134. ALDIZKARIA - 2019ko uztailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako ordenantzaren behin betiko onespena

Aipatutako Ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2019ko apirilaren 9an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Antsoainen, 2019ko maiatzaren 29an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

ANTSOAINGO UDALAREN EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNERAKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen ondoreetarako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helburu estrategikoak lehentasuna du Nafarroako Foru Komunitateko botere administrazio publiko orotan. Alabaina, nazioarteko, Erkidegoko, estatuko eta autonomia erkidegoko gidalerroekin bat datorren lege horrez gain, 2007tik aurrera berdintasunari buruzko politika publikoak sustatu dira Nafarroako toki entitateetan, Foru Gobernuaren babesarekin.

Antsoaingo Udalak (Nafarroa) 2008an hartu zuen berdintasunarekiko konpromisoa. Urte horretan Berdintasunerako teknikaria kontratatu zuen, udal zerbitzua diseinatzeko eta abiatzeko, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako I. Plana (2010) prestatzeko. Agiri hori estrategikoa izan da ondoko urteetan udal mailan berdintasunerako politikak ezartzeko. Erabaki hauekin erantzuna eman zaie 2007tik 2008ra bitartean egindako “Udalerriko genero esgituraren azterketa” diagnostikoaren bidez hautemandako beharrei.

Plan horrek Jasangarritasunaren ardatz estrategikoa biltzen du, eta hori da Zeharkako beste lau Arloen markoa: genero mainstreaming-a (Udal Administrazioa, herritarrak, lana, hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, kultura eta kirola); emakumeen aurkako indarkeria; erantzukizun partekatua eta familiaren eta lanaren bateratzea; eta emakumeen ahalduntzea esparru guztietan. Hori dela eta, berdintasunaren helburua Tokiko Agenda 21en II. Ekintza Planean ageri da (agiri hori Osoko Bilkuran onartu zen, 2012ko urtarrilean).

Berdintasun Plan horren barnean, aurreikusi zen honako hauek prestatzea: Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko udal protokoloa (Osoko Bilkuran onetsi zen 2011ko martxoan), Sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena saihesteko protokoloa (2015. urtekoa) eta Eraso sexisten aurkako protokoloa (Osoko Bilkuran onetsi zen 2018ko abuztuan).

Udalak berdintasunaren aldeko konpromiso irmo, berritu eta sendotua duen testuinguru horretan aurkeztu da, hain zuzen ere, ordenantza hau.

Antsoaingo Udaleko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Ordenantza da, eta hori izanen da tokiko gobernuak gai horren inguruan oinarri izanen duen araudia. Arauaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzea, emakumea diskriminatzen eta sexu- zein gizarte-desorekak eragiten dituzten hainbat egitura historiko aldatuz.

Horretarako, aldi baterako estrategiak diseinatu behar dira, egoera hori aldatzeko, eta bai aurreiritziak bai emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzea eragozten duten jokabide kultural eta sozialak ezabatzeko.

Hori lortzeko lehen mekanismoak lotura zuzena du ordenantza honekin, alegia, generoaren, zeharkakotasunaren edo mainstreaming-aren ikuspegia txertatzea. Mainstreaming deritzo emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helburuari lehentasuna emateko jarduketa metodologiari, politika guztietan eta erabakitzeko maila orotan txertatu behar dena; horretarako, baliabideak eskuratzeko eskubide berdinak bermatu behar dira, politika publikoak egun dauden desoreken arabera antolatu, eta politika horiei esker lortu diren emaitzak identifikatu eta balioetsi. Mainstreaming hitza Nazio Batuek 1995ean Beijinen antolatutako Emakumeei buruzko Munduko laugarren Konferentzian erabili zen lehen aldiz.

Zeharkakotasuna, berriz, Europar Batasuneko Erakundeen esparruan, Amsterdameko 1999ko Itunean jaio zen. Arau horrek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezartzen du Europako Erkidegoaren helburuen artean; hala, emakumeen eta gizonen arteko desorekak eragiten dituzten egoerak ezabatzea eta berdintasuna sustatzea ditu xede nagusi.

Estatu mailan, Espainiako Konstituzioak (1978koa) 14. artikuluan jasotzen du, oinarrizko eskubideen artean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta debekatzen du arraza, sexu edota bestelako egoera pertsonal zen sozialengatik inor diskriminatzea. Era berean, arau horretako 9.2 artikuluak ezartzen du botere publikoek norbanakoen eta haien taldeen artean berdintasun erreal eta eraginkorra ahalbidetzeko baldintza egokiak sustatu behar dituztela. Bestalde, zeharkakotasuna gure araubide juridikoan sartu zen Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren bitartez.

Toki entitateen eskumenei dagokienez, nabarmentzekoa da Genero indarkeriaren kontrako Estatuko Ituna garatzeko presako neurriei buruzko abuztuaren 3ko 9/2018 Errege Lege Dekretua, aldaketa batzuk planteatzen baititu, besteak beste, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearena, 25. artikuluko o) letra berria, zeinaren bidez udalei eskumena esleitzen baitzaie “emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduketak gauzatzeko eta genero-indarkeriaren kontra aritzeko”.

Gure komunitatean, Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak ezartzen du zein diren toki entitateen eskumenak horrelako egoerei aitzintzeko, baliabideak koordinatzeko eta indarkeria jasaten duten emakumeei zein haien seme-alabei laguntza emateko.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ere ezartzen du toki administrazioek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa txertatu behar dutela beren eginkizunen baitan, eta, horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean aritu behar direla.

Halaber, ordenantzak lotura du Antsoaingo Udalaren Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako I. Planarekin; bertan jasotako ildo estrategiko baten helburua, hain zuzen, da “Aukera berdintasuna udal politika publiko guztietan txertatzea, gizarte irizpide iraunkor gisa”. Hala, genero berdintasuna horren barnean dago, eta, aldi berean, garapen iraunkorraren aurreko baldintza eta helburua da.

Testuinguru juridiko honetan garatu da ordenantza, Antsoainen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak garatzeko, finkatzeko eta babesteko. Asmoz, bederen, araudi honen iraupena luzea izateko sortu da, eta Antsoaingo Udalaren jarduketaren printzipioak eta helburuak finkatzea du xede; hala, esku hartzeko ildo nagusiak zehazten ditu, eta barne antolaketako baldintza egokiak sustatzen, adierazitako helburuak lortzeko.

Antsoaingo Udalak talde feministek, emakumeen taldeek eta beste toki entitate batzuek hainbat urtetan egin duten lana txalotzen eta eskertzen du, izan ere, horien esperientziak lagungarriak izan dira udal araudi hau prestatzeko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua eta arau esparrua.

1. Ordenantza honek Antsoaingo Udalaren eta haren enpresa publikoen printzipio orokorrak zehazten ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan; halaber, bizitzako eremu guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko zenbait neurri jasotzen ditu, emakumeen kontrako diskriminazio era guztiak baztertuz eta haien eskubideak urratzen edo oztopatzen dituen egoera oro ezabatuz.

2. Ordenantza honen helburua da udal mailan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko araubide juridikoa ezartzea, nazioarteko, Europako, estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko arauen esparruan. Horretarako, onartzen du emakumeen aurkako diskriminazioa fenomeno unibertsala, menderatzailea, egiturazkoa eta sistemikoa dela.

Ordenantza honen bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortu nahi da udal mailan, emakumeen aurkako diskriminazio era oro ezabatuz. Hala, berdintasunaren aldeko konpromisoa aldarrikatzeaz gain, udal gobernuak beste erakunde publiko eta politikoen laguntza izanen du, bai eta sozietate zibileko erakunde pribatuena ere.

3. Aurreko atalean adierazitakoarekin bat, ordenantza honek indarrean dagoen araudian ezarritakoa beteko du; horien artean, nabarmentzekoak dira honako hauek:

a) Emakumeen kontrako diskriminazio era guztiak ezabatzeko konbentzioa (CEDAW).

b) 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren aurka Osoko Babesa emateko Neurriei buruzkoa.

c) 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

d) 9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

e) 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen oinarriak arautzen dituena.

f) 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

g) 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteari buruzkoa.

h) 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza hau Antsoaingo Udaleko Administrazioan aplikatuko da.

2. Halaber, Antsoaingo Udalarekin lotura duten edo haren menpe dauden enpresa-entitate publikoetan, merkataritza- zein lan-sozietateetan, fundazioetan eta horien arteko elkartzeetan, betiere publikoak eta izaera juridikoa dutenak, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Beren jardueraren bidez, neurri batean bederen, interes publikoko helburuak betetzea, industri edo merkataritza izaerarik ez dutenak.

b) Antsoaingo Udalak, zuzenean edo zeharka, haien jardueraren erdia baino gehiago finantzatzea edo haien jardueren gain eragin nagusia izatea, kudeaketa kontrolatzeko mekanismoen bitartez edo administrazio, zuzendaritza nahiz zaintza organoetako kideen erdiak baino gehiago izendatzea ahalbidetzen duten mekanismoen bitartez.

