160. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, erdi mailako teknikari izateko hiru lanpostu, B mailakoak, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

Alkatetzaren uztailaren 22ko 1322/2019 Ebazpenaren bidez onetsia.

Deialdi hau gauzatuko da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak:

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Udalaren eta haren mendeko erakundea den Tudela-Cultura enpresa-entitate publikoaren zerbitzuko erdi mailako teknikari izateko hiru lanpostu, B mailakoak, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea.

Deialdi honen 10. oinarriari jarraikiz Tudela-Cultura enpresa-entitate publikoari dagokion lanpostua lortzen duenak Udaleko lan-kontratudun finko edo funtzionario izaerari eutsiko dio hari atxikitzean.

1.2. Deialdi honen xede diren erdi mailako teknikariaren hiru lanpostu hutsak, B mailakoak, Tuterako Udalaren ondoko zerbitzu hauei atxikita daude eta kode hauek dituzte plantilla organikoan:

–1 Ekonomiaren eta Ogasunaren Alorrean (0506B09802).

–1 Langileriaren Administrazio Unitatean (0508B09803).

–1 Tudela-Cultura enpresa-entitate publikoan (0672B09801).

1.3. Lanpostuen ordainsariak izanen dira Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 351/1993 Legegintzako Foru Dekretuan B mailako lanpostuetarako oro har ezarritakoak, bai eta Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari buruzko uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eta Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Erabakian ezarritakoak. Horrez gain, ordainsari osagarriak izaten ahalko dituzte, aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan lanpostu bakoitzerako ezartzen badira eta jabetza hartzean indarrean den plantilla organikoan zehazten.

1.4. Era berean, 12. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eratzea, udal zerbitzuetan sortzen diren beharren arabera erdi mailako teknikariaren lanpostuak aldi baterako betetzeko.

1.5. Udaleko Eginkizunen Eskuliburuan lanpostuei buruzko deskribapenetan agertzen diren zereginak izanen dituzte izendatzen direnek. Labur erranda, deialdi honetako lanpostuen eginkizun orokorra da kasuan kasuko alorraren kudeaketa administratiboa koordinatzea eta bulkatzea, eta alor, administrazio unitate edo entitate bakoitzean aitzina eramaten direnen artetik lanpostu bakoitzarekin ikusteko duten gai guztien kudeaketaz arduratzea.

Betiere, bertzelako zereginak ere beteko dira, lanpostuak berezko dituen gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat etorririk agintzen badira ezarritako helburuak lortu beharrez.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean:

a) Tuterako Udalean, Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoan edo Tudela-Cultura enpresa-entitate publikoan funtzionario edo langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Titulazio akademiko hau edukitzea edo eskuratzeko baldintzak betetzea (titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria), eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako: Unibertsitateko diplomaduna, graduduna, ingeniari teknikoa, arkitekto teknikoa edo L.H. II-ko ikasketak edo baliokidea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Administrazio publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

2.2. Izendapenerako proposatutako izangaiek deialdi honen 9. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan egiaztatu beharko dituzte aipatu beharkizun guztiak. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko dituzte baldintza horiek, eta haien jabe izanen dira hautapen prozedura osoan izendatuak izan bitarte.

3.–Eskabideak:

3.1. Esteka honetan agertzen den ereduaren arabera bete beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Eskabideak Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (Plaza Vieja, 1) edo Frontón karrikako 1eko bulegoetan erregistratu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, 15 egun balioduneko epean erregistratu ere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

3.2. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

–Deialdiko baremoaren arabera alegatzen diren merezimenduen frogagirien kopia konpultsatua. Izangaiek I. baremoan (II. eranskina) agertzen den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak noiznahi zuzentzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak eskaturik.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak:

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko. Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzita, Tuterako Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren www.tudela.es webgunean argitara dadila aginduko du.

5.–Epaimahaia:

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Burua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Mercedes Añón Montón, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: M.ª Eugenia Enériz Salvatierra, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Francisco Ciria Pérez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

–Epaimahaikidea: Silvia Sánchez Fernández, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezkoa: M.ª Carmen Montoya Sánchez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

–Epaimahaikidea: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Jesús María García Gorri, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

–Epaimahaikidea: langileen ordezkari bat, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatua.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatua.

–Idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Elena Zubieta Mozaz, Tuterako Udaleko lan-harremanetako graduduna.

5.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, mahaiburuak deituta.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak, edo haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Lege horren 24. artikulua).

5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak:

6.1. Oposizioa 2019ko urrian hasiko da, nonbait hor, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen prozesua bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean xedatuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den oposizioaldia. Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko hurrenez hurreneko iragarkiak argitaratuko ditu Herriko Etxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean (www.tudela.es).

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, 7.3 atalean aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

7.3. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaltzen den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira, honela banatuak:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 15 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 10 puntu gehienez.

7.4. Merezimenduen balorazioa burututa, epaimahaiak izangaien zerrenda argitara emanen du, bakoitzak lortutako puntuak zehazturik, Tuterako Herriko Etxeko iragarki-taulan eta Udalaren www.tudela.es webgunean.

8.–Oposizioaldia:

8.1. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa eta praktikoa. Deialdiko III. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 30 galdera idatziz erantzun beharko da. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da egokia. Okerrengatik puntuak kenduko dira. Lehenbiziko ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere ordubete izanen dute.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak proposatutako kasu bat edo zenbait ebatzi beharko da, deialdiko III. eranskineko gai zerrendako arloez. Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 3 ordu izanen dituzte.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak deialdiko lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 120 puntu lor daitezke gehienez, honela banatuak:

Lehen ariketa: gehienez 30 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez 70 puntu.

