71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRAIZOTZ

Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza.
Behin betiko onespena

Iraizozko Kontzejuak, 2015eko irailaren 12an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2015eko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Iraizotzen, 2018ko otsailaren 3an.–Kontzejuko burua, Maitane Arbilla Villanueva.

IRAIZOZKO KONTZEJUAREN JABETZAKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUEI BURUZKO ORDENANTZAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Iraizozko Kontzejuko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren aldaketa, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legean jasoa, eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Iraizozko Kontzejuaren herri-lurretako ondasunei dagozkie, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunei buruz Iraizozko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Iraizozko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Iraizozko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herri-lurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Iraizozko Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Iraizozko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratu ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Iraizozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartuko du Udalak.

10. artikulua. Iraizozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimen espresa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Iraizozko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste edozein tituluren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aitzinetik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duena.

12. artikulua. Iraizozko Kontzejuak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Iraizozko Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.

IV. TITULUA

Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

1.–Herri-larreen aprobetxamendua.

2.–Etxerako egurraren aprobetxamendua.

3.–Herri-lurretako baratzeen aprobetxamendua.

15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.

b) Iraizozko Kontzejuko Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, 2 urteko antzinatasunez.

c) Iraizozko Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Iraizozko Kontzejuarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Iraizozko Kontzejuak argituko ditu kasuan-kasuan.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

16. artikulua. Aprobetxamenduaren ondorioetarako, Iraizozko Kontzejuak kudeatzen dituen herri-larreak Iraizozko kontzeju-mugartean dauden lursailak dira.

17. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua modalitate hauen eta lehentasun honen arabera eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

Kontzejuko Batzarrak zenbait lurzati erreserbatu ditzake geroago egin litezkeen erreserbei erantzuteko eta erreserbatutako lurzatiak berdin jarriko dira enkantean, nahiz eta horiek urtero gerta daitezkeen beharretarako izan. Helburu hori betetzeko, Kontzejuak jakinaraziko du, abenduaren 1a baino lehen, lurzatia behar duen ala ez. Behar ez bada, adjudikazio-hartzaileak zuzenean adjudikatutako lurzatien epe berean erabiliko du.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Iraizozko Kontzejuaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan Kontzeju-mugartean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Lagapena ez da azpierretamenduan emantzat hartuko ekoizpenik gabeko aldian –abendutik martxora, hori barne– belar gaiztoak garbitzeko, Kontzejuaren baimenik bada.

19. artikulua. Herritarrei zuzenean adjudikatzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

Iraizozko Kontzejuaren kalkuluen arabera, 0,7ko azienda larriko unitatea da (AzLU = behi bat) herri-larreek jasan dezaketen batezbesteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko, edo bestela esanda, AzLU bat 1,4 hektareako.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek erabiliko dira:

a) Behi bat zaldi-abelburu bat adina da.

b) Behi bat zortzi ardi adina da.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak Azienden Osasun Babesari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea bete beharko du. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu aziendak.

20. artikulua. Debekatua dago ahuntzak eta txerriak larratzea.

Debeku da arras Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.

Halaber, debeku da arras inolako aziendarik larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Udalaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan, eta adierazitako zehapenak ezarriko dira.

21. artikulua. Abere mota bakoitza larratzeko, urteko tarifa batzuk ezar daitezke.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatzen ahalko dira Kontzejuak egokitzat jotzen duenean, behin teknikari eskudun batek baloratu ondoren larreen benetako balioa eta egiten ahal diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostua eta, betiere, aldatzeko erabaki den urte naturala amaitu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran indarrean jar daitezen. Nolanahi ere, kanona benetako balio horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluak adierazten duenaren arabera.

Aipatutako kuoten ordainketa urte bakoitzaren akaberan egiaztatuko da, egiaztatu beharreko herri-lurren aprobetxamenduen gainerako ordainketekin batean.

Urtero berrikusiko da adjudikazioaren prezioa, abeltzainek hautematen dituzten prezio aldaketetara egokitzeko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 27. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Abeltzainek ez dute ordaindu beharko baldin eta, osasuneko kutsadura arriskuagatik, larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako animalia bat ez badute beste batekin ordezten. Kontzejuaren aldetik pertsona bat izanen da, bere gain izanen duena herri-larreetako abelburuak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko ardura.