3. Horrez gain, ordenantza honen printzipio orokorrak aplikatuko zaizkie Udalarekin edo hari lotutako enpresekin kontratua edo elkarlan hitzarmena sinatzen duten enpresa edo entitate guztiei, publikoak zein pribatuak, bai eta Udalarengandik dirulaguntza jaso dutenei ere.

3. artikulua. Definizioak.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legeak ezartzen duenaren ondorioetarako, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan definitutako kontzeptuez gain, honela ulertzen dira kontzeptu hauek:

a) Ekintza positiboa: Emakumeen aldeko neurri zehatzak, gizonen aldean desberdintasun egoera nabarian daudenean, egoera hori zuzentzeko. Horrelako egoerak daudenean aplikatuko diren neurriok zentzuzkoak eta neurrizkoak izanen dira, kasuan kasuko helburuaren arabera.

b) Genero arrakala: Emakumeen eta gizonen tasen arteko aldea, agerian uzten duena emakumeen eta gizonen artean dagoen desparekotasuna baliabideen banaketan, eta boterea eskuratzeko, testuinguru zehatz batean.

c) Kontziliazioa: Pertsonek bizitzaren alderdi desberdinetan dituzten baliabideen eta denboraren erabileren arteko oreka, bereziki eremu pertsonalean, profesionalean, familiarrean edo lanekoan.

d) Erantzunkidetasuna: Emakumeek nahiz gizonek duten erantzukizuna, betebehar eta eginbehar antzekoei dagokienez, bizitza bideragarria eta jasangarria izan dadin ekitatearen eta justizia sozialaren ikuspuntutik.

e) Zuzeneko diskriminazioa eta zeharkako diskriminazioa:

1. Sexuan oinarritutako zuzeneko diskriminazioa da antzeko egoera batean, sexuaren ondorioz, pertsona batek, beste batekin alderatuta, tratu ez hain mesedegarria jasatea, jasan izana edo jasateko arriskua izatea.

2. Sexuan oinarritutako zeharkako diskriminazioa da itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo eginera batek sexu jakin bateko pertsonentzat desabantailatsua izatea beste sexuko pertsonen aldean, non xedapen, irizpide edo eginera horiek modu objektiboan justifikatzen ez diren, xede legitimo batekin, betiere, xede horiek lortzeko bideak beharrezkoak eta egokiak izanda.

f) Ahalduntzea: emakumeen autoestimua, autonomia eta partaidetza hobetzeko estrategia, justizia sozialaren eta berdintasunaren alde eginez.

g) Berdintasun sustantiboa: Tratu eta aukera berdinak izatea giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak aitortuak izan, baliatu eta erabiltzeko.

h) Genero ikuspegia edo ikuspuntua: Errealitatearen analisia, kontuan hartzen dituena gizartean emakumeei eta gizonei esleitzen zaizkien rol eta eginkizunak, horiei ematen zaien balioa eta bien artean dauden erlazioak; hala, emakumeen kontrako diskriminazioa, desparekotasuna eta bazterketa identifikatu, ezbaian jarri eta baloratzea ahalbidetzen du, bai eta abiatu behar diren ekintzak ere, eta genero faktoreen gainean eragiten eta genero ekitatea eraikitzen lagunduko duten aldaketarako baldintzak sortzea.

i) Lanbidearen araberako segregazioa: Lanbide edo ikasketa batzuk, gehienbat, genero bakarreko pertsonek betetzea (emakumeek edo gizonek), eta denbora edo espazioaren erabilera era jakin batean banatzea, genero rol eta estereotipoen ondorioz. Segregazio hori horizontala da lanbide edo jarduera arlo gutxi batzuetan kontzentratzen denean; zuzendaritzako lanpostuetara eta erabakitzeko ahalmena duten karguetara iristeko desparekotasuna dagoenean, berriz, bertikala.

j) Bizitzaren jasangarritasuna: Bizitzaren prozesua ulertzeko bai baliabide materialen beharrak bai zaintza eta maitasun testuinguruen eta harremanen beharrak kontuan hartzen dituen paradigma.

k) Zeharkakotasuna (mainstreaming): Prozesu politikoen antolaketa (berrantolaketa), hobekuntza, garapena eta ebaluazioa, politika guztietan genero berdintasunaren ikuspuntua txertatuta, maila eta etapa guztietan.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Ordenantza honetan Administrazioaren jarduna arautzen duten printzipio orokorrak Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluan jasota daude. Horren arabera, botere publikoek pertsonen eta pertsona taldeen benetako askatasuna eta berdintasuna bermatzeko ekintzak sustatu behar dituzte, eta hori eragozten duten oztopoak ezabatu; halaber, herritarren partaidetza sustatu behar dute bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean.

Bestalde, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak ezartzen du legearen aurrean berdinak izatearen printzipioa, eta debeku dela inolako diskriminaziorik egitea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta.

Aurreko atalean aipatutako berdintasun eraginkorra lortze aldera, Ordenantza honetan jasotako administrazioaren jarduna bat dator botere publikoek, oro har, bete beharreko jardunarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorra lortzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 14. artikulutik 22. artikulura bitartean ezarritakoaren arabera.

2. Aurreko paragrafoan jasotako printzipioak interpretatzeko eta aplikatzeko, kontuan hartuko dira 3/2017 Lege Organikoaren printzipio orokorrak dituzten artikuluetan emandako definizioekin.

3. Printzipio horietan gizon eta emakumeei buruz eginiko erreferentzia simetrikoa gorabehera, gizartean emakume eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren harira, Ordenantza honetan garatuko den udal politikak aintzat hartuko du emakumeen gehiago jasaten dutela, bi sexuei eragiten badie ere.

4. Halaber, arreta jarriko du diskriminaziorako beste zenbait faktoretan, hala nola, adina, klase soziala, nazionalitatea, etnia, dibertsitate funtzionala, sexu eta/edo genero identitatea, sexu orientazioa, egoera administratiboa (emakume migratzaileen kasuan) eta desabantailak eragiten dituzten bestelako inguruabarrak.

II. TITULUA

Toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna

I. KAPITULUA

Egitura eta koordinazioa

I. ATALA

Berdintasunerako udal egiturak

5. artikulua. Berdintasunaren Alorra.

1. Berdintasunaren Alorrak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen du, ekitatea lortu arte. Alor hori arduratzen da berdintasunaren arloko politikak sustatzeaz eta koordinatzeaz, zeinak, edonola ere, Udalaren ekintza esparru guztietan aplikatu behar diren.

2. Berdintasunaren Alorrean diharduten langile politikoen eginkizunak dira honako hauek:

–Berdintasunaren Alorraren izenean jardutea eta beren helburuak zein lana ikusgai egitea.

–Toki Erakundearen plangintza, kudeaketa eta urteko plana ongi ezagutzea.

–Plangintzari buruzko erabakiak hartzea lan programen ebaluazioaren emaitzen arabera.

Berdintasunaren Alorrean diharduten teknikarien eginkizunak dira honako hauek:

–Nafarroako Gobernuko Toki Entitateek berdintasunaren arloan duten plangintza ezagutzea, eta marko gisa erabiltzea Udalaren Berdintasunaren Alorraren urteko plangintza diseinatzeko.

–Berdintasunaren Alorraren urteko plana diseinatzea, koordinatzea eta kudeatzea, bai eta horretatik eratorritako ekintza zehatz guztiak ere.

–Ekintza positiboak definitzea, eta horiek garatzen eta aplikatzen laguntzea.

–Berdintasunaren Alorraren urteko plana ebaluatzea, hobetzen ahal diren alderdiak identifikatzea eta hobekuntza horiek egiteko bideak bilatzea.

–Erantzukizunaren aldetik, beste interes talde batzuei (udal sailetako teknikariei, langile politikoei, emakumeen elkarteei eta/edo elkarte feministei, erakundeei eta abar) aholkuak eta prestakuntza ematea berdintasunaren arloan, Ordenantza honetan ezarritakoa betez.

–Berdintasunaren Alorrak egiten duen lana ezagutaraztea eta ikusgai egitea.

–Beste erakunde eta instituzio batzuekin eta berdintasun alorra duten Toki Erakundeekin koordinatzeko kanalak irekitzea.

–Udalaren partaidetza koordinatu eta erraztea berdintasunaren arloko programetan, udalerriaz gaindikoak eta Europa mailakoak, aurrekontuak eta baliabideak hobetzeko eta hobeki erabiltzeko.

3. Udalak bermatu behar du Berdintasun Alorreko teknikariek prestakuntza egokia dutela; hortaz, ezagutza-eskakizunak ezarriko ditu lanpostu horietan jarduten ahal izateko.