Hirugarren ariketa: gehienez 20 puntu.

8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

8.4. Lehenbiziko eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira, salbu epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, egin ondotik jendaurrean irakur dadila.

8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa burututa, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egin den tokian eta Udaleko iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin batera, eta, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, “Lan eskaintza” izeneko atalean, deialdiaren aipamenean.

8.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bertzenaz, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

8.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8.8. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendatzeko proposamena eta agirien aurkezpena:

9.1. Hautaprobak buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Herriko Etxeko iragarki-taulan, gainditu dituztenen zerrenda, oposizioko hiru ariketetan lortutako kalifikazioekin batera, baita lehiaketaldian eskuratutako puntuazioa ere. Zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, deialdiko lanpostuen kopuruaren barnean sartzen diren eta probak puntuazio altuenekin gainditu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Azken puntuazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Udalaren webgunean ere (www.tudela.es).

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde trenkatuko da. Berdinketak jarraitzen badu, lehenbiziko ariketan eta hirugarrenean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, ordena horretan hurrenez hurren. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez erabakiko da.

9.2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiek, jabetza hartu aitzin, 2.1.c) oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, baita, desgaitasunik izanez gero, hura deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

9.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta orobat gertatuko da agiri horiek zehaztu diren baldintzen froga ez direlarik. Halakoetan, anarterainoko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan ukatu gabe beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Tuterako Udalak probak gainditu dituztenen zerrendan eskuratutako puntuazio osoaren hurrenkeran ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta harekin aitzineko apartatuetan adierazi bezala jokatuko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako izendatzeko baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Tuterako Udalak, bere eskudantziak erabiltzeko, bertzeren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarri bezala ekarri beharko du.

10.–Lanpostu hutsak hautatzea:

10.1. Aurreko oinarrian xedatua betetzen duten izangaiek zein lanpostu huts lehenesten duten adieraziko dute, Tuterako Udalak adieraziko dizkien epean eta moduan, eskuratutako ountuazioaren araberako hurrenkera hertsian adierazi ere.

11.–Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea:

11.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, aitzineko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak izendatuko ditu erdi mailako teknikarien lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen adjudikazioa ere eginen da.

11.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak erdi mailako teknikari bilakatuko dituzte izendatuak, indarra duten xedapenek Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionarioendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Erranak erran, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak direnen kasuan, bi aukera izanen dituzte: eskubide pasiboen araubide horretan babesturik jarraitzea, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

11.3. Lanaldia zerbitzu bakoitzaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

11.4. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta jakinarazten denetik aitzina izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Epe horretan jabetzen ez badira, Tuterako Udaleko funtzionario izateko eta erdi mailako teknikariaren lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbertzekoetan salbu. Halakorik gertatuz gero, deialdiko 9.4 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

12.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda:

12.1. Hautapen prozesuaren ondorioz sortzen den aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda, Herriko Etxeko iragarki-taulan eta www.tudela.es helbidean argitaratuko da “Lan publikoaren eskaintzak” izeneko sailean, deialdiari buruzko iruzkinetik abiatuta.

12.2. Lortutako azken puntuazioak erabakiko du zein den ordena lanpostuak aldi baterako betetzeko izangaien zerrendan.

12.3. Erdi mailako teknikariaren lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda gobernatuko da Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bertan onartu baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraikiz.

13.–Errekurtsoak:

13.1. Epaimahaiaren egintza eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Tuterako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

13.2. Deialdiaren eta bere oinarrien kontra edo hura aplikatzeko epaimahaiarenak ez diren egintzen kontra, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahal da:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Tuteran, 2019ko uztailaren 19an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

A.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak:

–Tuterako Udalean, Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoan edo Castel-Ruiz enpresa-entitate publikoan egindako zerbitzuak, erdi mailako teknikariaren lanpostuan: 2 puntu, urte bakoitzeko.

–Tuterako Udalean, Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoan edo Castel-Ruiz enpresa-entitate publikoan egindako zerbitzuak, deialdi honen bidez bete beharrekoa ez bezalako lanpostuetan: puntu 1, urte bakoitzeko.

Oharrak A atalerako:

1.–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiaren heineko puntuazioa emanen zaio. Orobat, lanaldi partzialetan ibilitakoei ere emanen zaie zerbitzuan egindako aldiaren heineko puntuazioa.

2.–Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

3.–A atal honetan gehienez ere 15 puntu emanen dira.

B.–Prestakuntza:

1. Prestakuntza akademiko eta jarraitua.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen unibertsitateko titulazioa izatea: 1,5 puntu.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen masterra edo graduondoko titulua izatea: puntu bat.

–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek (publiko zein pribatuek) antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu).

B.1 azpiapartaturako oharrak. (Prestakuntza akademiko eta jarraitua):

1.–Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3.–Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4.–Erakunde antolatzaileari (publikoa edo unibertsitatea) buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, puntuazio berarekin baloratuko da Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barnean antolatuak sartuko dira. Gainerako onirizpenei dagokienez, hartarako arauak ezarriko dituen aldez aurretiko erregelamendua beharko da.

5.–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbertzeko baldintza den titulua.

2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo haiek antolatzea: puntu bat, gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

Oharrak B) atal osorako (Prestakuntza):

1.–Apartatu honetan jasotako merezimenduak lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko.

2.–B atal honetan gehienez ere 10 puntu emanen dira.

III. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

2. 279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako toki entitateen erabakiak eta egintzak inpugnatzearen alorretan 6/1990 Foru Legea garatzen duena.

3. 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

4. 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

5. 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena.

6. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

7. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez jorratzen baita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa.

8. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

9. 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

10. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

11. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena.

12. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondotik onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L1909795