71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Bide publikoen ordenantzaren behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2017ko azaroaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Fiteroko udal-mugarteko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza.

Iragarkia 2018ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 17an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da ordenantza, eta argitaratu behar da.

FITEROKO UDAL-MUGARTEKO BIDE PUBLIKOEN
ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.d) artikuluan (hara igortzen baitu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluak) eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatuakoari jarraikiz.

Fiteroko bide publikoen sarea biztanle guztien ondarea da. Berebiziko garrantzia du Fiteroko udal-mugarteko nekazaritza finketako eta mendietako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Ezinbertzeko elementua da nekazariak, abeltzainak, biztanleak oro har, bisitariak eta iragaitzazkoak hartatik igarotzeko, eta hura kontserbazio egoera egokian izateak ongizatea ematen die herritarrei.

Landabideak eta mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Fiteroko natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki nekazariek, abeltzainek eta biztanleek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.

Aplikazio esparrua

2. artikulua. Ordenantza hau Fiteroko udal-mugarteko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka, hustubide eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak eta pertsonak bide publikoetan ibiltzeko behar badira.

Erabilera

3. artikulua. Pertsona guztiek erabiltzen ahalko dituzte Fiteroko bide publikoak.

Erabilera onartuak

4. artikulua. Udalerrian finkatutako abeltzaintza, nekazaritza, turismo eta aisialdiko jardueretan erabiltzen diren ibilgailuei eta jardunean dauden instituzio publikoen ibilgailuei baimentzen zaie bideak erabiltzea, betiere ordenantza honetan ezarritako mugak kontuan hartuta.

Behar diren mugak ezarri ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari, batez ere lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak zer urte sasoitan erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta desegin, baita bertzelako arrazoiengatik bideen egoera ona ez denean ere.

Aurreko mugak aldi bakoitzean ezarriko dira, Udalaren iragarki-taulan argitaratuko den Alkatetzaren ebazpenaren bidez. Asfaltozko eta hormigoizko bideak erabiltzea baimentzen da, berariaz mugatu ezean.

Baimenak

5. artikulua. Bide publikoen erabilera baimentzen ahal da aldez aurretik mugatutako sasoietan (aurreko artikuluan ezartzen da muga hori). Udalak emanen ditu baimenak, Alkatetzaren edo, hala bada, zinegotzi ordezkariaren ebazpenaren bidez. Alde horretatik, baimena eskatzen duenak dagokion udal eskabidea bete beharko du, betiere zehazturik zergatik eskatzen den baimena eta zein mugartean dauden maizago erabiliko dituen bidea edo bideak. Baimenak denbora tarte jakin baterako edo mugagabekoak izan daitezke, eta bertan ibilgailu baimenduaren matrikula agertu beharko da. Baimena ibilgailu horretan eraman beharko da, erakutsi ahal izateko agintaritza eskudunak eskatuta.

Nolanahi ere, ebazpen arrazoituaren bidez, baimena eskatu duenari eskatzen ahalko zaio fidantza edo abal bat pausatzeko; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, bidea kalterik gabe lehengoratu dela egiaztatzen denean.

Erabilera debekatuak

6. artikulua. Bide publikoen azpiegituretan erabilera hauek espresuki debeku dira:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak ez errespetatzea.

b) Areka eta bideak lantzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

d) Nekazaritzako lanetan ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

h) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo bertze edozein inguruabar dela eta.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bideetara edo nekazaritza lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Ureztatze eremuetatik ura bideetara botatzea.

l) Bideetan egurra edo bertze material batzuk uztea edo herrestan eramatea.

m) Nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

n) Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

ñ) Udal-mugarteko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo hein batean trabatzea.

o) Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

p) Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

q) Erretenak lantzea edo hondatzea.

Euri bortitzeko egunetan komeni da bideak ahalik eta gutxiena erabiltzea.

Erabilera debekatu horietako edozeinen ondorioz Udalari sortzen zaion gastua arau-hausleari egotziko zaio.

Mugatze eta debekuen salbuespenak

7. artikulua. Udalak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, interes publikoa tartean denean.

Erabiltzaileen betebeharrak

8 artikulua. Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari eskatu beharko zaio eta baimena eskuratu. Lan horiek partikularraren kontura eginen dira; hodiak jarriko dira, 50 cm-ko diametrokoak, gutxienez, non ez dagoen diametro horretako hodiak jartzerik erretenaren sakoneragatik; kasu horietan, Udalaren teknikariek erabakiko dute zein den paratu beharreko hodiaren diametroa, partikularrak pasabidea aldatu edo jartzeko eskarian ezin hori adierazi ondoren. Hodien ahoak hormigoiz zuzen bildu beharko dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta 6 metro zabal izanen dira, gutxienez. Jabeak, sarbidea egindakoan, Udalari jakinaraziko dio, ikuskatu eta oniritzia eman diezaion. Areka gaineko pasabideak urari igarotzea galarazten badio eta bidea hondatzen badu, lurzatiaren jabeak edo baimenaren eskatzaileak sarbidea egokitu beharko du eta, bidea hondatu bada, bere kontura konpondu.