II. ATALA

Berdintasuneko udal politika sustatzeko, kudeatzeko eta koordinatzeko egiturak

6. artikulua. Berdintasun Batzordea.

1. Berdintasun Batzorde Politikoa da Berdintasun Plana arautzen duen organo gorena; bere helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako estrategia aplikatzen dela egiaztatzea, eta horren egokitasuna sustatzea, adostasun politikoa eta erakundeen konpromisoa bermatuz. Horretarako, erabakiak hartzerako orduan, konpromisoa sustatzen du, genero berdintasunak lehentasun politikoa izan dezan, eta gobernatzeko moduaren erdigunean egon dadin.

2. Batzorde hori Udaleko talde politikoetako ordezkariek osatuko dute, horietako bakoitza bere ordezkaritzaren proportzio berean, eta Berdintasunaren Alorrak koordinatuko du. Halaber, aurretiaz gonbidapena jaso duten pertsona edo kolektiboek ere parte hartzen ahal izanen dute.

3. Urtean bi aldiz bilduko dira, gutxienez, berdintasunaren arloko urteko plana onesteko eta hura aplikatzen ari dela egiaztatzeko.

4. Horrez gain, Batzordeko kide gehienek hala eskatzen badute, bestelako bilerak egin daitezke, ezohiko gaiei heltzeko.

7. artikulua. Berdintasunaren Mahai Teknikoa.

1. Berdintasunaren Mahai Teknikoa ere sortu da, hots, Batzordeari laguntza teknikoa emateko talde iraunkorra; gainera, Batzordearen izenean jardun dezake bere eskumenekoak diren gai teknikoei lotuta. Koordinazioko organo egonkorra da, helburu duena Antsoaingo Udalaren Berdintasunerako Ordenantza garatzeko Urteko Estrategia eta Berdintasunerako Planen bideragarritasuna teknikoa bermatzea eta horiek garatzea.

2. Berdintasunaren Mahai Teknikoa osatuko dute Udalaren alorretako arduradunek, eta haiek egonen dira harremanetan Berdintasunaren Alorrarekin. Halaber, Berdintasunaren Alorrak koordinatuko du talde hori.

3. Berdintasunaren Alorreko arduradunarekin adostutako egutegiaren arabera bilduko dira, eta, gutxienez, 3 aldiz urtean.

4. Mahaia, gutxienez, lau hilean behin bilduko da; hala ere, kide gehienek edo Berdintasun Alorrak hala eskatzen badute, bestelako bilerak egin daitezke.

5. Mahai Teknikoak jarraipena eginen du, Antsoaingo Udalean eta bere eragin esparru osoan Ordenantza aplikatzen dela egiaztatzeko.

8. artikulua. Berdintasuna bultzatzea.

Berdintasun Alorraren eginkizunak gorabehera, Udalaren alor guztiek ezabatu behar dute diskriminazioa, bakoitzak bere jarduera esparruan, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu.

9. artikulua. Erakunde arteko partaidetza.

Berdintasunaren aldeko udal politika beste udalerriekin eta erakunde publiko zein pribatuekin modu bateratuan sustatze aldera, udal gobernuak harremana mantenduko du horiekin guztiekin, eta jadanik dauden sareak babestuko ditu; horrez gain, beste sare batzuen partaidetza eta koordinazio formula berriak sustatuko ditu.

10. artikulua. Sareko lana Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasunerako emakume teknikariekin.

Zehazki, Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasunerako emakume teknikarien arteko elkarlana sustatuko du Antsoaingo Udalaren Berdintasun Alorrak.

II. KAPITULUA

Udal organoen ordezkaritza politikoa eta osaketa

11. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak eta enpresa publikoek ordezkaritza eta osaketa orekatua sustatuko dute organo guztietan.

2. Ordezkaritza eta osaketa orekatuak esan nahi du emakumeen eta gizonen arteko presentzia orekatua dela, hau da, sexu bakoitzaren presentzia ehuneko berrogei eta eguneko hirurogei artean egotea.

12. artikulua. Eragindako organoak.

1. Ordezkaritza eta osaketa orekatuak eragina izanen du hauteskunde ondorengo udal gobernuaren eraketan; izan ere, oreka hori mantendu behar da Batzorde guztietan, izendapen askeko edo udal gobernuaren konfiantzako karguetan, partaidetzako kontseilu eta organoetan, eta udaleko gainerako administrazio organoetan.

2. Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren 44 bis artikuluaren arabera, udal hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzetan orekatua izan behar da emakumeen eta gizonen presentzia; hortaz, hautagai-zerrendan sexu bakoitzaren presentzia ehuneko berrogei izan behar da, gutxienez.

3. Ondore horietarako, eta Berdintasunaren Alorraren aldeko txostenarekin, ez da derrigorrezkoa izanen presentzia orekatuaren irizpidea aplikatzea honako kasu hauetan:

a) Udal organo horren jarduera esparruan sexuren baten presentzia %40tik beherakoa denean. Kasu horretan, presentzia txikia duen sexuak jarduera esparru horretan duen presentzia izan behar du gutxienez, hurrengo ataletan deskribatu den egoeraren bat dagoenean salbu.

b) Emakumeen presentzia %60tik gorakoa denean, baina gehiegizko presentzia hori aurretik, erabakiak hartzeko eremuetan gutxietsita egon izanaren ondorioz, jasan duten desoreka historikoa zuzentzeko baliagarritzat jotzen denean.

c) Organo horretako kide izateko ahalmen, gaitasun eta prestakuntza egokia ez duten gizon edo emakume nahikorik ez dagoenean, edo, daudenean ere, ez dutenean kide izan nahi, edo gainkargari aurre egiten ahal ezin diotenean.

d) Kideak karguaren arabera izendatzen dituzten administrazio organoen kasuan, eta/edo izendapen hori hainbat erakundek batera egiten dutenean. Kasu horretan, erakunde berberak izendatutako kideen artean mantendu behar da emakumeen eta gizonen arteko oreka, aurreko ataletan deskribatutako egoerak daudenean salbu.

III. KAPITULUA

Prestakuntza eta trebakuntza tekniko zein politikoa zeharkakotasunaren estrategia txertatzeko

13. artikulua. Xedapen orokorra.

Administrazioaren jardunean generoaren ikuspegia modu eraginkorrean txertatzeko, udal gobernuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko oinarrizko prestakuntza progresibo eta iraunkorra emanen die bere langileei. Halaber, Berdintasunaren Alorreko langile guztiek prestakuntza eta gaitasun egokia dutela bermatuko du.

14. artikulua. Neurriak.

Aurreko artikuluan betetze aldera, udal gobernuak, Berdintasunaren Alorraren aholkularitzarekin, neurri hauek hartuko ditu, gutxienez:

1. Langileek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz duten prestakuntza maila ebaluatzea, bai eta erantzukizun politikoa duten langileen sentikortasun maila ere. Ebaluazio edo diagnostiko hori legegintzaldi bakoitzaren lehen urtean eginen dira.

2. Diagnostikoaren arabera, langileentzako prestakuntza planak prestatzea eta martxan jartzea, eta erantzukizun politikoa duten langileentzako sentikortasun planak ere bai. Prestakuntza plan horiek Udalaren Prestakuntza Plan orokorraren barnean sartuta egonen dira.

3. Langileen ordutegiak egokitzea, eta berdintasunaren esparruko prestakuntzarako erabili duten denbora aintzat hartzea.

IV. KAPITULUA

Berdintasunaren printzipioari lotutako lan- eta administrazio-prozedurak

I. ATALA

Antsoaingo Udalaren Berdintasunerako Plana

15. artikulua. Xedapen orokorra.

Berdintasunerako Plana izeneko agiriak udal politikaren bilakaera islatzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, eta Ordenantza hau du oinarri.

16. artikulua. Esku hartzeko arloak.

1. Berdintasunerako Planean jarduketa neurriak garatuko dira Ordenantza honetan bilduta dauden esku hartzeko arloetan, bai eta interesgarriak izan daitezkeen arlo beste batzuetan ere.

2. Edonola ere, Planaren barnean berezko garrantzia izanen dute jarraian adierazita dauden eremuetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea helburu duten neurriak:

a) Gobernamendua eta berdintasunaren aldeko konpromiso politikoa.

b) Emakumeen ahalduntzea eta balioen aldaketa.

c) Zaintzak eta erantzunkidetasuna ezinbesteko elementutzat hartzea bizitzaren jasangarritasunerako.

d) Emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitza udalerri seguruan.

17. artikulua. Berdintasunerako Ordenantza garatzeko Urteko Estrategia.

1. Berdintasunaren Mahai Teknikoak konpromisoa hartu du urtero, urte hasieran, Berdintasunerako Ordenantza garatzeko Estrategia diseinatzeko, koordinatzeko eta sustatzeko.

