89. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

504/2018 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman eta kudeatzen dituen diru-laguntza batzuetarako 2018ko gastua baimentzen duena eta beste diru-laguntza batzuen oinarri arautzaileak aldatzen dituena.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile ekonomiko eta sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza eta enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, zenbait diru-laguntzatarako deialdia egin, horiek eman eta kudeatzen ditu enplegua sortu eta lan munduan sartzen laguntzeko. Diru-laguntza horien oinarri arautzaileak 2018. urtea baino lehenago onetsi ziren.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, bidezkoa da diru-laguntza batzuetarako 2018ko gastua baimentzea.

Orobat, bidezkoa da beste diru-laguntza batzuen oinarri arautzaileak aldatzea, eskaerak aurkezteko epeen arauketa egokitu dadin Diru-laguntzei buruzko Foru Legean xedatutakora.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman eta kudeatu beharreko diru-laguntza hauetarako gastua baimentzea, 2018ko Gastuen Aurrekontuaren kargura:

–Desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzen laguntzeko diru-laguntzak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 16ko 795/2013 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 382011 zenbakia dutenak. 200.000 euro, “Enpresa arruntek desgaitasunen bat duten pertsonak kontratatzeko diru-laguntzak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241105 partidaren kargura.

Era berean, 200.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kasu honetan, 31.3.a) 2. puntuan deskribatutako inguruabarra gertatzen da, kredituari zenbateko osagarri bat gehituko baitzaio konferentzia sektorialaren diru-sarrerak handitzeak kreditu bat sortu duenez gero.

Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea diru-laguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

2. 2017ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei erantzutea, 2018ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura.

3. Honako diru-laguntza hauen oinarri arautzaileak honela aldatzea, eskaeren epeei dagokienez:

1.1 oinarriak honako hau esan behar du: “Kontratazio mugagabeengatik ematen diren laguntzen eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, kontratua hasi edo behin-behineko kontratua mugagabe bihurtu eta biharamunetik hasita, gastuaren baimena argitaratu bada betiere. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurrekontu ekitaldi bakoitzaren kargura izanen dira aurreko urteko azaroaren 1etik abian den urteko urriaren 31ra bitarte egindako kontratazioei edo eraldaketei dagozkien eskaerak”.

4. Aldatu nahi diren oinarri arautzaileei dagokien deialdian 2018an aurkeztutako eskaerak tramitera onartu eta oinarrien arabera ebatziko dira, eta ez da beharrezkoa izanen interesdunek eskaera berri bat aurkeztea.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko apirilaren 26an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1805550