22. artikulua. Abeltzain adjudikaziodunen artean banatuko da herri-larreen azalera, bakoitzaren abere saldoaren tamainaren arabera. Larreak banatzeko, larreen 1,4 hektarea emanen dira AzLU bakoitzeko, jasan daitekeen azienda-kargara iritsi arte.

Herritarrei zuzenean adjudikatu ondoren, azaleraren bat soberan gelditzen bada, Kontzejuak hala erabakita lurra erreserba modura gelditzen ahalko da beste eskabide batzuei erantzuteko, edo bestela, enkante publikoa eginen da, Iraizozko Kontzejuak erabakitzen dituen urteetarako, indarrean dagoen araudiaren arabera.

23. artikulua. Hona hemen herri-lurretako lurzatien onuradunen betebeharrak:

a) Haien itxitura, aska eta jatorrizko mugen mantentze-lana eta zaintza egitea.

b) Herri-lurra hondatu edo kaltetzen ez duten laborantzako teknika eta lanak egitea. Gainera, ez dituzte aldatuko lurzatietan edo haien ondoan diren erreken bideak.

c) Urtean behin, gutxienez, ebakitzea eta ongarritzea. Baliabide mekanikoak erabiliz eginen da ebaketa, azienda bazkan ibili ala ez.

24. artikulua. Iraizozko Kontzejuak konpromisoa hartzen du herri-lurrak errentan ematetik ateratzen duen %20 itxiturak moldatzeko, pistak hobetzeko, eta abarrerako erabiltzeko.

2. ATALA

Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura

25. artikulua. Kontzejuko Batzarraren erabakiaren bitartez, epe bat emanen da larreen adjudikazioa eska dezaten eskubidea dutela uste dutenek, betiere, Udalaren iragarki oholean ediktua atera ondoren.

26. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua frogatzeko zerga-eskakizunaren ziurtagiria, eta indarreko araudiak –azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak– aipatzen duen osasun ziurtagiria. Horretaz gain, eskatzaileak erabili nahi dituen tokien zerrenda bat aurkeztuko da.

27. artikulua. Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia unitateei.

b) Lurzoruak adjudikatzean kontuan hartuko da jasan dezaketen batezbesteko azienda-karga (ordenantza honen 18. eta 21. artikuluetan agertzen dena).

c) Onuradunek kanon hau ordaindu beharko dute:

–1. mailako lurzatiak: 19 euro/erregua.

–2. mailako lurzatiak: 16 euro/erregua.

–3. mailako lurzatiak: 14 euro/erregua.

–4. mailako lurzatiak: 10 euro/erregua.

28. artikulua. 1. Behin-behineko adjudikazioa eginda, erakundearen oholean iragarkia jarriko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragan eta erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestelakoetan, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

29. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Iraizozko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei. Horretarako, Oihangintzako Administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko du.

30. artikulua. Iraizozko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Kontzejuan erroldaturik ez dauden eta Kontzeju-mugartean etxebizitza bat duten horiei, Kontzejuko Batzarrak etxerako epaitza bat adjudikatzen “ahalko die”, betiere erroldatutako bizilagunek ordaintzen duten kanonaren bikoitzaren trukean.

31. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, gutxienez 4 hilabete. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori aldatzeko, baita epaitzak entregatzeko eguna eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

32. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Iraizozko Kontzejuak aurrekontu arruntean.

33. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondarrak ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udaleko eta/edo Administrazioko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendua.

34. artikulua. Epaitzan adierazitako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, kontsulta eginen zaie Basogintzako Administrazioari eta Kontzejuko arduradunari edo udal basozainari. Kontzejuaren adostasuna beharko da ez bada zehapenik nahi.

35. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsiak etxerako egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta uste bada egurra beste erabilera batzuetarako aprobetxatzerik ez dagoela. Betiere, Oihangintzako Administrazioaren berariazko baimena eta Udalaren onespena beharko da. Udalak udal basozainaren txostena edukiko du. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izaten ahal dira urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin aurreko urteetako egurra atera gabe utzi duten herritarrek.

36. artikulua. Kontzejuak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Aitzinetik, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta oihanean dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira. Kontzejuak zozketak egin ditzake taldeka, kontuan izanik epaitzen kokapenak herriekin eta bizilagun eskatzaileekin duen lotura.

37. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako baratzeen aprobetxamendua

38. artikulua. Herritarrei zuzenean adjudikatzeko epea zortzi urtekoa izanen da.