2. Antsoaingo Udalaren arlo eta enpresa publiko guztiek egin behar dute estrategia horren jarraipena eta ebaluazioa.

II. ATALA

Berdintasuna udal politika guztietan txertatzea

18. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna dagoela bermatu behar dute lanpostuen definizioan, sarbidean, sailkapen profesionalean, igoeran, prestakuntzan, laneko osasunean, soldatetan eta laneko eskubideetan; horrenbestez, inor diskriminatzen ez duten baldintza duinak bermatu behar dituzte lanean.

2. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek Ordenantza honetan jasotako neurriak hartuko dituzte, eta, oro har, honako hau eginen dute:

a) Langileei buruzko politika aztertuko dute generoaren ikuspegitik.

b) Beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte langileen kudeaketan berdintasunaren printzipioa betetzen dela bermatzeko.

c) Lan-eskubideen hobekuntza sustatuko dute berdintasunaren ikuspegitik.

19. artikulua. Barruko Berdintasun Plana.

1. Neurri horiek martxan jartzeko, lehenengo diagnostikoa eginen da udal mailan, berdintasunaren esparruko helburuak zein neurritan erantsi diren ikusteko. Diagnostiko horretan, pertsonen kudeaketa, sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa eta ordezkaritzan dagoen oreka aztertuko dira.

2. Berdintasunerako Barne Plan bat diseinatu eta martxan jarriko da, udaleko langileei zuzendua, Ordenantza hau onetsi eta urtebeteko epean diagnostikoan hautemandako beharrei erantzuteko.

3. Langileek ere lagunduko dute Berdintasunerako Barne Plan hori prestatzen, eta berdintasunean adituak diren teknikarien laguntza ere aintzat hartuko da.

4. Plan hori urtero ebaluatuko da.

20. artikulua. Sarbidea eta langileen hautaketa.

Hautaketa prozesuetan berdintasuna dagoela bermatzeko, eta kontratatzen diren langile berriek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko prestakuntza egokia dutela, Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek honako neurri hauek hartuko dituzte:

1. Berdintasunari buruzko edukiak txertatu gai-zerrendan, bai eduki orokorrak bai eta lanpostu jakin horrekin lotura duten eduki zehatzak ere.

2. Auzitegi eta epaitegi guztietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea, behar bezala arrazoitutako kasuetan salbu.

3. Emakumeek edozein lanpostu eta mailatan jardutea sustatzea, segregazio horizontala nahiz bertikala ezabatze aldera.

21. artikulua. Barne-igoera.

Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek, igoera prozesuetan, zeharkako diskriminazioa saihesteko mekanismoak aplikatuko dituzte, segregazio bertikala eta horizontala saihesteko.

22. artikulua. Ordainsariak.

Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek langileen artean dauden soldata arrakalak identifikatuko dituzte, eta generoaren araberako desberdinkeriak ezabatuko; hala, politika berdinzalea aplikatuko dute, bai lanpostuen balorazioan bai lansarien politikan.

23. artikulua. Laneko osasuna eta segurtasuna.

Laneko osasuna eta segurtasunari lotuta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eraginkorra izan dadin, Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek honako neurri hauek hartuko dituzte:

1. Generoaren ikuspegitik lan-baldintzetan, laneko arrisku psikosozial, ergonomiko eta higienikoekiko esposizioan eta osasunean dauden desorekak aztertu, eta horien prebenitzeko mekanismoak aplikatu.

2. Langileen osotasun fisiko zein psikikoa arriskuan jartzen ez duen lan giroa sortu eta mantendu.

3. Lanpostu bakoitzean dagoen baja maiztasuna aztertu, lanak eragindako kalteek sexuarekin loturarik ez dutela egiaztatzeko.

4. Laneko gaixotasunei buruzko ikerketak sustatu, generoaren ikuspuntutik.

5. Emakume haurdunen osasuna babestea, bai haurdunaldian bai eta edoskitzaroan ere.

6. Gizonen erantzunkidetasuna sustatzea haurren zaintzan eta laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko prozesuan.

7. Langileei prestakuntza ematea laneko arriskuen prebentzioan, generoaren ikuspegitik.

24. artikulua. Sexu jazarpenik eta sexuagatiko jazarpenik gabeko lan giroa.

1. Antsoaingo Udalak, bere enpresa publikoek eta bertan lan egiten duten pertsona guztiek, ordezkariak barne, konpromisoa hartu dute sexu jazarpenik eta sexuagatiko jazarpenik gabeko lan giroa sustatzeko.

2. Konpromiso hori betetzen dutela egiaztatzeko, Sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena saihesteko protokoloa jarri zen martxan. Horren aplikazio esparrua eta bilakaera Ordenantza honen II. eranskinean jaso dira.

III. ATALA

Genero eraginari buruzko txostenak

25. artikulua. Xedapen orokorra.

Generoaren eraginaren helburua da arauzko xedapenek edo politika publikoek emakume eta gizonengan izan ditzaketen ondorioak identifikatzea eta baloratzea, bereiz.

26. artikulua. Genero eraginari buruzko txostenak prestatzearen egokitasuna.

1. Antsoaingo Udalak edo bere enpresa publikoek prestatutako arau, plan eta programetan derrigorrezkoa da genero eraginari buruzko txostenak egitea; horietan, datuak emanez, objektiboki eta behar bezala arrazoituta jaso behar dira arau, plan eta programa horiek martxan jartzeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean izanen dituen ondorioak.

2. Horrez gain, genero eraginari buruzko txostena egin beharko da Udalaren urteko aurrekontuetan.

27. artikulua. Genero eraginari buruzko txostenak prestatzeko prozesua.

Hona hemen genero eraginari buruzko txostena prestatzeko faseak:

1. Araua, programa edo plana sustatu duen alorrak prestatuko du genero eraginari buruzko txostena. Horretarako, datu estatistiko ofizialak erabiliko ditu, arauaren, planaren edo programaren eduki eta helburuarekin alderatuta emakumeak eta gizonak zein egoeratan dauden ikusteko.

2. Araua, programa edo plana bidaliko zaio, genero eraginari buruzko txostenarekin batera, Berdintasunaren Alorrari, dagokion justifikazioarekin.

3. Berdintasunaren Alorrak, arauzko proiektua, programa edo plana eta txostena aztertu ondoren, beharrezkotzat jotzen badu, iruzkinak bidaliko dizkio udalean hura sustatu duen alorrari, arauzko proiektua, programa edo plana indarrean dagoen berdintasunari buruzko legediak ezarritakoari egokitzeko egin beharreko zuzenketekin.

4. Udaleko alor sustatzaileak proposatutako aldaketa eginen ditu, genero arrakala negatiboa zuzentzeko eta murrizteko, eta, horrenbestez, berdintasunaren alde egiteko.

5. Genero eragina positiboa bada, udaleko alor sustatzaileak txostenean bilatuko ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzen laguntzen duten neurri, ekintza edo alderdiak jasotzen dituzten arauzko proiektuaren artikuluak edo plan zein programaren eduki zehatzak.

6. Arauak, planak edo programak genero eraginik ez duela uste bada, ez da nahikoa izanen txostenean edukiak neutroak direla adieraztea eta, ondorioz, ez duela ez berdintasunaren ez aurka egiten; izan ere, justifikatu behar da zergatik ez duen eraginik emakumeen eta gizonen baldintza pertsonal eta sozialetan, eta, ondorioz, zergatik ez duen ekarpenik egiten berdintasunaren bidean. Halaber, erabiltzen den hizkerak berdintasunaren printzipioa bete behar du, hau da, hizkera baztertzailea eta emakumeak nahiz gizonak diskriminatzen dituzten hitzak erabili gabe.

7. Berdintasunaren Alorrak argibideak emanen dizkie udaleko beste alorrei, zehazki, txostenak prestatu behar dituzten langileei, araua, plana edo programa emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasunei buruzko araudiarekin bat datorren egiaztatzeko, eta zein mailatan.

8. Era berean, Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek konpromisoa hartu dute genero eraginari buruzko txostenak prestatuko dituzten langileei prestakuntza egokia emateko, Urteko Prestakuntza Planaren barnean, Ordenantza hau indarrean sartu eta urtebeteko epean.

IV. ATALA

Generoaren ikuspegia kontratazioan

28. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta eskatuko dute kontratazio publikoetan.

2. Antsoaingo Udalaren Berdintasunaren Alorrak konpromisoa hartu du kontratuaren baldintza partikularretan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko irizpideak txertatzen laguntzeko; hala, aholkuak emanen dizkio Antsoaingo Udalaren barnean gobernu erantzukizunak dituen eta kontratazio prozeduretan esku hartzen duen pertsona orori, zuzendari zein teknikariei.

3. Era berean, Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek konpromisoa hartu dute lizitazio publikoak egiten dituzten langileei prestakuntza egokia emateko, Ordenantza hau indarrean sartu eta urtebeteko epean.

29. artikulua. Neurriak.

