolarik izan gabe) ezartzeko aukerari buruzkoa.

VI. ERANSKINA

Eskolaldi jarraitua

Ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren akta.

VII. ERANSKINA

Eskolaldi malgua

Klaustroaren bilkuran egindako bozketaren akta.

VIII. ERANSKINA

Eskolaldi malgua

Eskola kontseiluko bilkuran egindako bozketaren akta.

IX. ERANSKINA

Eskolaldi malgua

Familientzako gutuna eskolaldi malgua ezartzeko aukerari buruz (astean bi arratsalde libratuz).

X. ERANSKINA

Eskolaldi malgua

Ikasleen familiek edo legezko ordezkariek egindako bozketaren akta.

XI. ERANSKINA

Familia-unitatearen akordioa.

XII. ERANSKINA

Eskolaldi jarraitua

Garraioaren irteera ordua aurreratzea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1914056