160. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Alkatetzaren eskuordetzea

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL) 21.3 artikuluan eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren (AFE) azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 43., 44., 45., 120. eta 121. artikuluetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. Artikuluari dagokionez, xedatutakoari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Amaia López de Ipiña zinegotziari eskuordetzea honako eskudantzia hauek:

Lizentziak ematea eta Oltza Zendeako kontzejuek ematen dituzten hirigintza-lizentzien eskaerei buruzko txostenak egitea, aldekoak zein aurkakoak, lege sektorialek bestelakorik ezarri ezean.

Berariaz geratzen da eskuordetzatik kanpo langileen arloko lizentziak emateko ahalmena.

Bigarrena.–Eskuordetzak barne hartzen ditu zuzendaritza eta kudeaketa-ahalmenak, baita hirugarrenei eragiten dieten administrazio-egintzen bitartez ebaztekoa ere.

Eskuordetutako organoak eskuordetutako gaiei buruz emandako egintzen aurka aurkezten diren administrazio-errekurtsoen gainean organo eskuordetzaileak ebatziko du.

Hirugarrena.–Ebazpen hau zinegotzi ordezkariari jakinaraztea, hala badagokio, kargua onartzen duela adieraz dezan. Izendapena onartu egiten duela ulertuko da, baldin eta zinegotzi ordezkariak, hiru egun balioduneko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, alkateari ez badio berariaz adierazten ez duela izendapena onartzen. Halaber, berariaz onartzen ahalko du izendapena, ebazpen honen jakinarazpenaren kopian hala adieraziz.

Laugarrena.–Zinegotzi ordezkariak bere kudeaketaren arloan ematen dituen xedapenen berri eman beharko dio alkatetzari, eman ostean, eta eman aurretik, garrantzia duten erabakietan, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 115. artikuluak ezartzen duen bezala.

Bosgarrena.–Zinegotzi ordezkaria ez dagoenean, gaixorik dagoenean, abstenitu behar duela ebazten denean edo errekusatzen dutenean, ordezkapena organo eskuordetzaileak hartuko du bere gain, alegia, alkateak, eta ez da beharrezkoa izanen argitaratzea ordezkapena balioduna izateko.

Seigarrena.–Ebazpen honek arautzen ez duen alde orotan, halako eskuordetzei buruz honako arau hauek ezartzen dutena aplikatuko da: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea, Toki Entitateen Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea.

Zazpigarrena.–Agintzea ebazpen hau argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

Zortzigarrena.–Udalbatzari ebazpen honen berri ematea, egiten duen hurrengo bilkuran.

Bederatzigarrena.–Izendapenek indarra hartuko dute ebazpen honen dataren biharamunetik aurrera.

Aditzera ematen dut, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dut erabaki horren aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:

a) berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik aurrera.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Oltza Zendean, 2019ko uztailaren 4an.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L1909337