Esleipena egiteko baremoan, gutxienez %5ek lotura izanen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuneko irizpideekin.

30. artikulua. Betebeharrak.

Antsoaingo Udalarekin edo bere enpresa publikoekin kontratua sinatzen duten pertsona edo entitateek neurriak hartu behar dituzte, derrigor, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko honako esparru hauetan.

1. Hizkera eta irudi ez sexistak kontratatutako programak, proiektuak edo jarduerak sustatzeko prestatzen diren kartel, testu eta dokumentuetan.

2. Generoaren ikuspegia txertatu kontratatutako programa, proiektu eta jardueretan.

3. Sexuagatik zuzeneko zein zeharkako diskriminazioa eragiten ez duen programa, proiektu edo jarduerarik ez prestatzea.

4. Sexuaren arabera banandutako estatistikak prestatu.

V. ATALA

Generoaren ikuspegia dirulaguntza eta hitzarmenetan

31. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek, dirulaguntzak ematerako orduan, generoaren ikuspegia barne hartuko dute irizpideen artean, bai aurkeztutako eskaintzan bai diruz lagundu nahi den proiektu edo jardueran.

2. Halaber, hitzarmenak baloratzerako orduan, generoaren ikuspegia barne hartuko dute irizpideen artean, bai aurkeztutako eskaintzan bai hitzarmenari lotutako proiektu edo jardueran.

3. Antsoaingo Udalaren Berdintasunaren Alorrak konpromisoa hartu du dirulaguntzen oinarrietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko irizpideak txertatzen laguntzeko; hala, aholkuak emanen dizkio Antsoaingo Udalaren edo bere enpresa publikoen barnean gobernu erantzukizunak dituen eta dirulaguntzen emakidan esku hartzen duen pertsona orori, zuzendari zein teknikariei.

32. artikulua. Neurriak.

1. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek ez dute lizentzia, laguntza zein dirulaguntzarik emanen sexuagatik diskriminatzaileak diren jardueretarako, sexuen arteko desorekak zuzentzea helburu duten ekintzetarako izan ezik; halaber, ez dizkie arestian aipatutakoak emanen sexu diskriminazioagatik administratiboki nahiz penalki zigortuak izan diren pertsona fisiko zein juridikoei, zigor epea iraungi arte.

2. Elkarte, erakunde zein kolektibo eskatzaileei dirulaguntzak ematerako orduan, irizpideetako bat izanen da elkarte, erakunde zein kolektiboak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin hartua duen konpromisoa, bai horien zuzendaritza organoetan bai diruz lagundu nahi dituzten ekintzetan.

33. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.

Udalarengandik dirulaguntza jaso duten edo harekin hitzarmena sinatu duten pertsona eta entitate guztiek, gaia eta emakida-prozedura edozein direla ere, betebehar hauek dituzte:

1. Kontratatutako programak, proiektuak edo jarduerak sustatzeko prestatzen diren kartel, testu eta dokumentuetan hizkera eta irudi sexistarik ez erabili.

2. Generoaren ikuspegia txertatu dirulaguntza jaso duten programa, proiektu eta jardueretan.

3. Sexuagatik zuzeneko zein zeharkako diskriminazioa eragiten ez duen programa, proiektu edo jarduerarik ez prestatzea.

4. Sexuaren arabera banandutako estatistikak prestatzea.

VI. ATALA

Plangintza eta aurrekontuaren ebaluazioa

34. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa txertatuko du aurrekontuetan. Horretarako, Ordenantza honetan ezarri diren neurriak martxan jartzeko baliabide ekonomikoak zehaztuko ditu urtero.

2. Halaber, urteko aurrekontuaren %1, gutxienez, zuzenduko du genero berdintasunari buruzko proiektuetara, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzeko helburuarekin. %1 hori handitu daiteke, baina inoiz ez murriztu.

3. Berdintasunaren Alorrak, gainera, partida berezia izanen du aurrekontuan, bere eginkizun guztiak betetzeko nahikoa eta egokia.

4. Horrez gain, sarreren eta gastuen politiken diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan, kontuan izanen ditu emakumeen eta gizonen baldintzen, egoeren eta beharren arteko desberdintasunak.

5. Udalaren askotariko arloetako gastuen aurrekontuei lotuta kudeaketa zein koordinazio lana egiten duten edo horien exekuzioan erantzukizunik edo eraginik duten pertsonek zaindu behar dute gastua generoaren ikuspegia edo ikuspuntua eta berdintasunaren printzipioa betez egiten dela, sexuagatiko zuzeneko nahiz zeharkako diskriminazioa saihestuz.

VII. ATALA

Informazioaren kudeaketa eta komunikazio politika

35. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 3/2007 Lege Organikoaren 28. artikuluan ezarritakoa gorabehera, Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek erabilera ez sexista sustatuko dute informazio, komunikazio eta idatzizko agirietan, bai eta ikonografian eta euskarrietan (irudiak, web orria, txatak...) ere, Udalak berak prestatuak zein beste pertsona fisiko edo juridiko bati eskatutakoak izan.

2. Horrez gain, emakumeen presentzia bultzatuko da bizitza sozial, politiko, kultural eta ekonomikoan.

3. Halaber, aurreiritziak saihestu eta prebenituko ditu, bai eta sexu baten zein bestearen gehiagotasuna edo gutxiagotasuna edota estereotipatutako rol maskulino eta femeninoak islatzen dituzten esamoldeen eta irudien erabilera ere.

4. Era berean, emakumeak eta gizonak modu berdintsuan tratatzea sustatuko da, haien protagonismoa eta balorazioa parekoak direla bermatuz, idatziz zein ahoz emandako informazioan, ikonografian, publizitatean eta barneko zein kanpoko komunikazioetan.

5. Kalean esamolde matxistak dituzten edo ekintza matxistak erakusten dituzten materialak kenduko dira.

36. artikulua. Aldi baterako aholkularitza.

Informazioan, komunikazioetan eta ikonografian erabilera ez sexista edo estereotipo sexistarik ez erabiltzea zer den argitzeko, Antsoaingo Udalean eta bere enpresa publikoetan Berdintasunaren Alorra arduratuko da teknikari eta langile politikoei aholkularitza emateaz. Hala, udaleko alorrek urtebeteko epea dute, Ordenantza hau argitaratzen den egunetik aurrera, aholkularitza zerbitzu hori eskatzeko, eta materialak (agiriak, euskarriak eta abar) prestatu dituen alorraren ardura izanen da horiek gainbegiratzea edo berrikustea.

37. artikulua. Neurriak.

1. Informazio, komunikazio eta ikonografia ez sexistak sustatzeko eta estereotipoetan oinarritutako jokabideak saihesteko, Antsoaingo Udalak, Berdintasunaren Alorrak eskatuta, kontzientziazio kanpainak jarriko ditu martxan, ikastaroak bultzatuko ditu, eta aholkularitza emanen die halakorik eskatzen duten udal elkarte, erakunde eta entitateei.

2. Udalaren sail batetik bestera edota beste Administrazio Publikoren bati bidalitako informazio, komunikazio, ikonografia eta bestelako agirietan hizkera ez sexista erabiliko da.

3. Hizkera sexista saihestuko da udalaren jabetzakoak diren elementu guztietan.

VIII. ATALA

Udalaren azterlanak eta estatistikak

38. artikulua. Xedapen orokorra.

Ordenantza honetako arauak benetan gauzatzeko eta generoaren ikuspuntua ohiko jardueran benetan txertatzeko, Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek, bere eskumenen baitan, honako hauek egin beharko dituzte:

1. Sexu-aldagaia sistematikoki sartzea estatistiketan, inkestetan eta datu-bilketetan.

2. Estatistika-eragiketetan adierazle berriak erabiltzea, ahalbidetuko dutenak hobeki ezagutzea emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak honako hauetan: baloreak, eginkizunak, egoerak, baldintzak, asmoak eta beharrizanak.

III. TITULUA

Emakumeen ahalduntzea eta balioen aldaketa

I. KAPITULUA

Emakumeen autonomia ekonomikoa

I. ATALA

Emakumeen egoera eta enplegua

39. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udalak eta bere enpresa publikoek konpromisoa hartu dute emakumeek toki garapenean duten garrantzia ezagutarazteko, ikusgai egiteko, azpimarratzeko eta zabaltzeko.

2. Harreman iraunkor eta arinak bultzatuko dira jarduera ekonomiko eta enpresariala sustatzen laguntzen duten tokiko eragileekin, emakumeek arlo horretan dituzten baldintzak hobetze aldera.

3. Udalak eta bere enpresa publikoek emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko jarduerak eta programak martxan jartzen lagunduko dute.

4. Halaber, emakumeei kalitateko lanpostuak emateko konpromisoa hartzen duten enpresak sarituko ditu, eta, bestalde, modu autonomoan laneratzea erabakitzen duten emakumeak babestu eta animatuko ditu.