Udalaren baimenik gabe eta arau honen aurka areka gaineko pasabidea eginez gero, ohartaraziko da 15 eguneko epean legeztatu dadin. Ez bada epe horretan legeztatzen, Udalak desegiteko aginduko du eta gastuak partikularrari egotziko zaizkio.

b) Finketako areka gaineko pasabideak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin. Erabiltzaileak edo jabeak ez badu garbitzen, Udalak eginen du eta gastuak arau hausleari egotziko dizkio.

c) Oro har, bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura behar adina mantsotu beharko da tarte maldatsu eta arriskutsuetan, ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak eta animalia taldeak hurbiltzen direnean, eta aske dabilen aziendaren eta oinezkoen ondoan, istripurik eta trabarik izan ez dadin, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin.

Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti. Beti dute lehentasuna nekazaritza, abeltzaintza eta oihangintzako ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

Udalak bertze muga batzuk ezartzen ahalko ditu, eguraldia, bidearen egoera eta abar kontuan hartuta.

d) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietan sartzeko bide desegokiak dauzkaten edo sarbide horiek trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

Erabiltzaileen erantzukizuna

9. artikulua. Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik bideetan egiten dituzten neurriz kanpoko kalteen erantzukizuna.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteak izanen dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, Udalak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

10.1. Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan xedatua hausten duen zerbait egitea edo ez egitea, edo, Udal honek bandoen eta ebazpenen bidez idatziz ematen dituen aginduen kontra doana, baita ordenantza honetan aurreikusten diren baimenak ez eskatzea ere, betiere ez badira berariaz arau-hauste larritzat hartzen.

10.2. Arau-hauste larriak:

Hona hemen arau-hauste larriak:

a) Bide baten ezaugarriak bertzelakotzea; ezaugarri horiek planimetria berariazkoan islatzen dira.

b) Bide publikoetan aginduzko baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honen arabera hura eramatea beharrezkoa bada.

c) Areka eta bideak lantzea.

d) Nekazaritzako lanetan ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Finken itxituretan zuhaitzak landatzea edo itxiturak egitea, hiru metroko zortasun eremua errespetatu gabe, bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

f) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

g) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo bertze edozein inguruabar dela eta.

h) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

i) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

j) Ureztatze eremuetatik ura bideetara botatzea.

k) Lanabesak edo bertze edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

l) Lehiak, lasterketak edo bertze muturreko gidatze motak baimenik gabe egitea bideetan.

m) Pertsona batek edo nekazaritza nahiz abeltzaintzako ustiategi bateko zein enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

Zehapenak

11. artikulua. Zehapenak

11.1. Ordenantza honen arau-hausteak ondoko zenbatekoekin zehatuko dira:

–Arinak, 100 eta 600 euro bitarteko isunarekin.

–Larriak, 600 eta 1.800 euro bitarteko isunarekin.

11.2. Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izango da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

11.3. Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, administrazioko premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.

11.4. Espediente zehatzaileak, prozedurari dagokionez, ordenantza honetan ezarritakoari lotuko zaizkio.

11.5. Kasuak arras larriak direnean, organo eskudunak jarduera etetea erabaki dezake, badaezpadako neurri gisa, arau-hauste larriak egin direla-eta irekitako zehapen espedientea tramitatzen den bitartean.

11.6. Zehapenak ezartzeko ahalmena alkatearena da. Udaletik kanpoko agintariek zehatu behar dituzten arau-hausteak direnean, alkateak emanen die haien berri.

Zehapen prozedura

12. artikulua. Zehapen prozedura Fiteroko Udaleko Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz. Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea, eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari. Instruktoreak karguen agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguen agirian ondokoa zehaztuko da:

a) Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

b) Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

c) Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

d) Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du, edo, bertzela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bertzelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian aurreikusitakoak baino larriagoak badira, instruktoreak interesdunari jakinaraziko dio karguen bertze agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu. Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Bertze sei hilabeterako luzatzen ahal da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

Azken xedapen bakarra

Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun baliodun igaro ondoan, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan (hara igortzen baitu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak) aurreikusi bezala.

Fiteron, 2018ko martxoaren 1ean.–Alkatea, Raimundo Aguirre Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L1802901