160. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

Epe irekiera Nafarroaren eta Gansuren arteko II. Enpresa Foroan (Txina) parte hartzeko eskaera aurkezteko. Lanzhou-n izanen da urriaren 21etik 25era bitarte.

Nafarroako Gobernuak 2017-2020 Nafarroako hirugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz. Plan horretan, Txina lehentasunezko herrialdeetako bat da.

Gansu Txinako ipar-mendebaldeko probintzia bat da. 454.000 km² ditu, eta 25,5 milioi biztanle, eta han hasten zen Zetaren Bide ospetsua. Hori dela eta, Gansu lurralde estrategikoa da “One Belt, One Road (OBOR)” izeneko ekimenaren garapenean. Zetaren Bide Berria ere esaten zaio. Horrenbestez, gobernu zentralaren laguntzari esker, Gansu ari da eskualdeko ekonomia isolatu bat izatetik nazioarteko korridore batean sartzen, zeinak ezaugarri baititu nazioarteko merkataritza, sektore estrategikoen modernizazioa eta truke kulturalak, turismoaren bitartez.

Nafarroako Gobernuaren ustez, momentu historikoa da hau, Gansu irekitzen ari baita eta zenbait sektoretan lankidetza bilatzen ari baita bere hazkundea eta modernizazioa indartzeko, eta, beraz, Nafarroako enpresentzat aukera ezin hobea da hau, hain zaila izan ohi den Txinako merkatuan sartzeko.

Nafarroako Gobernuak harreman estuak ditu Gansuko Gobernuarekin, eta uste du foro honek aukera garrantzitsuak ematen ahal dizkiela Nafarroako hainbat sektoretako enpresa eta eragileei, Txinako errealitatearekin hasierako hartu-emanak ezar baitaitezke bertan, eta bazkide eta bezeroak bilatzeko aukera ere eman baitezake.

–Ekintzaren helburuak:

  • Nafarroa kokatzea Europako erreferente teknologiko gisa Gansuko enpresen artean.
  • Ahal den eta negozio-aukera gehien sortzea Nafarroako enpresentzat.
  • Nafarroako enpresentzat, entitateentzat eta Gansuko ordezkaritza instituzionalarentzat interesgarriak diren enpresa topaketak antolatzea.
  • Bisitak antolatzea destinoko enpresa eta zentro teknologikoetara.

–Sektoreak eta aukerak:

Foroa pentsaturik dago automobilgintzaren, elikakatearen, energia berriztagarrien, turismoaren eta kulturaren sektoreentzat.

  • Aukerak elikakatean:
  • Elikagaien segurtasuna eta atzerriko produktuen eskaria, sektorearen eraldaketaren ondorio dena, Gansuren hazkunde ekonomiko handia eta hiri garapena dela eta.
  • Bazkideak topatzeko aukera, banaketa gaitasuna dutenak bai Gansun bai Txinako beste probintzia batzuetan ere.
  • Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea eskualdeko erronkei erantzuteko (lurzoruaren higadura, errendimenduak hobetzea, laborantza altueran, besteak beste).
  • Aukerak energia berriztagarrietan:
  • Eraginkortasuna energiaren erabileran.
  • Azpiegiturak energia bideratu ahal izateko hiri eta enpresetara.

XXI. mendearen hasieraz geroztik, Gansuk bere potentziala erakutsi du energia mota berrien sektorean, bai eguzki energiari dagokionez –kalkulatzen da probintzian badirela eremuak urtean 2.900-3.300 eguzki ordu jasotzen dituztenak– bai energia eolikoari dagokionez. Gansu ezaguna da energi berriztagarrien parke ezagunak dituelako, eta horien artean nabarmentzekoa da Gansu Wind Farm Project.

  • Aukerak automobilgintzan:
  • Asko hazi da energi berriekin funtzionatzen duten ibilgailuen (NEV) kontsumoa eta fabrikazioa.

Kontuan hartuta Txinako Gobernuak ezarritako helburua (2025ean autoen salmenten %25 NEV izatea), ezinbestekoa izanen da nazioarteko eragileek esku hartzea. Alde horretatik, kontuan hartuta Gansuren planak –zeinak automobilgintza nazioarteko enpresentzat lehentasunezko industriatzat baitu–, ibilgailu elektrikoaren fabrikazioan duen esperientzia eta ibilgailu mota horren erabileran gorantz duen joera, aukera ona da bai automobilgintzan esperientzia luzea duten Nafarroako enpresentzat bai sorreratik NEV ibilgailuetan dihardutenentzat.