II. KAPITULUA

Partaidetza eta eragin politikoa

I. ATALA

Partaidetza udalerriko bizitza politiko eta zibilean

40. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo biztanleek, bai emakumeek bai gizonek, eskubidea dute gobernuan eta bizitza publikoan baldintza berdinetan parte hartzeko.

2. Udalak konpromisoa hartu du egun emakumeek udalerrian duten partaidetza diagnostikatzeko eta sakon ikertzeko, udalerriko gaietan beren partaidetza mugatzen duten arrazoiak ezagutze aldera.

3. Halaber, Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, oztopo horiek ezabatzeko bideak bilatuko ditu, emakumeen partaidetza bermatzeko, bakarka zein taldeka; gainera, egokia bada, partaidetzari buruzko prestakuntza sustatu, espazio egokiak eskaini eta neurriak martxan jarriko ditu, partaidetza prozesuak bere behar praktikoetara eta interesa estrategikoetara egokitzeko.

III. KAPITULUA

Hezkuntza eta hezikidetza

41. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udala eta bere enpresa publikoak, Berdintasunaren Alorraren bitartez, hezkuntzaren, prestakuntzaren eta pertsonen sozializazioaren arloan diharduten erakundeekin egonen dira harremanetan, izan ere, ezinbestekoak dira berdintasunean oinarritutako balioak, ereduak eta erreferenteak sustatzeko.

2. Harreman iraunkor eta arina izanen du udalerriko eskolarekin lotura duten pertsonekin (irakasleak, gurasoak, ikasleak eta abar) eta prestakuntzaren arloko beste organo edo entitateekin; hala, beharrak hautemanen ditu, eta diagnostiko partekatua prestatu, udalerrian berdintasunaren kultura garatzeko.

3. Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, elkarlaneko ekimenak diseinatu eta martxan jarriko ditu, eskolekin eta prestakuntzaren arloko entitateekin, berdintasunaren balioak sustatzeko.

4. Berdintasunaren alde sentikortzeko kanpaina guztiak udalerriko eskolen eta prestakuntzaren arloko entitateen bidez zabalduko dira, kasuan kasuko entitate publikoen laguntzarekin.

5. Udalak eta bere enpresa publikoek hezikidetzaren eredua bermatuko dute beren ardurapeko hezkuntza formalean eta ez formalean: 0-3 zikloa, Musika eskola...

IV. KAPITULUA

Sexu eskubideak eta aniztasuna

42. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak onartzen du pertsona orok, beren orientazio sexuala, genero adierazpena eta sexu- edo genero-nortasuna edozein direla ere, oinarrizko eskubide eta giza eskubide unibertsal guztiak dituztela.

2. Hori dela eta, Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek diskriminatua ez izateko eskubidea babestuko dute, pertsonaren, bere familiaren edo talde sozialaren orientazio sexuala, genero adierazpena eta sexu- edo genero-nortasuna edozein direla ere.

3. Antsoaingo Udalaren Berdintasunaren Alorrak kanpainak sustatuko ditu emakume homosexualek, bisexualek eta transexualek jasaten duten diskriminazioa ezabatzen laguntzeko.

V. KAPITULUA

Ohitura osasungarriak, jarduera fisikoa eta kirolean parte hartzea

43. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek elkarlana sustatuko dute, udal mailan, kirolaren arloko eragileekin, kirolean (aisialdikoa zein lehiaketak) emakumeen aurkako diskriminazioa dagoen kasuetan esku hartzeko; hala, besteak beste, honelako egoerak egon daitezke: egungo eskaintza beren interesekoa ez izatea; neskato zein emakume kirolarien inguruko arrazoi kulturalak edo hezkuntzari lotutakoak; komunikabideetan emakume kirolari gutxi aipatzea; edo kirola egiteko denbora libre gutxiago izatea.

2. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek emakumeen eta gizonen arteko oreka mantentzen lagunduko dute kirolaren esparruan, objektiboki hauteman denean emakumearen aurkako diskriminazioa dagoela (kirolariak, zuzendariak, arbitroak, boluntarioak eta abar).

3. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek medikuek eta kirolaren arloko organismo ofizialek gomendatzen duten ariketa fisikoa sustatuko dute adin orotako emakumeen artean, bate ere eskola-adineko eta pertsona nagusien artean.

4. Antsoaingo Udalak edo bere enpresa publikoek antolatutako edo haiek emandako dirulaguntzarekin antolatutako torneo, lehiaketa eta txapelketetan emakumeen eta gizonen arteko partaidetza orekatua sustatuko da.

5. Antsoaingo Udalak edo beren enpresa publikoek ematen dituzten sari,, ohore eta dirulaguntzen onuradunak emakumeak eta gizonak izanen dira, horien kopurua ahal bezain orekatua izanen da.

44. artikulua. Osasunaren sustapena.

1. Antsoaingo Udalak eta beren enpresa publikoek, osasuna sustatzeko jardueretan, emakumeen osasuna hobetzen lagunduko dute, emakumeek beren buruaren gaineko kontrol handiagoa izateari esker. Horien artean, hezkuntzako, prebentzioko eta osasuna sustatzeko ekintzak sartzen dira, zeinetan herritarrek bizimodu eta politika osasuntsuen aldeko jarrera erakusten duten; hala, ahalduntzearen eta babes sozialaren bitartez, osasuntsuago bizi daitezke.

2. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek, beren eskumenak erabiliz –Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren osasunaren arloko plan eta gidalerroen baitan–, konpromisoa hartu dute Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Pediatria zerbitzuekin harremanetan egoteko eta elkarlanean aritzeko, bai eta emakumeen osasun afektibo-sexuala eta ugalketakoa hobetzen laguntzen duten osasun zerbitzuekin ere; horretarako, arreta berezia emanen die ahultasun egoeran dauden emakumeei.

3. Gazteriaren eta Berdintasunaren udal zerbitzuek modu bateratuan egiten dute lan Antsoaingo gazteei hezkuntza afektibo-sexuala eta ugalketakoa emateko planen diseinuan eta garapenean, sexualitatea modu askean bizi behar dela transmititzeko, aurreiritzirik eta estereotiporik gabe, norberak erabakitzen duenaren arabera, bera baita bere gorputzaren eta sexualitatearen arduraduna.

VI. KAPITULUA

Kultura eta sorkuntza

45. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna babestuko dute –tratuan eta aukeretan– lan artistiko eta intelektualen esparruan, bai eta lan horien hedapenean ere.

2. Antsoaingo Udalak tokiko politika kulturala berrikusiko du, generoaren ikuspegitik, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu emakumeek kulturan duten partaidetzari lotuta hautematen dituen gabeziak zuzentzeko (sorkuntzan, erakusketan, hedapenean zein kontsumoan).

3. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek, halaber, bermatu behar dute politika kulturalari lotutako edukietan mezu edo irudi sexistarik ez dagoela, eta programetan generoaren ikuspegia aintzat hartu dela.

46. artikulua. Udalerriaren memoria.

Udalerriaren memoriak garrantzia handia du, nortasuna ematen baitio udalerriari. Hori dela eta, Berdintasunaren Alorraren bitartez, ekimenak sustatuko dira emakumeek udalerriaren historian eta garapenean izan duten garrantzia azpimarratzeko, eta pixkanaka haien presentzia areagotuko da udalerriaren imajinarioan, adibidez, plaza, parke, eraikin, monumentu eta bestelako elementu sinbolikoei beren izena jarriz.

47. artikulua. Memoria historikoa.

Antsoaingo Udalak generoaren ikuspegia txertatuko du esparru honetako ekintza guztietan; gainera, lanean jardungo da emakumeen protagonismoa eta ekarpenak aintzat hartzen dituzten beste entitate eta elkarteekin.

VII. KAPITULUA

Festak

48. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udalak egiaztatuko du festetako espazio guztietan berdintasuna eta ekitatea errespetatzen direla.

2. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek konpromisoa hartu dute festetan emakumeen partaidetza sustatzeko.

3. Gainera, lehentasuna emango dio festetan eraso sexistak ezabatzeari, eta, horretarako, modu koordinatu eta koherentean jardungo da halakorik gertatzen denean.

4. Eraso sexistak prebenitzeko kanpainak antolatuko ditu.

49. artikulua. Jarduera esparrua.

Eraso sexisten aurrean jarduteko esparrua festetan eraso sexisten aurka jarduteko protokoloa da (Ordenantza honen III. eranskinean).

50. artikulua. Prebentzio kanpaina.

Hona hemen prebentzio kanpainaren helburu orokorrak:

a) Festetan eraso sexistak ezabatzeko Udalak hartu duen konpromisoari heltzea.

b) Herritarrak ere kontzientziatzea, udalerriak bere osotasunean eraso sexisten kontra jardun dezan.

c) Udalerria espazio aske eta segurua izan dadila emakumeentzat.

d) Herritarrei jakinaraztea zer nolako baliabideak dituzten eskuragarri festetan gertatzen diren eraso sexistak salatzeko.

e) Eraso sexistarik gertatuz gero, erakunde eta herritarrek erantzun koordinatua ematea.

