13. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

617//2018 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdia egiten duena Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartu edo programatik ateratzeko eskaerak egiteko, 2019-2020 ikasturteari begira.

Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 30eko 147/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programen oinarrizko alderdiak arautu ziren, eta zenbait ikastetxeri baimena eman zitzaien programa horiek emateko. Foru agindu horretan xedatzen da deialdi baten bidez arautuko dela programa horietan sartzeko edo ateratzeko prozedura.

Hezkuntza Departamentuak deialdi hau ezarri du ikastetxeen autonomia eta malgutasuna bultzatzeko nork bere proiektu pedagogikoa eta hizkuntza proiektua garatzeko tenorean.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean proposatu du, 2010-2020 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartu edo programatik ateratzeko deialdia egitea.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartu edo programatik ateratzeko prozeduraren deialdia egitea, 2019-2020 ikasturteari begira, ebazpen honen 1. eranskinean ezartzen den prozedurari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Kudeaketa Juridiko-Administratiboaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko azaroaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Deialdia, 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartzeko edo programatik ateratzeko eskaera egiteko

Lehenbiziko oinarria.–Xedeko ikastetxeak eta baldintzak.

1. 2019-2020 ikasturtean atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartzeko edo ateratzeko baimena eskatzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek, deialdi honetara aurkezten badira eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak eman nahi dituzten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Honako hauek berariazko onespena ematea programari:

–Klaustroa (3. eranskina).

–Eskola Kontseilua (4. eranskina).

Baldintza hori sare publikoko ikastetxeei bakarrik eskatuko zaie.

2.2. Hautatutako atzerriko hizkuntzan ikasteko programa baten proiektua prestatzea. Honako atal hauek garatuko dira:

2.2.1. Programa ezartzeko lehenbiziko ikasturtean (2019-2020):

–Atzerriko hizkuntzan emateko edukiak eta asteko ordu banaketa.

–Programaren ezarpenean parte hartuko duten irakasleen zerrenda eta profila.

–Programaren antolaketari buruzko datuak: aurreikusten den ikasle kopurua, ikasleak taldekatzeko modua, ordutegia eta irakasleen koordinazio bileretarako aurreikusitako egutegia.

–Programa emanen duten irakasleen prestakuntza beharrak, hizkuntzaren eta metodologiaren aldetik.

–Programaren koordinatzailearen izena eta posta elektronikoaren helbidea.

2.2.2. Programa hurrengo ikasturteetan ezartzeko aurreikuspena:

–Aurreikuspenen arabera, Lehen Hezkuntzaren barruan atzerriko hizkuntzan emanen diren irakasgaiak.

–Aurreikuspenen arabera, zer-nolako plantilla beharko den programa emateko.

–Etorkizunean atzerriko hizkuntzan irakatsiko duten ikastetxeko irakasleak akreditatzeko proposamena, beharrezkoa denean.

3. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programatik atera nahi duten ikastetxeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1. Honako hauek berariazko onespena ematea:

–Klaustroa (5. eranskina).

–Eskola Kontseilua (6. eranskina).

Baldintza hori sare publikoko ikastetxeei bakarrik eskatuko zaie.

3.2. Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetatik ateratzeko plana prestatzea. Honako atal hauek garatuko dira:

–Programatik ateratzeko arrazoiak.

–Ikastetxeak hizkuntza arloan izanen dituen helburu berrien planteamendua.

–Aurreikuspenen arabera, programatik atera ondoren izanen duen plantilla.

–Programa azkentzeko prozesuaren egutegia, ikasturtez ikasturte.

Bigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

1. Programan sartzeko nahiz ateratzeko baimena lortzeko eskabidea (2. eranskina) ikastetxeko zuzendaritzak sinatu beharko du, eta Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkeztu 2019ko urtarrilaren 28a baino lehen, hurrengo atalean aipatzen diren frogagiri guztiak erantsita.

2. Eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) Programan sartzeko edo ateratzeko onespenaren aktak, hurrenez hurren 2.1 eta 3.1 puntuetan aipatutakoaren arabera.

b) Programan sartzeko proiektua edo programatik ateratzeko plana, hurrenez hurren 2.2 eta 3.2 puntuetan aipatzen direnak.

Hirugarren oinarria.–Baimenak emateko batzordea eta deialdiaren ebazpena.

1. Sartzeko nahiz ateratzeko baimenak emateko, Hezkuntza Departamentuak batzorde bat eratuko du, kide hauek osatua:

–Batzordeburua: Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–Batzordekideak: Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko atal horretako bi teknikari.

2. Baimena emateko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Proiektuaren koherentzia eta justifikazioa.

b) Programak duen bideragarritasuna, irakasleen aldetik eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzearen aldetik.

c) Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren aldeko txostena.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, eta dagokion ebazpena emanen du.

2. eranskina.–Atzerriko hizkuntzetan ikasteko programetan sartzeko edo ateratzeko eskaera.

3. eranskina.–Klaustroak programari emandako onespenaren akta.

4. eranskina.–Eskola Kontseiluak programari emandako onespenaren akta.

5. eranskina.–Klaustroak programatik ateratzeari emandako onespenaren akta.

6. eranskina.–Eskola Kontseiluak programatik ateratzeari emandako onespenaren akta.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1814678