160. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Udalkideen ordainsariak

Udal honek, 2019ko ekainaren 20an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

“Udal honetan orain arte kopuru jakin batzuk ordaindu izan zaizkie udalkideei beren karguetan aritzeagatik, 2015eko uztailaren 2ko eta azaroaren 23ko osoko bilkuretan hartutako erabakien bidez ezarritakoak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75., 75 bis eta 75 ter artikuluetan jasotzen da gai horri buruzko arau orokorra, bertan ezartzen baitira ordainsarien modalitateak eta mugak. Nafarroako udalei konpentsazioak ematen zaizkie kontzeptu horrengatik, egun abenduaren 27ko 18/2017 Foru Legean araututakoak, zeinaren bidez ezartzen baitira toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa eta banaketa, 2018ko eta 2019ko aurrekontu-ekitaldietarako.

Alkatetzak proposatuta. Eztabaidatu ondoren. Bozketa arrunta egin da: hamaika boto alde, kontra bat ere ez, abstentziorik bat ere ez. Quoruma: gehiengo soila.

ERABAKITZEN DA:

1. Behar den aurrekontu-kontsignazioa ukatu gabe, udal honetan ordainsariak eta bilkura-sariak ezarri dira Udalbatzako kideendako, karguan aritzeagatik eta Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik. Hona hemen:

1.1. Dedikazio partziala.–Udalak ordainduko die lehen eta bigarren alkateordeei (Lourdes San Miguel Rojo eta Laura Remírez Noguera), dedikazio partzialean aritzeagatik, urtean guztira bederatzi mila berrehun eta hirurogeita hemezortzi euro eta berrogeita hamar zentimo (9.278,50 euro), kontzeptu guztiak barne (soldata gordina, 7.000,00 euro, eta enpresako gizarte segurantzako kuota, 2.278,50 euro); hilero ordainduko zaie, eta bikoitza ekainean eta abenduan, betiere behar diren kenkariekin. Ordainsari hori jasotzeko gutxieneko dedikazioa astean hamabi ordukoa izanen da, karguaren edozein jardueratan (bulegoa, bilerak, bidaiak edo beste batzuk). Ez da zenbatekorik ordainduko alkatea ordezteagatik, hala gertatuz gero. Karguan dedikazio partzialean aritzeagatiko ordainsarien kobrantza bateraezina da bilkura-sariak jasotzearekin.

1.2. Alkatea eta lantaldeen ardura duten zinegotzi koordinatzaileak (gaur egun bost, baina alkatetzak erabakita kopuru hori handitu edo txikitu daiteke).–Bilkura-sariak jasoko dituzte Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik, osotara hirurehun euro bilkura bakoitzeko, eta, gehienez ere, hiru mila euro Udalbatzako kide bakoitzak; seihileko bakoitza iragandakoan ordainduko dira.

1.3. Gainerako zinegotziak (gaur egun hiru).–Bilkura-sariak jasoko dituzte Udalaren osoko bilkuretara egiazki joateagatik, osotara hirurehun euro bilkura bakoitzeko, eta, gehienez ere, bi mila eta bostehun euro Udalbatzako kide bakoitzak; seihileko bakoitza iragandakoan ordainduko dira.

2. Sistema horrek eta zenbateko horiek ondorioak izanen dituzte 2019ko uztailaren 1etik aurrera, salbu alkatearendako, zeinak alta hartu baitu foru parlamentari karguan 2019ko ekainaren 19an, eta udalean baja eman, aurreko egunean; ordainsari eta bilkura-sari horiek egungoak ordezkatzen dituzte, eta sistema nahiz zenbatekoak indarrean egonen dira Osoko Bilkurak besterik xedatzen ez duen bitartean.

3. Udalbatzako kide guztiek kalte-ordainak jasoko dituzte karguan aritzeak egiazki sorrarazten dizkien gastuengatik, hala nola bidaia (Udaleko langileei beren ibilgailuetan ibilitako kilometro bakoitzeko ordaintzeko erabiltzen den zenbateko bera aplikatuko da), egonaldi eta besteengatik.

4. Udalak Udalbatzako kideei beren karguan aritzeagatik ordaintzen dizkien ordainsari eta bilkura-sariak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ezarritako araudian xedatuari lotuko zaizkio.

5. Alkatetzak erabaki hau osorik argitaratuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalbatzaren iragarki-taulan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6. Erabaki hau irmoa da bide administratiboan eta, haren kontra, errekurtso hauetakoren bat jar daiteke, hautara:

1.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita (urriaren 1eko 39/2015 Legea).

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, hura ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da ez gora jotzekorik ez administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren kontra ezin izanen da errekurtso hori bera berriz aurkeztu.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea).

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, hori ebatzi edo ustez ezetsi arte ezin izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu.

3.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).”

Argitara ematen da erabaki dena bete beharrez.

Lodosan, 2019ko ekainaren 21ean.–Alkatea, Pablo Azcona Molinet.

Iragarkiaren kodea: L1908449