183. ALDIZKARIA - 2019ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2/2019 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2019ko deialdia. DDBN identifikazioa: 471898.

Industria sektoreak Nafarroako produktibitate egitura ekonomikoan duen pisua handitzeko, produkzio-inbertsioko proiektuak egiten dituzten Nafarroako industriako ETE-ei (enpresa txiki eta ertainak) dirulaguntza emateko deialdia onetsi da. Zehazki, neurri horretan inbertsioetarako laguntzak ematen dira, betiere helburu hauek badituzte: hazkunde ekonomikorako merkaturatze eta produkzioa gauzatzea, produktuak eta merkatuak dibertsifikatzea, prozesu eta teknologia berriak ezartzea eta kostuak murriztea.

Nafarroako Gobernuak 2019ko ekainaren 26an hartutako Erabakiaren bidez, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Industriako ETE-etan inbertsioetarako laguntzak emateko 2019ko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 13.000.000 euroko gasturako baimena ematea, 2021eko aurrekontuaren partida baten kargura, oraingo aurrekontuko partida honen parekoa izanen dena: 810007 81210 7701 422206 partida, “Dirulaguntzak industrietan inbertitzeko. Nafarroako 2014-2020 EGEF PE”, betiere kreditu nahikoa baldin badago.

Zenbateko hori E-15/000114-01 PEP elementuaren kargura kontabilizatuko da, eta aldaketak izan ditzake, EGEFen (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) kofinantzaketarik gabe ematen diren laguntzen arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 30ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen xedea da Nafarroako ETE-ek produkzio-inbertsioko proiektuak egin ditzaten sustatzea, merkatuan lehiatzeko duten gaitasuna hobetzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:

a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) Nafarroan establezimendu bat izatea edo gero batean izatea.

c) Jarduera hauetako batean aritzea edo gero batean aritzeko asmoa izatea:

–Manufaktura-industriak (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala: C saila), salbu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskineko nekazaritzako elikagaien industriak (arrantza-eraldaketaren sektorean izan ezik).

–Lurrunaren eta aire girotuaren horniketa (EJSN-2009: D saileko 35.3).

–Hondakinen tratamendu eta ezabaketa; balorizazio eta deskontaminazio jarduerak, eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (EJSN-2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

–Logistikako jarduerak, hala nola salgaiak gordetzea eta biltzea, maneiatzea eta garraioari lotutako bestelako jarduerak. EJSN-2009: H saileko 52.1, 52.24 eta 52.29).

–Informazio jarduerak eta komunikazioak (EJSN-2009: J saila).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (EJSN-2009: M saileko 71.12 eta 71.20).

–Ikerketa eta garapena (EJSN-2009: M saileko 72).

–Diseinu espezializatuko jarduerak (EJSN-2009: M saileko 74.10).

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluak ezartzen duenaren arabera (foru agindu horrek Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen eta 2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 20koan argitaratu zen). Inskribaturik egotea beharrezkoa ez bada, erregistro industrialaren arloan eskumena duen organoaren frogagiria aurkeztu behar da.

e) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende ez egotea, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo ondoren.

f) Berreskuratze-prozedura baten xedea izan den edo izan behar zukeen operazio baten parte ez izatea, programaren arlotik kanpoko jarduera produktibo baten birkokapena eta gero.

g) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskabideak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez badira edo aplikatzeko egutegia bete ez bada.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. puntuan ezarritako definizioaren arabera.

j) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-bazterketatzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

2. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da oinarri honen 1. atalean eskatutako baldintzak betetzen direla, eta adierazpen hori eskabideari erantsiko zaio.

3. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari bat edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adina ahalmen dituena.

Kasu horietan, berariaz adieraziko dira dirulaguntzaren eskabidean zer konpromiso hartzen dituen bere gain batasuneko kide bakoitzak. Halaber, laguntza ematen duen ebazpenean kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Kideok ere onuraduntzat joko dira.

4. Unibertsitate publikoak, erakunde autonomoak eta sozietate eta fundazio publikoak ezin dira laguntza hauen onuradun izan.

3. oinarria.–Inbertsio proiektuak: helburua, gauzatzeko aldia eta gutxieneko aurrekontua.