VIII. KAPITULUA

Garapenerako lankidetza

51. artikulua. Xedapen orokorra.

Udalak egiaztatuko du bere partaidetza duten garapenerako lankidetzako proiektu guztietan generoaren ikuspegia eta jasangarritasunaren ikuspuntua txertatu direla, modu koherente, oso, barne-hartzaile eta zeharkakoan, eta fase guztietan.

IV. TITULUA

Bizitzaren eta lurraldearen jasangarritasuna

I. KAPITULUA

Ekoizpena eta ugalketa, zaintzen errebalorizazioa

52. artikulua. Xedapen orokorra.

Antsoaingo Udalak neurriak hartuko ditu honako helburu hauekin:

1. Langileei laguntzea laneko eta familiako bizitza bateragarri egiten, betiere emakumeak ahalduntzearen ikuspuntutik, eta zaintza lanetan gizonen partaidetza sustatuz.

2. Antolakuntzan aldaketak egitea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta bizitzaren zaintza erdigunean kokatzeko.

3. Bere ardurapeko langileen amatasun eta aitatasun baimen besterenezinak orekatzeko ekintzak bultzatzea.

4. Langileen ordutegiarekin eta lan egiteko espazioarekin malgua izatea, emakumeak ahalduntzearen ikuspuntutik, eta zaintza lanetan gizonen partaidetza sustatzea.

5. Udalari zerbitzuak ematen dizkieten enpresetan antolakuntzan aldaketak sustatzea, emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortze aldera laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteari eta erantzunkidetasunari dagokienez.

6. Antsoainen egoitza duten edo diharduten enpresetan antolakuntzan aldaketak sustatzea, emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortze aldera laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteari eta erantzunkidetasunari dagokienez.

II. KAPITULUA

Inguru bizigarri, jasangarri eta segurua

I. ATALA

Jasangarritasunaren aldeko estrategia

53. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak konpromisoa hartu du jasangarritasunaren alde, alegia, egungo belaunaldiak gizarteari, ekonomiari, kultura aniztasunari eta ingurumen osasuntsuari lotuta dituen beharrei erantzuteko prozesuaren alde, betiere etorkizuneko belaunaldiei kalte egin gabe, Garapen Jasangarriari buruzko Johannesburg-eko Aitorpenak (2002) dioen bezala. Zentzu horretan, genero berdintasuna garapen iraunkorraren barnean dago eta, aldi berean, garapen iraunkorraren helburu da, baita aldez aurreko baldintza ere.

2. Antsoaingo Udalak generoaren ikuspegia txertatuko du konpromiso horri heltzeko martxan jartzen dituen ekimen guztietan. Horretarako, Berdintasun Zerbitzuak Tokiko Agenda 21 izanen du lagun, hori baita udalaren jasangarritasunaren aldeko estrategia biltzen duena, eta esparru horretan diharduten beste entitate eta erakunde batzuekin ere lan eginen du.

II. ATALA

Hirigintza plangintza eta etxebizitza

54. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Udalak generoaren ikuspegia txertatuko du espazioa eta lurra erabiltzeko politikak eta planak garatzerako orduan, udalerrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko baldintzak sortze aldera.

2. Udalak funtzio anitzeko hirigintza sustatuko du (hirigintza zonifikatua eta funtzio bakarreko hirigintzaren ordez), irisgarritasuna eta barrera arkitektonikoak desagertzea sustatuz, bateratzea errazten duten zerbitzuen eta ekipamenduen kokapen estrategikoa ziurtatuz, edo ekipamenduen eta zerbitzuen ordutegiak bateratze beharretara egokituz.

3. Antsoaingo Udalak aitortzen du kalitateko etxebizitza duina izatea pertsonen eta beren familien ongizatea bermatzeko oinarrizko beharretan oinarritutako eskubidea dela.

4. Halaber, aitortzen du bai emakumeek bai gizonek eskubide hori erabiltzen ahal izateko aintzat hartu behar direla emakumeek dituzten zailtasun nagusiak eta behar bereziak.

55. artikulua. Arreta eta babesa.

1. Antsoaingo Udalak kontuan hartuko ditu zenbait alderdi, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko eremu aske eta seguruak sustatzen dituztenak: argiztapena, oinezkoentzako bideen luzera, autobus geltokirainoko edo garajerainoko distantzia, sarbide mota, plazen eta lorategien konfigurazioa, eta antzekoak.

2. Legegintzaldi bakoitzean herriaren mapa prestatuko du, emakumeen ustez seguruak ez diren lekuak hobetzeko.

III. ATALA

Mugikortasuna eta garraioa

56. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Mugikortasuna ezinbestekoa da emakumeek eta gizonek udalerrian hainbat eskubide eta zerbitzu erabiltzen ahal izateko.

2. Antsoaingo Udalak generoaren ikuspegia txertatuko du mugikortasuna hobetzea helburu duten diagnostiko, ekintza, programa edo plan guztietan.

3. Zehazki, Antsoaingo Udalak bermatu behar du garraio publikoak pertsonen ongizaterako ezinbestekoak diren eguneroko beharrei erantzuten diela; hala, lortu behar du garraio publikoak, ekoizpen laneko (soldatapeko lana) beharrei ez ezik, etxeari lotutako beharrei ere (zaintza eta hornidura) erantzuteko funtzionatzen duela.

4. Antsoaingo Udalak emakumeen partaidetza sustatuko du garraio publikoari lotutako diseinuan, plangintzan, kudeaketan eta erabakietan, haiek batira, egun, gehien erabiltzen dutenak.

IV. ATALA

Ingurumena

57. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak aintzat hartuko ditu bai emakumeen bai gizonen behar zehatzak, eta belaunaldien arteko solidaritatearen printzipioari helduko dio.

2. Horrez gain, herritarrak kontzientziatuko ditu kontsumo jasangarriaren garrantziaz, kontuan hartuta emakumeen eta gizonen errealitatea ez dela berdina eta, hortaz, kasuan kasuan egokiak diren mezuak, formatuak eta kanalak erabili behar direla.

3. Uraren eta energiaren kontsumoari eta etxean sortzen den zaborraren kudeaketari dagokienez, Udalak erantzunkidetasuna sustatuko du, herritarrak kontzientziatzeko, etxean modu arduratsuan jardun dezaten.

4. Udalak generoaren ikuspegia txertatuko du klima aldaketa gutxitu eta hartara egokitzeko estrategiak ikertu, analizatu, diseinatu eta abian jartzeko lanetan, bai eta erabaki politiko eta teknikoak hartzeko prozesuetan ere, eta ikusgarritasuna emanen diete gertaera horrek gure ingurunean nahiz beste lurralde batzuetan dituen inpaktu desberdinei.

V. TITULUA

Emakumeen kontrako indarkeria

I. KAPITULUA

Marko orokorra

58. artikulua. Xedapen orokorra.

Ordenantza honen ondoreetarako, emakumeen kontrako indarkeriatzat jotzen da Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean jasotakoa.

59. artikulua. Jarduketaren marko orokorra.

Emakumeen eta beren seme-alaben kontrako indarkeriaren arazo larriari aurre egiteko, Antsoaingo Udalak, bere eskumenen baitan, honako araudi hauetan ezarritakoa beteko du: Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea; 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren aurka Osoko Babesa emateko Neurriei buruzkoa; 9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa; Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko udal protokoloa (2011) eta Festetan eraso sexisten aurka jarduteko protokoloa (2018).

60. artikulua. Arreta oso eta koordinatua izateko eskubidea.

Indarkeria jasan duten emakumeek arreta oso eta pertsonalizatua izateko eskubidea dute; hala, indarkeriaren egoerak eragindako behar guztiak aztertu eta, biktimaren egoera pertsonal eta sozialaren arabera, baliabide egokiak eskainiko zaizkio.

II. KAPITULUA

Prebentzioa eta sentsibilizazioa

61. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek, banaka zein beste erakunde batzuekin elkarlanean, kanpainak bideratuko dituzte herritarrak sentsibilizatzeko, eta emakumeei zuzendutako ekintzak antolatuko; horien helburua izanen da emakumeen kontrako indarkeria salatzea, hori baita lehen urratsa arazoari aurre egiteko.

2. Antsoaingo Udalak emakumeak ahalduntzeko programak sustatu eta martxan jarriko ditu, haien kontrako indarkeria prebenitzeko.

III. KAPITULUA

Udal langileen trebakuntza

62. artikulua. Xedapen orokorra.

