193. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

964/2019 EBAZPENA, irailaren 18koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bitartez onesten baitira langile autonomoei dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak, laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez.

Nafarroan ekintzaileei eta lan autonomoari laguntza emateko martxoaren 12ko 12/2013 Foru Legearen II. kapituluaren arabera, Nafarroako Gobernuak, autoenplegua sustatzeko eta jarduera autonomoa finkatzeko politika aktiboak diseinatzen dituenean, jarduketa-programak eta neurriak bideratu behar ditu norberaren konturako jarduera ekonomikoa eragozten edo zailtzen duten oztopoak kentzera.

Orobat, berdintasunari eta autonomoen familiaren, bizitza pertsonalaren eta lanaren bateragarritasunari dagokienez, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio berma dezan emakumeen eta gizonen guztizko parekatzea, enplegu autonomoko ekimenak sortu, finkatu eta modernizatzeko fase guztietan.

Helburu hori lortzeko, Gobernuak, besteak beste, pizgarriak proposatzen ditu langabezian dagoen pertsona baten kontratazioak eragindako gastuak zati batean ordaintzeko, aldi baterako kontratatzen bada titularra bere jardueran ordezteko, eta titularra betetzen ari bada laneko eta familiako bizitza bateragarri egitetik heldu diren eskubideak, esaterako, haurdunaldia, amatasuna, aitatasuna, adopzioa, harrera eta seme-alabak edo ahaideak zaintzeko eszedentzia, etab. Halaber, norberaren ardurapeko pertsona zaintzen laguntzeko langabezian dagoen norbait kontratatzeko pizgarriak ere proposatzen ditu.

Nafarroako Gobernuak, 2019ko abuztuaren 21ean egindako bilkuran, erabaki du Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea dirulaguntzak eman ditzan, langile autonomoen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez; laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira, araubide hori egokiagoa baita horrelako laguntzen kasurako, dirulaguntza sorrarazten duen gertaera kasu guztietan bat eta bera baita.

Azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea, langile autonomoen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez, bai eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea ere, ebazpen honen eranskinean jasotzen direnak.

2. 75.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Autonomoentzako laguntzak, laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko” izeneko 950001 96100 4709 241110 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta, hortaz, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da haren aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2019ko irailaren 18an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, langile autonomoei dirulaguntzak emateko deialdiarena, laneko eta familiako bizitza bateragarri
egiten laguntzeko, kontratazio bidez

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xede da Nafarroan jarduera ekonomikoa duten langile autonomoei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betekizunak arautzea, laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten laguntzeko, kontratazio bidez.

Aplikazio eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Jarduketa diruz lagungarriak.

2.1. Diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek:

a) Dirulaguntzak, seme-alabak edo mendekotasuna duten ahaideak zaintzeko jarduera eteten duten autonomoak ordezteko langileak kontratatzeagatik.

Diruz lagunduko da pertsona baten kontratazioa, langabezian egon eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik dagoena, langile autonomo bat ordezteko, honako kasu batean egoteagatik bere jarduera eteten duena:

–Norberaren ardurapean dauden 7 urtetik beherako adingabeak zaintzeko.

Norberaren ardurapeko adingabetzat hartzen dira seme-alabak eta tutoretza edo familia-harreran dauden adingabeak, harrera iraunkorra izan edo adopzio aurrekoa izan.

–Norberaren ardurapean ahaide bat izateagatik, ezkontza nahiz odol bidezko bigarren mailara bitartekoa, behar bezala frogatutako mendekotasun egoeran dagoena.

b) Dirulaguntzak langile autonomoentzako, beren bizilekuan seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeagatik.

–Diruz lagunduko da pertsona baten kontratazioa, langabezian egon eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik dagoena, bizilekuan zain ditzan 7 urtetik beherako adingabeak, autonomoaren ardurapekoak.

–Norberaren ardurapeko adingabetzat hartzen dira seme-alabak eta tutoretza edo familia-harreran dauden adingabeak, harrera iraunkorra izan edo adopzio aurrekoa izan.

2.2. Baldintzak:

–Dirulaguntza emateko baldintza da langilea alta emanda egotea norberaren konturako langile edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian, gutxienez diruz lagundutako kontratua bukatu arte.

–Kontratuaren iraupena, gutxienez, 3 hilabetekoa eta lanaldiaren %50ekoa izanen da.

–Ez da diruz lagungarria izanen enplegatzailearen ezkontidea edo izatezko bikotekidea kontratatzea, ez eta haren aurreko edo ondorengo ahaideak, lehenengo edo bigarren mailako odol edo ezkontza bidezkoak.

–Kontratatutako pertsona altan egonen da Gizarte Segurantzan, honela: araubide orokorrean, jarduketa 2.1.a) oinarrian jasotakoa bada; edo etxeko langileen araubide berezian, jarduketa 2.1.b) oinarrian jasotakoa bada.

2.3. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu diruz lagundutako epea bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere hilabeteko epean, oinarri honetan ezarritako baldintzekin bat, eta, betiere, ordezten den pertsonaren lanaldia eta lansaria errespetatuz; gainera, 4. oinarrian xedatutakoa betetzeagatik dirulaguntza handitua jasoz gero, baldintza berberak mantenduko dira, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

Kasu horretan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

3.–Onuradunak.