1. Aktibo material edo immaterialetan inbertsioak egiteko proiektuak diruz lagun daitezke, betiere honako helburu hauetako bat badute:

a) Establezimendu berri bat sortzea.

b) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.

c) Establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.

d) Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.

2. Aktibo ukiezinek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza jasotzen duen establezimenduan bakarrik erabiltzea.

Ulertuko da hodeian kudeatzeko, eta/edo urrutitik gailu mugikorren edo fabrikaren eremutik kanpo dauden terminalen bidez erabiltzeko diseinatu diren software programek baldintza hau betetzen dutela, baldin eta establezimendu onuradunarekin harreman zuzena badute.

b) Amortizagarriak izan behar dute.

c) Eroslearekin loturarik ez duten hirugarrenei erosiak izatea, merkatuko baldintzetan.

3. Proiektuak gauzatu behar dira laguntza eskatu den egunetik laguntza ematen dela esaten duen ebazpenean ezarriko den proiektua gauzatzeko egunera arte, eta inoiz ez 2021eko martxoaren 31 baino geroago.

Hori egiaztatzeko, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko langileek eskatzailearen instalazioak bisitatuko dituzte. Inbertsioak ez direla hasi edo egin egiaztatuko dute eta bisitaren akta eginen dute.

4. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak honako aurrekontu hau izanen du gutxienez, enpresaren tamainaren arabera, eskabidea egiten den unean:

ENPRESAREN TAMAINA

GUTXIENEKO AURREKONTUA

Mikroenpresa

15.000 euro

Txikia

50.000 euro

Ertaina

100.000 euro

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako baldintza hauek betetzen dituzten gastuak dira diruz lagungarriak:

a) Zuzenean proiektuaren helburua lortzeko izanik (3.1 oinarria) honako xede hau dutenak:

I) Industrian erabiltzeko lurrak eskuratzea, betiere gastua ez bada inbertsio diruz lagungarri osoaren %10 baino handiagoa.

II) Ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo hobetzea.

III) Makinak, ekipamendua eta beste aktibo ukiezin batzuk erostea edo errentan hartzea.

Ondasun horiek finantza-errentamenduaren bidez hartzen badira, edo bigarren eskukoak badira, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

IV) Bestelako gastuak, II) eta III) puntuei lotuta, hala nola arkitektura eta ingeniaritzako enpresen ordainsariak, betiere horietako balioaren %10 gainditzen ez badute.

b) Nafarroan egitea, eta laguntza jasotzen duen establezimenduan soilik erabiltzea, salbu molde eta trokelen kasuan, Nafarroako beste industria establezimendu batzuetan erabiltzen ahal baitira.

c) Enpresaren ibilgetuan aktibatzea, inbertsio proiektua identifikatzen duten kontu espezifikoetan.

2. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kanpo, 12.000 eurotik gorakoa bada (arkitektura eta ingeniaritza enpresek ekipo-ondasunen hornidura egiten dutenean edo zerbitzuak ematen dituztenean) edo 30.000 eurotik gorakoa (obra gauzatzeko kostuaren kasuan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea aukeratu dela efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera, eta, horretarako, “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, eta gutxienez hiru eskaintza aurkeztu, inbertsioa justifikatzen den unean, 13. oinarrian adierazten den bezala.

Eskaintzek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Elkarren artean alderagarriak izatea. Enpresak aski informazio eman behar du organo kudeatzaileak alderaketa egin ahal izateko.

b) Eskaintza garestienaren prezioa merkeenarena baino bi aldiz handiagoa denean, justifikatu beharko da zergatik ez dauden prezio antzekoak dituzten eskaintza gehiago.

c) Eskaintzek 2018ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak izan behar dute.

d) Eskaintza bakarra aurkezten den kasuetan, enpresak demostratu beharko ditu argi eta garbi, txosten tekniko-ekonomikoen bidez, alderdi hauek:

–Zer arrazoi dagoen salbuespenerako eta hiru eskaintzak ez aurkezteko.