Antsoaingo Udalak eta bere enpresa publikoek beren langileak trebatuko dituzte emakumeen kontrako indarkeriaren arloan. Batez ere indarkeriaren biktimak diren emakumeei arreta emateaz arduratzen diren langileei, baina ez bakarrik; hainbat sektoreri (gazteak, pertsona nagusiak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta abar) zuzendutako politikak diseinatzen dituztenei ere bai, emakumeen kontrako indarkeriari buruz informatzeko eta arazo hori prebenitzeko politikak zeharkakoak izan daitezen.

Udalerriko emakumeei zuzendutako jardueren artean prestakuntza ere egonen da, batez ere zeharka planteatuta, emakumeek uler dezaten nola identifikatzen ahal duten emakumeen kontrako indarkeria, eta horri aurre egin.

VI. TITULUA

Zehapen araubidea

63. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Antsoainen, Ordenantza honetan tipifikatuta eta zehatuta dauden ekintzak eta ez-egiteak arau-hauste eta zehapen administratiboak dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan.

2. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen XI. Tituluan xedatutakoaren babespean eta Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

64. artikulua. Erantzukizuna.

1. Titulu honetan tipifikatutako kasuetan, egitez edo ez-egitez, pertsona fisiko edo juridikoari egotziko zaio emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako arau-hausteengatiko erantzukizun administratiboa.

2. Erantzukizuna solidarioa izanen da erantzule bat baino gehiago dagoenean eta ezin denean zehaztu haietako bakoitzak arau-haustean izandako parte-hartze maila.

65. artikulua. Konkurrentzia.

1. Ordenantza honek dakartzan erantzukizunak exijituko dira, eta, horrez gain, erantzukizun zibilak, penalak edo bestelakoak ere eskatzen ahal izanen dira.

2. Zigor edo administrazio arloko zehapena jaso duten egitateak ezin dira berriz zehatu, baldin eta subjektuak, egitateak eta oinarriak berberak badira.

3. Instruitzen diren administrazio espedienteak direla eta, Ordenantza honetan jasotzen diren jokabideak arau-hauste penaltzat jotzen ahal direnean, zehapena jartzeko eskumena duen organoak Fiskaltzari jakinarazi beharko dio, arau-hausleen balizko erantzukizun penalak eska ditzan, eta organo horrek ez du zehapen prozeduran aurrera eginen, harik eta agintari judizialak prozesua amaitzeko epai irmoa edo ebazpena eman arte. Arau-hauste penalik ez dagoela erabakitzen bada, jarraipena emanen zaio zehapen-espedienteari, auzitegietan frogatutzat eman diren egintzetan oinarriturik, ezer frogatutzat eman bada.

66. artikulua. Eskumena eta prozedura.

Alkatetzak du zehapen araubidean administrazio espedienteak hasteko eta Ordenantza honetan zehaztutako zigorrak jartzeko eskumena.

67. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Udalaren ikuskapen lana ez erraztea edo laguntzeari uko egitea.

b) Berdintasunaren printzipioa urratzea sarien, ohoreen eta goresmenen deialdietan.

c) Edo Ordenantza honetan ezarritakoa beste edozein modutan urratzea, baldin eta arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.

68. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak hauek izanen dira:

a) Udalaren ikuskapen zerbitzuen lana oztopatu edo galaraztea.

b) Negozio juridikoetan, emakumeak sexuagatik diskriminatzen dituzten ekintzak egitea edo klausulak inposatzea.

c) Pertsona baten sexuan oinarrituta, edozein jokabide agertzea, izaera sexualekoa izan edo ez, haren duintasunaren kontrakoa dena eta mehatxuzko, umiliaziozko edo laidozko giroa sortzen diona.

d) Bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

69. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Pertsona baten kontrako edozein errepresalia edo kontrako tratu egitea, edozein motatako kexa, erreklamazio, salaketa, demanda edo errekurtso aurkeztu duelako bere aurkako diskriminazioa eragozteko edo emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa egiaz betetzea eskatzeko.

b) Bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

70. artikulua. Berrerortzea.

Ordenantza honen ondoreetarako, berrerortzea gertatzen da bertan aurreikusitako arau-hausteen erantzuleak ebazpen irmoaren bidezko zehapena jasotzen duenean izaera bereko beste arau-hauste batengatik urtebeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita kontatuta.

71. artikulua. Zehapenak.

1. Zehapenak honela aplikatuko dira:

a) Arau-hauste arinak ohartarazpenarekin eta/edo 3.000 eurora arteko isunarekin zehatuko dira.

b) Arau-hauste astunak 3.001 eurotik 30.000 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira, eta/edo Udalaren laguntza mota oro urtebetetik hiru urtera bitarteko epean eskuratzeko debekuarekin, eta/edo pertsona fisiko edo juridiko erantzulearen desgaikuntzarekin, epe bererako, aginduko zaio zerbitzu publikoak ematen dituzten zentro edo zerbitzuen titular izateko.

c) Arau-hauste oso astunak 30.001 eurotik 90.000 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira, eta/edo Udalaren laguntza mota oro hiru urtetik bost urtera bitarteko epean eskuratzeko debekuarekin, eta/edo pertsona fisiko edo juridiko erantzulearen desgaikuntzarekin, epe bererako, zerbitzu publikoak ematen dituzten zentro edo zerbitzuen titular izateko.

2. Zehapenaren helburua izan behar da diskriminazioak eragin dituen edo eragin ditzakeen kalteen prebentzioa, disuasioa, erreparazioa eta zuzenketa.

72. artikulua. Zehapenak zehaztu eta mailakatzea.

Ezarri beharreko zehapenak zehazteko eta, kasua bada, isunen zenbatekoa eta aldi baterako zehapenen iraupena mailakatzeko, agintaritza eskudunek proportzio egokia gordeko dute arau-haustearen egitatearen astuntasunaren eta eragindako lesioari, ukitutakoen kopuruari, ukitutako eskubidearen tamainari, eta, indarreko legeriaren arabera, ukitutako betebeharrak duen izaerari aplikatutako zehapenaren edo zehapenen artean. Bereziki, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Arau-hauslearen erruduntasun maila eta asmoa.

b) Pertsonei edo ondasunei eragindako kalte fisikoak, moralak edo materialak, eta sortu edo mantendu den arrisku egoera.

c) Berrerortzea edo errepikapena.

d) Askotariko diskriminazioa eta biktimizazio sekundarioa.

e) Arau-haustearen eragin ekonomiko eta soziala.

f) Udalak aldez aurretik egindako oharrak edo gomendioak behin eta berriz ez betetzea.

g) Arau-hausteak sortutako arrisku egoera iraunkorra edo iragankorra izatea.

h) Norberaren ekimenez betetzea hautsitako arauak, zehapen-prozedura administratiboaren edozein unetan, ebazpena eman gabe badago.

73. artikulua. Preskripzioak.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako gaietan egiten diren arau-hauste administratiboek preskripzio epe hauek izanen dituzte: oso astunek bi urtekoa; astunek, urtebetekoa; eta arinek sei hilabetekoa, arau-haustea eragin duen egitatearen datatik aurrera kontatuta.

2. Ordenantza honen babesean ezarritako zehapenek preskripzio epe hauek izanen dituzte: oso astunek, bi urtekoa; astunek, urtebetekoa, eta arinek, sei hilabetekoa, epe guztiak kontatuta zehapena ezartzeko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera.

74. artikulua. Foru legeen prebalentzia

Ordenantza hau onetsi ondoren indarrean sartzen diren foru legeetan onesten den zehapen araubidean arau-hausteak eta zehapenak beste era batera sailkatzen badira, foru lege horietan xedatutakoa aplikatuko da.

Xedapen iragankor bakarra.–Genero eraginari buruzko txostenak.

Genero eraginari buruzko txostenei lotuta Ordenantza honetan xedatzen dena (24-26. artikuluetan) nahitaez bete beharko da Ordenantza indarrean sartu eta urtebete igaro denean.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Ordenantza hau indarrean sartutakoan indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA

Antsoaingo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako plan estrategikoa

http://www.ansoain.es/wp-content/uploads/sites/44/2012/12/I-Plan-Igualdad-Ansoin1.pdf

II. ERANSKINA

Antsoainen emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko udal protokoloa

http://www.ansoain.es/wp-content/uploads/sites/44/2012/12/211ABE-Protocolo-2-_cast.pdf

III. ERANSKINA

Antsoaingo udalaren sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena saihesteko protokoloa

http://www.ansoain.es/wp-content/uploads/sites/44/2014/11/Protocolo-de-Acoso-Sexual-y-Acoso-por-razon-de-Sexo-del-Ayto-AnsoainAPROBADO.pdf

IV. ERANSKINA

Festetan eraso sexisten aurka jarduteko protokoloa

http://www.ansoain.es/wp-content/uploads/sites/44/2018/09/Protocolo-fiestas-Ansoain2018-PLENO.pdf

Iragarkiaren kodea: L1907535