Langile autonomoak edo norberaren konturako langileak izanen dira oinarri arautzaile hauetan ezarritako dirulaguntzen onuradunak, Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo dagokien lanbide elkargoen mutualitatean kidetu direnak.

Onuradunek alta hartu beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, jarduera ekonomikoa non bete behar duten, bertako udalean.

4.–Laguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza honen zenbatekoa finkoa da, eta zenbateko hori, osorik, ordainketa bakarrean tramitatuko da.

Laguntza 300 eurokoa izanen da, kontratazio-hilabete bakoitzeko, 12 hilabetez, gehienez ere.

Kontratazioa lanaldi partzialean egiten bada, dirulaguntza proportzionalki gutxiagotuko da.

Zenbatekoa %10 handituko da norberaren kontura ari den langilea bere jarduera egiten badu 5.000 biztanle baino gutxiago duen udalerrian (udal errolda eguneratua), eta beste %10, kontratatua emakumea bada. Ehuneko horiek batzen ahal dira.

Eskatzaileak laguntza hartzeko eskubidea izanen du bere ardurapean duen adingabe bakoitzeko edo mendekotasuna duen ahaide bakoitzeko, betiere aipatu baldintzak beterik.

5.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratuzko harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Urte bakoitzeko azaroaren 1etik aurrera egindako kontratazioei dagozkien eskaerak hurrengo urtean aurkeztuko dira, hilabeteko epean, gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakarrik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, pertsona batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio zuzenketa egin dezala, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen frogagiria.

b) Gizarte Segurantzako Diruzaintzari jarduera eten dutela jakinarazi izanaren agiria. Dirulaguntza eskatzen bada lehenago egindako kontratazioengatik (2.3 oinarrian jasotako egoera), agiria aurkeztu beharko da etete egoera jakinarazi ondoren.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, norberak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuen barnean ez dagoela agertzeko.

d) Zinpeko aitorpena, deialdiaren 2.2 oinarrian xedatutako ahaidetasunik ez dagoela adierazteko.

e) Lan kontratua, sinatua. Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izanen.

f) Eskatzailearen eta bere ardurapean dagoenaren arteko familia-harremana frogatzen duen agiria.

g) Helburu bererako beste administrazio publiko batzuei eskaturiko edo horiek emaniko laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen dituen adierazpena, edo bestela, horrelakorik eskatu ez duela dioen berariazko adierazpena, hala bada; orobat, adierazpenak jasoko du helburu bererako dirulaguntza edo laguntza eskaera berriak eta lortzen diren laguntzak hamabost eguneko epean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrean idatziz jakinarazteko konpromisoa. Adierazpen horretan “de minimis” araubideari lotutako laguntza guztiak ere aipatuko dira, indarrean den zergaldian eta aurreko bietan jasotakoak, baita eskatu bai baina oraindik ebazteke daudenak ere.

h) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea” inprimakia aurkeztu beharko da.

5.3. Edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak edo administrazioak berak emandakoak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zein administrazio organori zuzendurik aurkeztu zituen agiri horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bide elektronikoak erabiliz eskuratuko ditu, salbu eta interesdunak adierazten badu berariaz kontra dagoela. Kasu horretan, behar diren agiriak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Salbuespen gisa, aipatu erakundeak ezin baditu agiri horiek eskuratu, interesdunari eskatzen ahalko dio berriz aurkez ditzan.

5.4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

6.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

7.–Instrukzioa eta tramitazioa.

7.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

7.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen-proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

7.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

8.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

8.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du dirulaguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena eman eta jakinaraziko da gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaera aurkezten denetik hasita.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

8.2. Ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

8.3. Eskaerari buruzko ustezko edo berariazko ebazpen horrek ez du administrazio bidea amaitzen, eta, hortaz, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da haren aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluari jarraikiz.

8.4. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dituela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

9.–Justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza ordaindu aurretik, onuradunak frogatu beharko du ezarritako baldintzak betetzen dituela eta dirulaguntzaren oinarri den jarduketa egin duela.

Aurrekontuan krediturik ez izatea dirulaguntza ukatzeko arrazoia izanen da.

10.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin. Halere, lortutako pizgarrien zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere webgunean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

12.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

12.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

12.2. Jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

12.3. Kontratua aldez aurretik bukatzen bada, 2.2 oinarrian adierazi bezala, eta onuradunak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.

Nolanahi ere, bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzearen ondorioz kontratua bertan behera uzten bada, emandako dirulaguntza osorik itzuliko da, gehi berandutze-interesak.

Itzultzeko espedientea tramitatu eta gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan tipifikatutako arau-hausteren bat antzematen bada, foru lege horretan ezarrita dagoen prozedurari ekinen zaio.

13.–“De minimis” araubidea.

Laguntza hauek “de minimis” araubidearen menpe daude, Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte.

14.–Arau osagarria.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

15.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Dirulaguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du aldian-aldian nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko, diruz lagundutako jarduera gauzatzen den ziurtatzeko, baita ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko ere. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako gutxieneko denboran egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran.

Hori egiaztatuta, espedientea bukatzeko ebazpena emanen da.

16.–Datuak babestea.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta gainerako garapen-araudiak, aurrekoari kontra egiten ez dioten guztian.

17.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F1912285