–Eskaintzaren balioa merkatuaren barrukoa delako justifikazioa.

e) Inbertsio-elementuaren balioa 1.000.000 euro baino handiagoa denean eta eskaintza bakarra aurkezten denean, peritu-tasazio independentea aurkeztu beharko da.

f) Dirulaguntza emateko, eskaintzarik merkeena hartuko da aintzat, ez bada efizientzia tekniko eta ekonomikoaren arrazoiek justifikatzen dutela beste bat aukeratzea.

g) Eskaintza faltsurik aurkeztuz gero emandako dirulaguntza guztiak galduko dira eta hasiera emango zaie dagozkion legezko ekintzei.

Honako kasu hauetan onuradunak ez ditu hiru eskaintza aurkeztu behar:

1. Justifikatzen duenean ezen, merkatuaren edo aktiboaren ezaugarrien berezitasunak direla eta, merkatuan ez dagoela behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

2. Enpresan instalatutako beste aktibo batzuekin kontroleko software bidez lotutako aktiboak badira, eta frogatzen bada aktibo horiek batera izatearen ondorioz eragiketa-kostuak nabarmenki murrizten direla.

3. Aktiboa hornitzaile horrekin aurretik izandako proiektu, garapen edo lankidetza baten ondorioa denean.

Zergatik aukeratu den hornitzaile jakin bat justifikatzen ez bada, edo kudeaketa organoaren ustez justifikazioa aski ez bada, inbertsio-elementu hori ez da diruz lagunduko.

3. Gastu diruz lagungarriak gauzatu behar dira laguntza eskatu den egunetik laguntza ematen dela esaten duen ebazpenean ezarriko den proiektua gauzatzeko egunera arte, eta inoiz ez 2021eko martxoaren 31 baino geroago. Ondorio horietarako, egindako gastutzat hartuko da aldi horretan fakturatzen eta pagatzen dena, salbu finantza-errentamenduaren bidez finantzatutakoa, kasu horretan 5. oinarrian eta 15.2.b oinarrian xedatutakoari jarraituko baitzaio.

4. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Luxuzko gastuak.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

c) Diruz lagunduriko jarduerarekin bat ez datozenak.

d) Enpresako langileek ibilgeturako egindako lanak.

e) Eskaeraren eguna baino lehen egindako faktura edo ordainketa aurreratuak dituzten aktiboak.

f) Eratzeko eta lehenbiziko aldiz ezartzeko gastuak.

g) Hauetarako inbertsioak: aktiboak birjartzeko, mantentzeko eta ordezteko inbertsioak, salbu eta teknologiarengatik, errendimenduarengatik edo prestazioengatik ekoizpen gaitasuna handitzen badute.

h) Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

i) Zorraren interesak eta BEZa.

j) Lurrak eta eraikinak eskuratzea, betiere deialdi honen argitalpen egunaren aurreko 10 urtean dirulaguntzaren bat jaso badute.

k) Lotutako edo elkartutako enpresei erositako bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak.

5. oinarria.–Finantza-errentamendua, lursailak eta ondasun higiezinak eta bigarren eskuko ondasunak eskuratzea.

1. Finantza-errentamenduaren bidez aktiboak eskuratzea diruz lagungarria izanen da baldin eta eragiketa 4.3 oinarrian adierazitako aldian egiten bada eta erosketaren xedea bada makinak, ekipamendua eta beste aktibo ukiezin batzuk erostea.

Kasu horretan, enpresak konpromisoa hartu behar du ondasuna erosteko aukera gauzatzeko, eta horrek eragiketaren BEZa aldez aurretik ordaintzea ekarriko du. Halaber, bi tramiteok lehenagoko paragrafoan esaten den aldian egin beharko dira.

Ez dira diruz lagungarriak izanen errentatzailearen marjinak, interesak, gastu orokorrak eta finantza-errentamenduari lotutako aseguruen gastuak.

2. Lurrak eta ondasun higiezinak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, betiere baldintza hau betetzen badute:

Balioa ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa, eta hori tasatzaile independente baten ziurtagiriaren bidez frogatuko da. Tasatzaileak behar den akreditazioa izanen du, eta behar den erregistro ofizialean inskribaturik egonen da, edo behar bezala baimendutako erakunde publikoan. Ziurtagiri hori ez da beharrezkoa izanen nahitaez desjabetutako eskuratzeen kasuan, betiere prezioa ezartzeko araudi espezifikoko prozedura betetzen bada.