NEV ibilgailuen erabilera batez ere kontzentratua dago herrialdeko hiri handietan. Horregatik, aukera handiagoa da Tier 3 eta Tier 4 hirietan (Lanzhou Tier 3 da).

  • Aukerak turismoan eta kulturan:
  • Erdi mailako klasea hazten ari da eta sektore turistikoa indartsu dago Gansun.

Turismoak eta kulturak garrantzi handia izan dute Gansuko probintziaren suspertze eta modernizazio ekonomikoan, ondare historiko eta kultural eta paisajistiko aberatsa baitu lurraldeak. Dudarik gabe, garatu beharreko ardatzetako bat da Nafarroaren eta Gansuren arteko lankidetzan.

Txina da munduan turista gehien bidaltzen dituen merkatua, eta halaxe izaten jarraituko du hurrengo urteetan ere. Ikusiko ditugu hazten Tier 2 eta Tier 3 hiriak, eta, beraz, Gansurekin lana egitea oso emankorra izan daiteke sektore turistikoko Nafarroako enpresentzat.

Txinako turismoaren motor nagusia bere erdi mailako klasea da, hazten ari dena, eta haren motibazioak aldatzen joan dira urte hauetan zehar. Izan ere, 2010eko hamarkadaren hasierako urteetatik hona, turismo medikoa gehitu da, eta lehen taldeko turismoa zena, hiri askotara joaten zena eta erosketak egiten zituena egun gutxian, orain beste profil turistiko bat du, nahiago duena bisitatzen duen gizartean esperientzia bizi eta murgildu. Aldaketa hori dela eta, beste estrategia batzuk gara daitezke, hala nola bisitariak lurreko produktuetara lotzea esperientziak baliatuz eta gero produktu horrekiko fidelizazioa lantzea e-commerce delakoaren bidez; horrela, bisitaria destinoaren preskriptore ez ezik, bertako produktuen preskriptore ere bihurtzen da.

Gansuk eskaintzen die sektoreko Nafarroako enpresei aukera posizionatzeko ez bakarrik probintzia horretan, baizik eta, turismo nazionaleko lehentasunezko destino bat denez, aukerak eskaintzen ditu Txina osoan ere.

–Ekintzaren edukia:

  • Aurkezpen instituzionalak eta enpresarialak.
  • Enpresa nafar eta txinatarren arteko topaketak egitea, Gansun merkataritza-aukerak identifikatzeko edo lankidetza sustatzeko.
  • Bisitak enpresetara, zentro teknologikoetara eta beste entitate garrantzitsu batzuetara.

Ekintza hau 2019ko urriaren 21etik 25era bitarte garatuko da, eta hau izanen du egutegia:

10/21: Lanzhou-ra iristea.

10/22-23: Nafarroaren eta Gansuren arteko II. Lankidetza Foroa.

10/24: Nafarroara itzultzea.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko ditu ekitaldiaren, topaketa enpresarial eta instituzionalen eta bisiten antolakuntza gastuak.

Gansuko Gobernuak bere gain hartuko ditu ostatu eta mantenu gastuak.

Parte hartzen duten enpresa eta entitateek beren gain hartu beharko dituzte bidaia gastuak.

–Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

  • Sektore hauetakoren bateko balio-kateko faseren bateko enpresak, zentro teknologikoak edo elkarteak izatea: nekazaritzako elikagaiak, automobilgintza, energia berriztagarriak eta turismoa.
  • Helbide fiskala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

–Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, beranduenez 2019ko irailaren 30ean, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8275/Convocatoria-para-participar-en-el-Foro-Empresarial-Navarra-Gansu-(China)-organizado-por-Gobierno-de-Navarra

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Nafarroako Gobernuak tramitazioa errazteko arretagune batzuk jarriko ditu erabiltzaileen eskura, behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten entitate eskatzaileentzat. Gune horiek non dauden behar bezala iragarriko da zerbitzuen katalogoaren fitxan. Gune horietan, eskaera aurkezteko moduaz aholku emanen zaie, baina, aurreko paragrafoan ezarri bezala, eskaera aurkezteko beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala edukitzea.

–Gehienez parte har dezaketen entitateen kopurua:

Misioan 15 entitatek parte har dezakete, gehienez. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira entitate parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura heldu arte.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaera onartu dela jakinaraziko die inskripzio-fitxan adierazitako helbide elektronikora mezua bidalita, eta ekintzarako prestatzeko bilera baterako dei eginen die.

–Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

  • Entitatearen datuak ematea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
  • Ekintza egiten denetik hasita 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 6an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausin Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F1910482