39. artikulua. Guztiz debekatua dago zaborra, bidoiak eta edozein hondakin baratzeetan uztea.

40. artikulua. Baldintzak beterik baldin bada auzokiderik baratzerik erabili gabe, bat eska dezake, eta bi baratze erabiltzen dituztenekin negoziatuko da.

41. artikulua. Baratze bat ez bada aurrera erabili behar, hartu zen baldintza beretan utzi beharko da. Zuhaitzak sartu badira, Kontzejuak erabakiko du aurreko erabiltzaileak bota behar dituen edo mantendu eginen diren. Kontzejuak ez du deus ordainduko haiengatik.

42. artikulua. Baratze baten prezioa 5 euro/erregua izanen da.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretan

43. artikulua. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu proiektuen eraginpean dauden herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

VI. TITULUA

Oihan bideen eta herri-lurretako finketara sartzeko bideen erabilera

44. artikulua. Iraizozko Kontzejuaren herri-lurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak, gehiegikeriak eta erabilera txarrak ekarri dute erregulazioa; izan ere, Kontzejuaren betebeharra da haiek egoki kontserbatzea.

45. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian ezarrita dauden nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako, industriarako edo aisiarako jarduera guztietan, betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

46. artikulua. Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, kontuan hartuta zoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopurua ezarriko da.

47. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak zer urte sasoitan erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua baldin badago, udal basozainaren oharrei jarraituko zaie.

48. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herri-lurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo oihangintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

49. artikulua. Debeku da ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko egitea, salbu eta Kontzejuak baimena ematen badu, eta, behar izanez gero, Udalak.

50. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, haien eginkizunak betetzen dituztenean.

51. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaie Kontzejuari eta Udalari. Halaber, baimena eskatu beharko dio Udalari bere jardunean bidearen erabilera intentsiboa edo berezia egin behar duenak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

52. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batezbestekoak, eta zenbat denborarako den.

53. artikulua. Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo esleitutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abala jartzea ekarriko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da bidea kalterik gabe lehengoratu dela frogatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezartzen ahal du Kontzejuak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikazio-hartzaileek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

54. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuetarako. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta oihanzainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

55. artikulua. Iraizozko Kontzejuak urtero aztertuko ditu bide guztiak. Bestetik, beharra dagoen guztietan, konpondu eta egokituko ditu bere ahalen heinean.

VI. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

56. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarrian adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua adjudikaziodunak berak behar bezala eta zuzenean eta pertsonalki ez egitea. Debekatua dago azpierrentan ematea.

Larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendurako eskubidea galtzea adjudikazio epetik gelditzen denerako.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean, araua neurriz gain urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da: epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

Ordaintzeko hilabeteko epea irekitzea, %20ko errekarguarekin.

Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Ondorio horretarako, gordailuzainak dauden zordunen idatzizko zerrenda aurkeztuko du, borondatez ordaintzeko aldiaren amaieran zein errekarguarekin ordaintzeko epearen amaieran.

c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: 60 euroko zehapena, inplikatutako azienda larriko buru bakoitzeko.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea galtzea urtebetean, araua zati batean urratu bada, eta hiru urtean, araua neurriz gain urratu bada. Gainera, isun ekonomikoa ezartzen ahal da: epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

d) Azienda larriko buruek (zaldi-azienda eta behi-azienda) markarik ez izatea edo nolanahi ere aldatua edo faltsutua izatea:

60 euroko isuna, gehi Udaleko langileek kalkulatutako kalteen zenbatekoa, baita azienda identifikatzeko abereak biltzeak ekarritako gastuak ere. Ardi-aziendaren kasuan, 6 euroko zehapena izanen da buruko, gehi aipatutako kalteak eta gastuak.

e) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe Kontzejuaren herri-lurretan larratzen den azienda bakoitzagatik, 60 euroko zehapena behi edo zaldi bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi bakoitzeko. Kopuru horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramateagatiko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Kopuru horiei gehituko zaizkie zakarrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

h) Ordenantza hau urratzen duten ekintzei buruzko txostena eginen du udal basozainak edo kontzejuburuak. Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten bertze egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua aplikatzen ahalko zaie, zehazki hau:

Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60tik 12.000,02 euro bitartekoa izanen da.

Aurretik esandakoak, hala ere, ez ditu eragotziko egindako kalteen ordainketa eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, maila berekoak edo beheragokoak badira.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1801930