3. Bigarren eskuko ekipamendu-ondasunak eskuratzeko kostuak diruz lagun daitezke, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Saltzailearen adierazpen bat izatea, ondasunen jatorria zehaztu eta Espainiako edo Europar Batasuneko dirulaguntzarik jaso ez dutela adierazteko.

b) Prezioa ez izatea erreferentziako merkatu balioa eta antzeko ondasun berrien kostua baino handiagoa; tasazio independente batek egiaztatuko du hori.

Diruz lagungarriak izanen dira ondasun horiek desmuntatzeko, lekualdatzeko, muntatzeko eta egokitzeko kostuak, baldin inbertsioaren kostu handien gisa kontabilizatzen badira.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa enpresaren tamainaren eta enpresaren establezimendu onuradunaren kokapenaren arabera zehaztuko da.

Aipatutako portzentajeak batuko dira laguntzaren intentsitatea lortzeko, eta intentsitatea inbertsio proiektuan diruz lagun daitezkeen gastuen oinarrian aplikatuko da, betiere oinarri honen 2. atalean ezarritako muga gainditu gabe.

a) Enpresaren tamaina, laguntza eskabidearen egunean:

ENPRESAREN TAMAINA

DIRULAGUNTZA (%)

Ertaina

10

Txikia

12

Mikroenpresa

14

b) Enpresaren kokapena:

ENPRESAREN KOKAPENA

DIRULAGUNTZA (%)

Iruñerritik kanpo eta 1.000 biztanle edo gehiago dituen herri batean (2018ko urtarrilaren 1ean)

1

Iruñerritik kanpo eta 1.000 biztanle baino gutxiago dituen herri batean (2018ko urtarrilaren 1ean)

2

Iruñerriak udalerri hauek biltzen ditu: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Oltza Zendea, Zizur, Eguesibar, Galar, Uharte, Noain (Elortzibar), Orkoien, Iruña, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

2. Laguntzek, gehienez ere, balore hauek edukiko dute:

a) Eskualdeko Laguntzen Batzordearen 2014-2020 Mapan eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren “ETE-en aldeko inbertsiorako laguntzak” 17. artikuluan sartuta ez dauden eskualdeetako enpresa ertainen kasuan, laguntzaren intentsitatea %10 izanen da.

Eskualdeko Laguntzen 2014-2020 Mapan sartuta dauden udalerrien zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) kontsulta daiteke, tramiteen katalogoaren fitxan (aurrerakoan, laguntzen fitxa).

b) Gehieneko dirulaguntzaren zenbatekoa enpresa onuradun bakoitzeko 1.000.000 euro izango da.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2019ko abenduaren 31n bukatu, egun hura barne.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira, lehen aipatutako laguntzen fitxaren bidez. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (aurrerakoan, APAPE) 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, eta aipatutako fitxaren bitartez era telematikoan aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 16. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Enpresaren eta proiektuaren datuak biltzen dituen eskabidearen inprimakia.

b) Enpresa eta inbertsio proiektua deskribatzen dituen memoria tekniko eta ekonomikoa.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan bizitzaren txostena, 2018ko abenduaren 31koa.

e) Hala badagokio, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehaztuko dena).

5. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Industria Inbertsioa Sustatzeko Atalak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten proiektuei 6. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskabideak ezetsitzat joko dira.

2. Eskatzaileei jakinaraziko zaie balorazio prozeduraren hasiera. Laguntza eskabidean ez da inongo aldaketarik onartuko jakinarazpen horretatik aurrera.

9. oinarria.–Inbertsio proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Enpresa baloratzeko irizpideak, gehienez 40 puntu, honela banatuak:

a) Enpresaren tamaina eta mota, laguntza eskabidearen egunean:

ENPRESAREN TAMAINA ETA MOTA

PUNTUAZIOA

Ertaina

5

Txikia

6

Mikroenpresa

7

Ekonomia sozialeko enpresak (*)

8

(*) Ekonomia Sozialari buruzko martxoaren 29ko 5/2001 Legearen 5. artikuluko baldintzak betetzen dituzten entitateak.

b) Enpresaren kokapena:

ENPRESAREN KOKAPENA

PUNTUAZIOA

Iruñerritik kanpo eta 1.000 biztanle edo gehiago dituen herri batean (2018ko urtarrilaren 1ean)

