160. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

165E/2019 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena Larraungo udal-mugartean “Albiasuko Kataberro bordarako elektrizitate eta ur harguneak” izeneko proiekturako. Sustatzailea José Javier Oquiñena Argaña jauna da.

2019ko urtarrilaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da elektrizitatea eta lur azpiko ur hornidura jartzea, Albiasutik, bide ondotik, Larraungo 6. poligonoko 73. lurzatian, Albiasuko Kataberro alderdian, dagoen eraikin bateraino; eraikina lurzoru urbanizaezinean dago eta etxebizitza egiteko zaharberritu nahi da.

2019ko ekainaren 18an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak kontrako txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Honakoa adierazi du:

–Ur eta elektrizitate zerbitzuen eskaera egin da, egun dagoen eraikina zaharberritu ondoren bertan egin nahi den etxebizitza hornitzeko.

–Aurkeztu den dokumentazioan deskribatutako aurrekariak, eraikinaren egungo egoera eta barneko argazkiak ikusita, eraikinaren erabilera nagusia nekazaritza eta abeltzaintza izan da eta da, eta katastroan nekazaritzako biltegiko erabilerarekin ageri da. Lehenago etxebizitzatarako erabili zen, XIX. mendearen amaieran. Beraz, eraikina zaharberritzea edo etxebizitzatarako berriz erabiltzea erabilera aldatzea dela ulertu behar da.

–Ezin da baimenik eman eraikina etxebizitzatarako berritzeko, Larraungo lurzoru urbanizaezinean familia bakarreko etxebizitza bakartu gisa erabiltzea debekatuta dagoelako eta bateraezina delako LAP2rekin eta Larraungo Udal Planarekin; gainera, ez da frogatu lurzatian nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako ustiategi zehatzik dagoenik, ez eta horri lotutako etxebizitza baten beharrik ere.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Larraungo udal- mugartean “Albiasuko Kataberro bordarako elektrizitate eta ur harguneak” izeneko proiekturako, Larraungo udal-mugartean, nahi duten erabilera ezin delako baimendu. Sustatzailea José Javier Oquiñena Argaña jauna da.

2. Ebazpen honek uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu, lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez; aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Larraungo Udalari, Basozaintzari (7. barrutia: Ultzama-Arakil) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 28an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1909030