5

Iruñerritik kanpo eta 1.000 biztanle baino gutxiago dituen herri batean (2018ko urtarrilaren 1ean)

10

Iruñerriak udalerri hauek biltzen ditu: Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Oltza Zendea, Zizur, Eguesibar, Galar, Uharte, Noain (Elortzibar), Orkoien, Iruña, Atarrabia eta Zizur Nagusia.

c) Nafarroan jarduera 2018an edo lehenagoko urteetan hasi zuten enpresen enpresa-hazkundea:

ENPRESAREN 2018KO SALMENTAK / ENPRESAREN
2016KO SALMENTAK

PUNTUAZIOA

≥ 1,10 eta < 1,20

3

≥ 1,20 eta < 1,50

6

≥ 1,5

10

d) Enplegu mugagabearen portzentajea enpresan 2018ko abenduaren 31n:

KONTRATU MUGAGABEEN KOPURUA /
KONTRATU KOPURUA GUZTIRA

PUNTUAZIOA

≥ %85 eta < %90

3

≥ %90 eta < %95

6

≥ %95

10

e) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartzea: 2 puntu.

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat egin izana. Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismenaren eta edukiaren arabera prestatu eta aplikatu beharko da.

Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

–Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

2. Proiektua baloratzeko irizpideak, gehienez 60 puntu, honela banatuak:

a) Nafarroan berria den proiektu produktiboa: 15 puntu. Ondorio horietarako, enpresak bi ezagugarri hauetako bat bete behar du:

–Nafarroan jarduera produktiboa 2019tik aurrera hastea.

–Inbertsioko proiektuaren xedea izatea berreraikitzea nabeak, makinak eta instalazioak, hondatu direnak uholde, sute edo beste natur hondamendi edo istripu baten ondorioz, enpresak hala nahi gabe. Kasu horietan, kontuan hartu behar da ezen berreraikitako aktiboen aseguru polizek ekarritako ordainketek gehi onartutako laguntzek ez dituztela kostuak gaindituko.

b) Proiektua 2018tik laguntza eskatzen den egunera arte gertatu den enpresa-batze edo integrazio ondorioa izatea: 5 puntu.

Bat egitean edo integrazioan sartutako enpresek ez dute eduki behar elkarren arteko lotura, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren definizioaren arabera.

c) Makinen eta haiei erantsitako instalazioen portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

MAKINEN ETA HAIEI ERANTSITAKO INSTALAZIOEN %

PUNTUAZIOA

≥ %25 eta < %50

3

≥ %50 eta < %75

6

≥ %75

10

d) Fabrikazio aurreratuko sistemetan (Industria 4.0) egindako inbertsioaren portzentajea, inbertsio diruz lagungarri osoari dagokionez:

4.0 INDUSTRIAN EGINDAKO INBERTSIOAREN %

PUNTUAZIOA

≥ %25 eta < %50

5

≥ %50

10

4.0 Industrietan egindako inbertsiotzat hartuko dira kategoria hauetako batean sartuta daudenak:

–Robotika aurreratua edo adimen artifizialarekin.

–Ikusmen artifiziala.

–Fabrikazio gehigarria.

–Errealitate birtuala.

–Errealitate areagotua.

–Simulazioa.

–Big data, analitika aurreratua eta business intelligent.

–Gauzen Internet.

–Cloud computing.

–Zibersegurtasuna.

j) Inbertsio ahalegina: Laguntzak jaso ditzaketen inbertsioen eta enpresaren ibilgetu garbiaren arteko ratioa baloratuko da, 2018ko edo itxitako azken ekitaldi ekonomikoko datuak kontuan hartuta.

LAGUNTZA JASO DEZAKEEN INBERTSIOA / IBILGETU GARBIA
(%)

PUNTUAZIOA

< %2

0

≥%2 eta < %5

4

≥%5 eta <%10

8

≥%10 eta < %20

12

≥%20 eta < %50

16

≥ %50

20

3. Berdinketarik izanez gero, proiektuak balorazio irizpide hauetan lortutako puntuazioak desegingo du. Berdinketa ez bada hausten, laguntza jaso dezakeen inbertsio bolumen handiena duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

10. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Industria inbertsioa Sustatzeko Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, oinarriotan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskabideak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Aldez aurretik, aipatutako organoak beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko die enpresei, eta adieraziko die eskabideari ezarritako epean erantzuten ez badiote eskatutako laguntza ukatuko dela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena, beranduenez ere, eskabidea aurkezten den egunetik sei hilabetera eman eta jakinaraziko da.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskabideak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Dirulaguntza ematen dela esaten duen ebazpenean bilduko da, besteak beste, inbertsio proiektuaren amaieraren eguna, eta kudeaketa agintaritzak eta tarteko erakundeak eskatzen duten informazioa.

11. oinarria.–Inbertsio proiektua aldatzea.

1. Oinarri honetan aurreikusten diren inbertsio-proiektuaren aldaketak egiten ahalko dira, 8.2 oinarriak aipatzen duen balorazio prozedura hasi baino lehen eta dirulaguntza eman ondoren, inbertsio-aktibo berriak eskuratzea izan ezik (oinarri honetako 2. apartatuko f) letra). Hau beti dirulaguntza eman eta gero egiten ahalko da.

Planteatutako aldaketek ez dute laguntzen helburua aldatuko, ezta hasierako eskabidearen guztirako aurrekontua gainditu ere.

2. Ondoren aipatzen diren aldaketak nahitaez jakinarazi behar zaizkio Inbertsioa Sustatzeko Atalari, dirulaguntzen fitxen bidez eta kasu bakoitzean ezartzen diren epeetan:

a) Proiektuaren kokalekua aldatzea, deialdiaren betekizunak betetzen dituen beste kokaleku batera. Jakinarazpena kokaleku aldaketa baino lehen egin behar da.

b) Onuradun aldaketa, baldin eta berria fusioaren, xurgapenaren edo sozietate mota aldatzearen ondoriozkoa bada. Nolanahi ere, onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu ondorengo denak. Gertatzen den unean jakinarazi behar da aldaketa hori, eta behar adina egiaztatu beharko da.

c) Dirulaguntzen eskabidean aipatzen diren betearazpeneko eta justifikazio epeak, betiere aldaketa horien arrazoiak ez bazaizkio enpresari egotzi behar, eta ez badakarte aldaketarik dirulaguntza ematen den gastu aurrekontuan. Aldaketarik bada, jakinarazi beharko da emateko ebazpenean datorren betearazpeneko epea amaitu baino lehen.

d) Aurreikusitako inbertsioren bat ez gauzatzea, hala eskatzen bada 2020ko abenduaren 31 baino lehen. Ez dira inolaz ere onartuko inbertsio diruz lagungarrien murrizketa ekartzen duten aldaketak, aipatu murrizketa jatorrizko dirulaguntzaren %50 baino gehiagokoa bada.

e) Inbertsio baten zenbatekoa gutxiagotzea. Aldaketa hau jakinarazi behar da proiektuaren betearazpeneko epea amaitu baino lehen.

f) Inbertsio aktibo berriak eskuratzea. Aktibo berria hau da: beste funtzio bat egiten duena, teknologia aldaketa dakarrena edo hasierako eskabidean aipatzen ziren ezaugarri tekniko ez bezalakoak dituena. Aldaketek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Onartuko da ez gauzatze baten ondorioa bada, eta ez egindako inbertsio batek kostu txikiagoa izatearen ondorioa.

–Inoiz ezingo da gainditu onartu den inbertsio proiektuaren ondare masa bakoitzaren balioa (eraikinak, makineria eta instalazioak eta beste inbertsio batzuk).

Aldaketarako eskabidea inbertsioa egin aurretik egin beharko da, eta, betiere, 2020ko abenduaren 31 baino lehen. Hori egiaztatzeko, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko langileek eskatzailearen instalazioak bisitatuko dituzte. Inbertsioak ez direla hasi edo egin egiaztatuko dute eta bisitaren akta eginen dute.

3. Laguntzak kudeatzen dituen organoak onartuko ditu aurreko apartatuan esandako moduan jakinarazitako aldaketak, ematearen edo, hala badagokio, ordainketaren ebazpenean.

4. Ondorengo aldaketa hauek egiten ahalko dira laguntzak kudeatzen dituen organoari aldez aurretik jakinarazi gabe:

a) Eskuratutako makina jakin baten unitateak aldatzea, hasierako eskabidean aurreikusten ez zen moduan.

b) Hasierako eskabideko aktiboen barne-antolamendua aldatzea.

12. oinarria.–Inbertsioa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek egindako inbertsioa justifikatu beharko dute laguntza ematen dela esaten duen ebazpenetik 2021eko martxoaren 31ra arte, egun hori barne.

Egun hau igarota egiten bada justifikazioa, baina hurrengo hilabetearen barnean, onartutako dirulaguntza %10 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Baldin eta onuradunetako batzuek ordainketa-eskabidea 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenago aurkezten ahal badute, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak aurrekontu kudeaketako neurri zuzentzaileak aplikatuko ditu, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dituenak.

2. Onuradunek, telematika bidez, inbertsioa egin izana frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, zehazki laguntzen fitxan adierazten den moduan.

Inbertsioen barruan obra zibilaren proiektuak baldin badira, proiektu horien balioak, gauzatzearen une jakin batzuetan, alderatzen dituen txosten bat aurkeztu beharko da: proiektua, aurkeztutako eskaintzak, obra-lizentzia, obraren ziurtagiri partzialak, obra bukaerako ziurtagiria, fakturak eta ordainketak.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak dokumentu bat igorriko die enpresa onuradunei, laguntzan sartzen diren inbertsioak zehaztuta, gainerako frogagiriekin batera osatu eta aurkeztuko dena.

13. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hau betiere aurkeztuko da, bai gardentasun betebeharra izanik (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko beharkizunak betetzeagatik) bai izan gabe ere (kasu honetan, hori hala dela agertuko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Oinarri arautzaile hauetan eta laguntzaren ebazpenean ezarritako moduan eta epeetan egin eta frogatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedeko jarduerak.

c) Dirulaguntza lortzen duen inbertsioa atxikita mantentzea enpresak Nafarroan duen jarduera ekonomikoari, zazpi urtez bederen erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari baimena eskatzea aurreko letran adierazitako epean dirulaguntzaren xedeko ondasun higiezinen destinoa edo karga aldatzen bada edo ondasunak besterentzen badira.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Laguntzaren ebazpenean haren %50 Europar Batasuneko egitura funtsen bidez finantzatzen dela adierazten denean, onuradunak 17. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko du.

g) Jasotako dirulaguntzaren berri ematea modu egokian, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 3 urtez (laguntza pagatzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzen 2019ko deialdian”.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

14. oinarria.–Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak

1. Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

2. 11.2 oinarriak komunikatu behar diren aldaketei buruz ezartzen duena ez betetzeak ondorio hauek ekarriko ditu:

1.–Oinarri horretako a) eta b) letretan ezartzen dena aldatzeak emandako dirulaguntzaren ukapena edo, hala badagokio, laguntza kobratzeko eskubidearen galera ekarriko du.

2.–c) letran ezartzen dena aldatzeak proiektua justifikatzeko epetik kanpo egindako inbertsioak ez laguntzea ekarriko du.

3.–d) letran ezartzen dena aldatzeak, ez-gauzatzeari loturiko laguntza kobratzeko eskubidea galera ekarriko du, eta gainera kobratu ez den laguntzaren adinako penalizazio bat ordaintzea.

4.–f) letran ezartzen dena aldatzeak aktibo berriak diruz ez laguntzea ekarriko du.

3. Baldin 13.1.a) oinarrian ezarritako gardentasun betebeharra duten onuradunek epez kanpo komunikatzen badute 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluan eskatutako informazioa, onartutako dirulaguntza %10 murriztuko da, informazio hori hurrengo 10 egunetan aurkezten bada. Bestela, hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. 13.1.c) oinarrian ezarritako betebeharra bete ezean, ondorio hauek gertatuko dira, ez betetzearen arrazoia zein den, eta horren arabera:

a) Jarduera bertan behera uztea edo enpresak porrot egitea: dirulaguntza osoa itzultzea.

b) Lantegia Nafarroatik kanpora eramatea: dirulaguntza osoa itzultzea.

c) Inbertsioak lekuz aldatzea Nafarroan bertan, baina laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zirenez beste eskualde batzuetara: jasotako dirulaguntzaren %10 itzultzea.

d) Hartzekodunen konkurtso egoera gertatzen bada, enpresak enpresa-plan bat aurkeztu behar du bideragarritasun ekonomikoa frogatzeko. Enpresa onuradunaren bideragarritasun ekonomikoa justifikatzen ez bada, laguntza osoa itzultzeko exijituko da.

e) Diruz lagundu den aktiboetako baten ibilgetua saltzen bada edo baja ematen bada, aipatu ondasunari dagokion dirulaguntzaren zati proportzionala itzuliko da, eta zati proportzional horri murrizketa bat aplikatuko zaio, ordainketaren ebazpen egunetik salmenta edo baja izan zen egunera arte doan denborarena, 13.1.c) oinarrian eskatzen den gutxieneko denbora kontuan hartuz.

5. Jasotako laguntzaren %10 itzuli beharko da 13.1.e) eta 17.2.a) oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada. Halaxe izanen da ez bada betetzen Nafarroako Industria Erregistroan inskribatua egotearen betebeharra ere, 2.1 d) oinarrian arautzen dena.

6. Bete ez arren, 13.1.a), b), c) eta d) oinarrian ezarritako betebeharrak ez dira ez-betetzetzat hartuko honako inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Pertsona fisikoa den onuraduna hiltzen bada edo lanerako ezintasunean luzaro bada.

b) Proiektuaren exekuzioa nabarmenki aldatzen bada enpresatik kanpoko kausa ustekabe, saihestezin eta naturalengatik (hala nola, lurrikarak, urakanak edo uholdeak, baita suteak ere).

c) Ezinbesteko kasua dela eta, ezinezkoa izatea proiektua gauzatzea.

15. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, Industria inbertsioa Sustatzeko Atalak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari. Hartan, agertuko da onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubideak dakartzan betebeharrak bete dituztela; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela.

2. Ordaindu aurretik, honako hauek egiaztatuko dira:

a) Dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 euro baino handiagoa bada, inbertsioaren egiaztapen materiala eginen da.

b) Finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan, egiaztatuko da onuradunak eragiketaren kapitala amortizatu duela, gutxienez dirulaguntzaren zenbatekoa adinako kapitala.

3. Ordainketa agintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da gehienez, inbertsioa frogatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori eten eginen da onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

16. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bidez eginen dira.

Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

17. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.

1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez (“Industriako ETE-en inbertsioetarako laguntzak” izeneko jarduera, 3. Lehentasunezko Ardatza. 3. Helburu tematikoa. 3c Inbertsio lehentasuna. 3.3.1) Helburu berariazkoa. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan eskatzen dena bete beharko dute proiektuek.

EGEFek (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Inbertsioko proiektua finantza errentamenduko eragiketen bidez ez finantzatzea.

c) Proiektuak bere baitan ez izatea lurrak edo ondasun higiezinak erostea Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari edo hari zuzenean edo zeharka lotutako beste erakunde edo entitate bati.

2. Laguntza hauen onuradunak, betiere kontzesioaren ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen direnez, ondoko betebeharrak aplikatuko zaizkie:

a) Onuradunak EGEFen ekarpenaren berri eman beharko du, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 3 urtez (laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuz:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50ean kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, logotipo hau erantsita:

F1911449_0.pdf

Onuradunak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

b) Enpresa Sustapenaren Zerbitzuan aurkeztea batez besteko plantillaren txostena, inbertsio proiektua amaitu eta ondorengo urtekoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana.

c) EB 1303/2013 Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Horretarako organo kudeatzaileak enpresari jakinaraziko dio epea hasi dela.

d) Iruzurraren aurkako neurri eraginkor eta proportzionatuak aplikatzea.

e) Honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzea, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

Halaber onartuko du enpresa sartuko dela Ogasuneko Ministerioaren Europako Erkidegoko Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (www.dgfc.sgpg.meh.es), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

18. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak inbertsio beretarako ematen duen beste edozein laguntzarekin.

Hala ere, bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, ematen dituzten laguntzekin, betiere legezko mugak gainditzen ez badira.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.

19. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan, 14. artikuluan (“Inbertsiorako eskualdeko laguntzak”) eta 17. artikuluan (“ETE-en aldeko inbertsiorako laguntzak”) ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinak merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Orobat, Ogasuneko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (www.dgfc.sgpg.meh.es).

21. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1911449